astekaria 2017/02/24
arrowItzuli

bizigiro

Sagutxoa eta motozerra

Edu Lartzanguren

Sagutxoa eta motozerra

Nik ez nekien bruxismoa nuenik ere, dentistak esan arte», adierazi du Maite Arregik, «arazoaren izena ere ez nuen ezagutzen». Gizartearen estresa neurtzeko balio dezake bruxismoak, eta asko areagotu dela esaten dute adituek. Tentsioak askatzeko hortzak estutzea eta karraskatzea da bruxismoa. Arazo larria izan daiteke, hortzak ia erabat higatzeraino. Hiru pertsonatik batek karraskatzen ditu hortzak, baina askok ez dakite arazoa dutela, gehienetan lo sakonean daudenean egiten dutelako.

Arratoien garunak aztertzen ditu Igor Horrillok EHUko Farmazia Fakultateko irakasle eta buruko osasunaren inguruan ikertzen duen CIBERSAM taldeko kideak. Horrillok eta haren kideek pintza bat jarri zieten arratoiei buztanean. «Frogatuta dago pintzak ez diola minik egiten animaliari, baina ezinegona sortzen dio», hau da, estresa. Bi portaera ezberdin dituzten arratoiak erabili zituen Horrillok: batzuek egurra karraskatzeari ekiten zioten estresaturik zeudenean. Besteek ez zuten halakorik egiten. «Ikusi genuen karraskatzen ez zuten arratoiek dopamina gutxiago askatzen zutela burmuinean». Dopamina plazerarekin loturiko neurotransmisore bat da, eta esperimentuaren bitartez ikusi zuten zein funtzio betetzen duen bruxismoak, animalietan, behintzat.

Baina gizakiak ez dira karraskariak, eta, halere, halako portaera agertzen dute.«Portaera primario bat da», azaldu du Horrillok. Ospe txarra izan arren, estresa ez da berez kaltegarria. Animaliei eta gizakiei lagundu egiten die ingurunean gertatzen diren aldaketei aurre egiten: sua badago, estresak ihes egiteko sena akuilatzen du, eta, horri esker, animaliak bizirik iraun dezake.

Arrisku egoeretan estresa sortzea ona da. Baina etengabeko estresa oso kaltegarria da, gorputza konpontzeko lanak egiteko ezinbestekoa den atsedena galarazten duelako. Estres kronikoaren eta antsietatea eta depresioa izateko arriskuaren arteko lotura aski frogatuta dago. «Tentsioa kanporatzeko modu bat da bruxismoa», esan du Horrillok.

Ikertzaileak aitortu du zientzialariek ez dakitela oraindik nondik datorren bruxismoa: «Dena teoriak dira». Baina estresarekin lotuta dagoela argi dagoela esan du. Pertsona batzuek horretarako joera dute. «Bruxismorako joera daukanari, areagotu egingo zaio estres garaietan». Horregatik, ikertzaileari logikoa iruditzen zaio gaurko bizimoduaren estres handiarekin bruxismo kasuak ere areagotzea.

«Zergatik dago estresa jasateko ahalmen handiagoa duen jendea?», galdera bota du ikertzaileak. Lan bera daukaten bi pertsona irudikatu ditu, estres berarekin, baina horietako batek askoz kalte handiagoa pairatzen du. Zergatik da hori? «Bakoitzak estresari aurre egiteko modu ezberdina duelako». Bruxismoa izaten da, askotan, modu horietako bat. Ideia modu gordinean adierazi zion dentistak Arregi bruxistari: «Hobe bruxismoa izatea, bihotzekoa izan beharrean».

Hainbat ikerketak lotura zuzena egiten dute lanean egonkortasunik ez izatearen eta bruxismoa garatzearen artean. Betiere, lana galtzeko beldurrak sortzen duen estresa litzateke portaeraren arrazoia.

Kubako bruxistak

Kuban 2014. urtean argitaraturiko ikerketa batek datu interesgarriak plazaratu zituen. Besteak beste Pilar Herrero Escobar eta Mariela Ramon Jorge sendagileek eginiko lanaren arabera, lotura dago ikasketa mailaren eta bruxismoaren artean: ia sei puntu handiagoa zen bruxista kopurua ikasketa askoko jendearen artean, hau da, arazoa izateko arriskua 6,40 aldiz handiagoa zuten.

Nola ulertu hori? Sendagile kubatarren hurrengo ondorioak gakoa eman zuen: lanean erantzukizunak zituztenek arazoa pairatzeko arriskua 10,50 aldiz handiagoa zuten. Bistan denez, ikasketa maila handiagoa duen jendeak, askotan, erantzukizun handiagoa izaten du lanean.

Flor Garciak ere ez zekien bruxismoa zuenik, dentistak esan arte. Ez zen buruko edo matraileko minekin esnatzen, baina bazuen beste zantzu bat, nahiz eta ez jakin zergatik: «Goizetan hondar moduko bat sumatzen nuen ahoan. Gauean apurturiko hortzetako esmaltea zen», esan du. 62 urte zituen orduan, eta zortzi daramatza ferularekin lo egiten.

Bruxismoa dutenei, ferula jartzeko gomendatzen diete dentistek. Plastikozko edo erretxina sintetikozko piezak dira ferulak, eta goiko eta beheko hortzei elkar ukitzea galarazten diete. Protesigileek egiten dituzte, bruxistaren hortzen moldeari jarraikiz, eta ez dira merkeak: 200 euroko gastua aipatu dute Arregik eta Garciak.

Azken horrek odola aurkitzen zuen goizetan ferulan hasieran, gauean haginek eginiko indarraren lekuko. Orain ez du odolik aurkitzen, baina, halere, hozkatuta dagoela ikusten du goizean. «Gauean ahoa lasaitzen saiatzen naiz, lotara joan aurretik».

Bruxismoa emakumeen artean agertzen da gehien, batez ere 30-50 urtekoen artean, eta hainbat ikerketaren arabera, lana eta familia bateratzeko ahaleginen estresak eragiten du. Edonola ere, bruxismoa oso zabalduta dago: adituen arabera, hamar lagunetik zazpik izango dute bizitzaren une batean edo bestean. Edonola ere, horien erdiek baino ez dute arazo handia izango.

Hortzak babesteko ferula jartzea sintomei aurre egitea besterik ez da, Horrilloren arabera. «Argi dago estresak eragindako bruxismoak bizimodua aldatzea eskatuko lukeela, baina beti da errazagoa ferula jartzea». Halere, pieza ezinbestekoa da hortzak horrenbeste ez higatzeko.

Fisioterapeutak

Juan Maria Morales fisioterapeuta da, eta bruxismoa duen jende asko artatu du. Masailezurrean mina dutenak etortzen dira, asko gainera», esan du. Dentistek eta odontologoek bidaltzen dizkiete bruxistak fisoterapeutei, eta, Moralesek esan duenez, eurengana heltzen direnerako, askok ferula dute, hortzak higaturik, matraila eta lokiak lotzen dituen artikulazioko mina, eta buruko mina. «Batzuetan, zerbikaletako minez ere etortzen zaizkigu».

Bi norabidetakoa da sistema: fisioterapeutek odontologoengana bidaltzen dituzte euren bezeroak, ikusten dutenean bruxismoaren sintomak dituztela. «Diziplina askotako tratamendua da», azaldu du Moralesek. Dentistek eta fisioterapeutek tratamendua batera egiteak askoz emaitza hobeak ekartzen dituela gaineratu du.

Zer egiten diete fisioterapeutek bruxismoa dutenei? Hasteko, matraila eta lokiak lotzen dituen artikulazioari ekiten diote. Eskuekin eraginez, giharrak lasaitu egiten dituzte, eta «zimiko lehorra» deituriko teknika erabiltzen dute: elkarrekin lotuta dauden matraileko gihar batzuei atximurka egiten diete. Horrez gain, garondo ornoetako aldeko giharrak askatzen dituzte.

Aholkuak ematen dizkiete bruxismoa dutenei, arazoa arintzeko: txingoma ez murtxikatzeko, ogitartekorik ez jateko, gauean haragia saihesteko... «Asko murtxikatzen baduzu, giharrak gogortu egiten dira, eta, gero, askoz zailagoa da guretzat», esan du Moralesek.

Masailezurra lasaitzeko ariketa asko egiteko eskatzen diete Morales eta lankideek bruxistei: «Ahoa ireki eta itxi, alde batera eta bestera mugitu, eskuak ahoan sartu eta pixkanaka mugitu hango giharrak...». Batez ere, ohera joan aurretik egitekoak dira ariketak, Moralesek azaldu duenez.

«Lanean tentsio handia duen jende asko etortzen zaigu», esan du Moralesek, eta eboluzioa sumatu duela: «Lehen, jende helduagoa ikusten genuen arazoarekin, baina, orain, 20-30 urteko asko etortzen zaizkigu, gero eta gazteagoak». Fenomenoa azken hamar urteotan gertatu dela uste du fisioterapeutak. Bizimodu azkarragoa, lana aurkitzeko zailtasunak, lanpostuak lehen baino ezegonkorragoak izatea, ordutegiak... Horrek guztiak eragin du fenomenoa, Moralesen arabera.

Kasu larriak ikusi ditu fisioterapeutak: ferulaz gain hortzetako gailua behar duen jendea, hortzak «ia erabat higatuta» dituztelako. «Horrek buruko min izugarriak sortzen ditu».

Nola hel daiteke horretara, ordea? Esan bezala, bruxismoa duen jende askok ez daki, askok lo sakonean daudenean karraskatzen baitituzte hortzak. «Nik badakit gauean egiten dudala, ohekideak esan didalako», adierazi du Arregik. «Aldamenekoa amorrarazten duzu zaratarekin: batzuetan sagutxo bat ematen dudala esan dit, baina, besteetan, motozerra».

Moralesek baditu gako batzuk, ordea, norbaitek bruxismoa ote duen jakin dezan: «Goizean esnatzen bazara buruko min handiarekin eta matraileko tentsio handiarekin... bi sintoma argiak dira». Hortzei ere arretaz begiratu behar zaie, higatzen ari diren zantzuen bila. Mingainak ere ohartaraz dezake: hortzak marruskatzen ibili direnean, gune zuri urratu bat agertzen da mingainean.

Estresak estres, baliteke bruxismoa genetikoki transmititzea, nahiz eta ez dagoen frogatuta. Arregik gogoratzen du aitak ere bazuela: «Beheko hortzak oso txikiak zituen 50 urte zituenerako». Antza denez, inork ez zion esan sagutxoarena eta motozerrarena egiten zuela gauetan.

BERRIAn argitaratua (2017/02/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA