astekaria 2017/03/03
arrowItzuli

iritzia

Mikel gureaz

Juan Kruz Lakasta

Mikel gureaz Juan Kruz Lakasta

Iruñean bi urtez errepikatzen den oro tradizio zahar bihurtzen denez, zilegi bekit baieztatzea, Mikel goiaingeruaren irudiak foru parlamentura bisita egitea antzinako usadioa den bezala, bisitaren inguruko polemika bera jada usadio antzinako bilakatu dela. Metatradizioa, kontzeptu gisa.

Metatradizioak ezinbestean metropoli foralean sortu behar zuen. Iruñea, tradizionalisten hiri buruzagia: alderdi karlistek hauteskunde panoramatik desagertzera eraman dituen gainbehera pairatu dute azken lau hamarkadotan, baina halaber ezin uka dakieke egun Nafarroan ez dagoela karlismoaren eragin nabarmenik gabeko alderdirik. Haiena da (zeharkako) garaipena.

Done Mikelen mirariz, gobernuaren aldeko taldeen eta oposiziokoen arteko banalerroaren gainean dantza ikusi dugu aste honetan, aspaldiko partez: EH Bildu, Ahal Dugu, PSN eta Izquierda Ezkerra, bisitaren aurka; UPN, Geroa Bai eta PP, alde. Zein maite duzu gehiago, Mikel gurea ala laikotasuna? Hor zagonk koska... Edo ez hor soilik. Jaungoikoaren bideak ezin asmatuzkoak ei dira. Goiaingeruak ibili dituen zenbait, nahikoa ezezagunak. Apika, Javier Eder idazleak hainbatetan gogora ekarritako ibilaldiok ez atzentzea komeni.

Mikel goiaingeruak 1925ean egin zuen lehendabizikoz bisita Foru Diputaziora, Ignacio Baleztena foru diputatu tradizionalista eta vatikanista porrokatuaren eskutik. Baleztenak 1931ko Lizarrako Estatutuaren alde egin zuen, bai, baina 1936ko altxamendu loriatsuan, Iruñeko merinaldeko karlisten buru zelarik, 8.400 errekete jarri zituen Mola jeneral kolpistaren aginduetara.

Errekete asaldatuok Done Mikel harat honat ibili zuten 1936ko uda luzean, Santiago apostoluaren baliokide autoktono moduan. Horrexegatik ageri da haren irudia Iruñeko Erorien Monumentuko kupulako margoetan, 36ko gurutzada sainduaren ikurren erdian. Hain justu gerra amaitzearekin batera, 1939an egin zuen San Mikelek lehen bisita Iruñeko udaletxera, lehen udalbatza frankista lagun.

Corralito foral liburuaren egile Ivan Gimenezek esana da: «Arrainak arrainontzian ez du ura ikusten, eta nafarrok gurean ez dugu ikusten zer dagoen korralitoak neutroak balira bezala darabiltzan sinboloen gibelean».

Bai, badakit San Migel Aralarkoa Euskal Herriaren zaindaria dela. Eta jakina, badut senide maiteren bat etxeko sarreran gurutze-puntuz egindako haren irudia duena. Nik ere Erorien Monumentuko kupulan baino lehenago ikusi goiaingeruaren irudia Iruñeko Aurrezki Kutxaren Amaia y los vascos en el siglo VIII komikian, Navarro Villosladaren eleberrian oinarrituriko hartan. Eta ez zait ahanzten Aralarko santutegiko teilatuan paratu zutela ETBren seinalea Nafarroan lehendabizikoz zabaldu zuen antena, Guardia Zibilaren aurkakotasunarekin zein On Inozentzio Aierbe kaperauaren aldekotasunarekin.

Baina, simetria lagun, baten batek gogoko duen bezala parlamentari erregionalistak «Mikel gurea, gorde Euskal Herria» abesten entzutea, besteren batek gustuko eduki lezake hautetsi euskaltzaleak ikur nazionalkatoliko bat gurtzen ikustea. Nondik begiratzen zaion.

Ene uste apalean, Mikel gurea gureagoa balitz ere, orbangabea izanagatik ere, laikotasunari eman beharko litzaioke lehentasuna. Ene uste harroan, zalantzak dituztenek ez lukete atzendu beharko nork eta zergatik eraman zuen Mikel gurea erakundeetara.

BERRIAn argitaratua (2017/03/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA