astekaria 2017/02/24
arrowItzuli

bizigiro

Lagunari laguntzeko

Gorka Berasategi Otamendi

Lagunari laguntzeko

BERRIAlagunek poltsikoari mesede egiteko aukera izango dute gaurtik aurrera. Beherapena duten produktuen sorta eskainiko die BERRIA Taldeak, osatu berri duen Deskontu Sarea plataformaren bidez. Egunkariari sostengua ematen dietenak saritu nahi ditu BERRIAk produktu eskaintzarekin, eta, aldi berean, BERRIAlagun diren iragarleentzako doako erakusleihoa eraiki. Finean, BERRIAlagun komunitatea osatzen dutenentzako onurak izango dituen zerbitzua eman asmo du. Ehun produktu baino gehiagorekin hasiko du bidea Deskontu Sareak. Eskaintza handituko eta zabalduko du hurrengo asteetan.

Euskal Herriko merkataritzako, zerbitzuetako eta aisialdiko produktuetan izango dituzte deskontuak BERRIAlagunek. Dagoeneko hainbat jatetxek, dendak, museok, landetxek, kulturgunek eta aisialdigunek jarri dituzte eskuragarri beherapenak. Horien artean dira Nekatur landa turismo elkarteko 50 landetxe inguru, Eureka zientzia museoa, San Telmo museoa eta Ekainberri fundazioa. Larunbatean, egunkariak gehigarri bat plazaratuko du BERRIAlagunentzat, eskuragarri dauden deskontu guztiekin.

«Ahalik eta esparru gehienetakoak bildu nahi ditugu, BERRIAlagunei egiten duten ekarpena deskontu bidez ere itzultzeko, BERRIAlagun diren saltokietan», azaldu du Ainara Lasa BERRIA Taldeko Publizitate eta Marketin arduradunak. «Azkenean, helburua da BERRIAren inguruan dagoen norbanako eta iragarle sarea artikulatzea, BERRIA erdigunean jarrita». Deskontuak webgunean kontsulta daitezke, baita sakelakorako aplikazioan ere.

Internetek hedabideen negozio eredua irauli du; bereziki, prentsa idatziaren kasuan. Paperezko egunkarien salmenten jaitsierak bestelako finantza bideak pentsatzera behartu dituzte mundu osoko hedabideak, eta abian jarri diren estrategietan pisu handia hartu du hedabideen eta komunitatearen arteko loturak. Are gehiago, hizkuntza gutxituetan aritzen direnen kasuan. BERRIA Taldeak bere jardunaren erdigunean du egunkaria sostengatzen duen komunitateari begirako zerbitzu bereizia eskaintzea.

BERRIAk 2011n sortu zuen BERRIAlagun egiteko aukera, Interneteko edukiak ordainpeko bihurtzearen ala irekian uztearen eztabaida puri-purian zela. Edukietarako sarbidea irekita mantentzearen aldeko hautua egin zuen, Lasak orduan adierazi zuenez, «euskararen normalizazioan betetzen duen eginkizuna eta funtzio soziala kontuan hartuta» edukien sarbidea mugatzeak talka egiten zuelako egunkariaren «izaerarekin eta egiteko nagusiekin». Ordura arteko ereduan jauzia ekarri zuen. Egunkaria erostetik harago, babesle bihurtzea proposatu zitzaien herritarrei.

Iazko maiatzean, BERRIAlagun bihurtzeko eskaintza indartu zuen egunkariak. Erabiltzaile kontu propioa sortzeko aukerarekin batera, hainbat abantaila eman zizkien BERRIAlagunei. Besteak beste, egunkaria PDF formatuan doan irakurtzeko aukera, artikuluak artxibatu ahal izatea, BERRIAren sakelako telefonoaren aplikazioa pertsonalizatzeko gaitasuna, eta zozketetan parte hartzeko abantaila.

Deskontu Sarea beste urrats bat da 2011n jarritako bidean. «Ekarpena egiten dutenei aparteko zerbitzu eta abantailak eman behar dizkiegu. Aurrerantzean zein beste eskaintza egin pentsatzen ari gara. Bidea hasi besterik ez da egin». 2011. urtetik, 5.000 baino gehiago egin dira BERRIAlagun.

Lasak nabarmendu du Deskontu Sarea onuragarria dela erosleentzat ez ezik saltzaileentzat ere. Izan ere, BERRIAren webgunean doako erakusleiho bat izateaz gain, iragarlearen sustapen pertsonalizaturako erreminta bat ere lortuko dute. BERRIAlagunei haien eskualdeko deskontuen berri emango zaie euskarri digitalen bidez. «BERRIAlagun baten eskualdean dentista bat baldin badago BERRIAren babesle dena eta, beraz, deskontua egingo diona, akaso bertara joatea lehenetsiko du. Tokiko jarduera indartzen ariko da, eta, gainera, bai iragarleak eta bai erosleak BERRIA proiektua sostengatuko dute elkarrekin. Ekosistema hori babesteko helburua dugu».

Gatzaga Buradonen (Araba) dago Areta landetxea, ToloƱo mendiaren magalean. Nekazaritza etxeko Iker Aretak espero du Deskontu Sareko iragarle izateak bezeroak erakarriko dizkiola. «Oso aproposa iruditzen zait ezagutzera emateko. BERRIA jende askok irakurtzen duenez, jende askok ezagutuko du gure etxea ere, deskontu plataformaren bitartez. Ahal dugun toki guztietan agertzen saiatzen gara».

Deskontuak baliatu ostean, erabiltzaileak iritzia ematera animatu nahi ditu BERRIA Taldeak, eta iruzkin bat uzten dutenentzat zozketak egingo ditu horretarako. Aretaren esanetan, iragarleentzat interesgarria da alderdi hori ere. «Iruzkinak guretzat oso garrantzitsuak dira. Etxera etortzen direnak pozik irteten dira beti, eta iruzkinek irudia lantzen lagunduko digute». Erabiltzaileentzat, berriz, gomendioak jasotzeko gunea izan daiteke.

Goierriko Baratza elikagai dendako Danel Etxeberriaren iritziz, ertz anitzeko proiektua da Deskontu Sarea. «BERRIAri laguntzeko modu bat da, eta guretzat ere aukera polita da publizitatea egiteko». Webgunean azaltzea iragartzeko modu egokia dela deritzo, eta inguruko bezeroek lehenagotik ere BERRIAlagun txartela erabiltzen dutela adierazi du. «Nabari da jendeak baduela deskontuen berri».

Bestalde, BERRIA babestu ahal izateari ere balioa eman dio Etxeberriak. «Euskarazko egunkari nazional bakarra izanik, eta jakitun zein arazo dituen, modu honetara lagundu bagenezake, egingo dugu. Ea denon artean posible dugun egunkari euskaldun bat aurrera ateratzea».

Hain zuzen, Lasak nabarmendu du BERRIA askoren arteko proiektua izan dela beti. «Herri ekimenaren proiektua izan da, eta etorkizunean horrela egingo du aurrera».

BERRIAn argitaratua (2017/02/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA