astekaria 2017/02/24
arrowItzuli

politika

Sarrailak adina giltza

Gotzon Hermosilla

Sarrailak adina giltza

Globalizazioa. Giza eskubideak. Gobernantza. Boterea. Segurtasuna. Gaurko mundua ulertu ahal izateko ezinbesteko terminoak dira denak. Askotan, baina, ez dago argi zer izendatu nahi dugun hitz horiek erabiltzen ditugunean: berbok zama ideologiko nabarmena izaten dute, haien esanahia denborarekin aldatu egiten da, eta haien inguruan eztabaidak eta iritzi kontrajarriak egoten dira adituen artean.

Nazioarteko harremanetan txitean-pitean erabiltzen diren giltza hitz horietatik hamalau aukeratu, eta haien inguruko azalpenekin liburua atondu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikerlari talde batek. Nazioarteko harremanetako 14 giltza-hitz du izenburu liburuak, eta hasieran Nazioarteko Harremanak, Soziologia, Zientzia Politikoak eta antzeko gaiak jorratzen dituzten unibertsitate ikasleentzat bada ere, gaurko mundua hobeto ulertzeko euskarazko lanabesak eduki nahi dituzten guztientzat izan daiteke baliagarri.

Ander Gutierrez-Solana (Lyon, Frantzia, 1978) Nazioarteko Zuzenbide Publikoko irakaslea izan da liburuaren koordinatzailea —«apur bat kasualitatez», dioenaren arabera—. Hasierako asmoa «ikasmateriala sortzea» izan zen, euskaraz ezer gutxi zegoelako arlo horretan. «EHUn, praktikan, ikasketa asko egin daitezke euskaraz», azaldu du egileetako batek, Eneko Compains Silva (Iruñea, 1981) Konstituzio Zuzenbideko irakasleak, «baina materialaren arloan gabezia nabaria da. Hutsune hori bete nahi genuen».

Giltza hitz bakoitzari eskainitako atalean horren azalpena agertzen da, bilakaera historikoa eta abar, baina ez diete muzin egin termino horien inguruan egon daitezkeen eztabaida edo balorazio kontrajarriei. «Ikasleek definizioak eta ezaugarri nagusiak behar dituzte», azaldu du Gutierrez-Solanak, «baina gizarte zientzietan, askotan, eztabaidak dira gauzarik interesgarrienak; guk hori islatu nahi izan dugu, eta ikuspuntu desberdin horiek aurkeztu».

«Nazioarteko harremanak eta, oro har, gizarte zientzietako diziplinak ez dira zientzia zehatzak», gogorarazi du Compainsek. «Nekez egongo da fenomeno bat gutxienez bi ikuspegi agertzen ez dituena. Guri iruditzen zitzaigun gaiak ikuspegi kritiko batetik azaldu behar zirela, eta adituen artean eztabaidak baldin badaude, horiek islatu».

Liburuan agertzen diren giltza hitzetako batzuk berri samarrak dira, gobernantza, gizarte zibil globala eta nazioarteko justizia penala, esaterako, «nazioarteko harremanak biziak diren seinale», Gutierrez-Solanak dioen moduan. «Beste termino batzuk klasikoagoak dira, baina aldatzen ari dira, feminismoaren eta bestelako teoria kritikoen argitara interpretazio berriak agertzen direlako».

Gutierrez-Solanak liburuko atal bi idatzi ditu: nazioarteko erakundeei dagokiena —Iker Zirion Landaluzerekin batera egin du— eta gizarte zibil globalari buruzkoa —Iratxe Perearekin—. Zertaz ari dira gizarte zibil globalaz ari direnean? «Definitzea ez da erraza, oso malgua delako», azaldu du Gutierrez-Solanak. «Batzuetan nahiko argi dago gizarte zibil globala sindikatu eta gizarte mugimendu batzuek osatzen dutela eta helburu definituak dituztela, baina beste batzuetan aldizkakoa da, edo ez dago argi nortzuk osatzen duten eta zer nahi duten. Gizarte zibil globala ez da estatuaren esparruan kokatzen, ezta interes pribatuenean ere; hor dago, erdian, bere helburuak lortu nahian lanean».

Gizarte zibil globalaz aritu beharrak erakusten du azken hamarkadetan aktore edo eragile berriak agertu direla nazioarteko harremanen esparruan. Iratxe Perea Ozerin (Bilbo, 1979) Nazioarteko Harremanetako irakasleak dioenez, garai batean estatus juridikoak zedarritzen zuen zein zen nazioarteko eragile; egun, ikerlari batzuek funtzionaltasunari erreparatzen diote beste ezeri baino gehiago: «Norbaitek nazioartean eragiteko gaitasuna badu, nazioarteko aktorea dela esaten dugu», azaldu du. «Baina hor eragile asko sartzen dira: mugimendu sozial transnazionalak, nazio eremuan aritu arren eragin globala izan dezaketen sindikatu eta mugimenduak eta abar».

Izan ere, globalizazioak eta horrekin lotutako indar eta joerek, baita fenomenoaren aurrean kritiko agertzen diren mugimenduek ere, errotik aldatu dute azken hamarkadetan mundua ulertzeko modua. Pereari egokitu zaio globalizazioa berbaz idazteko eginkizuna.

Errealitatea aldatzen den neurrian, errealitate hori deskribatzeko lanabesak ere aldatzen dira. Baina, batzuetan, modek eta joerek ere badute zerikusia horretan, Montserrat Pintado (Barakaldo, Bizkaia, 1989) Nazioarteko Harremanetako saileko ikerlariak dioenez: «Badaude giltza hitz batzuk modan daudenak eta beharbada ez dira beste batzuk bezain sakonak. Hori ere erakutsi nahi genuen: nola kontzeptu berri batzuk txertatzen diren, kontzeptu klasikoek jarraitzen duten bitartean».

Subiranotasunaren jiran

Compainsek liburuko atal bi idatzi ditu, subiranotasunari eta autodeterminazio eskubideari dagozkionak, hain zuzen ere. Biak ala biak dira gaurkotasun handiko kontzeptuak nazioartean, baina Euskal Herrian eguneroko politikagintzaren eztabaidaren ardatz ere badira.

Eztabaida horretan erabilitako argudio baten arabera, erabateko subiranotasuna galtzen ari dira estatuak, subiranotasun partekatuaren mesedetan, eta hortik zenbaitek ondorioztatzen dute subiranotasuna berreskuratzeak utzi diola helburu desiragarri izateari estaturik gabeko herrientzat. «Egia da Westfaliako paradigmatik sortutako estatu ideal eta erabat subirano hori ez dela inoiz guztiz existitu, estatuei kanpo faktoreek eta botereek beti eragin dietelako», zehaztu du Compainsek. «Baina hori bezain egia bada neoliberalismoak subiranotasunik gabeko herriak nahi dituela, eta horretarako kontzeptu alternatibo batzuk jartzen dituela mahai gainean, interdependentzia, adibidez. Nire ustez, horren atzean saialdi ideologiko bat ezkutatzen da».

Compainsen aburuz, guztiz bere buruaren jabe den estaturik ez dago, baina horrek ez du esan nahi subiranotasuna desagertu denik. «Egia da nazioarteko erakunde batzuk sortu direla, eta estatuek botere batzuk utzi dituztela horiengan, baina XXI. mendean subiranotasunak indarrean jarraitzen du, XX. mendean bezainbeste gutxienez».

Europako Batasunaren adibidea jarri du Compainsek, azaldu nahi duenaren argigarri. «Europako herrialdeek ez diote utzi subirano izateari. Nazioarteko harremanetan, nazioarteko hitzarmenak sinatzea subiranotasun adierazpidetzat jotzen da; nekez esaten ahal da subiranotasuna galtzen ari dela subiranotasunaren osagai zentral bat erabiltzen denean. Eta, beste aldetik, brexit-ak erakutsi du estatuaren subiranotasuna bizirik dagoela, eta estatuak botere batzuk utz ditzakeela nazioarteko egitura batzuen esku, baina, subiranotasunaren jabe denez geroztik, aukera duela berriz bereganatzeko».

Autodeterminazio eskubideari buruzko atalean, horren inguruan dauden eztabaida nagusiak jaso ditu Compainsek: benetako eskubidea ote den, herri guztiei dagokien edo soilki deskolonizazio prozesuetan ezartzekoa den eta abar. «Autodeterminazio eskubidearen alde juridikoa eta alde politikoa desberdindu beharko genituzke», azaldu du Compainsek. «Politikoki, nik uste dut edozeinek aldarrika dezakeela, printzipio demokratikoa den neurrian. Juridikoki, berriz, egia da doktrina iusinternazionalistaren eremu handienak deskolonizazio prozesuari lotzen diola autodeterminazio eskubidea. Eskozian eta Katalunian, esaterako, ez dira euren prozesuak autodeterminazio eskubidearen paradigman oinarritzen ari, eta paradigma berriak agertu dira: erabakitzeko eskubidea, esaterako».

Inperialismoa eta boterea

Iratxe Pereak aztertutako giltza hitzen artean inperialismoa dago. Garai batean, hitzetik hortzera erabiltzen zen termino hori, baina, teoria neoliberalen nagusitasunaren ondorioz, «apur bat bazterturik» gelditu zen, «arlo akademikoan zein kalean». Hala ere, azken urteotan aditu batzuek berreskuratu egin dute kontzeptua. «Nik uste dut Irakeko gerrak eta horretan AEBek erabilitako aldebakartasun horrek gaurkotasuna eman diola berriro inperialismo kontzeptuari. Inperialismo garaikidea da, antzinako inperioekin alderatuta ezaugarri bereziak dituena», azaldu du.

Montserrat Pintadok, berriz, hegemoniari eta botereari buruzko atalak idatzi ditu. Botereari dagokionez, «kontzepturik oinarrizkoenetako bat» dela pentsatzen du Pintadok. Batzuetan, definitu ere ez da egiten, horren esanahia gauza jakina delakoan; horregatik, liburu honek egiten duen ekarpena ikasleentzat «baliagarri» izango dela uste du Pintadok.

«Batzuetan, boterearen ikuspegi oso klasikoa erabiltzen da», esan du Pintadok. «Nik azaldu nahi nuen boterea ez dela soilki auzi militar edo ekonomikoa. Boterea eta hegemonia elkarri estu loturik daude. Botere material soila baldin badago, hortik eratortzen dena ez da hegemonia, nagusitasun hutsa baizik. Boterea modu okerrean ulertzen badugu, pentsa genezake estatu batek nagusitasun materiala galtzen duenean hegemonia ere galtzen duela, eta ez da horrela».

Hainbat giltza proposatzen dituzte liburuaren egileek, berriak batzuk, zaharberrituak bestetzuk, nazioarteko harremanen errealitate berrien sarrailak irekitzeko prest; gaurko mundua ulertzeko ezinbestekoak diren gakoak, hain zuzen ere.

BERRIAn argitaratua (2017/02/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA