astekaria 2017/02/24
arrowItzuli

kirola

Borrokaren lehen lerroan

Aitor Manterola

Borrokaren lehen lerroan

Entrenatzaile edo epaile izan nahi duen gizonezkoak ate guztiak zabalik izaten ditu. Emakumeei zabaltzen hasi zaizkie orain gutxi, eta irekitakoan ere, ezin berdintasunaz gozatu gehienetan. Oztopoak ugari izaten dituzte. Ari dira batzuk, hala ere, bidea urratzen, eta beren esperientziak kontatu dituzte. «Egiten ari gara, baina asko dago egiteko, asko dago aldatzeko», esan diote BERRIAri Alhambra Nievas errugbiko epaileak (Granada, Espainia, 1983), Naiara Uria futboleko epaileak (Donostia, 1997), eta Ines Etxegibel errugbiko entrenatzaileak (Durango, Bizkaia, 1974).

Epaileek sekulakoak eta bi entzun behar izaten dituzte zelaietan: «Irain matxistak egin izan dizkidate, baina oso gutxitan. Azken batean, bazter guztietan dago jende hezia eta ez hezia», esan du Nievasek, iaz errugbiko munduko epailerik onena izendatu zutenak. Iraindua izan denean irain matxistekin, «barre egin izan» duela dio: «Hasieran eragin egiten zidan, baina orain barre egiten diot iraintzen nauenari, esanez bezala 'ai, gizagaixo hori...».

Nolabaiteko normaltasun irudia ematen saiatu arren,ondo baino hobeto daki irain horien atzean zer dagoen. «Gizartearen ispilua da kirola, eta gizonezkoak dira nagusi kirolean. Horrek sekulako eragina dauka. Etxean jasotako hezkuntza ere badago, eta baita zer erakusten den ere emakumearen inguruan bazter guztietan».

Oso garbi dauka aukera berberak eman behar zaizkiela emakumezkoei eta gizonezkoei: «Ez dira bidali behar emakumezkoak emakumeen partidak epaitzera, eta gizonezkoak, gizonezkoenak». Berari, esate baterako, aukera ematen diote Espainiako ligako gizonezkoen maila nagusian jarduteko: «Aukera eman didate bai, generoari baino gehiago mailari begiratzen zaiolako errugbian, eta hori da bidea. Ari gara pixkanaka aurrera egiten». Selekzioen lagunarteko partida batean, lehen emakumea izan da epaile-marrazain lanak egiten —Donostian izan zen, Toga-AEB partidan, iazko azaroan—.

Errugbia beste kirolak baino aurreratuago doala uste du gai honetan: «Niri, behintzat, asko lagundu izan didate beti. Aukerak eman dizkidate, eta errespetatua sentitzen naiz emakumezko eta epaile moduan». Beste batzuek ere izango dituzte aukerak, ziurrenik; orain gutxi egindako ikastaroetan 100 neska azaldu baitziren epaile ikasketetara. Rioko Olinpiar Jokoetan, emakumezkoen finala epaitu zuen epaileak ez lituzke bereiziko emakumezkoa eta gizonezkoa epaile izena emateko orduan: «Ez zait gustatzen arbitra deitzea. Horrela nabarmendu egiten da emakumezkoa dela epailea, eta ezberdintasunari ematen bazaio garrantzia, inoiz ez gara berdinak izango», azaldu du Nievasek.

Uria futboleko epailea ere bat dator baieztapen horrekin: «Berdinak gara azkenean emakumezkoak eta gizonezkoak. Medikuntzan, orain ez dira bereizten medikak, adibidez. Baldintza berberetan ari ez garela azaltzeko ezberdindu egin beharko litzatekeela? Ez zait iruditzen».

Uriak ere entzun behar izan ditu irain matxistak: «Gertatu izan zait, baina ez askotan. Sukaldera eta bidali izan naute, baina paso egiten dut. Epaileok onartu egin behar ditugu horrelakoak, azkenean gure jarrera baldintzatzeko iraintzen gaituztelako». Dena dela, jakitun da zer dagoen horrelako irainen atzean: «Matxismoa dago, oso barneratua dagoelako gizartean. Zerbait egin behar da hori bukatzeko».

Beren esparruan, Uria ari da gauzak aldatu nahian, edo, gutxienik, badu aldatzen hasteko borondatea: «Hiru urte daramatzat epaile lanetan, eta oso gutxitan jarri izan naute gizonezkoen partidetan marrazain. Asmoa daukat eskatzera joateko epaileen kolegiora. Ez dakit zer erantzungo didaten. Kontua da emakumezko beste epaile batzuek propio eskatzen dutela ez jartzeko gizonezkoen partidetan, eta horrek kalte egiten digu besteoi».

«Joango gara irabazten»

Etxegibel Durangon ari da bertako errugbi klubeko gizonezkoen talde nagusia zuzentzen. «Ez da ohikoa gizonezkoen talde batean, baina klubak pentsatu zuen aproposa nintzela, eta hemen nago». Erabaki hori «ez da itxurakeria», emakumeen eta gizonezkoen berdintasunaren gaian beste kontu askori ikusten dion bezala: «Zerbait aldatu da, bai, baina ondo geratzeko hartzen dira erabaki batzuk».

Bere garaian, emakumezkoen Espainiako entrenatzaile zela, dimisioa eman zuen, berdintasuna eskatzeko federazioari: «Joerak aldatu behar dira. Lan handia dago. Hala ere, itxaropentsu nago, eta joango gara irabazten». Bide horretan, erronka zein den gehitu du durangarrak: «Kanonak, etiketak eta rolak aldatu behar dira. Oztopo asko ditugu kirolean ere edozein agente izateko, izan epaile, izan entrenatzaile edo izan beste zerbait».

BERRIAn argitaratua (2017/02/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA