astekaria 2017/02/24
arrowItzuli

mundua

«Ez dugu beldurrik»

Amagoia Mujika Tolaretxipi

«Ez dugu beldurrik»

Indigenak eta komunikatzaileak izateak batzen ditu Maria Choc Calel kektxia (Guatemala), Bashe Nuhem kom herrikoa (Argentina), Mariano Estrada tzeltala (Mexiko), Martha Zelady movima (Bolivia) eta David Hernandez wayuua (Venezuela-Kolonbia).Haiekin batera etorri da Euskal Herrira Ivan Sanjines boliviarra, Ceprec Kultura Arteko Komunikazioaren Garapenerako Fundazioaren sortzaile eta zinema zuzendaria. Galtzeko arriskuan diren hizkuntzetan arituz, beren kultura biziberritzen dute; multinazionalen eta gobernuen kontra borrokatzeko arma dute hizkuntza eta komunikazioa. Mugarik Gabe erakundearen bidez etorri dira, Komunikatuz eraldatu kanpainaren barruan, hamar egunez euren esperientziaren berri ematera eta hemen diren proiektuak ezagutzera. BERRIAn ere izan dira. Ezagutu dute etxea, jakin dute Euskaldunon Egunkariaren ondorena dela, eta hura itxi egin zutela, hain justu atzoko egunarekin, duela hamalau urte. «Asko ikasten ari gara. Oso proiektu interesgarriak daude Euskal Herrian», esan du Bashe Nuhemek.

Biraren helburua izan da Latinoamerikako indigenen eta Euskal Herriko komunikazio eragileen arteko espazioak sortzea, eta elkarlanean aberastea. Ideiaz betetako bagajearekin itzuliko dira bihar nor bere komunitatera.

Komunikatzaileak diren aldetik, hizkuntzaren balioaz mintzatu dira luze. Zer da eurentzat hizkuntza? «Herri baten izaera hizkuntzari lotua dago»; «bizitzeko modu bat da»; «herri baten nortasuna da»; «hizkuntzaren atzean dago herrien historia luzea». Egun bat bestearen atzetik arnasa hartzeko tresnatzat jo du Mariano Estradak, «ez da egun bateko kontua»: gaurkoaz ari da, Ama Hizkuntzen Nazioarteko Eguna baita: «Ez dago sobran, baina, Unescok hori izendatuta ere, azken finean estatuek herriak onartu behar dituzte konstituzioan, eta praktikan estatuak ez du uzten herriak beren hizkuntzetan gara daitezen». Estradak hitz egiten duen bitartean, burua mugitzen dute denek, gora eta behera.

Hain zuzen, estatuen jarrera oso garrantzitsua da. Bolivian azken urteotan izan den garapena eredua dute denek. Sanjinesek eta Zeladyk gertutik erreparatu diote Evo Moralesen gobernuak egindako lanari, eta haiek izan dira prozesu hori aurrera eramateko protagonistetako batzuk. 36 hizkuntza daude Bolivian, desagertzeko zorian, aimara, kitxua eta guaramia ez beste guztiak. Baina 2009tik, Boliviako estatu plurinazionalak kultura guztiak onartu ditu, eta, Sanjinesek dioenez, garrantzitsuena da «baldintza berean aritzeko eskubidea bultzatu duela ekinaldien bidez. Lege berriak eginez, hezkuntzari lehentasuna emanez, hizkuntzari, sendotzeko, eta emaitza izugarriak eragiten ari da». Zeladyk «kontzientzia» berreskuratu izanari eman dio garrantzia. «Lehen, lotsatu egiten ziren asko eta asko. Orain, harro gaude, eta garrantzitsua da gure hizkuntzan bizitzea eta aritzea». Indigenen sarearen bidez, Bolivia eraldatu dutela uste du Zeladyk, parte aktibo bilakatu direlako, orain arte ez bezala. Beldur da Moralesen gobernuaren ostean etorriko denak zer egingo duen, baina zera gehitu du: «Ez dago atzera biderik. Dagoeneko izena dugu, kontzientzia bat, eta ez dugu berriz ere galduko; ezin dugu».

Komunikabideen garrantzia

Nor bere hizkuntzan bizitzeko eta aritzeko komunikazioa «ezinbestekoa» da seientzat, inposatzen den kulturari aurre egiteko. David Hernandezek dioen bezala, «komunikazioa bizitzeko estrategia bat da. Tresna bat da, gure bizitzaren erlojuari beste minutu bat eransteko». Venezuelaren eta Kolonbiaren artean dago bere herria, eta bi herrietako egoera konplexuak zailtzen die egunerokoa.

Argentinako egoera ere ez da hobea komunikatzaileentzat, baina haien garrantzia aldarrikatu du Bashe Nuhemek. Izan ere, Argentinako komunikabideak arduratu dira indigenen herriak ikusezin bilakatzeaz. «Ezer gutxi jakin da Argentinako iparrari buruz, adibidez. 1990eko hamarkadan, komunikabideek desagerrarazi gintuzten, han geundela ezkutatuz». Monsanto agrokimikoen eta bioteknologiaren multinazional estatubatuarra iristeaz batera saiatu ziren desagerrarazten. «Multinazionalak indigenen artean egiten dituen sarraskiez hitz egiten dugu guk. Sojaren hedapena dela eta, indigenen kontrako abusua areagotu egin da, baita pertsona trafikoagatik ere. Gure komunikabideak tresna politikoa ere badira; ibiltzen ere egiten dugu politika. Gure hitzen jabe gara, eta gizartea eraldatzeko tresna, gure bizitzak arriskuan dauden arren».

Badaki zer den arriskua Nuhemek. «Niri ez didate kontatu: nik neuk pairatu dut. Bost gizonek bortxatu ninduten. Zergatik? Indigenen lurrak legez kanpo saldu dituztela salatzeagatik. Esan zidaten horrenbeste hitz egiten banuen isilaraziko nindutela eta, egin zidaten minarekin nahikoa ez banu, hil egingo nindutela. Emakumeok arrisku bikoitza dugu». Komunikatzaileen Elkarteko bi kide hilda dauzka, baina larritasun horrek gogorarazten dio egunero zein garrantzitsua den berak egiten duen lana.

Martha Zeladyk ere emakumeen egoera kaltebera dakar mahaira. Emakume Indigenen Zentraleko komunikazio arduraduna da, eta CAIB ikus-entzunezko Boliviako talde indigenako kide. Harentzat oso garrantzitsua da arlo guztietan lan egiten duten emakumeak antolaturik egotea, borroka bikoitza egin behar dutelako. «Emakumeak borroka guztietan egon gara, gure anaiekin eta lagunekin leku guztietan borrokan, protestetan, martxetan, baina beti atzean utzi gaituzte, eta oso garrantzitsua da ezagutaraztea, borroka indigenak ez baitu zentzurik berdintasunik gabe».

Indigenok jazarpen handia pairatzen dute egunero, borrokak beti jartzen baititu martxan isilarazteko mekanismoak. Aldatu egin da jazarpen modua, Marta Choc Calel kektxiaren ustez: «Historian, herriak zapaldu dituzte. 1980ko Guatemalako gerran, denok hiltzen gintuzten. Ibaiak pozoitzen zituzten. Baina, orain, botere ekonomikoa eta politikoa dutenek liderrak hiltzen dituzte, hitz egiten dutenak, komunitate osoan beldurra zabaltzeko». 32 hizkuntza komunitate daude gaur egun Guatemalan, eta Choc Calel harro dago pixkanaka hiztunentzat plataforma eraikitzen ari direlako. «Gazte askok dugu borrokarako grina, eta aldaketa gertatzen ari da indigenon artean. Edo orain egin, edo inoiz ere ez, baina ez dugu beldurrik». Ozen esan ditu hitzok, eta gainerakoek berretsi egin dute, irribarre bat ahoan, egiten ari direnaz harro. Hitza hartu du berriz ere Nuhemek. «Antolatzen hasi ginenean hil zituzten lankideak, eta galdera hauxe egin genuen: datorrenari aurre egiteko gai izango al gara? Beldur ginen agertokira igotzeko. Behin igota, indartu egin gara, eta konbentzituta gaude bide bakarra dela».

Bizimodua aldarazten dieten faktoreak geldiarazi besterik ezin baitute egin, David Estrada tzeltalaren ustez, eta hori komunikazioaren bidez egiten dute. «Gure bizimoduaren oso bestelakoa den mundu hori arrotza egiten zaigu, eta guk helburu bat besterik ez dugu: ongi bizitzea, eta bizitzen dakigun bezala kontatzea».

Enrique Peña Nieto Mexikoko presidentearen ibilbidea jarri du adibide, komunikabideen lanaren garrantzia azpimarratzeko. «2006an komunikabideak Peña Nietoz hitz egiten hasi ziren. Baina orduan Televisako zuzendariek erabaki zuten oraindik moldatu gabe zegoela, irudia eraiki gabe zuela, eta heldu beharra zegoela. Felipe Calderonen agintaldian egin zuten hori; marketin produktu bat bilakatu zuten, eta, horrenbeste agertzen zen han eta hemen, inork ez baitzuen zalantzan jarri bera izango zela presidente. «Peña Nietok ez zuen irabazi herritarrek erabaki zutelako, komunikabideek nahi izan zutelako baizik. Ustelkeria izugarria baita Mexikon. Guk ere eraginkor izaten ikasi behar dugu, kultura ikusgai egiten». Mexikon 69 hizkuntza hitz egiten dira, eta gaztelaniaren pareko dira konstituzioaren arabera, «baina gobernuak ez du politikarik bideratzen; are gehiago, jazarri egiten zaie».

Ingurumena

Baliabide naturalen aberastasunak ahul bilakatzen ditu herriok, multinazionalen eta gobernuen intereseko bilakatzen baitira lurrak. Ivan Sanjinesek hedabide indigenak garatzen dihardu buru-belarri, eta bere kameraren bidez salatzen ditu jazarpenak. «Transnazionalen hedapen izugarria dugu azkenaldian. Irabaziak lortzeko anbizioa izugarria da, baina kontzientziak borrokatzera garamatza. Aliantzak sortu ditugu; lehen ez genituen bitartekoak dauzkagu orain, Internet eta teknologiari esker. Marta Caceresen heriotza adibide argia da. Duela 20 urte, bere etxean jakingo zuten haren heriotzaren berri. Orain, mundu osora hedatu da ekintzaileari gertatu zaiona». Une oso garrantzitsua da oraingoa, haren ustez. «Aldaketa eta erronka asko dauzkagu. Berezko komunikazio bat ez badugu, ikusten duguna izaten amaituko dugu, eta ez izan behar duguna». Horren adibide bat da zinema indigenaren nazioarteko jaialdia.

Kamera bat hartzen dute, mikrofono bat, ordenagailua... Denetatik egiten dute egunerokoa erretratatzeko, indigenen bizimoduak ibiltzen jarrai dezan, ez ditzan ahanzturak irentsi.

BERRIAn argitaratua (2017/02/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA