iritzia
Iheserako pribilegioa
Manex Agirre


Nabarmena da, nire inguruan behintzat, gaztaroa (alegia, askatasuna) atzean utzi eta familia-lotura berriak (alegia, umeak) sortu dituzten gizon ugarik ultra-kirolerako, edo, besterik gabe, kirolerako, duten joera. Ihesbide beharrezkotzat jotzen da ariketa fisikoa, eta, gainera, berez duen onarpen moral eta soziala ezin da konparatu eskapu egiteko beste bide batzuek dutenarekin (drogak, esaterako).
Gizon ageri da goiko ahapaldian, noski. Bikote heterosexual tradizionaletan, ia beti, aitei aitortzen baitzaie iheserako eskubidea, amei baino lehenago. Eskubidearen eta pribilegioaren arteko muga lausoa da, kasu horietan. Ume txikiak badituzu, eta zuretzat denbora hartzen baduzu, beste norbaitek egin behar du haien kargu. Beti bezala, generoaren arabera, normalagoak dira gauza batzuk, eta beste batzuk ez.
Kolektiboak definitzeko modurik errazena bertako partaideen funtzioak zerrendatzea da. Gurasoen kolektiboa ondo definituta dago, horren arabera. Eta baita, zoritxarrez, amena ere. Baina aiten kolektiboa, gizonenarekin identifikatzen da, eta kitto. Gurasoak eta amak, talde gisa, existitzen dira; aitak, ez. Edo, okerrenean, kolektibo gisa definitzen gaituen bakarra iheserako pribilegioren esklusibotasuna da. Tira, ea mea maxima culpa-ka jardun beharrean, kolektiboak genero-rolen arabera definitzeari uzten diogun.