astekaria 2017/02/17
arrowItzuli

kirola

«Bizitzak bigarren aukera eman dit»

Jon Eskudero

«Bizitzak bigarren aukera eman dit»

Lorez baino gehiago, arantzaz beteriko futbol ibilbidea izan du Yuri Berchichek (Zarautz, Gipuzkoa, 1990). Antiguokoren, Realaren eta Athleticen harrobietan arrakastarik izan ez, eta Ingalaterrarako bidea hartu behar izan zuen soilik 16 urte zituela. «Burua ez neukan behar zen tokian». Han ere bere hartan joan zitzaizkion gauzak, eta bi urteren buruan itzuli zen Espainiako Ligara. Valladoliden aritu zen lehenik, Real Unionen gero, eta orduan jaso zuen Realaren eskaintza. «Azkeneko trena zela iruditu zitzaidan, eta bizimoduari buelta eman nion». Eibarren bi sasoi distiratsu egin ondotik, Realean hirugarren denboraldia du, eta ezinbesteko jokalari bilakatu da taldean. Gozatzen eta gozarazten ari da.

Taldea bera bezala, oso indartsu ari zara zu ere. Inoizko garairik onenean al zaude?

Konparazioak egitea zaila da, baina egia da oso garai gozoan nagoela. Eibarren egindako bi denboraldiak oso onak izan ziren, magikoak. Ez ditut inoiz ahaztuko, beti izango ditut oroimenean. Baina orain ere sasoi betean nago. Ezbairik gabe, Realean nagoenetik, lan onena orain ari naiz egiten.

Bi urte behar izan dituzu egokitzeko, eta hirugarrenean lehertu zara. Zergatik?

Nire jokatzeko ezaugarriak beti izan dira antzekoak, baina Realera iritsi nintzenean aldaketa nabarmena izan zen. Kluba handiagoa da, mediatikoagoa, jokatzeko era ere ezberdina zen, taldekide berriak... Orain hobeto ezagutzen dut guztia, eta, bildutako esperientziarekin, gero eta jokalari hobea naiz. Orain hobeto neurtzen ditut gauzak, badakit noiz joan erasora eta noiz geratu atzean, eta urteek ematen duten puntu hori igarri egiten da. Bideo, lan saio eta entrenatzaileen aholkuekin hobetuz joan naiz.

Gainera, jarraitutasuna lortu duzu. Nola bizi izan zenuen De la Bellak Reala utzi izana?

Egia da hamaikakoan jarraitutasuna izateak mesede egin didala. De la Bella udan taldetik irten izanak pena eman zidan, oso harreman estua baikenuen biok. Beti zegoen laguntzeko prest. Oso maitatua zen taldean. Baina klubak nire alde apustu nabarmena egin zuen, eta niri erantzutea tokatzen zitzaidan. Uste dut konplitzen ari naizela. Hori bai, gustatuko litzaidake De la Bellaren ibilia izatea. Hark Europako ligan eta Txapeldunen Ligan jokatu du Realarekin, eta ea nik lortzen dudan. Orain oso ondo doazkio gauzak, eta pozten naiz.

Realak fitxatu zintuenean aitortu zenuen errespetua ematen zizula Anoetan jokatzeak. Gainditu al duzu beldur hori?

Baloia ukitzen nuenean, halako hots bat antzematen nuen harmailetan, eta ez nuen nahi adina gozatzen. Lotuta eta urduritasun puntu batekin jokatzen nuen. Asko eskatzen du Anoetako zaleak, nahi du jokalariak gauzak ondo egin ditzala, eta pixkanaka joan naiz egokitzen. Egoerari buelta eman diot, baina ez naiz konformatzen. Pentsatzen dut badaukadala hobetzeko tartea, eta Realean arrakasta lortzea da nire helburua.

Beti izan al duzu garbi hori? Besteak beste, hamaikakoetan sartzen ez zinenean ere izan zenituen-eta beste klub batzuen eskaintzak.

Gauzak ondo egiten ari zarenean normala da beste talde batzuk ate-joka etortzea, eta niri gertatu zait, nahiz eta lehen bi sasoietan hainbeste jokatu ez. Orain dela bi denboraldi, Frantziako talde baten eskaintza bat jaso nuen, eta han hemen baino hiru aldiz gehiago irabaziko nukeen. Baina garbi nuen Realean egon nahi nuela, etxean. Bizitzan dena ez da dirua. Athletici ere ezetza eman izan diot. Oso gustura nago Donostian, balio handia ematen diot familia eta lagunak ondoan izateari, eta Realean ere giro bikaina dugu taldekideok. Ez dut hemendik mugitu nahi, inon baino hobeto nago eta.

Halere, ez duzu lorez betetako bidea izan. Nola oroitzen dituzu gaztaroko urteak?

Nik ez dut beste askok bezalako bidea izan. Harrobian hazi eta lehen talderako jauzia egin izan dute gehienek, baina nik neure kabuz atera dut bizimodua. Hamasei urte soilik nituela, Ingalaterrara jo nuen, Tottenhamera. Ondoren, beste talde batean utzita egon nintzen: Cheltenham Townen. Hango ibilia ez zitzaidan nahi bezain ondo atera, baina gauza baikorrak ateratzen saiatzen den pertsona bat naiz. Eta, begira, nik beste kultura bat, beste bizi filosofia bat, beste hizkuntza bat eta abar ezagutu nituen, gerora baliagarri egin zaizkidanak. Pentsa, David Moyesi arazo gabe ulertzen nion, eta sarritan izaten nintzen bitartekaria.

Gareth Balekin topo egin zenuen Tottenhamen. Ba al duzue harremanik?

Hura ni baino hilabete batzuk zaharragoa da, eta Tottenhamen bigarren taldean topo egiten genuen batzuetan. Ikusten zen jokalari handia izango zela. Orain bi urte, Bernabeun, korner batean, zera esan zidan: «Zu Yuri zara!». Ez zekien Realean nengoela. Ordutik, hitz egin izan dugu partidak hasi baino lehen, baina iragan sasoian izan genuen ika-mika bat. Haren erdiraketa baten aldaratzeak eskuan jo ninduen, eta penaltia eskatu zuen. Esan nion Ingalaterran ez zuela egingo gauza bera. Hortxe geratu zen kontua.

Eta Ingalaterratik berriro ere Espainiako Ligara. Roberto Olabek eraman zintuen Valladolidera lehenik eta Real Unionera gero.

Bai, eta kadete mailan ere hark fitxatu ninduen Realerako Antiguokotik. Oso pertsona garrantzitsua izan da nire kirol ibilbidean. Konfiantza izan du nigan, eta asko eskertzen diot. Berriro topo egin dugu orain Realean, baina ez dugu gauza horietaz hitz egiteko betarik hartu. Zoritxarrez, Valladoliden oso gutxi jokatu nuen, eta Real Unionen ere ez nintzen behar bezain zentratuta egon. Bigarren B Maila oso gogorra da, baina bizitzak bigarren aukera eman zidan.

Noiz iritsi zitzaizun aukera hori?

2012an, Realaren eskaintza jaso nuenean. Futbolean beti moldatu izan naiz ondo, baina burua behar den lekuan eduki ez izanak kalte handia eragin dit. Reala ate-joka etorri zitzaidanean pentsatu nuen nire azkeneko trena zela, eta, ingurukoen laguntzaz, pentsaera eta bizimoldea aldatu nituen. Bizitzako ohiturak goitik behera aldatu nituen, eta, ordutik, askoz hobeto joan zait guztia. Hutsetatik ikasi dut.

Zer ohitura aldatu zenituen?

Goiz lotaratzen hasi nintzen, garbiago jaten eta beste. Alegia, kirolari baten bizitza normala egiteari ekin nion. Hobeto sentitzen hasi nintzen fisikoki eta psikologikoki, eta ilusioa berreskuratu nuen. Maddi nire bikotekidearen babesa ezinbestekoa izan da. Sei urte daramatzat berarekin, eta datorren urtean ezkonduko gara. Real Unionen deialdietan sartzen ez nintzenean ere ezagutu genuen elkar, eta hark eman zidan argia. Ordutik, behetik gora egin dut. Noski, gurasoen laguntza eta babesa ere handia izan da. Aitak egunero eramaten ninduen Zarauztik Donostiara, eta oraindik ez diot eskertu.

Bigarren B Mailan zinela pentsatuko al zenuen inoiz zauden tokira iritsiko zinenik?

Ametsik onenean ere ez nuen halakorik pentsatuko. Real Unionen nengoela, Txapeldunen Ligan ari zen Reala, eta telebistaz ikusten nituen egungo taldekide asko: Iñigo, Illarramendi... Ezinezkoa zen imajinatzea horien taldekide izango nintzela, eta begira gauzak zer diren. Lana gogor eginez gero, ez dago ezinezkorik. Hori bai, Bigarren B Mailan oso gogorra da futbolaria izatea. Batez beste, 1.500 euro inguru irabazten da, eta klub askok arazoak dituzte ordaintzeko ere.

Dena ez da iluna. Besteak beste, Eibarrekin dinamika hartatik ateratzea lortu zenuen.

Realak fitxatu ninduenean, Eibarren aritu nintzen utzita bi denboraldiz, eta ondo gogoan izango dut bizitza guztian. Zortea ere behar dela esaten da, eta guk izan genuen. Bigarren Mailara igotzeko lehenengo kanporaketan hanka eta erdi kanpoan genuen, Alcoyanoren aurka, baina Diego Jimenezek azken minutuan sarturiko gol batekin aurrera igaro ginen. Gero, mailaz igo ginen, eta hurrengo sasoian Lehen Mailaraino. Askotan pentsatzen dut Jimenezen gol harengatik ez balitz ez nintzela egongo nagoen tokian.

Eta, orain, Eibar Realaren aurkari zuzena da Europarako bidean. Izan ere, helburu Europa izango duzue, ezta?

Nahi gabe ere, egia da sailkapen nagusiari begiratu egiten zaiola, eta, dagoeneko, Europarako sailkatzea dugu xede. Ondo kokatuta gaude, baina, horren gainetik, jokoa nabarmenduko nuke. Espanyolen aurka gure ohiko joko eta sistemara itzuli ginen, konfiantza berreskuratu genuen, eta liga amaitzeko falta diren hamasei partidetan dena emango dugu. Baditugu aurkari zuzenak, eta Eibar da horietako bat. Harrigarria da urte gutxiren buruan nolako jauzia egin duen Eibarrek, eta asko pozten naiz horregatik. Onena opa diot.

Zein da zure helburu pertsonala?

Lehenago amesten nuen Lehen Mailara iritsi eta gozatzearekin. Partida bat jokatu eta etxera gustura joateak zein ederra behar zuen imajinatzen nuen. Oraintxe bertan, gozatzen ari naiz, eta, aurrera begira, bikaina litzateke Europarako sailkatzea. Nola ez, Txapeldunen Ligarako baldin bada, askoz hobe. Espainiako Liga irabaztea ere amesten dut, baina oso zaila da, gaur-gaurkoz. Gose handiko jokalaria naiz, konformatzeko zaila, eta nire jokoa hobetzeko eguneroko lanean jarraitzea pentsatzen dut. Ez beste ezertan.

Eta, selekzioei dagokienez, non joka zenezake? Izan ere, aita aljeriarra duzu.

Aljerian jaio zen, baina beti Senperen [Lapurdi] bizi izan da. Jaio nintzenean, nazionalitate bikoitza ezarri zidan: espainiarra eta frantziarra. Baina Aljeriarekin jokatzeko aukera ere izan dut. Udan, oporretan nintzela, deitu zidaten ea haiekin jokatzeko prest nengoen, eta ezetz erantzun nien. Izan ere, ez naiz Aljeriakoa sentitzen. Oraintxe bertan, Frantziako selekzioarekin ere ezin dezaket jokatu, pasaportearen iraungitze data pasatuta dagoelako. Badaezpada, berritzera joan beharko dut.

BERRIAn argitaratua (2017/02/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA