astekaria 2017/02/17
arrowItzuli

ekonomia

«Gu akabatzera badatoz, greba mugagabea dator»

Xabier Martin

«Gu akabatzera badatoz, greba mugagabea dator»

Inguratzen bagaituzte, eta kaleratze eskutitzak etxera iristen badira, greba mugagabea beste biderik ez dugu izango. Badakigu zertaz ari garen, badakigu zer den portuak blokeatzea, eta ekomiarentzat zer den esportazioak oztopatzea. Baina ez gaituzte geldituko: gu akabatzera badatoz, greba mugagabea dator». Jose Antonio Olaizola (Pasaia, 1953) UGTko aholkulari sindikalaren mezua argia da: zamaketariek beren lanpostuei eusteko egin beharreko dena egingo dute.

Espainiako Gobernuak astebeteko su-etena eskaini du asteon, sektorea liberalizatu eta Espainiako estatuko portuetan jarduten duten 6.150 zamaketariak hiru urtean kaleratuko lituzkeen dekretuaren onarpena astebetez atzeratuz. Hilaren 20, 22 eta 24rako deituta zeuden lanuzteak bertan behera geratu dira oraingoz. Presio eltze batean baporeari ihes egiteko zirrikitua zabaltzea bezala izan da PPren gobernuak eskaini duen astebeteko atzerapena. Zamaketariak antolatuta daude, eta, grebaren bidez, presio izugarria egin dezakete portuetan, ekonomiarentzat aldagai estrategikoak baitira portuak.

Baina gaur edo astebete barru onartu, martxoa bukatu aurretik Espainiako Parlamentuaren oniritzia behar da zamaketa sektorearen dekretua indarrean sartzeko, eta ez dago argi horretarako gehiengoa ote dagoen. Datozen orduetan sektoreko patronala eta sindikatu nagusiak Madrilen ados jartzeko gai diren edo ez, horren arabera lortuko du babes nahikoa PPren dekretuak.

Olaizolak izozmendiaren teoriari heldu dio zamaketarien auzia azaltzeko: bat da gobernuak erakusten duen tontorra, sektorea liberalizatu beharra Europaren exijentziaren aurrean alegia; eta bestea gordetzen duen oinarria, sektoreko langileen soldatak erdira jaisteko interes pribatuak, multinazionalenak. «Luxenburgoko auzitegiaren ebazpenak ez dauka zerikusirik auzi honetan, aitzakia besterik ez da. Bi urte eman dituzte negoziatu gabe, portuen legea aldatzera derrigortzen duen ebazpenari jaramonik egin gabe. Zamaketarien 153 ituna hausteko abagunea ikusi dute orain. Txinako inbertitzaileak iritsi dira, baita beste multinazional batzuk ere, tartean J.P. Morgan, eta esan die portuak bermatuko dituztela, baina garbi nahi dituztela; gu sobera gaudela, alegia. Eta ez dute zalantzarik egin 6.150 langile kaleratzeko bidean jartzeko, dekretuak, egun dagoen moduan, horixe eragingo bailuke».

Erregistroa eta ituna

Gaur egungo sisteman, portuetako enpresek Sagep izeneko erregistroko langileak kontratatu behar dituzte zamaketa lanetarako, eta lan baldintza jakin batzuk errespetatu. Sagep horietan parte hartzera behartuta daude portuko operadoreak. Erregistro hori ezabatuko balitz, askatasuna lukete zamaketa lanak sare horretatik at kontratatzeko, eta langile horiek lan baldintza okerragoak izango lituzkete, ez leudekeelako 153 itunaren babesean.

«Desarautzea nahi dute, mila euro jasoko duten langileak kontratatzeko. Berdin zaie trebakuntza zuzena duten edo ez». Zamaketariak langile pribilegiatuak direla erakusteko kanpaina oso bat jarri dute martxan hainbat hedabidek egunotan, PPren dekretuari zilegitasuna eman nahian; urtean 70.000 euro inguru irabazten dutela ere zabaldu da. Egia da? «Mesedez! hori baino demagogia handiagorik...». Baina egia da? «Pasaian 2.000 eta 2.500 euro arteko kopurua jasotzen dugu hilero. Borrokaren bidez lortutako lan baldintza onak dauzkagu, eta ez dugu barkamenik eskatu horregatik. 70.000 euroren kontua gehienbat Valentziako portuan izan diren kasu zehatzak dira; soldata finkorik gabe kontainer kopuruaren arabera lan egin dutenen kasu partikularrak dira, gauetan, jaiegunetan eta halakoetan lan egiten dituztenenak. Bilbon eta Pasaian ez dago horrelakorik».

Zer nahi dute sindikatuek?

Sektoreko sindikatu handiek sektorea liberalizatu behar dela onartzen dute aho txikiarekin, baina baldintza batzuk nahi dituzte euren lanpostuei eusteko. Soldatei eustea zaila izango dela ematen du. Haien eskaera nagusia zamaketarien erregistro bat sortzea da, eta gaur egun portuetan aritzen diren 6.150 langileak hartu behar izatea sortuko diren enpresa berrietan. Liberalizaziorako bidea zazpi urtean egitea ere eskatzen dute, haietako heren bat inguruk erretiroa hartzeko beta eduki dezaten, besteak beste.

«Belgikako zamaketariek gure arazo bera daukate, eta zazpi urteko luzapena adostu dute patronalarekin. Hori nahi dugu. Epe hori behar da portuetako langileak merkatu librearen pare jartzeko. Soldatak negoziatzeko prest gaude, baina zamaketarien erregistro berri bat sortzea nahi dugu lan itun oso baten barruan; eta gure enpleguen subrogazioa, jakina, kaleratzeak ez egoteko».

UGTko kideak onartu du sistema aldatzen denean, dela zazpi urte barru, dela hiru barru, dela sei hilabete barru, langile berriek ez dituztela egungoen lan baldintzak izango, baina luzapen bat eskatzen du zamaketarien heren bat oraingo lan baldintzen arabera erretiratzeko.

LAB eta portuen eskumena

Zamaketarien auzia Madrilen negoziatzen ari da, eta LABek eragin mugatua dauka lan gatazka honetan, Pasaiako eta Bilboko portuetan ordezkaritza esanguratsua eduki arren. Sindikatu abertzaleak bat egin du asteon hilaren 20, 22 eta 24rako deituta zeuden lanuzteekin. Bertan behera geratu dira, baina LABek borrokan jarraitzen du, lehen-lehenik bere eskaera propioak dituelako.

«Guretzat irteera hoberena portuen eskumena lortzea litzateke», dio Jorge Silva LABeko Ezkerraldeko alor pribatuaren arduradunak (Sodupe, Bizkaia, 1973). «Gu ez gara ari inolako atzerapenean pentsatzen. LAB gaur egungo langileen eta etorkizuneko langileen sindikatua da; ez gara lur errea uzten duen politikaren aldekoak. Eta hori nahi dute Espainiako sindikatuek orain; berdin zaigu zazpi urte barru asko erretiratzen diren edo ez, atzetik datozenak ere soldata miserable batekin ez geratzea nahi dugu».

Silvak azaltzen du auzi honetan ez dela jarduera zalantzan jartzen, ez dela enplegu erregulazio bat, ezta daudela arazo ekonomikoak ere. Kanpotik iritsitako erabateko eraso bat dela, langileen lan baldintzak hausteko. «20 eguneko kalte-ordainak eman, eta lantalde osoa aldatu nahi dute; baina argi, 350 milioi euroren kalte ordainak pagatzeko prest daude, diru publikotik, hori bai, portuetako agintaritzek pagatuko luketelako, zure eta nire patrikatik».

LABeko kideak dio zamaketariek soldata onak dituztela, «Ikean edo telemarketinean aritzen direnekin alderatuz». Euskal industrian 2.000 euroko soldatak «oso ohikoak» zirela gogoratu du, eta horrekin alarma piztu nahi izateak egoera ongi baino hobeto azaltzen duela.

BERRIAn argitaratua (2017/02/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA