astekaria 2017/02/24
arrowItzuli

kirola

ENRIQUE MARTIN MONREAL

«Osasunak identitate sendo bat izan beharko luke, diru madarikatuaren gainetik»

Eñaut Agirrebengoa

«Osasunak identitate sendo bat izan beharko luke, diru madarikatuaren gainetik»

Futbol profesionalaren zurrunbilotik ateratzea ez zaio gaizki etorri Enrique Martin Monreali. Eguneroko tentsioaren zama kenduta, «indarberrituta» dago orain. Luze jo du solasaldiak, berritsua bezain hizlari fina baita.

Hiru hilabete dira Osasunako zuzendaritzak kargutik kendu zintuela. Nola egokitu zara egoera berrira?

Ondo. Egoeretara egokitzeko gaitasuna daukat; beraz, ez zait bereziki zaila suertatu. Bizitza oso azkar doa, eta uste dut oso garrantzitsua dela unean unekoaz gozatzea. Orain ditudan hainbat gauza ez nituen lanean nenbilenean. Beraz, gauza onak ere baditu egoera berriak. Finean, bizitza honetan dena ez da futbola.

Baina futbola zure pasioa da. Apur bat bada ere, faltan botako duzu.

Bai, noski, baina ni beti saiatzen naiz baikorra izaten, eta osasun aldetik, uste dut on egin didala futbolaren erritmo zorabiagarritik apur bat aldentzeak. Nire gorputzari oso ondo etorri zaio. Eta gertuko jendeari ere sumatzen diot orain lasaiago dagoela. Eguneroko bizitzako gauza txikiez ari naiz gozatzen orain. Bihotzeko arazoa izan eta gero, garbi ikusi nuen une bakoitza ahal den gehien probestu behar dela.

Futbolak berak eragin zizun gaitz hura?

Ez dut uste hala izan zenik. Medikuak esan zidan lasai asko gerta zekidakeela etxeko sofan. Zerikusi handiagoa dauka kontu genetikoekin, nire aita eta osabak bihotzeko arazoen ondorioz hil baitziren. Beraz, nik ez nuke futbola erruduntzat joko. Baina, nolanahi, aitortu beharra daukat mundu horretatik apur bat aldentzea primeran etorri zaidala indarberritzeko.

Nolanahi, jada prest zaude berriz ere teknikari lanetan aritzeko.

Hala da. Espainiako Ligatik kanpoko aukerak ez ditut baztertzen. Ez dut gogoko denbora askoz geldi egotea. Ilusioa eta pasioa dauzkat, eta hori hala den bitartean, beti egongo naiz lanerako prest. Sarri, erdi txantxetan esaten dut hor izan direla Hillary [Clinton] eta Donald [Trump], 70 urte ingururekin munduko potentzia indartsuenaren agintea lortzeko lehian. Horiek pasioa duten bezala, nik ere badut. Uste dut futbolean oraindik ibilbide oso interesgarria izan dezakedala.

Nola ikusten duzu zure kargugabetzearen inguruan gertatutako guztia?

Ez zait gehiegi gustatzen atzera begira aritzea. Nahiago dut aurrera so egin. Ez du merezi kontu horri bueltak ematea. Gertatu zena gertatu zen, eta kito.

Baina espero zenuen zuzendaritzak erabaki hori hartzea, edo itsumustuan harrapatu zintuen?

Ibilbide luzea daukat, eta pertsonak oso ondo ezagutzen ditut. Egia esan, ez ninduen batere harritu. Nahikoa informazioa banuen pentsatzeko halako zerbait gerta zitekeela.

Erabakia horren modu traketsean jakinaraztea ere espero zenuen?

Ez, hori ez. Bere garaian esan nuen: entrenatzaileok ere pertsonak gara, eta kode batzuk mantendu egin behar dira. Moduak mingarriak izan ziren. Baina, tira, hori bakoitzak bere kontzientzian eramango du.

Bere mitoekin hala jokatzen duen klub batek, badu arazorik.

Nik ez nuke esango klubak arazoa duenik. Pertsonen jokamoldearekin gelditzen naiz ni. Klubari ez diot ezertxo ere leporatzen. Osasuna beti portatu da primeran nirekin. Baina ezin daiteke gauza bera esan pertsona batzuez. Hauen ekintzak ez dira klubak eman didan tratuarekin nahastu behar.

Denboraldi hasieran agintarien babes osoa zenuela zirudien, baina 11 jardunaldiren ostean egoera zeharo desberdina zen. Zer gertatu zen hor?

Zuk esan duzu: babesa nuela zirudien, baina ez zen horrela. Nire ustez, kanpoko norbaitek belarriak berotu zizkion klubaren barruko jendeari. Temati aritu zen horretan, eta azkenean bere helburua lortu zuen. Hasieratik bertatik zegoen ni nahi ez ninduen jendea. Iragan denboraldian hainbatek zioten ni ez nintzela Lehen Mailara igotzeko teknikari aproposa, soilik mailari eusteko balio nuela, taldeak uneren batean kale egingo zuela... Baina, hara non, igoera lortu genuen.

Agurrean esan zenuen diruak jende asko hondatzen duela. Zer esan nahi izan zenuen horrekin?

Une jakin batean, klubak norabidez aldatzea erabaki zen. Horren atzean hainbat zio daude, eta horietako bat dirua da. Horren harira, kanpoko norbait giroa berotzen aritu zen, ni lehenbailehen paretik kentzeko. Salbazioa hiru puntu eskasera genuen, eta aurrerago zeuden taldeak ere nahiko gertu genituen. 11 jardunaldi besterik ez generamatzan. Nire ustez, arinegi hartu zuten erabakia. Baina norbait erditik kentzeko hainbeste gogo duzunean, edozein egoera baliatzen duzu erabakia hartzeko.

Zer iritzi duzu Fran Canal zuzendari nagusiaz? Askoren aburuz, bera da hariak mugitzen dituena. Hala izan ei zen, besteren artean, zu kargutik kentzerakoan.

Nahiago dut iritzirik ez eman. Hori bai, esan dezaket Franez gain, beste kanpo-aholkulari batzuk egon daitezkeela. Ziurrenik, hala da.

Denborak aurrera egin du, eta argi gelditu da emaitzak ez zirela soilik zure errua. Beste bi entrenatzaile eseri dira aulkian, Joaquin Caparros eta Petar Vasiljevic, eta puntuen uztak oso eskasa izaten segitzen du.

Zenbakiak argi eta garbi mintzo dira: nirekin, 11 partidatan zazpi puntu, eta Caparros eta Vasiljevicekin, 11 lehiatan hiru. Bakoitzak interpreta dezala nahi duen bezala. Esan izan da nik eginiko adierazpen batzuengatik bota nindutela. Tontakeria galanta da hori. Horretarako gogoak zituzten, eta azkenean hartu zuten erabakia hartu zuten, aurpegia eman nahi izan ez duen kanpoko pertsona baten laguntzaz.

Taldeko giroa jasangaitza zela ere aipatu zen, baina ondoren zer egingo eta, agur bezala afari bat egin zenuten.

Sare sozialekin-eta, oso erraza da identifikatu gabe hitz egitea. Anonimotasunetik, sarri gezurra diren gauzak esaten dira, kontuan izan gabe min asko egin dezaketela. Taldeko giroaz esan diren kontu guztiak lelokeriak dira. Nire irudia kakazten saiatu ziren, testigantza faltsuen bidez.

Iruzkin horien jatorria klub barruan dagoela uste duzu?

Ibilbide oso luzea dut Iruñean, eta askok uste dutena baino gehiago dakit. Besterik gabe.

Kirol arloan zentratuz, nola dakusazu Osasuna une honetan?

Egia esan, oraindik ez naiz Sadarrera hurbildu taldea ikustera. Baina, tira, uste dut oraindik baduela denbora gora egin, eta azken egunera arte salbazioagatik borrokan aritzeko. Jardunaldiek aurrera egin ahala, multzoa hazten doa. Denboraldi hasieran esaten nuen: gazteek denbora behar dute egokitzeko. Jada 22 partida jokatu dituzte, eta ziur naiz tarte horretan asko hazi direla.

Salbazioa lortzeko xedez, Sirigu, Vujadinovic eta Loe fitxatu dituzte berriki.

Bitxia da: nik eskaera jakin batzuk egin nituen sasoi hasieran, eta orain eman zaie erantzuna. Beraz, taldearekin beharrak zeintzuk ziren ondo asmatu nuen. Momentu hartan ez zieten oniritzia eman nire asmoei, baina orain nik eskatutakoa ekarri dute. Raoul hasiera hasieratik nahi nuen nik. Orduan ez ei zuen balio, baino orain bai. Vujadinovic ere edozein taldetara eramango nukeen jokalari bat da, sekulako profesionala. Eta Siriguz ezin dizut iritzirik eman, ez baitut jokatzen ikusi.

Eta zergatik zuri ez zizkizuten jokalari horiek ekarri, eta Vasiljevici bai?

Horri ezin diot erantzunik eman.

Zuri zer argudio eman zizuten zure eskaerak ez betetzeko?

Halakoetan diru kontuak aipatzen dira, baina nik uste dut gehiago egin zitekeela, taldea indartzeko intentzio gehiagorekin. Vasiljevicek eta biok garbi esan genion presidenteari ez zela abendura arte itxaron behar taldea sendotzeko. Baina berak ez zigun bere oniritzia eman, eta kontua hor gelditu zen.

Orain, agidanez, itzalpera pasa da harrobia. Real Madrilen aurka, kasurako, soilik haztegiko bi jokalari izan ziren hasierako hamaikakoan. Zurekin emandako aurrerapausoak ezerezean gelditu dira?

Akaso erromantikoegia naiz, baina niretzat ulertezina da Osasuna etxeko jokalari horren gutxirekin aritzea. Kanpokoekiko errespetu guztiarekin, uste dut Osasunako jokalarien %70-80 harrobikoa izan beharko litzatekeela. Kanpoko jendea ere beharrezkoa da, oinarriak sendotzeko, baina niretzat harrobiak lehentasun osoa dauka. Hori da klub hau ikusteko dudan modua. Osasunak eredu sendoago bat eduki beharko luke. Identitate sendo bat izatea diru madarikatuaren gainetik egon beharko litzateke.

Baina badirudi klubak beste norabide bat hartu duela.

Hala da. Azkenaldian harrobikoek izandako minutu kopurua hor dago. Esan dizut, agian, erromantikoegia naizela, baina hainbeste gozatu dut harrobiarekin... Gainera, unerik zailenetan, etxekoak izan dira beti eltzetik babak atera dituztenak. Hortaz, zergatik ez zaie garai oparoetan ere etxekoei aukerak ematen? Bada, ez, une horietan aitzinamendu guztiak apurtu egiten dira. Bidegabea da. Eta ez diot soilik oraingo egoeragatik; lehenago ere gertatu izan da. Noizbait klubaren eredua finkatzeko ahalmena banu, dudarik gabe, egungoa baztertu, eta eredu iraunkorragoa ezarriko nuke.

Eskuartean darabilzu presidentetzara aurkezteko aukera?

Ez dut aukera bakar bat ere baztertzen. Neure burua ondo ezagutzen dut. Momentuz, ezin dezaket ezer esan. Ez dakit zer gerta daitekeen etorkizunean.

Osasunak berriz ere teknikari postua eskainiko balizu, zuk zer erantzungo zenuke?

Ezin dezaket iritzirik eman, halako kontuetan ez baitut pentsatu ere egiten. Sasoi honetan nonbaitera joatekotan, Espainiako Ligatik kanpo izan beharko luke, araudi kontuengatik. Ikusi beharko da aurrerago zer gertatzen den. Esan dezakedana da hil arte futbolean jarraituko dudala. Osasunan beste aukeraren bat izango dudan? Ez dakit.

Atzera begiratuta, zerekin gelditzen zara?

Iragan denboraldian izan nuen jende multzoarekin. Alde batetik, harrobiko gazteek sekulako gosea izan zuten, eta hauei baloreak transmititzeko hor izan ziren, besteren artean, Nauzet, Nino, Flaño anaiak, Oier, Roberto eta Mario. Gero, talde teknikoak ere alimaleko lana egin zuen. Oso eskertuta nago. Eta zaleak ere funtsezkoak izan ziren. Bizi genuen guztia ez digu inork ere kenduko. Sekulakoa izan zen nafar guztiak gozatzen ikustea. Baina hori jada atzean gelditu da, eta orain aurrera begiratu behar da. Ilusioa berreskuratu beharra dago.

BERRIAn argitaratua (2017/02/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA