astekaria 2015/11/20
arrowItzuli

ekonomia

Arnasa hartzeko baimen eske

Oihan Vitoria

Arnasa hartzeko baimen eske

Inor ez da salbu merkatuaren atzaparretatik. Urteetan zaildutako eskarmentua ez da ezeren ziurtagiri, ezta teknologian erreferente izaniko markentzat ere. Nokia enpresa finlandiarra izan zen hondoa jotzear egon zen aurrenetakoa. «Sakelakoak guregana ailegatu zirenean, mundu guztiak nahi zituen Nokiaren modeloak, eta hainbat urte mantendu ziren gailurrean». Smartphone-ak sortu zirenean, baina, ez zuten garai berrira moldatzen jakin, eta gaizki igaro dute, Akting ingeniaritza enpresako kide Unai Bilbaok esplikatu duenez. «Orain, Microsoften Windows Phonea saltzen hasi dira, eta ikusiko da zer gertatzen den». Antzeko zerbait pasatu zitzaion Siemens Mobile etxeari, eta gaur egun, ez dago Siemens eskukorik; BenQ enpresak erosi zuen, eta hor amaitu zuen bere bidea. Kanadako Blackberry etxeak har diezaieke orain lekukoa, urtetik urtera galerak kateatu ostean.

Inoizko egoera kaskarrenean egonda ere, amore emateko xederik ez du oraingoz Blackberryk, eta bide berriak urratzen hasi da. Horren isla Android sistema eragilearekin kaleratu duen lehenbiziko gailua: Priv. Blackberryren kasua, ordea, ez da bakarra. Badira itolarriak bultzatuta, azkeneko aukera gisa, mugimendu ezohikoak hasi dituzten markak. Hona hemen, kinka larrian dauden enpresa batzuen gorabeherak:

BLACKBERRY

Urteetako hutsak iraultzen

Sakelako telefono adimendunen aitzindaritza aspaldi galdu zuen Blackberryk, eta erreferente izateari utzi eta porrot bat bestearen atzetik kateatu ditu Kanadako enpresak. Google Android eta iPhone plataformen itzal bihurtzeko hamaika ahalegin egin ondoren, bide propioa urratzeko erabakia hartu du Blackberryk, enpresen munduan arreta jarrita. Priv deituriko sakelakoa merkaturatu du duela hilabete, Android sistemarekin kaleratzen duen lehena. 2009. urteaz geroztiko galerek derrigortu dute orain arte erabilitako sistema eragile propioa bazter batean uztera.

Soka lepoan du Kanadako enpresak: munduan erosten diren telefono adimendunen %0,3 baino ez dira Blackberry markakoak; ia bosten bat erori dira salmentak 2009tik, eta enpresa saltzekotan ere egon dira. Laukiluzea izan eta teklatu irristagarria edukitzeaz gain, iraupen handiko bateria du Priv gailuak. Ukipenezko pantaila gustuko ez dutenen eskariak ase nahi ditu hala Blackberryk, punta-puntako Androiden pare jartzeko. Konpainiaren arabera, aurreko modeloa bezala, perfektua da negozioetarako, baita bateria aurrezteko ere, ohiko smartphone-ak baino pisutsuagoa izan arren. Segurtasunean jarri du indarra, eta prezioan ere berritzaile izan nahi du Blackberryk, lehiakideengandik aldentzeko asmoarekin. Produktu berria, izan ere, Samsungen eta Applen puntako gailuak baino zertxobait merkeagoa da: 525 euroko kostua du.

Smartphone edo telefono adimendunen merkatutik desagertu egin da kasik Blackberry, eta teknologia analistek zalantzak dituzte ea produktu berria aski izango den orain arteko erritmo kaskarrari buelta emateko. Kritika iturri izan da Priv gailua. «Beranduegi dator Blackberryk sakelakoen merkatuan daukan zortea errotik aldatzeko», ohartarazi du IDC aholkulari taldeko ikertzaile Francisco Jeronimok, eta gaineratu: «Salmentek goranzko bidea hasi ezean, atzera bueltarik gabea izango da Blackberryren porrota sakelakoen negozioan; berandu baino lehen, hondoa joko du».

Hau da, Priv telefonoak enpresa salbatu edo are gehiago hondoratu dezake. Itxaron egin beharko da, hortaz, arrakastatsua den edo ez jakiteko. Ordurako, haatik, baliteke beranduegi izatea, Nokiari gertatu zitzaion moduan. Ez litzateke lehen aldia izango: Kanadako konpainia Z10 modeloarekin saiatu zen 2013an Blackberry berpizten, baina ez zuen lortu. Erraz esaten da: 900 milioi euroko galerekin, 4.500 behargin bota zituen.

POLAROID

Nora ezean arrantzan

Hamarkadaz hamarkada argazkigintzan erreferente izan ostean, 2001. urtean hondoa jo zuen Polaroidek, eta desagertzeko zorian egon zen. Bereziki, argazki kamera profesionalen eta sakelako telefonoen agerpenak jarri zuen kolokan AEBetako enpresaren iraupena. Digitalizazioak, oro har, min handia egin zion, argazkigintza ulertzeko modua bete-betean irauli eta ate berriak zabaldu baitzituen. Eta testuinguru horrek ustekabean harrapatu zuen Polaroid, aro berrira nola egokitu jakin ezinda. Merkatuan ia tokirik ez zuten haren produktu izarrek —erretratuak segituan ateratzearen gainetik, kalitateari eman zitzaion lehentasuna—, eta, moldatu ezean, beltz zuen etorkizuna Polaroidek, oso beltz.

Ezegonkortasun garaien ondotik, muturreko neurriak hartzeari ekin zion; kostata, hori bai. Markaren izaera goitik behera berrasmatu zuen. 2007. urtean pelikulak ekoizteari utzi, eta orotariko gailuak sortzen hasi zen: telebistak, tabletak... Egonkortasun horrek, edonola ere, ezer gutxi iraun zuen AEBetako enpresan, eta arnasa hartzeko baimen eske ari da orain. Ez da harritzekoa: Polaroiden eguzkitako betaurrekoak eta kamera analogikoak ere topa daitezke merkatuan. Zergatik? Haren irudi korporatiboa erabiltzearen truke, hainbat lizentzia ipini dituelako salgai webgunean. Nora ezean arrantzan ari da Polaroid.

Horrekin, alabaina, ez du aski 1937an sortutako negozioari eusteko, eta beheraldian murgilduta dago 2008. urtetik, krisialdia uxatu ezinean. Egoera iraultzeko, Polaroid Cube izeneko argazki kamera ñimiñoa plazaratu berri du, hiru koloretan: gorrian, urdinean eta beltzean. Polaroiden produktu berria bereizmen handiko argazkiak eta ikus-entzunezkoak grabatzeko gai da. Apurtzailetzat jo dute teknologia adituek, merkea izateaz gain —100 euro inguruko prezioa du—, originaltasunaren alde apustu egin duelakoan kalitatea baztertu gabe. Gabeziarik handiena merkatuan du Polaroidek, zail baitauka Applen GoPro boteretsuarekin lehiatzea. Diseinua, hori bai, alde du Polaroid Cubek: arinagoa da, kolpeak jasan ditzake eta iman bat ere badu, gailua edonon jarri ahal izateko.

GARMIN

Lozorrotik esnatu ezinda

AEBetako Garmin enpresari ere marrazo artean igeri egitea egokitzen ari zaio azken boladan, eta larrutik ordaintzen ari da. 1989an eratu zutenetik, Garmin ikur izan da auto, hegazkin eta itsasontzietarako GPS gailuen sorkuntzan. Samsung eta Apple moduko enpresa entzutetsuen handinahiak, nolanahi ere, haren jarduna alboratu du, produktu erabat berriak merkaturatzera derrigortzeraino.

Teknologia etxe arrakastatsuenekin lehiatu beharrak izutu egin ditu zenbait inbertitzaile, eta AEBetako enpresak inoizko irabazi txikienekin amaitu zuen joan den urtea: 10 milioi euro inguru galdu zituen. Garmin, berriz, ez da kikildu, eta estualdi horri eskaintza gehiagorekin erantzun dio. Maratoien eta korrika lasterketen merkatuaren goraldiaz jabetuta, hasia da ariketa fisikorako jauzia egiten: kirolarientzako GPS erloju bereziak, bihotz taupadak neurtzeko eskumuturrak, mendi ibilaldietan baliatzeko GPS ñimiñoak eta GoPro bereziak ekoizteari ekin dio orain dela gutxi. Emaitza txarrik ez du lortu oraingoz, baina lozorroan ere ezin daiteke egon, Apple eta Samsung lehiakideek ere merkatu horrekiko «berebiziko interesa» agertu baitute dagoeneko.

Bestelako bideak urratzen ari da Garmin, gainera: besteak beste, Garmin-Sharp txirrindularitza taldearen babesle nagusia da. Ez doakio batere gaizki: azkeneko hilotan inbertitzaileen arreta bereganatzea erdietsi du berriro, akzioak %13 handituta. Azkeneko aukera zuen, eta badirudi, orain ere, bizirik irtengo dela itolarritik.

NINTENDO

Klasikoak iraungi daitezke

Karta jokoak egiten, lehenbizi; elektronikan, gero. Ibilbide mardula ondu du Nintendok 1889. urteaz geroztik. Izan ere, nork ez du noizbait Super Mario Bros joko klasikoarekin gozatu? Nork ez ditu Game Boy edota Nintendo 64 kontsolak eskuan eduki? Gaur-gaurkoz, baina, ez ditu sasoi onenak bizi: zonbi bat da, bizi-bizirik ez, baina hilik ere ez dagoen enpresa bat.

Urteotan Wii bideo jokoen kontsola izan da Japoniako enpresaren izarra. Eta oilar zailduen arteko lehiara kondenatua egonagatik, mahai gaineko kontsolen artean arrakastatsuena izan da urte askoan Wii gailu berritzailea, Sonyren Playstation eta Microsoften Xbox360-ren aurretik. Bideo jokoen 100,4 milioi kontsola saldu ditu, orotara, Nintendok mundu osoan zehar. Baina klasikoek ere badaukate iraungitze data. Eta salmenta datuak apartak izan arren, produkzioa etetea eta kontsola berririk ez ateratzea erabaki zuen 2013. urtean, Wii U gailuan indar egiteko eta joko klasiko eraberrituak kaleratzeko.

Apustua ez zitzaion batere ongi atera Japoniako enpresari; batik bat, PlayStation 4 eta Xbox One gailuari aurre egiteko lehian. Bideo joko eramangarrien arloan lider izanda ere, galera izugarriak eduki ditu Nintendok azken urteotan —402 milioi eurora artekoak—. 2012aren bueltan hasi zuen beheraldia, eta hilkutxari azken iltzea jartzea besterik ez zaio falta. Badirudi, dena dela, desagerpena saihesteko asmotan dabilela Japoniako enpresa, eta eskukoetarako jokoetan jarriko duela orain indarra; heldu den urtean abiatuko du smartphone-etan erabiltzeko lehen jokoa: Miitomo.

«Apustu arraroa, arriskutsua eta ezohikoa», Bitarlan Informatika eta Web Zerbitzuak enpresako kide eta irakasle Aitor Aretxagaren esanetan. «Hemen erromantikoak, gutxi. Galera handiak baldin badituzte eta negozioa esparru horretan dagoela ikusten badute, enpresek bi alditan pentsatu gabe joko dute horra; inolako konplexurik gabe», esan du Aretxagak.

Enpresa batentzat produktuak merkatuaren beharretara egokitzea ezinbestekoa dela deritzo Bilbaok. «Jendea haien produktuak erosteko prest ez badago, jai dute, eta merkatura moldatzea da gelditzen zaien abagune aproposena». Teknologiaren bizkortasunari erreparatu dio Akting ingeniari taldeko beharginak: «Oso azkar doa, eta enpresek ezin dute urte asko igaro berdina egiten». Bitarlan enpresako kideak azpimarratu du azken finean hori dela merkantilismoaren funtsa. «Eraginkortasunak du garrantzia».

Berrikuntza ulertzeko, malgutasuna oso garrantzitsua dela dio. «Traizio gisa ez, eboluzio gisa ikusten dut». Aretxaga bat dator. Haren hitzetan, ezer ez egitea da arriskutsuena. «Joera nagusiak apurtzeko, arriskatzea da modu bakarra, betiere produktu izarrak moldatuta». Uste du, halere, badirela mugak. «Ona bada ekoizten duzun hori, zentzugabea da 180 graduko aldaketa egitea».

Baina, lurpetik aterata ere, berreskuratuko al dute merkatuan zuten tokia? Aretxagak ez du dudarik: «Agian aterako dute burua, baina berriro ez dira erreferente izango; ez dira itzuliko lehen zirena izatera». Bilbao, aldiz, baikorrago mintzo da: «Iraupena ziurtatzeko, premiazkoa da garai txarretan esku hartzea; horrek berriz ere ikur izatera eraman ditzake enpresa horiexek. Zergatik ez? Agian orain ez gara oroitzen, baina Apple ere desagertzeko zorian egon zen 90eko hamarkadan. Bidea zuzendu, eta orain munduko enpresa garrantzitsuena da».

BERRIAn argitaratua (2015/11/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA