astekaria 2017/03/03
arrowItzuli

bizigiro

Belaunaldi berria iristeko zain

Lander Muñagorri Garmendia

Belaunaldi berria iristeko zain

Teknologiaren urteko azoka garrantzitsuena izaten da Bartzelonan egiten den Mobile World Congress. Aurtengoa igandean hasi zen, eta atzo itxi zuten, datorren urtera arte. Sakelako telefonoen erreferentziazko azoka denak, ordea, epel utzi ditu aditu gehienak, marka handiek ez dutelako berritasun azpimarragarririk eraman Bartzelonara. Horren ordez, bosgarren belaunaldiko telefonoez asko hitz egin da, gauzen Internetari buruz, eta sakelakoetarako aplikazio berriei buruz. Baina, finean, hemendik zenbait urtera teknologiak eta sakelakoen sektoreak hartuko duen norabideaz asko hitz egin da, azken uneko berritasunei buruz baino. Eta horregatik utzi ditu asko epel.

BOSGARREN BELAUNALDIA

LASTER DATOR

2020. urtean jarriko dira martxan 5G edo bosgarren belaunaldiko sakelakoak. Aurrerapauso handia ekarriko du teknologia horrek, telefono eta gailuen arteko konektibitatea hobetuko delako. Halako aurrerapausoa, mundua ulertzeko modua ere aldatuko dela, Rajeev Suri Nokiako zuzendari exekutiboak azokan bertan azaldu duen gisan. Izan ere, Interneterako sarbidea izugarri azkartuko luke belaunaldi berri horrek: gaur egun, telefonia konpainiek segundoko 0,15 GBko konexio erreal eskaintzen dute, eta 5Gak 10GBkoa ekarriko luke. Baina zertarako, ordea, konexioaren hedapen zabal hori?

Mikel Cid teknologian eta sakelako telefonoetan aditua da, eta hemendik hiru urtera etorriko dena aurreratzen saiatu da: «Gaur egun aurreikustea zaila ematen duen erabileretarako erabiliko dira sakelakoak etorkizunean; hala nola ibilgailuak gidatu edo urrutiko kirur

gia egiteko». Konexioaren zabalkuntza horrek laugarren belaunaldiko industriari eta gauzen Internetari ere zuzenean eragingo dio. Gero eta robotizatuago egongo den industria bat garatzen ari da, eta hor 5Gak eragin zuzena izango du. Eta berdina esan daiteke etxetresna edo dena delako gailuak sakelakora konektatzeko joera berriarekin ere.

Hainbeste gailu sarean konektatuta egoteak iraultza bat ekarriko du, eta azpiegituretan ere eragina izango du. Izan ere, antena eta euskarri berriak jarri beharko dira sarerako sarbide hori bermatu ahal izateko. Garapena nolakoa izango den jabetzeko, Surik datua eman du azokan eskainitako aurkezpen batean: egun 7.000 eta 9.000 milioi gailu daude sarera konektatuta, baina belaunaldi berriko teknologia honek biderkatu egingo du konexio kopurua, milaka milioikoa izateraino. Horregatik guztiagatik, eskaera horri aurre egin ahal izateko gai izango den telefonia sareen gaitasuna biderkatu egin beharko da datozen urteetan.

Mundua ulertzeko modua aldatuko du sakelakoen belaunaldi berri horrek, eta lehen frogak 2018ko Neguko Olinpiar Jokoetan egingo dute. 2020. urtean merkaturatuko dituzte teknologia horretarako egokitutako sakelakoak, eta ordurako azpiegitura berriek prest egon beharko dutela ohartarazi du Cidek.

DENA SAKELAKOETARA

KONEKTATUTA

«Azoka ikusten aritu naizenean pentsatu dut ea sakelakoen azoka batean ote nengoen». Gerard Vidal Enigmedia enpresako arduraduna da, eta azokan bertan egon da sareko segurtasuna bermatzen duen teknologia saltzen. Gero eta gailu gehiago sarera konektatuta dauden garaian, segurtasunaren eskaera handitzen ari dela esan du. Horregatik akaso, euren teknologian interesatutako jende ugari gerturatu zaiela esan du. Edonola ere, tarterik izan du azokan zeuden berritasunak begiratzera joateko, eta autoak, droneak eta segurtasuna izan da gehien ikusi duena. «Oraintxe sakelakoa bigarren mailara igaro dela esan daiteke, eta hari konektatutako gailuen presentzia areagotzen ari dela. Badirudi fase berri batean gaudela, orain arte dena sakelakoarekin egiten zelako, eta orain gailu independente gehiago nahi ditugulako, baina sakelakora konektatuta».

Kontzeptu berri horrek zerikusia dauka bosgarren belaunaldi horrekin, eta Cidek berretsi du merkatua egoera berri horretara egokitzen ari dela apurka. Horren seinale da azokan bertan aurkeztu duten Roborace autoa. Lasterketetara bideratutako ibilgailua. Baina, edonola ere, alor horretako esaldia, Elon Musk energia biltzeko Tesla gailuen sortzaileak utzi du. Haren arabera, 2020. urtetik aurrera autoan ibiltzea igogailuan sartzea bezalakoa izango baita. Hau da, helmugako helbidea sartu, eta ezer egin gabe iritsiko baita ibilgailua agindutako lekura. «Gaur egun hain normal egiten ditugun hainbat ekintza sakelakoari aginduta egingo ditugu», Ciden arabera. Eta horrek guztiak lotura zuzena izango du heltzear dagoen bosgarren belaunaldiarekin.

SAKELAKO BERRIEN

EGOKITZAPENAK

Iristear da iraultza berria, eta telefono ekoizle asko egoera berri horretara egokitzen ari dira. Horregatik agian, sakelako berrien aurkezpenetan ez da halako ikusminik egon. Samsung konpainiak ez du S8 berria Bartzelonan aurkeztu, lehenagotik aurreratu gisan, eta, horren faltan, sakelako berrietan ez da ezer berritzailerik topatu. «Oraintxe, hobekuntzak konektibitatean, kamera hobeak jartzen, edo antzeko gauzetan gertatzen dira; erabiltzaileari ez zaizkio berritasun handiak eskaintzen», dio Cidek. Horregatik agian, smartphone-en salmenta geldotu egin da. Batez beste, hogei hilabeteren buruan aldatzen dira sakelakoak gaur egun Hego Euskal Herrian. «Erabiltzaileak ikusi du ez dagoela ezer berririk sakelako hauetan, eta, horregatik, ez du aldatzen». Hala ere, zalantza egiten du smartphone-ek sabaia jo ote duten, «oraindik zer hobetu handia daukatelako».

Iritzi berekoa da Jonhatan Ledesma Ideus konpainiako arduraduna ere. Erosketak egiteko modu berri baten proposamena eraman dute Bartzelonara. Erosleak autonomoagoak bihurtzeko asmoarekin, produktuen bereizgarriak eta itxura sakelakoan bertan ikusteko aukera ematen dien aplikazio bat aurkeztu dute. Errealitate birtualean oinarritutako teknologiarekin funtzionatzen du, eta harrera beroa izan du produktuak Ledesmaren arabera. Hark ere itzuli bat eman ahal izan du azokatik, eta, Ciden antzera, sakelakoetan ez du eskaintza berririk topatu. «Merkatu hori egonkortu egin dela esan daiteke, baina etorkizunean sekulako iraultza egongo da; egoera horretarako egokitzen ari da merkatua».

Berritasunek zeresanik eman ez badute ere, itzulera batek eman du hizpidea. Izan ere, Nokia konpainiak 3310 sakelako mitikoaren bertsio berria aurkeztu baitu Bartzelonan. Interneterako sarbide mugatuarekin, irratiarekin, hilabete iraun dezakeen bateriarekin eta Snake joko ezagunarekin eman du zeresana, gainera. «Smartphone-ek une honetan Espainiako merkatuaren %90 ordezkatzen dute, eta Nokiak %10 horretara bideratu du bere eskaintza». Prezioa ere horrelakoa dauka: 49 euro. «Whatsapp aplikazioa ez diolako jarri, bestela milioika zenbatuko zituzten salmentak», dio Cidek. Izan ere, bigarren sakelako gisa edukitzeko, edo Interneterako sarbiderik nahi ez duen erabiltzaile asko dago une honetan. Eta horiei bideratuta egin du eskaintza hori Nokiak bere birsortze honetan.

Paradoxikoa badirudi ere, sakelakoen sektorea belaunaldi berri baten atarian dagoen honetan, lehen belaunaldiko telefono baten egokitzapen batek lortu du esparru horretan aditu eta hedabide askoren arreta.

BERRIAn argitaratua (2017/03/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA