astekaria 2017/03/03
arrowItzuli

ekonomia

SASKIRIK INPORTANTEENA

Ivan Santamaria

SASKIRIK INPORTANTEENA

Adierazle ekonomikoen hirutasun santua osatzen dute produkzioak, enpleguak eta prezioek. Hiru fenomeno horiek egoki neurtzeko, aspaldiko ahalegina da bitarteko estatistikoak sortzea. Oraindik ere erabiltzen den metodologiaren oinarriak ezarri zituzten XIX. mendean Etienne Laspeyres eta Herman Paasche matematikariek. Inflazioaren kasuan, salneurrien gorabeherak neurtzen ditu KPI kontsumo prezioen indizeak. Salneurriek izandako garestitzeari inflazioa esaten zaio. Deskontrolatzen denean bihurtzen da arazo inflazioa. Prezioak gorakada espiral batean sartzen badira, hiperinflazioak ekonomia baten oinarriak birrindu ditzake. Prezioak etengabe jaisten badira, deflazioak zail egingo du zulo horretatik ateratzea. Kasu batean zein bestean, deskontrola onbideratzeko prozesuak kostu ekonomiko handiak izan ohi ditu. Baina nola kalkulatzen da KPIa?

NEURKETA

Euskal Herrirako ez dago neurketa propiorik. Hego Euskal Herrirako neurketak INE Espainiako Estatistika Erakundeak egiten ditu, Espainia osorako kalkuluaren barruan. Frantzian INSEE arduratzen da horretaz, baina ez du Ipar Euskal Herriko daturik eskaintzen. Berez, indize perfektu batek aintzat hartu beharko lituzke esparru geografiko eta epe jakin batean kontsumitzen diren ondasun eta zerbitzu guztien prezioak eta kopuruak. Ezinezkoa. «Errealitate konplexu baten ezagutza zehatzagoa izateko beharrezkoa da neurtzea. Tresna inperfektua izango da, baina komeni da ahalik eta zehatzena izatea», azaldu du Joseba Barandiaran ekonomistak.

LAGINA

Lehenik eta behin, prezio eta kopuru lagin adierazgarri bat sortu behar da. Horren oinarrian saski teoriko bat dago, ekonomia batean kontsumitzen diren ondasun eta zerbitzu adierazgarrienak aintzat hartuko dituena. Erosketa saskia izena ematen zaio oraindik ere. KPI indizea sortu zenean —lehen kalkulua 1936-39 urteetan egin zuen INEk— elikagaiak ziren gastuaren erdia baino gehiago. Harrezkero, indizean garrantzia galduz joan dira elikagaiak, Engelen Legeak —«errenta igo ahala, elikadura gastuak behera doaz»— agintzen duen gisara, baina saski izendapenari eutsi zaio KPIaren estatistikan.

AUKERAKETA

Produktu eta zerbitzuak aukeratzea ez da aski. Ondoren, bakoitzak duen garrantziaren arabera hartu behar dira kontuan. Esaterako, kiwiak ogia baino garestiagoak dira, baina ogiak garrantzi handiagoa izango du indizean, gehiago kontsumitzen delako. Herritarrek zer eta zenbat kontsumitzen duten jakiteko INEk Familia Aurrekontuen Inkesta erabiltzen du, urtero egiten dena.

SASKIA

Bost urtean behin gaurkotzen du INEk saskia, eta otsailean sartu da indarrean azken eguneratzea. Gaur egun, 479 artikuluren prezioak erabiltzen dira indize oinarria ateratzeko. Kontsumo ohiturak hobekien islatzen dituzten artikuluak bilatzen saiatzen dira ikertzaileak. Aintzat hartzen dira gastu orokorraren %0,03 baino gehiago duten alor guztiak.

Neurketatik kanpo geratzen dira zerga zuzenak, inbertsio ondasunetan egindako gastua, autokontsumoa eta administrazioek lagundutako gastuak. Populazio osoaren gastuak dira orain erreferentzia —garai batean errenta maila batzuk edo pertsona bakarreko etxebizitzak ez ziren sartzen—, salbuespen gutxi batzuekin. Etxebizitza kolektiboetan edo instituzioetan bizi direnak —komentuak, zahar etxeak edo espetxeak— eta kanpotik iritsitako bisitariak ez dira sartzen.

PREZIOAK

Datuak lortzeko bidea ez da asko aldatu urteek aurrera egin ahala. INEko inkestagileek zuzenean jasotzen dituzte datuak, aldez aurretik aukeratutako saltoki adierazgarrienak banaka bisitatuz. Arreta berezia jartzen zaie merkataritza gune handiei, hipermerkatuei eta supermerkatuei, salmenta bolumen handia dutelako eta merkataritza eremuak finkatu ohi dituztelako. Hilaren 1etik 22ra ikuskatzen dira prezioak. Produktu galkorrek gorabehera handiak dituztenez, horien prezioa hirutan jasotzen da hilero, bisiten artean astebeteko epea utzita. Prezio egonkorragoak dituztenekin —etxetresnak edo autoak, esaterako— hiru hilean behin hartzen dira datuak. Beherapen garaietan aparteko neurketak egiten dira. Guztira, 220.000 salneurri jasotzen ditu hilero INEk, 29.000 saltokitan.

HAZTAPENA

Indize orokorrean pisua galdu badute ere, aztertzen diren artikuluetan gehiengoa dira elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak. 2011. urteko oinarrian, %40 ziren. Jantzi eta oinetakoak artikuluen %13 ziren, eta etxerako gauzak %12. Ecoicop nazioarteko sailkapenari jarraituz, hamabi multzotan banatzen da kontsumoa. Iaztik hona, gora egin du botika (%16), aisialdi eta kultura (%21), eta tabakoan eta edari alkoholdunetan (%9) egindako gastuaren pisuak, eta behera jantzienak (-%11) eta garraioarenak (-%6). Gastuan, hauek dute pisurik handiena: elikagaiek (%19), garraioak (%14), etxebizitzak (%13) eta hotel, taberna eta jatetxeek (%12). Bitxikeria gisa, irakaskuntzan halako bi da KPIaren aurrekontuan edari alkoholdunetan eta tabakoan egindako gastua.

INEk egindako azken haztapenak 219 azpimultzotan sailkatzen ditu artikuluak. Kontsumo mailari buruzko datu interesgarriak biltzen dira hor. Bederatzi baino ez dira gastuan %2 baino gehiago eragiten duten produktu eta zerbitzuak. Azpimultzorik handiena taberna eta jatetxeena da. Diruaren %10 eramaten du. Halaber, %2tik gora doa zigarretetara, emakumeentzako jantzietara, erregai mota ezberdinetara, argindarrera, alokairura edo telefono zerbitzu paketatuak ordaintzera. INEren saski teorikoan, gastuaren heren bat eramaten dute produktu eta zerbitzu horiek.

ALDAKETAK

Kalkuluak duen zailtasunetako bat da produktu eta zerbitzu horiek etengabe aldatzen direla. Gizartearen lehentasunak aldatzen dira, eta teknologia garatzen da. Antzina ezinbesteko ziren zerbitzuak orain desagertu egiten dira. Ezinbestekoa da joera horiek ondo antzematea.

Artikuluen zerrenda aldatuz doa. Hala, 2006. urtean indizetik atera ziren jantziak egiteko eta tapizatzeko oihalak, edo etxetresna batzuen konponketa zerbitzua; horien ordez produktu dietetikoak sartu ziren. Era berean, osasunari lotutako zerbitzuen gehikuntzari bide eman zitzaion: homeopatia, fisioterapia, kirurgia estetikoa eta miopia kentzekoa.

2011ko aldaketak erretiroa eman zien grabatzeko disko konpaktuei eta pelikulen alokairuari. Disko gogor eramangarriek, notebook-ek eta tabletek ordezkatu zituzten. Saskira gehitu ziren ongizateari lotutako zerbitzu ugari, halaber. Depilazioa, fotodepilazioa eta logopedia, besteak beste. Aurtengoa ez da salbuespena izan. Streaming bidezko bideo eta musika zerbitzuak, zorizko jokoak edo dosi bakarreko kafeak sartu dira zerrendan, eta brandya, bideokamerak eta grabatzeko DVDak ez dira gehiago kontuan hartuko.

INFLAZIOA

Tamaina handiko eragiketa da prezioen indizea ateratzea. Artikulu horien guztien prezioak batuta, oinarria ateratzen da, eta 100 gisa izendatzen zaio. Hortik aurrera, prezioan hilero edo urtero izandako gorabeherak ehunekotan neurtzen dira, eta, salneurriek igoera izan badute, inflazioa esaten zaio. Adierazle funtsezkoa da. Esaterako, EBZ Europako Banku Zentralak legez ezarria duen agindu bakarra prezioen egonkortasuna bermatzea da, inflazioa kontrolatuta. Milioika erosle eta saltzailek hartutako mikroerabakiek baldintzatzen dute diru politika, interesak gora egingo duten edo jaitsiko diren. Merkatuan euro gehiago edo gutxiago egongo diren, azken finean.

«Dendari batek edo ile apaindegi batek egiten dutenak, bere horretan, ez du garrantzirik, baina bai islatzen dute portaera orokor bat, eta horri erreparatu behar dio banku zentralak. Ez zait bide hoberik bururatzen», azaldu du Barandiaranek. Europan indize bat izateko inflazio harmonizatua arautzen du Eurostatek. 2007an, 2,7 milioi prezio eta 370.000 saltoki hartzen ziren kontuan, 2.300 hiri eta herritan.

BIZITZAREN KOSTUA

Hedabideetan askotan ia sinonimotzat hartzen dira. Inflazioaren igoera bati jarraituz bizitza garestitu dela izaten da ohiko titulua. Ikuspuntu estatistiko batetik, ordea, bada aldea bi kontzeptuen artean, eta ez nolanahikoa. KPIa eta halako indizeek, bere horretan, bakarrik prezioek izan dituzten igoerak eta jaitsierak kalkulatzen dituzte, bestelako efekturik gabe. Bizitzaren kostua konplexuagoa litzateke. Prezioen aldaketa ikusita, pertsona edo familia batek zenbat gastatu beharko luke aurretik zeukan egoerari eusteko? Produktuen kalitateak eta kopuruak aldatzen direnean pertsona batek gogobeteta jarraitzeko zer beharko lukeen kalkulatzea litzateke erronka.

Batezbesteko guztiekin gertatzen den bezala, bana-banako egoeran bestelako errealitate bat ezkutatu ohi da. «Pentsa pentsiodunen kasua. Ziur aski botikek eta argindarrek euren saskian pisu handia izango dute. KPI orokorra %2 izan liteke, baina justu bi produktu horiek %20 eta %10 igo bazaizkie, jasan duten pobretzea inflazioan dirudien baino handiagoa da», aipatu du Barandiaranek, adibide gisa.

ERRONKAK

Merkatua etengabe aldatzen denez, inflazioa neurtzeko sistemek hainbat arazo izan dituzte historikoki. Gailu eta zerbitzu berriak sortzen dira, eta saltokiak ixten eta irekitzen dira. Gizartearen nahiak eta beharrak aldatuz doaz. Aldaketa horiek guztiak aintzat hartzeko, erantzuna oinarri dinamikoak sortzea izan da. Bost urtean behin berritzen da KPIaren oinarria, baina orain urtero egokitzeko modua dago.

Eragiketa zailena, hori bai, kalitate aldaketa baten efektua neurtzea da oraindik ere. Adibide bat emateko: 2000. urtean zapata pare batek 100 euro balio bazuen, eta sei urte irauten bazuen, eta gaur egun 500 euro balio badu, KPIak esango du 400 igo dela prezioa. Haatik, benetako garestitzea %800 da, kalitatean behera egin delako, nabarmen. Kalitate aldaketa horien efektua kalkulatzeko eran sakondu da azken hamarkadetan, eta kontsumo prezioen indizean egoki islatzen saiatzeko hainbat metodologia garatu dira.

ERABILERA

KPIak inflazioa neurtzetik haragoko garrantzia hartu du gizartean. Hainbat alorretan kostuak gaurkotzeko erreferentzia nagusia izan da orain dela gutxi arte. Indexazio esaten zaion prozesu horrek ondorioak ditu ekonomia guztian. Alokairuak, pentsioak, soldatak, prezio publikoak eta beste hainbeste arautzeko oinarria izan da KPIa. Krisiaren ondorioz, joera hori gelditu da, eta Espainiako Gobernua indexazioa hausten saiatu da. Pentsioen eguneraketa ez zaio orain inflazioari lotzen. Negoziazio kolektiboan ere prezioen bilakaera eta soldatena banatzen saiatu dira gobernua eta patronala, baina sustrai sakonak dituen ohitura da. Prezio publikoak kalkulatzerakoan ere zokoratu da KPIa. Ohiko arazo bat da prezio aldakorrenek —energiak, batez ere— asko baldintzatzen dutela kalkulua. Haatik, oraindik ere erosahalmena galdu edo irabazi den jakiteko erreparatzen diote herritarrek indizeari.

«Informazio askoz gutxiago eta motelagoa genuen garaian eta beste adierazlerik ezean, ia automatismo gisa jo zen hainbat gauza KPIari lotzea», azaldu du Barandiaran ekonomistak. Haren ustez, gaur egungo gizarte konplexua aztertzeko datu eta adierazle askoz gehiago daude eskura, eta ez litzateke automatikoki erabili behar. «Sindikatu batek erabil dezake soldata igoera baten eskaera oinarritzeko, baina oso portaera itsua litzateke soilik horri erreparatzea», azpimarratu du.

MESFIDANTZA

Herritar askoren artean mesfidantza sortzen du indizeak, hala ere. Dena garestitzen ari den edo prezioak benetan esaten dena baino gehiago igo diren sentipena oso zabalduta dago. Buruhauste horiek ez dira berriak. Garai batean INEko alor horren arduraduna zenak, Eloy Matillak, kritika batzuei umorez heldu zien 1985. urtean argitaratutako artikulu batean. Garestiagoak eta beharrezkoak ez diren produktuak erosteko joerari egotzi zion itolarri hori: «Xaboitik bainurako gelara pasatu gara, Ducadosetik Fortuna edo Winstonera, zatikako gaztatik gazta tauletara, txurroetatik donutsetara, eta karajillotik kafe irlandarrera. Alegia, bizitza maila iraunkor batek zenbat kostatzen duen neurtu ordez, bizitza maila horretan gertatu den hobekuntza neurtzen ari gara».

BERRIAn argitaratua (2017/02/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA