astekaria 2017/03/03
arrowItzuli

ekonomia

Sardina lurperatu, antxoa lurreratu

Jon Fernandez

Sardina lurperatu, antxoa lurreratu

Korrikaren aurtengo kantuaren tronpeta hots bizkorrak ozen entzuten hasi dira Ondarroako Kofradiako atarian (Bizkaia). Angel Arkotxaren sakelakoaren dei soinua da, kofradiaren enkanteko arduradunarena. Itsasotik hots egin dio, 11:00etan, Mar Gloria Kantabriako itsasontziko patroiak, antxoarekin porturatzeko abisua emateko. «Esan, Toñin... Zer ordutarako?... Arratsaldeko ordu biak... 600 kaxa sardina eta 500 antxoa... Ondo da». Segituan ekin dio Arkotxak adarra jotzeari: «Ez didazu ordu ona estreinatu e! Kantitatea bai, baina ordua ez da ona, gaur buruko min pixka bat dago eta! Siesta egiteko eguna zen gaurkoa!». Bezperan inauterietako azken eguna izan zen Ondarroan ere, eta atzokoa biharamun eguna zen bat baino gehiagorentzat. «Zuek ez duzue ospatzen aratusterik edo zer?!», bota dio barrezka telefonotik patroiari. Inaute umorerik ez dute galdu kaian sardinaren hiletaren biharamunean.

Bost itsasontzik 24.000 kilo antxoa porturatu zituzten atzo Ondarroan, urteko lehenengo aleak. Prezio onean saldu ziren, kiloa lau euro merkeen, eta 5,80 euro garestien. Gipuzkoan, berriz, Getarian 9.000 kilo antxoa sartu ziren, eta Pasaian 15.000 kilo; 4-5 euro bitartean saldu zen kiloa. 48 tona, guztira, bi lurraldeetan. Prezio ona da, kontuan izanik iazko batezbestekoa kiloko 1,58 eurokoa izan zela, eta 2015ekoa 1,69koa.

Antxoa arrantzatzen azkarrena izatearen harrotasuna soinean darama Ruben Trueba kantabriarrak Ondarroako barran: «Iaz lehenengo antxoa neronek harrapatu nuen». Arraina deskargatzen ari da kaian, baina dagoeneko egina dute enkantea bere aurretik beste hiru itsasontzik; hala ere, aurten bakarren bat aurreratu zaiola esan orduko nabarmendu du bere balentria: «Bueno, aurten ere arrantzatu neuk arrantzatu ditut goizen, nahiz eta sartu besteak baino beranduago sartu portura».

Antxoa handiagoa, hobe

Santoñako Nuevo Libe itsasontziko patroi eta armadoreak eguazten goizaldeko ordu bietan egin zuen itsasora, urteko lehen antxoaren bila. Goiztiarrena izan zen portutik ateratzen, «betiko moduan». Denboralearen txarrena pasatu berritan irten ziren, baina artean itsasoa oraindik ez zegoen baretuta. «Haizerik ez zegoen, baina olatuak bazeuden. Nolanahi ere, beharrera joan behar genuen», dio Truebak. Itsaso zakarrena astearte arratsaldean egon zen: Eusko Jaurlaritzak, esate baterako, 6,9 metroko olatuak neurtu zituen martitzenean, 16:00etan, Pasaiako portuan; aldiz, atzo goizaldean, Trueba itsasoratu zenean, 4,8ko olatuak zeuden.

Izatez, denboralea dela eta, itsasontzi batzuk atzo ez ziren itsasoratu. Ondarroan, adibidez, ez ziren atera herriko ontziak: bertan amarratuta zeuden Galiziako bost eta Kantabriako hiru bakarrik ausartu ziren. Aratuste martitzenean olatuak Artibai ibaian goraino igo ziren Ondarroako zubi zaharreraino, itsasoaren ohiz kanpoko indarra erakutsiz. Hain zuzen, zubi zaharretik Artibaira bota zuten astearte iluntzean akula, jaiei amaiera emateko; izan ere, sardinaren hiletaren ordez, akularena egiten dute Bizkaiko kostaldeko herrian: belonidae familiako arraina da, muturrean orratz luze baten antzekoa daukana.

Akularik ez, baina sardina barra-barra sartu da antxoarekin batera. Arrantzaleentzako arazoa da sarean nahasian batzea bi arrainak, horrek prezioa jaitsarazten duelako normalean: eskuz egin behar izaten dute bereizketa, eta kalitatea eskasten du. Horren kexu da, hain justu, Trueba: «Lehen egunean ez digu oso prezio ona egin, sardinak ukituta datorrelako. Ez dator garbi, nahasian baizik». Lau eurotan saldu du kiloa kantabriarrak.

Hala ere, sardinarekin dirua egin zuen otsailaren azken egunean: «Berez, sardina merkea da; txalo egitekoa da 1,5 eurotan saltzea. Baina atzo [herenegun] 3,30 eurotan saldu nuen: denboraleagatik penintsula guztian nirea zen sardina bakarra, eta, gainera, Bartzelonan sardina janak egiteko egun handia zen. Horregatik saldu nuen garesti merkea dena». Alegia, merkatuaren legea da gakoa, eskaria eta eskaintza. Horrek markatzen du prezioa, izan sardina, berdela edo antxoa.

Tamainarena da faktore garrantzitsuenetako bat antxoaren prezioa ezartzeko orduan. «Hemen kontserba fabrikek jartzen dute prezioa», baieztatu du Truebak. Horrek esan nahi du antxoa handia dela preziatuena, kiloan 40 aletik behera dakarrena —35 ingurukoa da egokiena—, fabriketan kontserbak egiteko haragi gehiago izan dezan.

Bada, aurtengo lehen antxoa txikia da. Arkotxak azaldu du bi tankeratakoak porturatu direla: batetik, 48-50 alekoak harrapatu dituzte mendebalderagoko uretan, Elantxobe parean; bestetik, 60-62 ale ingurukoak ekialderago, Donostia inguruko uretan.

Berdela, martxo erdirako

Berez, berdela sartu ohi da Bizkaiko golkora antxoa baino lehen; antxoa sasoirik onena apiril-maiatz aldera izaten da, berdelaren ostean itzultzen denean. Nolanahi ere, aurten, iaz bezala, kanpainaren lehen egunerako harrapatu dute antxoa, eta ia ez dago berdelaren arrastorik —atzo bi kaxa saldu zituzten Ondarroan, kiloa ia lau eurotan—. Iaz, esaterako, martxoaren 14an porturatu zuten lehen berdela amuko baxurako ontziek.

Aurten ere antzera gertatuko dela uste du Arkotxak. «Eguraldi nahasia eman dute hurrengo hamabostaldirako. Eta gero eguraldi ona ei dator. Beraz, martxoaren erdialdera ailegatuko da berdela». Eguraldia baita funtsezko faktorea arrainen egunerokoan. «Bi hilabete egin ditugu eguraldi ederretan —esplikatu du Arkotxak—, eta komeni da ura mugitzea. Bestela, arraina ere gu bezala lasai egongo da itsasoan, egonean, bauan-bauan».

Orain arte soilik arrasteontziek harrapatu dute berdel pixka bat, baina oso ur sakonetan. «Arrasteko sarea beti joaten da oso behera. Amukoek, aldiz, ez dute berdelik topatu, dagoena oso behean dagoelako».

Trueba patroiaren esanetan, abisatu barik etorriko da berdela, egun batetik bestera. «Kanpairik jo barik etortzen da». Eta badatorrela igarriko da antxoa desagertzen denean, berdelak jan eta uxatu egiten baitu arrain txikia. «Itsasoko harraparirik handiena da», Nuevo Libe itsasontziko patroiaren berbetan. Iparraldetik hegoaldera bidean etortzen da, eta Arkotxak argitu du Bretainia paretik oraindik ez dela pasatu. «Barikuan oraindik ez zegoen zaratarik Bretainian. Handik pasatzen denean, bi-hiru egunerako hemen egongo da».

Iaz 10.800 tona berdel porturatu zituzten Bizkaian eta Gipuzkoan, kiloa 0,78 eurotan batez beste. Aurten berdel kuota %14 handitu dio Bruselak Espainiari —38.431 tonaraino—, beraz, zerbait gehiago arrantzatzeko tartea egongo da. Antxoaren kupoa, bestalde, iazko berbera da: 29.700 tona.

Iaz 14.600 tona antxoa arrantzatu zituzten Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek, eta kiloa 1,58 eurotan saldu zuten batez beste. Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidentearen iritziz, antxoaren kupoa egokia da, baina berdelarena txikiagoa da. Nabarmendu du antxoaren biomasa handia dela, eta espeziea ondo ugaritu dela 2005etik 2009ra bitarteko debekuaren ostean: Juvena 2016 kanpainaren arabera, Bizkaiko golkoan 370.000 tonakoa da antxoa gaztearen biomasa. «Kostaldea antxoaz beteta dago, Matxitxakotik Pasaiaraino», berretsi du Trueba patroiak. Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiek «itxaropentsu» hasi dute antxoaren kanpaina, eta arrainaren tamaina handitzea espero dute.

BERRIAn argitaratua (2017/03/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA