astekaria 2017/03/03
arrowItzuli

iritzia

Nork zainduko nau?

Angel Erro

Nork zainduko nau? Angel Erro

Gero eta gertuago entzuten dut, gay bikoteen artean, alokairuzko sabelaren aukera (izen eufemistikoa beste bat da). Eragiten dizkidan zalantza etikoetan sartu gabe, bizitza ereduaren gaineko zalantza dit gehienbat sortzen. Nire mutilak eta biok ez dugu aitak izateko bokaziorik. Inork ez digu horregatik, emakume (hetero) bati eginen lioketen bezala, egoismo akusazioa egiten. Beharbada geure komunitatearen barruan hasiko dira lehen aurpegiratzeak, baina oraindik ez dut deus susmatu. Badaezpada kasu eginen diot kanpora gehiegi ateratzeagatik kargu hartzeen eta zentzatzeko errieta umoretsuen atzean familia normala osatzeko deia ote dagoen. Ezagutuko dut tonua. Gertuko emakume batekin maiz erabilita aditu dut. Badakit gero datorrela zahartzaroaren aipamena, haren babesgabetasuna, eta berehala, seme-alaben ikuspegi utilitaristegia nagusi ez dadin, ekartzen duten poz berdingabearen hizpidea. Baina kaltea dagoeneko egina dago. Ikusi dugu geure burua zahar, babesgabe, bakar. Agian hasi beharko genuke zeratzen.

Manchesterren LGTB jendearentzako zaharretxea ireki dute. Horrelako gehiago behar dira, neure burua hor irudikatu ahal dezadan, zahar eta zaindurik, seme-alabek bidalitako beste askorekin batera, akaso.

BERRIAn argitaratua (2017/02/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA