astekaria 2017/03/03
arrowItzuli

mundua

Irlandak ez du 'brexit'-ik nahi

Samara Velte, Berriemaile berezia

Irlandak ez du 'brexit'-ik nahi

Belfastetik ordubete hegoalderantz gidatu eta Newry igarota, sakelako telefonoak baino ez dio bati ohartarazten beste estatu batera sartu berri dela. South Armagh eskualdean, euroarekin zein liberarekin ordain daiteke; inon ez dago kartelik Irlandako Errepublika eta Ipar Irlanda bereizten direla dioena; muino lerroek eta sakabanatutako baserriek leun jarraitzen diote errepideari hegoalderantz, eta euriak ere leku guztietan bustitzen du berdin. Baina, Erresuma Batua Europako Batasunetik irteten bada, hauxe izango da haren lurreko muga bakarra.

Newryko Jonesborough barrutian dauka bere enpresa Declan Fearonek, mugatik hiru kilometro eskasera; sukaldeak egiten ditu inguruko etxaldeetan. 1979an ezarri zuen negozioa, gatazka armatuaren urte gogorretan. South Armagh eskualdea IRAren indargune nagusietako bat zen orduan. «Ikusten dituzu tontor horiek guztiak?», galdetu du, bailara inguratzen duten mendixkak seinalatuz. «Hortxe jartzen zituen Erresuma Batuko armadak bere postuak». Mugarena oroitzapen mingotsa da Fearonen belaunaldikoentzat. «Eskualdea oso militarizatuta egon zen 30 urtez. Etxe honen atzean, esaterako, armadaren base handi bat zegoen. Bake prozesuarekin, azpiegitura horiek guztiak kendu egin zituzten, eta, orain, zorionez, hemen bizi eta lan egiten duen jende gehiena ez da ohartu ere egiten muga bat dagoenik. Ikusezina da».

Brexit-ak, ordea, berpiztu egin ditu kezka horiek. Ipar Irlandan, herritarren %55ek Europako Batasunean geratzearen alde bozkatu zuten; hala ere, Ingalaterrako eta Galesko aukera nagusitu zen iazko ekaineko galdeketan.

EBtik ateratzearen alde bozkatu zuten barrutiak, oro har, ipar-ekialdeko eskualde loialistak dira —«alderdiek bultzatuta», uste du Fearonek—, baina barruti unionista batzuetan ere nagusitu zen geratzeko eskaera. Mugan, alde handiarekin irabazi zuen Remain (Geratu) aukerak. Erreferenduma igaro eta bi aste eskasera, protesta taldea sortu zuten Fearonek eta beste zenbait lagunek: Border Communities Against Brexit, Mugako Komunitateak Brexit-aren Aurka. «Muga osoan zehar, hemendik hasi eta Derryraino, barruti guztiek bozkatu zuten EBn geratzearen alde», azaldu du. «Brexit-a gauzatzen bada, litekeena da Europak muga gogor bat ezarri nahi izatea [Irlanda] hegoaldean. Eta guk beldur handia diogu horri».

Brexit gogorra muga fisiko bat litzateke: aduanak eta kontrolak errepidean. Gaur egungo egoera erabat aldatzea lekarke horrek. Izan ere, Jonesborough eta Dromad, mugaren bestaldeko herria, zubi batek baino ez ditu bereizten: bide horretan muga bat dagoela salatzen duen arrasto bakarra zirkulazioko seinale bat da, orduko 80 kilometrora joan behar dela gogorarazten duena. Kontinenteko bisitaria ez litzateke ohartu ere egingo, baldin eta Fearonek berak ez balio ohartarazi iparraldean miliatan neurtzen dituztela luzerak.

