astekaria 2015/11/20
arrowItzuli

kirola

Izarra itzali egin da

Eneritz Zabaleta

Izarra itzali egin da

Atzo goizean jakin zen berria. Europan astearte gaua zen. Zeelanda Berrian, asteazken goiza. Jonah Lomu (Auckland, Zeelanda Berria, 1975), Zeelanda Berriko eta munduko errugbi izar nagusia zendu zen, jaioterrian bertan. Albistea ezustean iritsi zen; John Mayhew, All Blacks-en sendagile ohi eta Lomuren adiskideak hala azaldu zuen: «Kolpea izan da. Heriotza bat-batean etorri da. Jonah eta bere familia Erresuma Batutik iritsi berriak ziren, bertan egun batzuk pasatu eta gero». Bihotzekoak jota hil zen Lomu.

Heriotza horrekin, errugbiak azken hamarkadetan izan duen izar nagusia galdu du. Kolpetik. Ezustean. 1995eko Munduko Kopan nabrmendu zen. Orduan, Tongoko jatorriko hegaleko hark mundu osoa zur eta lur utzi zuen bere indarrarekin eta abiadurarekin. Profesional bihurtu berri zen errugbiaren ikono bilakatu zen, eta mundu mailan ospetsu egin zen.

Albisteak ezustean harrapatu du errugbi mundua. Heriotzaren berria zabaldu ahala, etengabekoak izan ziren dolu eta atsekabe adierazpenak. Kirol honetako izen nagusi guztiek utzi dute hitzen bat. Jonny Wilkinson, Lomurekin batera errugbi izar handiena denak, albisteak «lur jota» utzi duela adierazi du sare sozialetan. Thierry Dusautoir, Emile N'Tamack, Paul O'Connell, David Campese... Denek gogoratu dute.

Noski, Zeelanda Berriko jokalarienak izan dira mezu ugarienak. Haren adiskide mina zen Tana Umagak omenaldia egin nahi izan zion «munduan bakarra» zela erranaz. Gaur egungo selekzioko jokalarien artean, berriz, «berria sinetsi ezinda» zeudela aitortu zuten Richie Mc Caw, Dan Carter edo Sonny Bill Williamsek. Sean Fitzpatrick, 1987ko Munduko Kopako garaileen kapitainak ere, bere atsekabea adierazi zuen. Errugbiaz harago, kiroleko hainbat izen ezagunek haien omena eman zioten Lomuri, azken horrek errugbitik kanpo izan zuen ospearen erakusle.

Jokoa irauli zuen

Lomu gertutik ezagutu zutenek haren zintzotasuna eta bihotz ona goraipatu dute. «Zelaian geldiezina zen. Baina zelaitik kanpo, inoiz ezagutu dudan pertsonarik zintzoena zen. Ez zuen gaiztakeria izpirik ere», zehaztu zuen Umagak. Zeelanda Berrian omenaldi ugari egin zizkioten atzo. Hunkigarriena, agian, Lomu ikasle ibili zen Aucklandeko Wesley College ikastetxeko ikasleek egindakoa da. Ikasle guztiek Haka erraldoi bat dantzatu zuten haren omenez, eskola atarian.

Jonah Lomuren kirol ibilbidea bikaina bezain laburra izan zen. 1995eko Munduko Kopan argitara iritsi zen, jardunaldi bakarrean zortzi entsegu sartuz. 1999an gailurra jo zuen, Munduko Kopa hartan beste zazpi entsegu sartuz. Bi aldi haietan sartutako entsegu anitz errugbiaren historian arrastoa utzi du. Historian izan den jokalaririk onenentzat dauka askok eta askok. Lomu zelaietan zela, goitik behera irauli zuen errugbia. Dohain fisiko paregabeak zituen (1,96 metro eta 125 kilotik gora). Gorpuzkera gihartsua izateaz gain, abiadura handikoa zen. 100 metroak 11 segundotik behera egiten zituen. Horrek geldiezin bihurtu zuen. Lomurekin batera, hegaleko profil berri bat zelairatu zen: abiadura handiko eta gorpuzkera sendokoena. Errugbia aro modernoan sartu zuen Lomuk.

Zazpinakako errugbian hasitakoa zen, eta kirol hori Olinpiar Jokoetan sartzeko prozesuan parte-hartze handia izan zuen: «Gure izar nagusia zen. Olinpiar Batzordera joaten ginenean, Lomurekin etortzen ginen beti. Bera ere ez zen jabetzen utzi zuen arrastoaz», goraipatu du Bernard Lapasset, World Rugby nazioarteko errugbi federazioko presidente ohiak. «Ume askori errugbian aritzeko gogoa eman zien. Kirol hau oso ikusgarri bihurtu zuen, eta mundu osora hedatzeko sekulako laguntza eman zuen», gehitu du, berriz, Steve Tew Zeelanda Berriko errugbi federazioko presidenteak.

Haren ibilbidea, ordea, osasun arazoek moztu zuten. 2002an, artean 27 urte besterik ez zituenean, jokatu zuen azken partida Zeelanda Berriarekin. Giltzurrunetako arazoa diagnostikatu zioten 1997an, eta, arazoa handitu ahala, errugbian aritzeari utzi behar izan zion. 2004an ebakuntza egin zioten, eta giltzurrun bat trasplantatu.

Haren osasun arazoak, baina, ez ziren horretan gelditu. Ebakuntza egin eta zazpi urtera, 2011n, heriotza oso hurbil izan zuen. 2011ko Munduko Koparen ataria zen, eta, orduz geroztik, osasun ahularekin bizi izan zen. 2011ko gertaeraren ondoren, haren patua laburbiltzen duen adierazpenak egin zituen. «Espero dut nire umeek 21 urte izan arte bizirik irauten ahalko dudala». Zorigaitzez, 5 eta 6 urte dituztela utzi ditu Lomuk, gaixotasunak eramanda.

BERRIAn argitaratua (2015/11/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA