astekaria 2015/11/20
arrowItzuli

kultura

Mende erdi eta azoka bete

Iñigo Astiz

Mende erdi eta azoka bete

Datuak lehenik. «Bost egunerako, 250 kultur ekitaldi antolatu ditugu. Hori guztia 700 metroren barruan, eta 5 minutuko distantzian». Eta familia argazkia ere bai segidan. «Gero eta plaza koloretsuagoa da Durangoko Azoka; gero eta eragile gehiagorekin batera osatutakoa, eta gero eta kide gehiagorekin lankidetzan». Azoka osatzen duten zortzi guneetako ordezkariekin batera aurkeztu du 50. aldiaren programa Nerea Mugika Gerediaga elkarteko lehendakariak. «Inoiz baino egitarau oparoagoa osatu dugu». Datu batzuk aurreratuz azaldu dute antolatzaileek abenduaren 4tik 8ra egingo den ekitaldiaren neurria: 249 stand, 151 parte hartzaile, 350 nobedade eta 70 kontzertu.

Ez da kortesia hutsezko argazkia izan guneen arduradunekin ateratakoa. Izan ere, lan egiteko modu horren eta antolaketa modu horren aldeko defentsa egin du Mugikak. «Duela urtebete, Durangoko Azoka estrategikoa dela esan genuen, eta haren herri antolaketa dela eredurik egokiena. Aurten, Durangoko Azoka eta haren antolaketa eredua estrategikoa dela esango nuke». Eta horregatik fotoa Ahotseneko, Szenatokiko, Plateruenako, Irudieneko, Saguganbarako, Kabi@ko, Azoka TBko, eta Areto Nagusiko koordinatzaileekin.

Eztabaida izan zen iaz, izan ere. Azokaren finantza egoera «larrialdikoa» zela azaltzera joan ziren Gerediaga elkarteko kideak Gasteizko legebiltzarrera, eta azokaren ereduari buruz hitz egin beharra zegoela aipatu zuten Eusko Jaurlaritzako ordezkariek. Halakorik ez aurten. Gerediaga elkartekoak «konforme» daude erakunde publikoek azaldutako babesarekin. «Harro gaude», esan du Mujikak. «Oso inportantea izan da guretzat erakunde publikoek bat egitea».

Aurrekontuaren erdia baino gehiago dator erakunde horietatik. Zehazki, 750.000 eurokoa izango da aurrekontu orokorra aurten, eta 410.000 eurokoa izan da erakundeen babesa. 151.000 euro jarriko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, 150.000 Eusko Jaurlaritzak, 50.000 Gipuzkoako Foru Aldundiak, 39.600 Durangoko Udalak, 4.000 Nafarroako Gobernuak, 2.000 Durangoko Mankomunitateak eta 1.680 Arabako Foru Aldundiak. Bestalde, Madrileko gobernuak 10.000 euro ere jarri ditu aurten. Erakustokien alokairua (225.000 euro), babesle pribatuak (99.000), eta publizitatea (16.000) dira beste diru sarrera nagusiak.

Ahotsenerik beteena

Alde izan dute urteurrena horretarako, eta urteurrena izango da aurtengo egitarauaren ardatz nagusia ere. Barrura begira jarri dira antolatzaileak, eta horregatik erabaki dute aurtengoan herrialde gonbidaturik ez ekartzea. «Euskal kultura bera izango da gonbidatua», azaldu du Mugikak. Durangoko Azoka sortu zutenek jasoko dute Argizaiola saria, eta ekitaldi berezi batzuk ere prestatu dituzte mende erdia bete dutela ospatzeko. Azken eguneko itxiera ekitaldia, esaterako. Lekord taldearen Sokak ikuskizuna izango da Ahotsenean, zirkuari eskainitako programa berezia Szenatokian, Korrontzi taldearekin dantzaldia Plateruenan, eta Deabru Beltzak taldeak ikuskizun bat egingo du ate itxierarekin batera.

Aurten inoiz baino beteagoa izango da Ahotsenea gunea. Lutxo Egia koordinatzaileak azaldu du gorakadaren nondik norakoa. «Alde kuantitatiboa ez da inportanteena guretzat, baina egia da orain dela urte bi 45 proposamen eskaintzen ari ginela, eta aurten 125». Iaz bezala, bi eremu izango ditu aurten ere Ahotseneak. Zuzeneko saioak eskainiko dituzte Landako kanpoan dagoen karpan, eta aurkezpen solasaldiak egingo dituzte Landako barruan.

Kontzertuak izango dira Plateruenan ere. Azokak ateak ixterakoan, aurten diskoa kaleratu duten taldeen emanaldiak izango dira oholtzan. Bidehuts gaua izango dute, esaterako, abenduaren 4an, eta Olatz Zugasti, Esne Beltza, Iheskide eta beste hainbat taldek osatuko dute egitaraua. Amama eskainiko du Irudieneak, eta Loreak filmaren zuzendariekin solasaldia antolatu du. Horrez gainera, aurten amaituko den Goenkale telesailaren azken hiru kapituluak eskainiko ditu, eta, Euskaldunon Egunkaria-ren 25 urteurrenaren harira, saio berezia antolatuko du abenduaren 6an.

Antzerki maratoia antolatu du Szenatokia guneak abenduaren 6rako. Goizetik gauera, zortzi antzerki taldek beren piezen laginak eskainiko dituzte. Kabi@ guneak mundu digitala izango du ardatz, eta leku berria izango du aurten. Landako gunetik kanpo egongo den domo batean egingo dituzte ekitaldiak, baina Landako gunetik ere izango du sarbidea. Azoka TBk azokaren berri emango du bertan kokatutako platotik.

Gogoa, aurrera begira

Etorkizunari begiratzeko ere baliatu nahi dute aukera Gerediaga elkartekoek, eta Areto Nagusian gogoetarako tartea gorde dute horretarako: Gogoetaren Plaza. Jakin aldizkariarekin elkarlanean, euskal kulturaren erronkei eskainitako mahai inguru eta solasaldi programa antolatu dute han. Euskal kulturaren ikusgarritasunaz arituko dira abenduaren 5ean, kultur politikez 6an, erreleboari buruz 7an, eta prestigioaz, azkenik, 8an. Lehen lerroko sortzaileak izango dira gonbidatuen artean: Andoni Egaña, Asisko Urmeneta, Eider Rodriguez, Ruper Ordorika, Itxaro Borda eta Asier Mendizabal, kasurako. Biharkoak gaur jarri diote goiburua egitarauari.

Egitarau osoa ikusi nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: durangokoazoka.eus

BERRIAn argitaratua (2015/11/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA