astekaria 2017/03/03
arrowItzuli

gizartea

ANA MARIA MARCOS

«Garrantzitsua da eriek idaztea zelako tratua izatea nahi duten»

Arantxa Iraola

«Garrantzitsua da eriek idaztea zelako tratua izatea nahi duten»

«Oso berria da hau guztia». Lantzera zihoan gaia oraino eremu askotan aski arrotza dela adierazi zuen orain aste bi Donostian Ana Maria Marcosek (Leon, Espainia, 1968). Zuzenbidearen Filosofiako katedraduna da, urrutiko unibertsitate UNEDeko irakaslea, eta bereziki jorratzen ari da eritasunen aurretiazko plangintza egiteko zer bide ireki dakizkiekeen buruko gaixotasunak dituztenei: haien autonomia handitze aldera. Birgaiketa Psikosozialaren Euskal Elkarte Asvarrek antolatutako jardunaldi batean hartu zuen hitza. Argi adierazi zuen pazienteen autonomian sarritan —eta buruko gaixoen kasuan, bereziki— zer hobetua franko dagoela.

Aurretiazko borondateen arloan eginiko urratsetan harago egiteaz mintzo zara. Nola?

Aurretiazko borondateak hilurreneko pazienteen premiak kontuan hartuta jarri ziren martxan, baina oso garrantzitsua da horiek harreman edo prozesu terapeutiko guztietara zabaltzea, eta bizitzako edozein unetan erabili ahal izatea. Eritasun kronikoetan, adibidez hainbat buruko gaixotasunetan, oso interesgarria litzateke; izan ere, krisi egoeretan zenbaitetan gaixoek galdu egiten dute erabakiak hartzeko gaitasuna; aldi batean horretarako gai ez direla geratzen dira. Eta garrantzitsua litzateke gaixoek idatzita utzi ahal izatea zelako tratua izan nahi duten egoera klase horietan.

Zelako eskariak egin ditzakete?

Gauza oso arruntak izan daitezke; esaterako, ospitaleratzen badituzte, zer pijama eraman nahi duten han soinean. Zenbait gaixorentzat gauza horiek oso garrantzitsuak dira. Edo erabaki dezakete, era berean, berekin erabiliko diren atxikitze neurriei buruz, edo nahigabeko ondorioak eragiten dizkieten sendagaiei buruz. Gauza gehiago ere badira: zein zentrotara nahi duten eramatea, bisitan nor joatea nahi duten, zein profesionalek tratatzea...

Eman ezin daitekeenik bada? Esaterako, norbaitek esan du ez duela nahi krisi batean ospitaleratzerik. Onartu behar al zaio?

Izaten dira borondatearen kontra egindako ospitaleratzeak, eta, larritasunak hala eskatzen badu, egin beharrekoak dira horiek. Baina, behin eginda, erietxean tratamendu eta azterketak egiteko oniritzia eskatu egin behar zaie eriei. Gauza bat da piztaldi psikotiko bat izatea, eta horren ondorioz erietxera joan behar izatea; bestea, ordea, behin han egonda mila azterketa egitea, eta zuri inolako argibiderik ez ematea horiei buruz. Oso pertsona kalteberak dira, baina oso garrantzitsua da egingo zaizkienen inguruko oniritzia izatea; pertsona eskubidedun gisa tratatu behar dira, erietxe barruan badaude ere.

Atxikitze neurriak aipatu dituzu. Pazienteen kexuetako bat da, hain justu, erietxeetan ohera lotzen dituztelako krisialdietan, baliabide mekanikoak ere erabiltzen direla halakoetarako...

Atxikitze neurriek eskubide guztiak urratzen dituzte. Pertsona bat lotuta, era mekaniko batean atxikita, haren duintasuna urratzen da. Gainera, barru-barruan sartuta geratzen zaie gertatutakoa: beren baitan itsatsita. Min egiten die, estigma areagotzen du horrek, eta zailtasunak ekartzen dizkie eritasuna onartzeko bidean. Psikiatra askoren aburuz, gaixoen atxikitze mekanikoak guztiz debekatuta egon behar luke. Zein da arazoa? Izua sentitzen dute profesional askok; bada, beldur horiek landu egin behar dira lantaldeetan. Bestalde, garrantzitsua litzateke lantalde handiagoak izatea: langile bakar bat badago, piztaldi batean dagoen pertsona bat kontrolatzea zaila da; hiru-lau langilerekin, errazagoa. Oinarrizkoa da pazienteen erreakzioei beldurra galtzea; muturreko kasuetan besterik ez lirateke erabili behar atxikitzeak. Beste aterabiderik ez bada; inoiz ez lehen neurri gisara.

Botikak aipatu dituzu. Aski gai arazotsua da hori ere, ezta?

Bai, eta horregatik garrantzitsua da erien eta medikuen arteko elkarrizketa. Gaixoak esatea: «Botika hau ez doakit ongi, badira beste aukera batzuk?». Gutxienean ere, pentsa dezala medikuak beste aukera batzuetan; gainerakoan, denok ere erosokeriara egiten dugu, eta esan dezake: «Botikak nahigabeko ondorioak dituela? Baina kontrolpean zaitu». Eta ez. Botiken atzean, gainera, botika konpainiak daude, eta badira sendagai oso garestiak. Badira psikiatrak kontatzen dizutenak hilean mila euroko tratamendua dutela pazienteek, eta nahiago luketela botika hori kendu, eta diru horrekin erizain bat gehiago kontratatzea, edo psikoterapeuta bat.

Eta kasua oso zaila denean?

Egon daitezke muturreko egoerak. Ospitaleratzea, adibidez, ezinbestekoa izango da zenbaitetan. Atxikitzea, aldiz, kasurik gehienetan saihesteko erakoa izan daitekeela uste dut. Badira psikiatrak diotenak: «Gelako beira guztiak apurtzen utzi behar zaio eriari. Hori egin behar du, hain justu, ulertzeko ez zuela halakorik egin behar. Guk horrek dakartzan gastuak gure gain hartu behar ditugu, eta gure oldarkortasunari eutsi behar diogu».

Eri batek halako plan bat egiten badu, inon erregistra dezake?

Oraindik buruko osasunaren arloan ez dago erregistro berezirik horretarako, baina beharrezkoa denik ez zait iruditzen. Bizitzaren amaierarako aurretiazko borondateen agirien erregistroak badira, eta hortxe ipin daitezke era horretako eskakizunak, edo gaixo bakoitzaren historia klinikoan. Ez dugu legez bete behar osasunaren alorra; gehiegikeriak besterik ez dakartza horrek.

Aurretiazko borondateetan ordezkari bat hautatzen da. Plan klase hauetan badira halakoak?

Bai. Konfiantzazko pertsona bat izan behar du, hurbilekoa; ez da beharrezkoa familiakoa izatea, eta ez du interes gatazkarik izan behar gaixoarekin. Hark erabakiak har ditzake, eta gaixoak idatzitako hori ere interpreta dezake.

Gaiaren inguruan profesionalak trebatzea da lehen erronka?

Berebiziko garrantzia du. Profesionalak izaten dira gero pertsona horiekin daudenak; hau guztia jakinarazteko bide egokia dira.

BERRIAn argitaratua (2017/02/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA