astekaria 2017/02/17
arrowItzuli

ekonomia

Urrezko zalgurdia, baina ezin gidatu

Iker Aranburu

Urrezko zalgurdia, baina ezin gidatu

Modu grafiko batean deskribatu du Gaindegiak Euskal Herriak izan duen egoera: «Urrezko zalgurdian goaz, baina ibilgailua gidatzeko edo konpontzeko eskumenik gabe». Bigarren Mundu Gerratik hona, Euskal Herria munduan pertsonako BPG handienetako duen herrialdeen artean kokatu da, baina ez du nahikoa burujabetzarik krisiak azaleratu dituen arazo sozioekonomikoei tresna propioekin erantzuteko. Gaindegiak uste du egoera horrek desoreka handiak sortzen dituela Euskal Herria osatzen duten lurraldeen artean, eta hortik datorkio izena bere azken txostenari: Desherria: Hausturak eta Etenak Euskal Herrian.

LABen Ipar Hegoa fundazioak eskatutako lana da Gaindegiaren azkena. Maiatzean egingo duen batzarrari begira, Euskal Herriko egoeraren diagnostikoa egiteko beharra ikusi du sindikatuak, eta solasaldi sorta antolatu du emaitzen berri emateko. Atzo izan zen horietako lehena, Martin Ugalde kultur parkean (Andoain, Gipuzkoa). Ekitaldi horretan, «alarma gorriak» piztuak dituztela esan zuen Garbiñe Aranburuk, Ainhoa Etxaide idazkaritzan ordezkatuko duen hautagaiak. «Krisiaren urteek neoliberalismoa sakondu dute, gauzak beste era batera egin beharrean. Ez dugu izan herri gisa erantzuteko modurik».

«Des-herria» kontzeptua bere egin zuen Aranburuk, eta nabarmendu zuen burujabetza dela egoera hori gainditzeko modua: «Estatu bat izatearen balioa ezin da erlatibizatu. Ezin da beste eredu ekonomikorik sortu estaturik gabe. Baina horrek ez du esan nahi X eguna iritsi arte zain egon behar dugunik».

«Collage» motako Euskal Herriaren adibide gisa, pentsio sistema desberdinak jarri ditu behatokiak, baina baita diru sarreretan dagoen aldea ere: «Mileurista bat pobrezia arriskupean da Ipar Euskal Herrian, baina pribilegiatua da Hego Euskal Herrian». Imanol Esnaola Gaindegiako arduradunak erronka bota zien LABeko kideei: «Des-herria bizi dugu. Egin gogoeta horri buruz: zer egingo dugu eskubideak gauzagarri egiteko, geure oasi txikia eraikitzeko?».

Hona hemen txostenak jorratzen dituen gai batzuk:

MOTELEN TALDEA

Motelen taldean dago Euskal Herria, 2008an iritsitako krisi ekonomikotik poliki ateratzen ari direnen multzo horretan. Alemaniak, AEBek eta Irlandak aspaldi berreskuratu zuten 2008ko barne produktu gordina, eta baliteke Euskal Herriak agian 2016. urtearen amaieran egin duela egiaztatzea datorren astean, Eustatek Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako datuak baieztatzen dituenean. Motel ibiltze horrek ondorioak izan ditu: 2008an, 83. postuan zegoen Euskal Herria EBko eskualdeen artean, eta 120. postura jaitsi zen 2014an. «Abiadura moteleko zidorrean» doa Euskal Herria beste bi aldagaitan ere. Batetik, 2008-2015 tartean enplegu gehien galdu duten lurraldeen artean dago: %12,3. EBko herrialde gehienek galdu dute enplegua —Alemania da salbuespen bakarretarikoa—, baina Euskal Herriaren arazoa da motelenetan motelena duela soilik atzetik, Espainia (-%15,3).

Bestetik, Euskal Herriak ikerketa eta garapenera bideratutako dirua %3,7 txikitu du.

KAPITALA IHESI DOA

Gaindegiaren arabera, azken hamarkadan 52.734 milioi euro atera dira Euskal Herritik —horietatik 32.000 milioi 2007an—. Tarte horretan, atzerriko enpresek 9.335 milioi inbertitu dituzte Euskal Herrian. Defizitarioenak energia (24.000 milioi) eta finantzak (16.600 milioi) dira. Kapital ihes horri kopuru kezkagarri bat jarri dio behatokiak: 66.000 enpleguren galera ekarri du.

ESPORTAZIOEN MENPE

Protekzionismoa modan jartzen ari da, eta horrek baditu arriskuak Euskal Herriarentzat: kanpoan saltzen duten produktuek beren BPGaren %52,9 osatu zuten 2015ean. Alemaniak berak esportazioekiko menpekotasun txikiagoa du, BPGaren %46,9 baitira. Krisiaren lehen urteotan, esportazioen pisua jaitsi egin zen, baina egonkor dago 2012az geroztik.

Esportazioen jomuga nagusiak Espainia, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua dira hurrenez hurren, eta haien atzetik doaz Estatu Batuak. Hau da, Donald Trumpek inportazioak gogor zergapetzeko asmoa baieztatuz gero, kolpe latza har dezaketela enpresa askok. Krisian, pisua galdu dute Marokok eta Espainiak, eta Saudi Arabia, Israel eta Hego Koreak, irabazi.

PREKARIOEN ERRESUMA

LABek eskatutako txostena izanda, Gaindegiaren azterketak garrantzi handia ematen dio enpleguari. «Prekarizatuta» ikusten du, eta ez soilik langabe kopurua handia delako. Izan ere, 2015ean batez beste Hego Euskal Herrian zeuden 194.400 langabeei beste 152.000 «prekarizatu» gehitu dizkio: 37.400 langile inaktiboak lirateke, lana egiteko moduan egon arren lana bilatzeko adorea galdu dutenak; eta beste 115.000 lanaldi osoa egin beharrean lanaldi partzialarekin moldatu behar dutenak dira. Hiru taldeak batuz gero, biztanleria aktiboaren %25,3 lirateke. Kasu honetan ere, Hego Euskal Herriak Espainiaren ildoari jarraitzen dio (%33,8), eta ez erreferente izan beharko lituzkeen beste batzuei —Alemania (%10,7) eta Danimarka (%10,6)—.

Zerbait positibo esatekotan, esan daiteke prekarizatuen kopuru hori beherantz doala, 2014an jo baitzuen goia (%26,6). 2016ko daturik ez du Gaindegiak, baina litekeena da kopurua gehiago jaitsi izana, 25.000 langabe gutxiago baitaude.

Kasu honetan ere, Euskal Herria zatituta ikusten du Gaindegiak: soldatapekoen %24 daude aldi baterako kontratupean Hegoaldean, eta %14,7, berriz, Iparraldean. Aldatzen ez den gauza bat da enplegu prekarioetan emakumeak gehiengo direla. Langabezian eta prekaritatean daude haietako %32,3, tasa orokorra baino zazpi puntu gorago.

GARAPEN ERTAINA

Gizarte eta ingurumenari loturiko Garapen Sozialaren Indizeari ere erreparatu dio Gaindegiak. Eurostatek eta Orkestrak landu dute gaia EBko eskualdeetarako, eta Euskal Herrirako kalkulua egin du Gaindegiak. Emaitza? Erdipurdikoa: 272 eskualdeetatik 114. izango litzateke. Garapen sozial ertainekoen multzoan legoke, Europa erdialdeko gehienekin, Frantziakoekin eta britainiarrekin. Goitik, Europa iparraldekoak, eta, eta behetik, oro har, mediterraneokoak.

Garapen Sozialaren indize gorena 100 balitz, Euskal Herriak 70,9ko indizea izango luke. Oinarrizko giza beharrak asebetetzeko ahala handia du (82,8), eta datu onak ditu elikaduran eta osasun arretan (91,1). Baina herren dago beste aldagai batzuetan, batez ere norbanakoen eskubideetan «huts» egiten duelako, 31,1 eskas batekin. Ekosistemaren jasangarritasuna ere oso apala da (56).

PENTSIOEK ZATITUTA

Gaindegiak dio zaila dela Euskal Herri osorako balizko pentsio sistema publiko bakarraren bideragarritasuna aztertzea, alde handiak baitaude Hego eta Ipar artean. Pentsioak nabarmen hobeak dira Bidasoaren iparraldean. Horrela, Hegoaldeko erretiratuen %28,9k jasotzen dituzte 648,5 eurotik beherako pentsioak; bakar batek ere ez, berriz, Iparraldean. Hegoaldean, pentsio txikia dutenak dira talde nagusia, eta Iparraldean, 1.500-2.000 euroko pentsioen jabeak (%27,8). Hori bai, bada Gaindegiak azpimarratu duen puntu esanguratsu bat: Lapurdiko kostaldea bereziki Frantziako erretiratuen harrera leku bilakatu da, eta pentsio txikiko gutxi daude horien artean.

MILIOI ERDI POBRE

Hegoaldeko erretiratuen %29,6 dira pobre, eta haietako %3,7k muturreko pobrezia jasaten dute. Guztira, Euskal Herri osoan, 521.439 lagun daude pobrezian edo gizarte bazterketan erortzeko arriskuan, biztanleriaren %16,7. Horietatik 128.238k dituzte gabezia material handiak.

ESKUALDE HUTSAK

Euskal Herria «aro demografiko berri batean» dago. Biztanle kopurua egonkortu egin da, baina banaketa ez. «Kezkagarria da zenbait eskualdek duten metabolismo demografiko kaskarra». 2008-2015 aldiak bizkortu egin du lau eskualderen hustea: Erronkari-Zaraitzuk ia hamar biztanletik bat galdu du (-%9,8), eta 3.068 baizik ez zaizkio geratzen. Gainera, 45 urtetik gorakoak dira %67,6, eta %17 baizik ez dira 29 urtetik beherakoak. Hau da, gazteen migrazioak jarraitu egiten duela, eta, horren ondorioz, haurrak ere gutxitzen ari direla. Antzeko arazoa dute Arabako mendialdeak(-%6,1), Zangozerriak - (-%4,3) eta Ebro Garaiko Erriberak (-%3,1). Biztanleen barne mugimenduak jarduera ekonomikoa eta zerbitzu publikoak hirietan biltzea dakar, eta nekazaritza eremuetatik urruntzea.

BERRIAn argitaratua (2017/02/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA