astekaria 2017/02/17
arrowItzuli

gizartea

Zero kilometroa

Zuberoa Iturburu Lopez-Pantoja

Zero kilometroa

Euskal Herri osokoa, indartsua, parte hartzailea, erakargarria eta besteetatik desberdina; horrelako ekinbidea behar zuen AEK-k 1980an, euskararen aldeko mezua zabaltzeko eta dirua lortzeko. Korrikak bete zituen behar haiek, eta sortzaileei omen egingo diote gaur, Irungo Ficoban (Gipuzkoa).

36 urte geroago, martxoaren 30ean abiatuko da 20. Korrika, Otxandiotik (Bizkaia). Bat zuk dio aurtengo leloak, eta BERRIAk ere batzuk elkartu ditu, Korrika sortu eta antolakuntzan ibilitako batzuk: Urtsa Errazti (1954, Laudio, Araba) eta Bitor Allende (1958, Bilbo) dira sortzaileetako batzuk; Igone Olabarriak (1948, Gernika-Lumo, Bizkaia) eta Beda Ajuriagojeaskoak (1944, Muxika, Bizkaia), berriz, Busturialdean antolatu dute Korrika hasieratik, eta urte askoan. Allenderen bulegoan elkartu dira, mahaia Korrikaren argazki eta kartel zaharrez beteta dagoela. Horien aurrean paratu direnean, berehala hasi da oroitzapenen jarioa.

«Korrika da ondorioa», azaldu du Urtsa Errazti lehenengo Korrikaren arduradunak. «Dirua behar genuen, ez geneukan diru laguntza bat ere. Kanpaina bat prestatzen hasi ginen udaberrian, eta ideia asko agertu ziren, baina denak baztertu genituen. Zalantza izan zen: Euskal Herri guztia toki batera eraman, edo kanpaina Euskal Herri osora? Garai hartako deialdi motak kontzentrazioak ziren: Ibilaldia eta Kilometroak, Askatasunaren Martxa, Bai Euskarari eta abar. Guk Euskal Herri osora zabaldu nahi genuen kanpaina». Zazpi lagunek osatu zuten kanpaina hura diseinatzeko batzordea, eta, lantzean behin, Julen Kaltzada orduko AEK-ko arduraduna batzen zitzaien.

Hamaikagarren bileraren ostean, afari batean sortu zen Korrikaren ideia, Erraztik gogoratu duenez: «Joxepe Zuazok ezagutzen zuen proba bat, errelebo lasterketa bat, Bizkaia inguratzen zuena. Horrela hasi ginen asmoari bueltaka, eta bilbainadak botatzen: ideia kopiatu genuen, baina erabaki genuen lasterketa egun eta gauez egitea, eta Euskal Herri osoan». 1980ko azaroaren 29tik abenduaren 7ra egin zuten aurreneko Korrika hura, Oñatitik (Gipuzkoa) Bilbora.

Gogoratu dute AEK-ko zuzendaritzari aurkeztu ziotenean, baina, baten batek barre egin ziela: «Batzuek esan ziguten zoratuta geundela, desastrea izango zela. Kostatu zitzaigun jendea konbentzitzea», aitortu du Erraztik.

Prestaketa

Herrietan ere izan zituzten komeriak jendeari azaltzeko zer izango zen Korrika, Igone Olabarriak gogoratu duenez: «Busturialdean, hasieran, jendeak ez zuen ulertzen; esaten ziguten: 'Guk badaukagu-eta euskara! Zertarako dirua?'. Azaldu genien toki guztietan ez zela egiten euskaraz. Tranpa egingo genuela ere esan ziguten: zelan egongo ginen hamar egun gelditu barik! Lekukoa autoz eramango genuela zioten, hain zen gauza handia!». Baina inondik inora; Erraztik argi utzi du: «Lekukoa sekula ez da auto batean sartu, eta Korrika inoiz ez da gelditu. Jende pila bat egon da lehen Korrikatik». Olabarriak ere nabarmendu du herritarren parte hartzea: «Jendea asko inplikatu zen, eta helburu ekonomikoa bete zen».

AEK, ordurako, nahiko egituratuta zegoen; Bizkaian, behintzat. Horregatik, Erraztik bazekien gauza izango zirela Korrika aurrera ateratzeko: «AEK-k bazeukan egitura toki gehienetan, eta Korrika ere oso egituratuta geneukan, eskualdez eskualde. Ibilbidearen zirriborroa banatu genien toki bakoitzeko kilometro kopuruarekin, eta, gero, bakoitzak egiaztatu behar zuen: autoa hartuta, kilometro kontagailuarekin zenbatzen zituzten kilometroak».

Ondo kalkulatu zuten dena, eta, halere, lehenengo kilometroan arazotxo bat sortu zen. Oñatiko Udaletxetik abiatu zen zero kilometroa, eta erdibana egin zuten Jose Mari Satrustegik eta Eli Galdosek. Lehenak, hiru minutu beharrean, zortzi behar izan zituen hasierako 500 metroak egiteko. Errazti asko urduritu zen: «Satrustegi txarto zuzendu zuten herriko kaleetatik, eta ez zen iristen Galdosengana. Oso larri nengoen, eta pentsatu nuen: arraioa, bukatu da lehen kilometroan! Baina, azkenean, agertu zen».

Lehen gau hartan, bertatik bertara parte hartu ahal izan zuen Erraztik. Elgeta gainean izan zen mugarria: «Elurra ari zuen, eta lekukoarekin zetorren tipo bat, harri-jasotzailez jantzita, esku batean lekukoa eta bestean harri borobila, aldapan gora! Orduan pentsatu nuen: hau ez du inork geldituko!». Bitxikeriarik ere kontatu du Igone Olabarriak: «Hasierako urteetan, kuartel aurrean Balendin Enbeita bertsolaria jartzen genuen, zaharra zenez haren kontra ez zirelako sartuko; eta gu atzetik, pankartarekin».

Gaur egun, Korrikaren berri une oro izan daiteke sakelakoan, aplikazio baten bitartez, baina, garai hartan, ez sakelakorik, ez ezer. «Lasterketarekin batera, anbulantzia bat zihoan, eta, harekin konektatzeko, Gurutze Gorriak irrati terminal bat ipini zuen gure bulegoan, Bilbon. Horrela, bagenekien Korrika nondik zebilen, eta arazorik sortzen ote zen. Toki batean jenderik ez bazegoen, aukera zegoen hara bidaltzeko lagunen bat».

Bilbokoa, «ikaragarria»

Erakundeen aldetik trabarik ez zuten izan lehen Korrika antolatzeko. Bitor Allendek dioenez, «[Hego Euskal Herriko] administrazio berriek urtebete besterik ez zeukaten, eta ezustean harrapatu zituen Korrikak». Frantziako administrazioak ere ez zuen oztoporik jarri, eta Nafarroan gauza bitxia gertatu zen, Urtsa Erraztik gogoratu duenez: «Orreagatik Luzaiderako bidea itxita zegoen, elurrez gainezka. Elurra kentzeko, Nafarroako Diputazioaren makinak ekarri zituzten, bidea une batez zabaldu ahal izateko: errepidea zabaldu zuten Korrika igaro zedin!». Izan ere, administrazioekin arazo gehiago sortuko ziren bigarren Korrikan.

Eta, pausoz pauso, Bilbora iritsi zen lasterketa. Kale Nagusiak hartu zuen azken kilometroa; Erraztik buruan ondo iltzatuta dauka irudi hura: «Ikaragarria izan zen. Bide oso zabala da, eta Jesusen Bihotzetik kale osoa ikus daiteke. Jendez beteta zegoen, ikaragarria zen. A zer emozioa!». Bitor Allendek, ordea, ez zuen ikusi, erakustazokan baitzegoen ondorengo jaialdia prestatzen. «Kontatzen zidaten arraroa izan zela: manifestazio baten modukoa, denak korrika, baina poliziarik gabe atzetik!», barre egin du. Aurreikuspenak bete zituen lehen Korrika hark, amaierako ezuste eta guzti: ekitaldian, lekukoa zabaltzean, barruko mezua desagertu egin zela ohartu ziren.

Lehen Korrikari gogotsu ekin zioten, eta asebeteta bukatu zuten. Pozik, baina «leher eginda», Erraztik aitortu duenez. «Hasieran pentsatu nuen Korrika gehiagorik ez egitea, baina berehala damutu, eta bigarrena prestatzeari ekin genion». Hasieran, urte eta erdian behin antolatzen zen Korrika, baina laster erabaki zuten bi urterik behin egitea, lan handia eskatzen duelako.

«Jendeak erantzun artean»

Tipi-tapa, iritsi da hogeigarrena: afari hartan bildu zirenei esan baliete, sinetsiko ote zuten? Errazti konbentzituta dago baietz: «Bigarren Korrikak aurrera egin zuenean, boikotaren ostean, sinetsita nengoen etorriko zirela beste hogei ere: Korrikak jarraituko du jendeak erantzuten duen bitartean». Urtez urte eta Korrikaz Korrika, hasieran eta azken kilometroetan, hiriburuetan eta txokorik galduenean ere, han izan da Errazti: «Joseba Kanpo [Korrikaren beste sortzaileetako bat eta euskararen alorrean erreferentea] eta biok beti erosi izan dugu kilometro bat, saltzeko zailak diren horietakoak, toki ezkuturen batean. Oraindik ere, kristoren ilusioa egiten dit». Beda Ajuriagojeaskoak ondo azaldu du sentimendu hori: «Goizaldean, ilunetan, gurasoek ume txikiak jaiki, eta mendian gora korrika; oso hunkigarria da. Kilometro denak betetzen dira, eta zain egoten dira Korrika noiz etorriko, urduri».

Erraztiri ere sortzen dio zirrara berezia: «Une bat besterik ez da, berehala pasatzen da; baina badakizu Euskal Herri guztitik datorrela, eta lekukoa ukitzean ematen du halako kalanbre bat. Badator, badator... eta badoa». Euskararen alde, ezinbestean, kilometroz kilometro; baina, iristeko, zenbat falta dira?

BERRIAn argitaratua (2017/02/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA