astekaria 2017/03/03
arrowItzuli

gizartea

Ikerlarien betiko gatazka

Ander Perez Zala

Ikerlarien betiko gatazka

Inorekin negoziatu gabe eta inori jakinarazi gabe. Espainiako Gizarte Segurantzak hala aldatu ditu doktoretza aurreko ikertzaileen —unibertsitatean aldi berean lanean eta tesia egiten ari direnen— kontratuak. Obra edo zerbitzu kontratuak zituzten, eta, aldaketaren ondorioz, praktiketakoak dituzte orain. Hilabete honetan izan dute duela urte eta erdi —2015eko abenduan— egindako aldaketaren berri, Granadako Unibertsitateko (Andaluzia, Espainia) ikertzaile bati Europako Osasun Txartela ezeztatu diotenean.

Ziurgabetasuna da nagusi gai horren inguruan, kode aldaketak ondorio kaltegarriak eragin dituelako: besteak beste, ikerlariek salatu dute Gizarte Segurantzako kotizazioa txikitu dela, kalte-ordainak jasotzeko eskubidea kendu dietela eta lan merkaturako sarbidea zaildu dietela. Erakundeen arabera, aldaketak ez du eraginik kaltea jasandakoen lan baldintzetan eta eskubideetan, baina, praktikan, aldaketak nabaritu dituzte jada. Ikerlariek borroka gatazkatsua dute aurretik, beste behin ere.

Ikertzaileen kontratuetako lehen luzapenean egin dute aldaketa; baina, egungo legearen arabera, kontratuak ezin dira horrela aldatu. Sinatutakoa eten, eta beste bat adostu beharko lukete. Espainiako Gizarte Segurantzaren arabera, «nomenklatura» aldaketa da, ez lan baldintzena, 2015ean errektoreek «eskatu bezala». CRUE Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak gezurtatu du aldaketa hori eskatu zuenik —bertan daude EHU Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitatea eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoa—. CRUEren arabera, ikerlariek ez dute ez eskubiderik eta ez prestaziorik galdu, eta Espainiako Enplegu Ministerioak behin eta berriz errepikatu du ez dela aldaketa horren «erruduna». Ministerioaren iritziz, ez zuten aldaketaren berri emateko beharrik; soilik kontratu aldaketa denean egiten da hori, argudiatu duenez. Ikertzaileek, kontratua sinatzean, Gizarte Segurantzako 401 kodedun kontratua sinatu zuten, obra eta zerbitzuei zegokiena. Bada, kode hori aldatu egin da luzapenetan: oraingoa 420 da, praktiketako kontratuena. Halako kontratuen iraupena bi urtekoa da, eta obra edo zerbitzuetakoa, laukoa: urtebete eta hiru luzapen, bakoitza urtebetekoa.

Teorian, erakundeek diotenez, kodea aldatu dute soilik, eta horrek ez du eraginik kontratuen edukian. Granadako Unibertsitatean eman dute aldaketaren berri, eta, Ikerketa errektoreordetzak egindako txosten baten arabera —gainontzeko unibertsitateei bidali die—, kontratuaren izaeraren aldaketa «maila bereko agindu batekin» egin behar da; alegia, lege batekin. 2011ko Zientzia Legeari esker, ikertzaileek beren estatusa hobetzea lortu zuten: bekadun zena langile. Hala, unibertsitate horrek dioena aztertuta, lege baten bidez egin behar zuten aldaketa, eta ez dute hori egin. Beraz, aldaketa legez kanpokoa da.

Unibertsitateak, baina, zehazten du 420 kodearekin batera 9921 karaktere berezia ezarri dietela kontratuei, kotizazio berberari eusteko. Horren arabera, kode berriak «ez du eraginik kontratuaren kalifikazioan». Gainera, unibertsitateak dio langileekin adostutako eskubide eta betebeharrak kontratuan finkatutakoak direla, eta, legea ez denez aldatu, kode berriak ez duela eraginik lan eskubideetan.

Jose Luis Martin EHUko Ikerketa errektoreordeak ideia horri eutsi, eta BERRIAri ziurtatu dio aldaketak ez duela eraginik ikertzaileen lan baldintzetan, orain arte aztertu dutenaren arabera. Horregatik uste du ez dagoela kezkatzeko motiborik: «Oraingoz dena ondo dago. Kaltegarria izango balitz, iruzurra izango litzateke, eta aldaketak ez aplikatzeko eskatuko genuke». Hori egin du Las Palmasko Unibertsitateak (Kanaria uharteak, Espainia), aldaketak kaltegarriak direlakoan. Granadakoaren txostenaren arabera, unibertsitateek ez dute aldaketa gelditzeko eskumenik. Argudioak argudio, ziurgabetasuna da nagusi egunotan: «Egoera nahasia da».

Praktikan, arazoak

Irtenbide bila, EHUko ikerlariek negoziazio talde bat osatu dute egunotan. Gaur dira berriz elkartzekoak, gaiarekin lotutako hainbat gauza eztabaidatzeko. «Aldaketa horren berri izan genuenean, nire nominak aztertu nituen, eta, bai, 2015eko azaroan 401c kodea neukan. Hurrengo hilabetean, berriz, 420c», baieztatu du Jon Azkune negoziazio taldeko kideak. Unibertsitateko hierarkian ikerlarien kolektiboa «baxuen» dagoena da, azaldu duenez. «Duela urte eta erdira arte, langile estatusa genuen, obra edo zerbitzu kontratupean. Orain, praktiketako kontratua dugu. Atzera egin dugu, gehiago prekarizatu gaituzte. Lardaskeria juridiko bat izan da, aldaketa sotil bat: gure lan baldintza eta eskubideetan aldaketarik ez bada izan, zergatik egin dute egin duten moduan, inori abisatu gabe eta negoziatu gabe?». Kaltea jasandakoek sindikatuekin hitz egiteko aukera izan dute, eta, oraingoz dakitenaren arabera, ondorio ekonomiko larriena da kontratu amaierako kalte-ordainak galdu dituztela. «Kontratuaren iraupenean ere ziurgabetasuna da nagusi. Guk sinatutakoak lau urtekoak dira, eta praktiketakoak, bi urtekoak. Berez, lau urteko kontratuak ezin dituzte bira murriztu», ziurtatu du Azkunek.

EHUko eta NUPeko 600 bat ikerlarirengan du eragina aldaketak. Horietako bat da Begoña Altuna, IXA taldekoa. Hizkuntzaren azterketan eta prozesamenduaren arloan ari da ikertzen: «Ikasketa prozesuaren aldetik, baldintzak onak dira. Ekonomikoki, ordea, lotsagarriak dira. Formakuntza zabala dugu; beka lortzeko lehiaketa bat egin dugu. Hori egin izana kalitatearen erakusle da. Errespetu gehiago izan behar lukete», adierazi duenez. Gai horren inguruan, ordea, informazio falta da arazo nagusia, bai ikertzaileen artean, bai unibertsitatean. «Niri abenduan amaituko zait kontratua. Soldatan ez dut aldaketarik izan, baina ez dakit kalte-ordainik izango dudan».

EHUko LAB sindikatuaren ordezkari Jon Ander Elorriagak ere baieztatu du erabakia negoziaziorik gabe egin dela, eta inori abisatu gabe: «Ez digute ezer esan, [Espainiako] estatutik etorritako berriei esker ohartu gara. EHUk ere ez zigun ezer esan; alde horretatik, goi saldukeria izan da». Egoera hori ikusita, sindikatu abertzaleko ordezkariak azaldu du EHUrekin negoziatzen hasi direla, ikerlarien baldintzei eusteko. «EHUk esan digu aldaketek ez dutela eraginik ikerlariengan. Ez gaude ziur. Horregatik, bermeak eskatu dizkiegu gaur [herenegun] izan dugun bileran. Bion zerbitzu juridikoak lanean dira jada».

Unibertsitatea txosten juridiko bat osatzen hasi da. Europako Osasun Txartelaren auziari garrantzia kendu dio LABek, 90 egunak pasatu ostean berritu daitekeelako, mezu elektroniko bat bidalita. Altunak, berriz, gogorarazi du oraindik ez dutela unibertsitatearen jakinarazpen ofizialik jaso, eta, ondorioz, oraindik zain egon beharko dutela.

BERRIAn argitaratua (2017/02/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA