astekaria 2017/03/03
arrowItzuli

bizigiro

Zuriaren gainean, ortzadarra

Nagore Etxeberria

Zuriaren gainean, ortzadarra

Abendutik, ortzadar erraldoi eta koloretsu batek alaitzen du Donostia ospitaleko Pediatria Saileko ospitalizazio guneko hirugarren solairua. Hamaika koloreko ortzadarraren alboan, suziriak, planetak eta superheroiak ikus daitezke. Kolore biziak eta marrazki deigarriak, ospitaleko giro grisarentzako eta hotzarentzako alaitasun zipriztinak.

«Gaztetxoak ospitalean egongo diren tartean gustura sentitzea da gure asmoa. Ospitalean dauden bitartean haurrak alaiago eta goxoago sentitzea da gure nahia, eta gaztetxoek giro atseginagoa topatzea», zehaztu du Joseba Landa Donostia ospitaleko Pediatria Saileko arduradunak.

Ospitalea «apaintzea» Landak aspaldian buruan bueltaka zerabilen ideia bat bazen ere, oztopo handi bat izan du beti: dirua. Idoia Garcia haurren minbiziaren ikerlaria, ordea, hariak mugitzen hasi zen, eta Donostia 2016 elkartearen eskutik diru laguntza eskuratu zuen: 20.000 euroko laguntza. Ametsa martxan jartzeko giltza.

Iaz, Garciak egun gutxi batzuk igaro zituen ospitalean semearekin, eta «giro hotza» sumatu zuen ospitaleko korridoreetan. Inguruak alaitasun pizgarri bat behar zuela pentsatu zuen, eta Bartzelonako Sant Joan de Deu ospitalera joan zitzaion gogoa. Tesia egina zuen han, eta ederki ezagutzen zituen hango txoko eta bazterrak: «Haurrengan pentsatuta jarriak daude gune asko: paretak apainduak daude, gurpil aulkian ibiltzeko moduko arranpak daude, leku batetik bestera jaisteko txirrista bat; erresonantzia gela ere espaziontzi handi bat balitz bezala apaindua dago». Bartzelonako ospitaleko errealitatea gogoan, zerbait xumeagoa baina antzekoa Donostia ospitalean egitea ona litzatekeela pentsatu, eta diru laguntza bila hasi zen. Hirugarren saiakeran lortu zuen fruitua.

Azken pausoa: hormak alaituko zituen artista bilatzea. Almudena Salas SuperH elkarteko kidearekin harremanetan jarri, eta ospitaleko diseinu berriko lehen marrazkiak gorputza hartzen hasi ziren. Arte Ederretan lizentziaduna da Salas, eta hark egin ditu pediatria guneko hormak apaintzen dituzten marrazkiak.

Salas ere ospitalean ordu mordoxka bat igarotakoa da, eta onartu du azkenerako lekuek eta paretek «pisu handia» hartzen dutela, eta hormak marrazkiz apaintzeak «pisu hori arintzen» laguntzen dutela. «Beti pentsatu izan dut pareta hauek apaintzen utziko balidate bizitza gehiago emango niekeela, marrazki eta kolore biziak erabiliz. Proiektu honi esker, gogoan nuena abian jartzeko aukera izan dut». Hala, SuperH heroia eta hark inguratzen duen espazioa eta mundua islatu ditu ospitaleko haurren guneko hormetan.

Gustura sentitzea eta ospitalean daudela une batez ahaztea lortu nahi dute proiektuarekin. Eta helburua lortzeko bidean dira, antza. Izan ere, Landak kontatu duenez, gurpil aulkian ospitaleratzera zihoan haur batek hala esan zion amari, orain dela pare bat aste: «Ama, hurbil nazazu hormara, espazioan sartzera noa eta».

Emaitza baikorrak

Egindako ikerketa ugarik eta mundu osoan izandako esperientziek argi erakutsi dute: arkitektura ereduak, dekorazioak, giroak, argiak eta koloreek funtzio garrantzitsua betetzen dute gaixoaren aldartean. Ospitalean sartu eta bertan geratu beharrak estres handia eragiten die adingabeei, eta, beraz, mimo eta tentu handiz zaindu beharreko gaia da. Ingurunea behar bezala diseinatua eta antolatua edukitzea, beharrezko baliabideak izatea eta haurrekiko tratua atsegina izatea ezinbestekoa da, estres hori arinduko bada.

Egoera horren jakitun, ospitale askok ahalegin berezia egin dute haurren guneak behar bezala apainduak eta antolatuak egoteko: Bartzelonako Sant Joan de Deu ospitalea, Texasko haurrentzako ospitalea, Melbourneko Royal Children ospitalea, Queretaro hiriko (Mexiko) Onkologiako Teleton ospitalea eta Londresko Royal London ospitalea dira munduan haurrentzako egokituak dauden bost ospitale.

Ez dira bakarrak, baina. Euskal Herriko mediku etxe askotan marrazki alaiak jarri dituzte medikuen kontsultategietan, haurrak gusturago senti daitezen. Eta, abendutik, Donostia ospitaleko haurren guneak ere bestelako itxura bat du: kolore biziak eta marrazki ikusgarriak nagusitu dira. Eta, Salas artistak zehaztu duenez, marrazki eta koloreen artean, «mezu baikorrak tartekatu ditugu, ospitalean diren familiei eta gaixoei indarra emateko». Oraingoz, hirugarren solairua apaindu dute, baina larrialdietako guneak ere apaintzekotan dira, eta, diru gehiago lortzen badute, baita gune gehiago ere.

Halako xehetasunekin «haurrak gusturago sentitzen dira; bestela, giroa eta ingurua hotza eta zakarra da haientzat. Modu horretan, beste ilusio batekin datoz ospitalera, eta medikuei dieten beldurra uxatzeko edo arintzeko ere lagungarriak dira apaingarriak», onartu du Landak.

«Ikerketa asko egin dituzte, eta emaitzek adierazten dute paretak eta guneak egokitu diren lekuetan haurrak gusturago eta lasaiago joaten direla medikuarenera. Ospitale barruan daudela eta gaixo daudela ahanzten dute une batez. Lasaiago joate horrek medikuaren lana ere errazten du. Beraz, ez dago dudarik: mesedegarriak eta beharrezkoak dira halako proiektuak», gehitu du Garcia ikerlariak.

Abian jarritako proiektu askoren emaitzek baieztatzen dute Landak eta Garciak esandakoa. Emaitzek diotenez, giro atseginagok hobeto sentiarazten dituzte gaixoak, haurrek duten beldurra arintzen eta antsietatea baretzen laguntzen dute, haurraren morala eta kemena handitzen dute, medikuekin interakzioa handitzen dute, eta, beraz, lana errazten diete medikuei. Irudimenezko mundu horrek aukera ematen die gurasoei haurrekin bestelako elkarrizketa izateko, eta, beraz, haurren arreta desbideratzeko. Diseinu berezi horiek amets egiteko eta egunerokotik ihes egiteko aukera ematen diete haurrei.

Kolorea ez da dena

Kolore eta bizitasun horiek haurren guneetarako «aproposak» direla uste Pablo Borde arkitektoak; ez, ordea, gainerako guneetarako: «Haurrak tarteka sartzen diren guneetan erabil daitezke, baina ez oso maiz bisitatzen diren lekuetan. Azken batean, medikuek ere lan egiten dute eremu horietan, eta irudi deigarri horiek oso nekagarriak izan daitezke».

Ospitaleen diseinuan eskarmentu handia du Bordek. Debor Arkitektoak taldeko kidea da, eta 1977tik dihardu arkitekto lanetan. Urte hauetan guztietan hamaika ospitale eta osasun etxe diseinatu ditu; azken lana: Urdulizko ospitalea, Bizkaian.

Ez du «garapen handirik» ikusten ospitaleko diseinuetan. «Ospitaleak diseinatzean, garrantzi berezia ematen diot beti argitasunari eta kanpora begiratzeko aukera edukitzeari. Ez dadila egon zulo batean, ez daitezela leku ilunak eta labirintikoak izan. Argitasuna egotea eta argia nonahi sartzea garrantzitsua da». Eta, bereziki, «funtzionalak» izatea nahi izaten du Bordek.

«Eriak estresatuak daude halako egoeretan», eta, beraz, «leku atseginak» sortzea eta egitea du buruan. Egoera hori arintzeko edo lasaitzeko, elementu askorekin jokatzen dute: argia, materiala, kolorea eta beste. Arkitektoaren ustez, «kolorearen gainean hausnarketa handia egin behar da. Koloreak, egon, egon behar du, baina neurrian». Izan ere, uste du dena ez dela kolorea: «Koloreen ordez, badira atsegin ukitua ematen duten beste elementu batzuk: egurra, ehundurak, gardentasunak, beira eta beste. Kolorea baliabide bat baino ez da. Beraz, beste gauza askorekin joka daiteke leku goxoak sortzeko: egurra erabili, material ezberdinak konbinatu, argiekin jolastu, elementu gardenak sartu».

Bordek uste du «ezinbestekoa» dela giroa etxekoa, goxoa eta atsegina sortzea, eta, horretarako, «askotariko baliabideek osatzen duten paletaz baliatzen gara ospitalea diseinatzeko».

Arkitektoak uste duenaren kontrara, Landak uste du elementu koloretsuak eta alaiak haurrentzat ez ezik lan egiten dutenentzat ere «baikorrak» direla. Dena den, ez luke joera hori ospitaleko beste eremuetara zabalduko: «Gaur egun, nahiko kolore atseginak daude, eta helduen guneetan ere kolore lasaiagoak, goxoagoak eta alaiagoak erabiltzen dira». Borde arkitektoak ere kolore argien eta apalen aldeko hautua egiten du.

Garcia ikerlariak ere ez du uste haurren guneak apaintzeko egiten den ahalegina «beharrezkoa» denik beste eremuetan; baina, egingo balitz, «positiboa» izango litzateke. «Adin jakin bat duzunean, beste modu batera hartzen dira gauzak. Dena den, egia da leku berriak, txukunak eta atseginak topatzeak beti laguntzen duela jendearen aldartean, eta, beraz, hori zaindu beharko litzatekeela». Baina zentzuduna iruditzen zaio ez gastatzea dirurik ospitaleak apaintzen medikuntzan murrizketak dauden bitartean.

Salasek, berriz, haurren guneetan egiten den ahalegina ospitaleko beste eremuetara zabaldu beharko litzatekeela dio. «Egonaldiak laburrak direnean ez zara horrenbeste konturatzen, baina, egonaldiak luzeak direnean, edozein keinu txiki pila bat eskertzen da». Dena den, atsegintasun hori lortzeko, koloreez gain, «gauza asko» egin daitezkeela uste du, Bordek bezala: «espazioak handiagoak, garbiagoak, argitsuagoak beharko lukete, adibidez». Beharrezko guztia eriak duen ezinegona eta larritasuna arintzeko.

BERRIAn argitaratua (2017/02/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA