astekaria 2017/03/03
arrowItzuli

gizartea

Everesten beti elurra

Jose Mari Pastor

Everesten beti elurra Jose Mari Pastor

Everestera igotzearen irudia erabili zuen Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak asteazkenean, Artur Masen aurrean: erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenean bigarren kanpalekuraino igo ginen euskaldunok 2001ean, baina azkenean atzera egin genuen, elurraren ondorioz.

Engainagarria izan daiteke mendiaren metafora. Euskaldunok ireki genuen tontorreranzko bidea. Oinatzak utzi genizkien katalanei elurretan. Gure esperientziatik ikasi zuten. Horregatik, plan subiranista osatu zuten, baina ez ziren Madrilera joan. Zergatik? Euskaldun zintzoaren izaerak Espainian zenbateraino ematen duen ikusi zuelako Masek —euskaldun zintzo mitikoa, lege eta arauei men egiten diena, Urdaibain txaleta eraikitzeko ez bada, noski—.

Generalitateko presidentea ez zen Espainiako Kongresura azaldu. Trago hori saihetsi zuen. Ez zuen ozpinik nahi, are gutxiago kontrako eztarritik. Bazekien Madrilgoa immolazioa besterik ez zela izango. Eta Kataluniatik abiatu zuen prozesua, Jaen, Salamanca edo Zaragozako diputatuen oniritzi eskuraezinaren zain alferrik egon gabe.

Kataluniako egoera politiko eta soziala eta Euskal Herrikoak diferenteak dira baina, funtsean, arazo berdina da. Arazo horri buelta nola eman da kontua. Artur Masek nahiago izan zuen Katalunian geratu Madrilgo suan erre baino. Zertarako? Hango foroko ariketa masokistaren ondoren errepidera irteteko, Europak ikusteko Espainiak zer nolako injustiziak egiten dituen? Ez. Horixe egin zuten hemen, baina Europak ezer gutxi ikusi zuen. Besterik bazuten kanpoko hedabideek, gurera kamerak ekarri eta protesta folkloriko bat grabatu baino lehen. 2014ko azaroaren 9an, aldiz, mundu osoko kamerak izan ziren Katalunian. Europako Batasuneko estaturik gabeko herri bateko gobernuak hautetsontziak atera zituen kalera herritarrei ahotsa emateko. Irudia bueltaka ibili zen munduan zehar. EAJk antolatutako kasketa-ekintza hura ez, ordea.

Elurra etorri zen, bai, eta euskaldunok atzera egin (behar izan) genuen. Zergatik? Eskalatzaile taldea ez ezik, gainontzeko mendizaleak ere ez zeudelako behar bezala prestatuta Everestera igotzen saiatzeko. Xerpak ere ez ziren oso lagungarriak izan. Eta eskalatzailea ia oxigenorik gabe geratu zen Madrilen bertan. Gero, haren ekimena laudatu zuten lagunek —»txalo bero bat gure mutilari» oihukatzea besterik ez zen falta izan—. Motxila hartu eta jaisteko eskatu zioten alpinistari. Carrera de San Jeronimoko muinotik gorago ez zen joan. Zorabioa. Eta etxera itzuli zen.

Everesteranzko bidean beti aurkituko dugu elurra. Gurea ekaitza izan bazen, zer ote katalanena orain? Azken muturreraino helduko ote diren ezin jakin, baina gu baino askoz hurbilago daude gailurretik. Kemena eta prestakuntza erakutsi dituzte, herri eta erakunde mailan. Eta, batez ere, gogo askoz handi eta argiagoa. Hemen zer nahi dugun ez dakigula ematen du. Norantz abiatuko gara hurrengoan? «Herriak nahi duen lekurantz», erantzuten dute. Baina zer aholkatuko die alpinista talde nagusiak bere mendizaleei? Everesterantz ala soilik Cervinorantz? Munduko beste edozein herri bezain interdependenteak izatea, esango du Ibarretxek Donostian. Espainian geratu nahi dugula modu librean erabakitzea, esango du Urkulluk Gasteizen, ezinezko ituna amets.

Donostiako ekimenaren biharamunean Andoni Ortuzarrekin elkartu ziren Artur Mas eta Francesc Homs, Sabin Etxeko kanpalekuan. Manikeismoa ez duela gustuko azalduko zien EAJko buruak erreferendumaren bidearen berri eman ziotenean, duela hilabete batzuk euskal hedabideen aurrean egin zuen bezalaxe?

Arerioek el astuto deitzen diote Masi. Azkarra, azeria, maltzurra, artetsua... Astute, Cambridge Dictionary izeneko hiztegiaren definizioan: egoera bat azkar ulertzeko eta horretatik probetxua ateratzeko gai dena. Hiztegi berean hauxe dugu inuzente hitzaren esanahia. Naive: baten bat egia esaten ari dela, jendearen asmoak orokorrean onak direla edo bizitza erraz eta bidezkoa sinestera emanegia dena.

BERRIAn argitaratua (2017/02/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA