astekaria 2017/03/03
arrowItzuli

iritzia

Mozorro festa

Andoni Egaña

Mozorro festa Andoni Egaña

Gustatzen zaizkit Inauteriak, telebistaz salbu. Gustuko ditut, aukera ematen dutelako zarenaren, ez zarenaren, nahi zenukeenaren eta nahi ez zenukeenaren arteko muga horretan jolasean ibiltzeko. Oholtzan «maskara gardenez» —Harkaitz Canok bertsolaritzaz eman zuen definizio zehatza— jokatzen ohitua izateak noizbait maskara hori itsua izan dadin grina pizten du. Inauterietan, berriz, Tolosakoak ditut kuttunen, ostegun gizena batik bat. Han bizi izan ditut inposatu gabeko festa une politak, begiak azti ibiltzea aski. Han ikusi izan ditut gizonezko nagusiak elkarri bizkarretik natural heldu eta imintzio soil horrekin adiskidetasuna erakutsiz.

Geu mutikoak ginenekoa ekarri izan dit gogora. Gu ere, lagunak, hala ibiltzen ginen hamaika-hamabi urte egin arte, kalean zehar bizkarretik helduta. Gero, belarrietara iritsiko zitzaigun «marikoi» hotsa, edo deskubrituko genuen hiztegian hitzaren esanahia, eta ez genuen gehiago adiskideari bizkarretik helduta joan-etorririk egingo. Ba, Tolosan, Inauterietan, ikusten dira oraindik horrelakoak, eta, gainera, jende adintsua protagonista. Eta telebistaz salbu nioen estreinako esaldian, ez baita gauza negargarriagorik bertan eder eta polit dena telebistaz ematean zeinen barregarri bihurtzen den frogatzea baino. Dena emanda dabilenaren irudiak emititzeak galarazia behar luke.

Inauteetako zomorro jolasa dirudi Iñaki Urdangarinen inguruko orok ere. Onartzen dut oso humanoa dela begiak zapiaz tapatzea hitzartu ondoren une batez zapia altxatu eta zerbait ikusteko gutizia. Guztiok egin dugu jolasen batean horrelakorik. Baina nori eta Justiziari, ez dagokio. Aspaldi esan zuen norbaitek kristala eta konfiantza berdintsuak direla: behin hautsiz gero, saiatu arren, osatzen ezinezkoak. Okerrena da espero izatekoa zela, inork ez genuela sinesten Justiziaren aurrean guztiok berdinak garen lelo hori. Batzuk leloagoak gara. Gainera, konparazioak ez dira beti gogaikarri, batzuetan bidezko ere badira. Alferrik azalduko diote inori Rafa Diez edo Irunen okela pusketa bat lapurtu duena barruan zergatik dauden eta Urdangarin zergatik kanpoan.

Literaturaren arlora ere hedatu da nonbait Inaute eta mozorro-festa. Ez dakit denak badirudien, baina ez denak badirudiela, bai. Joan den astean irakurri dut egunkari honetan Hirudia sailean Txema Arinasen zutabea, eta Fernando Aranbururen Patria ere ez dut irakurri zaharra. Bat nator Txemak dioenarekin. Nobela horri Umbral Fundazioaren saria eman diotela eta duela sei artikulu horrelako zerbait iragarri zuela dakargu gogora. Ordukoan aipatzen zuen badirela zenbait urte, euskaraz batik bat, gatazkari buruzko liburuak —Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria, Harkaitz Cano, Kirmen Uribe, Jokin Muñoz eta beste— argitaratzen zirela. Eta oraingoan galdera bat egiten digu, interesgarria. «Nola da posible erdarara itzulitako euskal idazleok hain predikamendu eskasa izatea, Patria goresten duten kritikarien lelo nagusia «espainiar gizarteak euskal gatazkari buruz esperoan zuen nobela» izanda. Zergatik ez dute erdal irakurlegoaren egarri hori asebete? Hain gaizki edo motz egin al dute? Gaizki ez, baina baliteke motz, motzegi, batez ere Patria bezalako folletoi baten premia zutenendako; euskal gatazkari buruzko aurreiritzi zein ez-egia guztiak sendotze aldera. Izan ere, baliteke euskal idazleok erdal irakurleei eskaintzen zieten ikuspuntua zerbait ezezagun eta desatsegina, inon eta inori ez aditutakoa ezagutaraztea; besteak beste, euskal idazle hauek barrutik idazten dutelako, hau da, kanpoko askorendako «piztia» denaren oso gertutik, haren ondoan hazi eta bizi direlako, aspalditik atzerrian bizi den idazleari ez bezala, egunerokoa zaielako».

Nik beste galdera bat erantsiko nioke. «Eta non dago literatura?». Literaturaren mozorropean ongi samar sekuentzializaturiko gidoi tankerako asko irakurtzen ari naiz. Eta ez erdaraz bakarrik. Editoreak «nobela honek ongi korritzen du» esaten hasi zirenetik beti izan dut tentazioa liburu oindun kalera ateratzekoa.

BERRIAn argitaratua (2017/02/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA