astekaria 2017/02/24
arrowItzuli

bizigiro

LEONOR LOPEZ

«Korrika herrian bertan entzuten den euskal oihartzuna da niretzat»

Lander Muñagorri Garmendia

«Korrika herrian bertan entzuten den euskal oihartzuna da niretzat»

Era askotan defini daiteke Leonor Lopez (Villoldo de Campos, Palentzia, Espainia, 1946), baina definizio horietako bakoitzak euskalgintzarekin zerikusia izango du, ziur. Euskaldun berria da, euskara irakasle izana, gau eskolen sortzailea Barakaldon (Bizkaia), hango AEK-ko kidea... Korrika guztietan antolakuntza lanetan aritu da, eta euskaltzalea da ezeren gainetik. Galderarik egin gabe hasi da azaltzen zein arrazoirengatik hasi zen euskara ikasten: «Mendira joaten ginenean, ez genekien baserritarrek zeri buruz hitz egiten zuten. Pena ematen zigun, ez genuelako ulertzen esaten ari zirena. Barakaldon bertan ez genuen ulertzen zer ari ziren esaten».

Hori izan zen, beraz, zuentzako abiapuntua? Mendira joan eta baserritarrei ez ulertzea?

Hala da. Mendira joaten ginen, eta kaixo eta agur besterik ez genekien esaten. Abesti batzuk ere bagenekizkien, baina ez zer esan nahi zuten. Min horrekin egon ginen beti, eta horrela hasi ginen kuadrillako batzuk euskara ikasteko asmoarekin bueltaka. Batez ere jendearekin komunikatzeko izan zen. Herri txikietara joaten ginenean ere, gauza bera gertatzen zitzaigun, eta erabaki genuen zerbait egin behar genuela. Baina arazo bat geneukan: ez zegoen ezer euskara ikasteko, eta ez genekien zein aukera zeuden. Baten batek komentatu zuen ezagutzen zuela euskara zekien norbait, eta horrela hasi ginen.

Gau eskolak antolatzen?

Hala da. 1975. urtean izan zen hori, eta ahoz ahoko kontu bat izan zen. Hasieran bi talde izan ginen, hogei pertsonatik gora. Hilero irakasten zigun pertsonari zerbait ordaindu behar zitzaion, eta horrela egon ginen urte bat. Ikasturte bukaeran pentsatu genuen jende gehiago etorriko zela, eta geunden lekua ziurrenik txikiegi geratuko zela.

Non zeneuzkaten ikasgelak?

San Bizente auzoko eliza ondoan zegoen lokaletako batean. Esan ziguten lokal horiek behar zituztela, eta hainbeste pertsonarentzat ez zela posible. Orduan hasi nintzen kontabilitatea eramaten, eta, horretaz aparte, udaleko jendearekin hitz egiten hasi nintzen gau eskolak behar zirelako, eta lokala behar genuelako. Ikasturte berrian hiru edo lau talde izango ginela pentsatzen genuen, baina sei izan ginen. Errontegiko eskola bat uztea lortu genuen, baina hurrengo ikasturterako ere txiki geratu zitzaigun, eta beste leku bat eskatu genuen. El Pilar eskolako gelak eskatu genituen, eta, hainbat tirabiraren ostean, lortu egin genituen.

Temati aritu zinen guztia aurrera eramateko, ezta?

Bai, bai. Lanean ari nintzen, eta 18:00etatik 22:00etara bertan egon behar nuen lokala zaintzen. Horretan eman nuen ez dakit zenbat urte, baina gustura, Barakaldoko jendea ikusten nuelako. Oso urte politak izan ziren horiek. Lagunen lagunak etortzen hasi ziren, eta, azkenerako, eskola pila bat erabiltzea lortu genuen.

Lagun talde batekin hasi, eta herrian zabaldu zen mugimendu bat izan zela esan daiteke?

Bai. Ikasle batzuk ostera goizez klaseak egon zitezela eskatzen hasi ziren. Hori beste borroka bat izan zen, eskoletan goizez ezin zelako klaserik eman. Azkenean, lokal propio bat lortu genuen.

Ordurako AEK sortua zegoen jada?

1976tik 1978ra sortu zen, eta laguntza didaktikoa eskaini ziguten, material eta irakasle aldetik. Garai hartan hasi ziren Jalgi hadi eta Euskalduntzen metodoak, eta irakasle propioak eskaini zizkiguten. Baina, horretarako, AEK-ko kide izan behar zenuen, eta kuota bat ordaindu. Batzar bidez erabaki genuen barrura sartzea bi urte igarotzerako. Euskaltegiarekin primeran aritu ginen, egun osoan hasi ginelako klaseak ematen. Azkenean, espazio bat erosi behar izan genuen. Ez genuen ikusten beti eskean ibili behar izate hori.

Esan daiteke, beraz, Barakaldo euskalduntzen ikusi duzula. Nola ikusten duzu orain egoera?

Nahiko aldatuta. Garai hartako jendearekin topo egiten dudanean euskaraz egiten dut, horrek mundua zabaltzen baitizu. Horri esker, jende asko ezagutu dut, baina lan asko egitearen truke. Korrika ez zegoen garaian, esaterako, gauza ezberdinak antolatzen genituen. Kantariak ekartzen genituen, adibidez, jendea erakarri eta euskara entzuteko aukera eduki zezaten.

Orduko Barakaldon nola egiten zenuten hori?

Gaur egungoa ere ikusi nolakoa den! Bada, pentsa orduan! Denetarik egin dugu: festak, kanpaldiak, pankartak eta kartelak jarri, dendaz denda joan laguntza eske...

Halako batean, irakasle izateko esan zizuten. Nola izan zen hori?

Egun EGA titulua dena garai hartan D titulua zen, eta hori atera behar izan nuen. Euskaltegiaren lehen hamabost urteetan arduraduna izan nintzen. Pentsa, hasieran nire etxea izan zen Barakaldoko AEK-ren bulegoa. Telefonoa nire etxekoa zen, ez zigutelako telefonorik ematen...

Esan daiteke AEK-n bertan egiten zenuela lo, beraz.

Bai, bai. Matrikulazio garaia zenean telefonoa joka hasten bazen, nire etxean ez zen inor altxatzen telefonoaren bila. Denek zekiten niretzako zela. Bulegoa lortzean telefonoa jarri genuen, eta hori liberazio handia izan zen nire etxean. Parte hartze handia egon zen denon partetik, baina lan handia ere bai. Pentsa, AEK-n 1.000 ikasle izatera iritsi ginen 1980ko hamarkadan. Hemengo udal euskaltegia zabaldu arte hala izan zen, lehia iritsi arte.

Lehia?

Lehia esatea gogorregia da, euskara ikasteko edozein metodo delako ona. Baina garai hartan lehia ekonomikoa izan zen. Haien matrikulak askoz merkeagoak ziren, eta diru laguntzak zituzten, guk ez bezala. Ikasleek ordaindu behar izaten zuten ikasketa prozesu osoa. Udal euskaltegietan ez zen hala izaten, ikasturtea gaindituz gero zati bat itzultzen baitzen. 200 edo 400 ikasle inguru ere izan ziren udal euskaltegian, eta gu 600 eta 700 inguruan egonkortuta geratu gara orduz geroztik.

Zuengana zetorren ikasleak beste zerbait nahi zuen?

Bai, batez ere mintzapraktika. Hemen beste modu batean irakasten zen, metodo komunikatiboan oinarrituta. Hasieratik behartzen genituen ikasten zutena erabiltzera, eta hori gustatzen zitzaien. Ez zen hainbeste ariketak egitea. Ez zegoen gaur egun bezala titulismo hori...

Zer iruditzen zaizu jendea tituluaren bila joatea?

Normala ere bada. Lehen, askotan, lau ikasturtez ikasten aritu, eta, komunikatzeko nahikoa baldin bazen, nahikoa zuten horrekin. Ostera, asko jabetu dira gehiagorako ere balio duela, eta gehiago ikasi dute. Kontua da orduko eta egungo ikasleak ezberdinak direla.

Zein zentzutan?

Garai hartakoek ez zuten halako presiorik, eta denbora gehiago ematen zuten horretan. Kanpoko ekintzak egiteko ere denbora gehiago hartzen zuten. Gaur egun ikasgelaz aparteko zerbait egiteko esan, eta denborarik ez dutela diote. Logikoa da, begira zenbat gauzatan ematen duten izena!

Konpromisoa jaitsi da?

Akaso bai, baina guztiz lanpetuta daudelako. Lehen, akaso, lasaiago bizi ginen, eta gauzak egiteko jendea prest egoten zen.

Zuk, ordea, duela bost urte hartu zenuen erretiroa, baina berdin-berdin jarraitzen duzu lanean.

Bai. Korrikan ere parte hartzen jarraitzen dut, materiala saltzen, edo bestelako lanak egiten.

Lehen Korrikatik aritu zara lanean. Nola gogoratzen duzu?

Lehenengotik hona, bai. Hogei Korrika joan dira, eta denetan hartu dut parte... Lehenengo hura izan zen... Gauza bat... Ez genekien zer zen ere! Korrika antolatu behar zutela esan zigutenean, gu izan ginen galduta ibili ginen lehenak. Zer izango zen ulertzea ere kosta zitzaigun. Gainera, Barakaldo oso handia zen, eta gu gutxi ginen.

Akaso, herria nola zegoen ikusteko modu bat zen, ezta?

Bai. Lehenengoan, ahoz ahokoak funtzionatu zuen. Bigarrena handiagoa izan zen, eta hori bai, hori itzela izan zen.

Nola bizi zenituen Korrika haiek? Beti Barakaldon?

Bai, hemen egoten ginen, baina amaierara beti joaten nintzen, gozatzera. Bilbon zenean lan egin behar izaten genuen, baina, urrunago zenean, ez genuen ezer egin behar izaten.

Nahiago izango zenuen, orduan, Bilbon ez amaitzea...

Hori da, beti lasaiago ibiltzen ginen kanpoan zenean. 17. Korrika egin zenean hartu nuen erretiroa, eta furgonetatik bertso batzuk bota zizkidaten lekukoarekin nindoala. Hunkigarria izan zen.

Zenbat aldiz eraman duzu lekukoa?

Uf, ez dakit! Lehenengo Korriketan lekukoa eraman behar zuena agertzen ez bazen, nork hartzen zuen? Bada, Leonorrek, nahiz eta 500 metro izan. Horretaz aparte, AEK-ko kide izateagatik ere askotan hartu dut lekukoa.

Zuretzat zer da Korrika?

Festa handi bat, izugarria. Ez daukat hitzik... Euskaldunak kalean ikustea, euskara kalean egotea, eta edonorekin euskaraz egitea. Herrian bertan entzuten den euskal oihartzuna da niretzat. Niretzat ilusio handi bat da, zoragarria. Beste ekintza batzuetan ez du hainbeste jendek parte hartzen, baina hemen denetarik egoten da, eta gehienak euskaraz aritzen dira. Hori guztia da niretzat Korrika.

Oraindik jarraitzen al duzu laguntzen?

Bai, dendaz denda txandak egitera joan naiz. Niretzako, poz handi bat da hori, aspaldiko jendea ikusteko aukera dudalako.

Orain, euskaraz dakizula, baserri inguruetara joaten zarenean euskara ulertuko duzu, ezta?

Pentsa! Nik orduan ez nekien ezer. Badakizu zer den hirugarren urratsean egon, AEK-ko batzarretara joan, eta piperrik ez ulertzea? Gauza batzuk ulertzen nituen, baina beste batzuetan akta irakurri behar izaten nuen.

Egunerokoan euskaraz bizi al zara?

Asko, bai. Nire lagun batzuk AEK-n hasi ziren, eta familian ere askok ikasi zuten. Ni izan nintzen ikasten lehena, eta nire neba-arreba gehienek ere ikasi dute.

Jatorriz Palentziakoak [Espainia] zarete, ordea.

Herrira joaten ginenean esaten ziguten ez ginela hangoak. 11 urterekin esaten ziguten hori ez zela gure lurra, hemengoak ginela. Beraz, ez banaiz hangoa, hemengoa baizik, euskara ikasi behar genuen. Euskara da gure hizkuntza, eta, hori ez badugu, Kantabriakoak edo Burgoskoak bezalakoak izango gara.

Palentziakoak ez zinetela esatean fabore bat egin zizuten...

Agian, fabore bat egingo zidaten, bai. Hau nire herria da, eta euskara ere nirea da... Ikasleek askotan esaten zidaten euskara oso zaila dela, baina nik beti esaten nien lehentasunak markatu behar zirela. Bestela, urte batean etorriko ziren ikastera, eta hurrengoan ez! Nik ikasi nuen bezala, haiek ere ikas zezaketen, horretan ahaleginduz gero.

Zuk ere lagunduko zenien, ala?

Bai, bai. Ni beti saiatzen naiz lehen momentutik euskaraz egiten ezagutzen dudan guztiekin. Hori da garrantzitsuena, asko ez baitira ausartu ere egiten, ezta haurrekin ere. Erakunde publikoetara joaten naizenean ere euskaraz eskatzen dut beti. Orain badago jendea euskaraz egiten duena, baina duela zenbait urte «Hablame en cristiano» bezalakoak entzun behar izaten nituen.

Haurren kasua aipatu duzu. Eskolatik atera eta gazteleraz egiten dute. Euskara eskolatik ateratzea falta dela iruditzen zaizu?

Hori da ikusten dudan akatsik handiena. Guraso batzuek ez dakite, eta gero haurrei askotan gazteleraz hitz egiten diete, nahiz eta euskaraz jakin. Baina jakin behar da, edo ikasi, gutxienez, euskaraz komunikatzeko. Gainera, badakizu zer den euskaldun talde batean bik euskaraz ez dakitenean gainerako guztiek gazteleraz hitz egitea? Ikasi beharko zuten besteei jarraitzeko. Ez duzu besteen komunikazioa eten behar. Gurasoek jakitea garrantzitsua da, haurrekiko komunikazioa eten ez dadin. Horregatik, hitzaldi asko egin izan ditugu gurasoekin, euskara ikas zezaten. Nire beldur handiena hori da, erabilera. Lehen kezkatuta nengoen euskara ikasi behar zelako, baina orain baliabide asko daude ikasteko, eta ez da kalera ateratzen. Kontzientzia apur bat galdu dugu, lehen gutxi jakinda ere saiatu egiten ginelako erabiltzen.

BERRIAn argitaratua (2017/02/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA