kirola
Pasio baten atzetik
Imanol Magro Eizmendi

Vargas 25 urteko arkitektoa da, ikasle ona izandakoa. Lana utzi du pilotan buru-belarri jarduteko, Mexikoko frontball selekzioan. «Aurrerago ere jarraituko ahal izango dut ibilbide profesionalarekin, baina hau da adin egokia kirolerako». Erabaki ausarta da harena, baina pentsaturikoa, Vargas pertsona argia baita. Zentzua darie haren hitzei. «Emakumeen kirola bultzatu behar da, pilotan bereziki, pilotan jokatzeko gai garela uste dudalako eta hau guztia haz dadila nahi dudalako».
Kirol istorio zirraragarri horietakoa du, bere etxean inork ez baitzuen pilota jokatzen. «Institutuan pilotalekua genuen, eta atentzioa ematen zidan pilotak. Han, gizonezkoek jokatzen zuten bakarrik, Mexikon ere kirol oso maskulinizatua delako. Hasieran, begiratu egiten nuen bakarrik, institutuko uniformearekin ezin nuelako jokatu, baina berehala hasi nintzen azpian galtzak eramaten». Bigarren Hezkuntza bukatu, eta unibertsitatean hasi zen. Bost urteko ikasketak egin, eta, behin lizentzia lortuta, aspaldiko arra berpiztu zitzaion. «2015ean izan zen, eta berriz ere pilotan hasi nintzen. Hainbat torneo daude, eta ia astebururo jokatzen dut partidaren bat. Normalean emakumezkoekin, baina baita gizonezkoekin ere. Haiek ere tenis pilota erabiltzen dute».
Vargasek dio sare sozialek asko lagundu diotela Mexikoko beste emakume batzuekin harremanetan jarri eta pilotari multzoa osatzeko. Haien bitartez izan zuen ezkerparetako emakumeen koparen berri. Iker Amarika antolatzailearekin harremanetan jarri, eta txapelketa hasi baino zortzi egun lehenago eman zion baietza. «Antolatzaileek ez zuen bidaia ordaintzeko adina aurrekonturik, eta nire poltsikotik ordaindu dut. Nirekin jokatzen duten beste emakumeei aipatu nien txapelketa, baina ezin izan dira etorri». Vargas David Alvarez bikotekidearekin etorri da. Alvarezek trinketean jokatzen du, eta 22 urtez azpiko munduko txapeldunorde izan zen Batita Ducassouren aurka finala 2-1 galdu ondoren.
Baliabide falta, baina, ez da izan traba bakarra. «Nire gurasoek ez zuten begi onez ikusten nik pilotan jokatzea. Kirola egitea bai, baina pilotan ez, alfer eta alproja kirola dela zioten, kalekoa». Mexikon kaleko pilota ez dago ondo ikusia, beti apustuekin lotzen delako. «Urteekin ikusi dute kirol serioa dela, eta txapelketetan jokatzeko prestatzen naizela. Baina inoiz ez dira etorri ni jokatzen ikustera; aldiz, nire bikotekidearen partida bat ikusitakoak dira». Alde horretatik, pasadizo gogorra du Vargasek. «Pilotan jokatzen irabazi nuen lehen trofeoa zaborretara bota zidan aitak. Lauhileko hartan nota txarrak atera nituen ikasketetan, eta trofeoa saltzeko esan zidan. Nik ezin zela saldu esan nion, eta berak hala erantzun zidan: 'Ezin bada saldu, zaborretara'».
Hark, baina, ez zuen hondoratu, eta jokatzen jarraitu zuen. Astebete pasa darama Euskal Herrian —gaur Hendaian jokatuko du—, eta hemengo pilotekin eginiko lehen proba «lazgarria» izan arren, ari da ikasten: «Mexikoko pilotek askoz bote handiagoa dute. Hemengoek aurrerantz egiten dute botea, baina ari naiz apurka egokitzen». Partida bakar hori jokatu ondoren entseatzen aritu da Bizkai aldean, eta, behin txapelketa bukatuta, pilota batzuk eramango ditu Mexikora.
Aurrera begira dago Vargas. Harrituta dago Euskal Herrian aurretik ez zelako emakumezkoen esku-huskako txapelketarik antolatu, baina itxaropentsua da. «Aurtengoa aitzindaria izan daiteke. Beti dago lehen pauso bat, nork jakin, agian heldu den urtean Mexikon antolatu daiteke. Euskal Herrian eta Mexikon emakumezkoen pilotak etorkizuna du».