Dublin eta Belfast distantzia berera daude hemen, fisikoki zein politikoki. Newryraino, euroa zein libera esterlina erabiltzen dute; bizitza soziala ere hegoaldean dute askok. «Nekazarien artean, arrunta da mugaren bi aldeetan lurrak izatea», azaldu du Fearonek. Haietako asko EBtik heltzen diren diru laguntzei esker bizi dira, eta hegoaldean saltzen dituzte produktuak. Merkataritza Ganbera Irlandar-Britainiarraren arabera, urtero 60 mila milioi euro inguruko merkataritza trukea dute Irlandako Errepublikak eta Erresuma Batuak; salgaien joan-etorri horrek 400.000 lanpostu baino gehiago sostengatzen ditu, eta Ipar Irlandaren esportazio gune nagusia hegoaldea da.

Ekonomiarako diru laguntzetan ez ezik, bakegintzan eta elkarbizitzan ere babes handia jaso du eskualdeak Bruselatik. Diru horrekin eraiki dituzte, besteak beste, kulturgune gaelikoak eta gatazkako memoria lantzeko espazioak. «South Armagh oso eskualde gogorra zen», azaldu du Fearonek: «Militarren aurkako eraso ugari gertatzen ziren, eta horrek komunikabideetan oso gaizki ematen zuen; ingurune ederra izan arren, turistarik ez zen etortzen. Ostiral Santuko Akordioaren ostean, bakerako diru mordoa heldu zitzaigun Europako Batasunetik, besteak beste, preso ohiak lan munduan sartzeko laguntzak eta haien eskubideen taldeak osatzekoak. Harrezkero, turismoa ere sustatu dute Europatik. Hogei urteko aurrerapena ekarri digu horrek guztiak, eta ez dugu hori galdu nahi».

Erreferendumaz geroztik, Ipar Irlandako herritarrak arrapaladan hasi dira Irlandako Errepublikako pasaportea eskatzen; hainbeste, ezen Dublingo Atzerri Ministerioak jakinarazi baitzuen indartu egingo duela horretaz arduratzen den administrazioa. Urtarrilean, iparraldeko 7.000 herritarrek baino gehiagok aurkeztu zuten Irlandako naziotasuna lortzeko eskaria; aurreko urteko hilabete berean baino %74k gehiagok.

Jendea, batez ere, praktikoa dela uste du Fearonek. Brexit-aren erreferendumean, auzi identitarioek garrantzia galdu zutela azaldu du; migrazioa ere ez zela eztabaidagai izan Ipar Irlandan. «Badakit Ingalaterran halako gauza nazionalista bat izan zela brexit-aren alde bozkatzea, baina hemen ez genuen borroka hori izan: irlandarrok beste inork baino hobe dakigu zer den migratu behar izatea, eta, orain, gure mugitzeko askatasunaz gaude kezkatuta».

Bake prozesua arriskuan

Erresuma Batuko Gobernuak esan du «ahalik eta brexit leunena» negoziatzen ahaleginduko dela Bruselarekin, baina Fearon ez da fio. «Hori diote, baina jendearen zirkulazio askea ere mugatu nahi dute. Nola egin nahi dute hori, ez bada mugak itxita?». Hala eginez gero, kontrabandoa haziko litzatekeela uste du. «Aduanek soilik balio dute ondasunak deklaratu nahi dituztenentzat; besteek beti topatzen dituzte ihesbideak. Lehen, muga igarotzeko hamazazpi gune ofizial zeuden, eta beste 270 klandestino. Jendeak ez zitzan horiek erabili, armadak errepideak lehertzen zituen. Hemen albokoari 26 krater egin zizkioten larunbat goiz batean, eta itxita egon zen 30 urtez», ekarri du gogora, bulegoko leihotik ikusten den asfalto malkartsua seinalatuz. «Mugak eta aduanak ezartzen badituzu, ziur egon zaitezke kontrabandoa handituko dela, eta horrek kriminalitatea dakar. Iraganean hala izaten zen eta orain ere hala izango da».

Stormonteko gobernuko bi alderdiak banatuta daude gaiaren inguruan. DUP Alderdi Unionista Demokratikoak brexit-aren aldeko kanpaina egin zuen ekainean, eta Erresuma Batuko Gobernuaren jarrera defendatzen du, Ipar Irlandako herritar gehienek aurkakoa bozkatu zutela jakin arren. Harrezkero, UUP Ulsterko Alderdi Unionista ere batu zaio, nahiz eta erreferendumaren aurretik brexit-aren aurka agertu. Sinn Feinek, aldiz, gogor kritikatu du banatzeko asmoa. Gobernua erorarazi eta hauteskundeak aurreratzeko arrazoietako bat, hain zuzen ere, horixe da: erreferendumaren ostetik, herritarrek alderdi unionisten jarrera brexitzalea zigortzea espero dute errepublikanoek.

SDLP Alderdi Sozial Demokrata Laboristak ere Sinn Feinen antzera jokatu izan du auzi honetan, eta Irlandarentzako estatus berezia eskatu du, Europatik banatu ostean ere pertsonek eta salgaiek mugitzeko askatasuna izateko. Bi alderdi errepublikanoek eta Alderdi Berdeak auzitara jo dute, argudiatuz Londresek ezin duela Ipar Irlanda Europako Batasunetik atera Stormonteko alderdiekin adostu gabe; horrek 1998ko bake akordioa bera jarriko lukeelako arriskuan.

Aste honetan, Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ordezkari ohiak ere ohartarazi du horretaz. «Ez dut uste [Londresko] gobernua ohartzen denik keinu honen garrantzia politikoaz», esan zuen herenegun Peter Hain laboristak. Ostiral Santuko Akordioaren oinarrietako bat aldeen arteko parekotasuna zen: Irlandako Errepublika, Erresuma Batua eta iparraldeko bi komunitateak ziren EBko kide, eta horrek baldintza antzekoagoetan negoziatzeko aukera ematen zien. Bestalde, itunak berak ziurtatu zien Ipar Irlandako herritarrei beraiei eragiten dieten auzi konstituzional guztiei buruz galdetuko zitzaiela. «Horrek unionistei ere segurtasuna dakarkie, ez soilik errepublikanoei», gogorarazi du Hainek.

Fearonek ere ederki gogoan dauka bake prozesua, eta arriskuan ikusten ditu bere eskubideak Irlandako Errepublikatik bereiziago legokeen Ipar Irlanda batean. «Ostiral Santuko Akordioa lortzea urte askotako lana izan zen, eta hor adostu genuen mundu guztiak zeukala hemen libreki bizitzeko eskubidea, nazionalista edo unionista izan. Horri kalterik ez ekartzeko, Komunen Ganberari [Erresuma Batuko legebiltzarrean] brexit-aren legeari zuzenketa bat eranstea proposatu zitzaion, Ostiral Santuko Akordioak ezarritako eskubideak nola edo hala bermatuta gera zitezen. Baina proposamen hori erabat ukatu zuen Erresuma Batuko Legebiltzarrak, hamarretik baterako proportzioan».

Banaketa berriz hizpide

Errepublikanoak bake prozesuan sartzeko arrazoi nagusietako bat zen itunak Irlanda berriz batzeko aukerari zirrikitu bat uzten ziola zabalik. Orain, brexit-ak Irlandaren banaketaz berriz hitz egiteko aukera eskaini duela uste du Sinn Feinek. «Belaunaldi gazteenek jada ez dute oroitzen muga gogorra, eta ohitu egin dira egungo egoerara», uste du Megan Fearonek, South Armagheko parlamentariak. Ostiral Santuko Akordioaren arabera, Irlanda iparraldeko sei konderriek eskubidea dute Irlandako Errepublikarekin batzeko, herritarrek erreferendum bidez hala erabakitzen badute; bozketa horretara deitzeko eskumena Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ordezkariak dauka, iritzi publikoak hala nahi duela dioten zantzuak antzematen baditu. Eskozian gertatu den bezala, Ipar Irlandan ere erreferendumaren gaia berpizteko aukera ekar lezake Erresuma Batuko mugen inguruko eztabaidak; horregatik, errepublikano batek baino gehiagok nahi luke biharko hauteskundeak brexit-ari buruzko bozketa bihurtuko balira. Fearon parlamentariak, ordea, ez du hala uste: «Argudio sektarioek oraindik askoz indar handiagoa dute eguneroko gai politikoek baino».

BERRIAn argitaratua (2017/02/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA