astekaria 2017/03/03
arrowItzuli

bizigiro

Golfa, turistak lortzeko amu

Nora Arbelbide Lete - Imanol Eppherre

Golfa, turistak lortzeko amu

Pastanagre txiki bat. Irudi horrekin aipatzen du Biarritz Golf Helmuga hitzarmena Eric Marchais Miarritzeko turismo bulegoko buruak. Frantziako Estatuarekin izenpetua dute hitzarmena, Lapurdi eta Landetako hegoaldeko hamabi golf klubek, Miarritzeko turismo bulegoa dutela koordinatzaile. Jean-Marc Ayrault Frantziako Atzerri ministroa Miarritzera etorri zen otsailean, hain zuzen, sektoreko eragileekin hitzarmenaz hitz egitera.

Hitzarmena Frantziako Estatuak du bultzatua. Hiru urtean 75.000 euro eman dizkie horretarako. Hau da, «diru gutxi», Marchaisek beti. Hortik, justuki, pastanagre txikiaren irudia. Baina, azkenean, halere, «elkartzeko» balio izan du pastanagreak. Eta bere bisitan laguntza ez badie ere berretsi ministroak, elkarlana segitzekoa dute.

Golfa amu gisa pentsatzea. Hori da, nonbait, hitzarmenaren oinarrian. «Turismoa sustatzeko beste manera bat da», horrela esplikatu ditu hitzarmenaren nondik norakoak hitzarmenaz zuzenki arduratzen den Maylis Cabanieuk, Miarritzeko turismo bulegoko langileak.

Eta bizkitartean, gaiak aukera ematen du turismoaren sektorekoek lurraldea nola pentsatzen duten ikusteko. Errealitatea hor da: golf elkarte anitz bada. «Miarritzetik ordu batera, orotara, hamasei», argudiatu du Cabanieuk. Lapurdiko zortziez gain, Landetakoak dira besteak. Hondarribikoa, adibidez, ez dute sartzen beren perspektiban.

Donibane Lohizuneko Chantacotik Basusarriko Makila Golf Klubera, Bidarteko Ilbarritz edo Zuraideko Epherra barne. Lapurdikoei dagokienez, guztiak ondoan jarriz gero, Donibane Garazi herriaren heineko eremua dute hartzen, orotara, 270 hektarea. Eta hori, bakarrik zelaiak kontuan hartuz, inguruko jatetxe, etxe edo bestelakoez bestalde. «Eskaintza arraroa da», baieztatu du Cabanieuk.

Jean-Paul Hontas Basusarriko Makila Golf Klubeko burua ere poztu da kopuru horretaz: «Gure kostalde honetako aniztasun horrek anitzez gehiago erakartzen du. Seignosse eta Hossegorreko [Landak] golfak ere kontuan hartzen ditut, ez baitira urrun. Golf bakarra izan balitz, turistak ez zitezkeen etorriko. Urte osoan golf berean praktikatzen duen batek, bakantzetara doalarik, produktu ezberdinak ikusi nahi ditu».

Gisa berekoa da Pirinio Atlantikoetako departamenduko turismo batzordeak lantzen duen komunikazioa. Hauxe dio bere webgunean: «Golflariek green perfektuak gustukoak dituztelako, Jainkoak Euskal Herria sortu zuen! Gune egokienak aurkitzea izan zuen lehen egitekoa. Zortzi eguneko lan handia egin eta, izariko zortzi golf egin zituen».

Hitzarmenaren ideian, badute sasoi betetik kanpoko jarduera bat garatzeko asmoa. Golfaren abantaila da urte osoan praktikatzen ahal dela. Eta gehiago dena, golf elkarteek neguan duten jarduera eskasari gaina hartzea ere bada ideia. Kongresuetarako etortzen direnentzat ere golf eskaintza egokia dela uste dute turismo bulegokoek. Oro har, eragileak pozik dira golfak izateaz, eskaintzak zabaldu ditzaketelako. Eta, aldi berean, ez izatea golfa bakarrik: «Badugu, halaber, gastronomia, barnealdea, Espainia 30 kilometrora. Eta hori biziki gustukoa dute golf jokalari atzerritarrek, baita frantsesek ere», azaldu du Cabanieuk.

Poltsikoari so

Golf guneak zertan diren garrantzitsuak galderari beste galdera batekin erantzun dio Jean-Paul Hontasek: «Zure ustez, zein da turista interesgarriena ekonomiarako? Kanpinetik hondartzara doana, ala golfera etortzen dena?». «Zein turismo nahiko zenuke garatu hemen?», segitu du galdezka Hontasek: «Kanpin turismoa? Hemen [Makila Golf Klubaren eremua erakutsi du] nahi duzu kanpin bat egin? Uste duzu norbaitek erosiko zituela hemengo 100 hektareak kanpin baten egiteko?».

Golflariek gastatzen dutenaz ohartuak dira baita turismo bulegokoak: «Erosahalmena duten bezeroak dira. Ikerketa batzuek erakusten dute golflari batek turista arrunt batek baino hiruzpalau aldiz gehiago gastatzen duela», berretsi du Cabanieuk. Zehazki golfak zenbat turista erakartzen dituen jakiteko oraindik goizegi dela azaldu du Cabanieuk. Jean-Paul Hontasek ere ez du zifra zehatzik eman nahi izan. Baina azken hamar urteetan golf sektorekoen osasuna ona dela dio. Hau du argudioa: «Egia da azkenaldi honetan erretretadun andana heldu dela hona bizitzera. Eta hori guretzat onuragarria da».

Orain espero dute Biarritz Pays Basque markak ere lagunduko dituela garatzen. Izan ere, golfaren hitzarmenaren ildo beretik Biarritz Pays Basque marka sortu zuten iaz: «Politika bera da: bisitariaren lekuan ematea. Estatuak erabaki du ez duela gehiago eskualde administratiboen bidez eginen Frantziaren promozioa, baizik eta marka batzuen bidez. Atzerriko bisitariarentzat adierazgarri diren markak», esplikatu du Marchaisek. Biarritz hiriaren izena sartu badute marka horretan, «Interneten bilaketak egitean Biarritz sartzen dutelako izan da», gaineratu du Marchaisek. Pays Basque eman dute izenean eta ez Basque Country. Atout Francek du izena asmatua. Atzerrian Frantziaren promozioa egiteko egiturak. Atzerri Ministerioak baieztatu duena. 22 marka ditu horrela pentsatuak, hamar milioi euroko laguntza orokorra, xedea delarik «Frantziak munduko lehen helmuga turistikoa» izaten segi dezan, Ayrault ministroak hori azpimarratu zuen Miarritzeko bisitan.

Lurren prezioak goiti

Golfak Lapurdin duen historia ez da neutroa. Tokiko lur prezioen goititze prozesuan, golfa eta bereziki golfen inguruetan erosi eta saldu lurrak lur espekulazioaren «azeleragailu handia» izan direla baieztatu du Victor Pachon CADE Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Taldeko kideak.

CADEk garaian jadanik azpimarratu zuen nola metro koadroaren prezioak «itsuski goratu» ziren. «Lur bat erosi eta han eraikitzea ezinezkoa bilakatzen hasi zela salatu genuen. Hamar eta hamabost urteren buruan gure haurrek ezingo zutela gure herri propioetan bizitzen segitu erran genuen». Baieztatzen ari dena.

«Garaian, ordea, erraten ziguten zozoak ginela. Merkatua ez genuela ulertzen. Hau zen merkatua: japoniarrek biziki maite dute golfa. Charterren bidez etorriko dira. Baina japoniarrek maite dutena da egun bakoitzerako golf desberdin bat izatea. Eta zazpi golf proposatuz, zazpi egunez egonen direla», gogoratu du Pachonek.

Japoniar charterrik ez zen etorri. Baina golf elkarteak eraiki, eraiki ziren. «Horren guztiaren gibelean bereziki etxe proiektu bat zen», argi du Pachonek. Eta horren adibide da Makila golfa, preseski. 1992an estreinatu zen Basusarriko Makila Golf Kluba. Eiffage Frantziako eraikuntza enpresa zen jabe. Horrek zuen gauzatu golfa eta, bereziki, inguruko lur eraikigarriak. «Basusarri herriaren herena saldu zuten, bost franko metro koadroa», Pachonen hitzetan; hau da, 0,76 euro. «Orotara, 223 hektarea. 43 hektarea oihan suntsitu zituzten, eta laborariak kanporatu. 380.000 metro karratu eraikigarri bilakarazi zituzten. 30 metro ostalaritzarako». Hortik gero, berriz, «metro koadroa 50 aldiz garestiago saldu zen».

Inguruko lurrak eskuratu eta saltzeko helburuarekin egin zutela golfa Eiffagekoek? Hontasek dio ez duela horrela ikusten: «Turismoa ekartzen du, halere. Proiektu handiak abiatzen ausartzen diren enpresen beharra dago. Milioika euro baitira».

Baina golfa eraiki eta hamabost bat urtera, Baionako herriko etxeak erosi zituen golfeko lurrak. Orduko Sud Ouest egunkariko artikulu batean —zehazki 1993ko urtarrilaren 28koak— honela zioela gogoratu du Pachonek: «Golfa, goibeldura zabalduz doa». Sasoi turistikoa hala-holakoa dela iragarri zuen egunkariak: «Golf eraikuntza golflari kopurua baino lasterrago doa, zenbait babeslek ez dute gehiago lehiaketatan dirurik sartu nahi. Ingurumenaren aldeko elkarteek goizegi ukan ote dute arrazoi?».

Garai hartaz Hontasek egiten duen analisia, berriz, hau da: «Eiffage engaiatu zen golfa hamabost bat urtez kudeatzera. Baina golfa ez zen haren zera. Harena eraikuntza da, ontasun higiezinak. Hamabost urteren buruan golfa salduko zutela iragarri zuen».

Baionak ekonomia mistoko sozietate bat muntatu zuen golfaren lurrak erosteko. Eta Miarritzek akzioen %58 berenganatu zuen. Basusarri, Kanbo eta Uztaritze ere akziodun egin ziren. 18 akziodun pribatu ere bildu ziren. «Baina salmenta ez zen egin golfa galtzaile zelako», nabarmendu nahi izan du Hontasek. Baionako hiriak golfeko lurrak erosi zituen: «Ez zuelako nahi beste norbaitek bereganatzea golfa».

Golfaren sukar bulta

«Euskal Herria errentagarri bihurtzeko moda bat izan da. Sukar bulta bat», horrela laburbildu du 1990eko hamarkada Pachonek. CADEk lortu zuen zenbait proiektu deuseztatzea. Milafranga eta Lehuntzekoa, besteak beste. Atzerapenarekin begiratuz, ikus daitezke izan direla beste moda batzuk ere geroztik. Dela autobide ateratze bakoitzeko supermerkatuak jartzearena edo beste: «Eta gero ohartzen gara hor dela Ikea, eta baita beste eskaintza anitz ere. Eta batak bestea itoko duela. Desindustrializazio bat dagoelarik, eta langabezia handia, beti agertzen da proiektu berri bat». Sudmine Frantziako meatze enpresak Lapurdi barnealderako daukan urre meatze proiektu berria ere horretan sartzen du Pachonek.

«Zer da golf zelai bat?», galdetu du Pachonek: «Naturaren artifizialtze bat. Zortzi eta hamar tona ongailu eta intsektu-pozoi zizareak hiltzeko. Eta apirila eta urria artean, 1.400 metro kubiko ur».

Oro har, Pachonen ustez, «kantitatea eta izugarrikeriaren» hautua egiten da. Hark «kalitatearen» alde egin behar dela uste du: «Turismotik bizitzen ahal gara, baina, horretarako, ez dugu itsasaldea azpiz gora itzulikatu beharrik».

BERRIAn argitaratua (2017/03/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA