astekaria 2017/02/17
arrowItzuli

ekonomia

XXI. mendeko talka handia

Zigor Aldama

XXI. mendeko talka handia

Harreman eraikitzailea izan behar dugu, bi herrialdeei mesede egingo diena». Zaila dirudi sinestea, baina hitz horiek Donald Trumpenak dira. Xi Jinping Txinako presidenteari idatzitako eskutitz batean agertzen ziren. Otsailaren 9an bidalitako gutunak hautsi egiten du AEBetako presidente berriak munduko taula geopolitikoan aurkari nagusiari buruz lehenago erabilitako tonu erasokorra. Egun batzuk geroago Trumpek eta Xik telefonoz izandako elkarrizketa ere bide onetik joan zela baieztatu zuten bi aldeek. Hala ere, ikusteko dago Trumpen keinuak nahikoak diren Txinaren eta AEBen arteko talka eragozteko. Ez da edonolako talka, XXI. mendeko munduko ordena berriaren itxura finkatuko baitu bi superpotentzien arteko buruz burukoak.

«Tentsio handia dago, merkataritza gerra bat has daitekeelako, eta hori arriskutsua delako munduko ekonomiarentzat. Baina badira beste hainbat faktore politiko, etxekoak zein kanpokoak, etorkizuna iragarri ahal izateko funtsezkoak direnak», azaldu du Jeonwen Chiangek, CEIBS China-Europe International Business Schooleko Nazioarteko Ekonomiako irakasleak. «Txina Hegoaldeko itsasoan aldian behin sortzen diren gatazkak daude, eta ikusteko dago AEBek zer egingo duten bere aliatuen defentsan inguru horretan. Gainera, Taiwanen inguruko tirabirak sor daitezke, Washingtonek Txina bakarraren politika onartzen ez badu».

Edonola ere, argi dago zein den gertatzen ari denari buruzko iritzirik zabalduena: AEBak beren baitara biltzen ari dira, eta lidergoa Txinaren esku ari dira uzten. Baina besterik da Pekinek munduaren lema hartu nahi izatea. «Ezingo diogu ardurari muzin egin, azkenean beharrezkoa baldin bada Txinak munduko lidergoa hartzea beste herrialde batzuek globalizaziotik hanka egiten dutelako; baina ez da izango gu horren bila joan garelako», adierazi zuen Txinako Atzerri Ministerioko Ekonomia Gaietarako buruak, Zhang Junek.

Pekinen nahiak gorabehera, estatistikek dagoeneko erakusten dute Txina munduko liderra dela hainbat sailetan. Nagusia, hain zuzen ere, merkataritza da. Nahiz eta 2016an gutxitu egin ziren Txinaren esportazioak (1,97 bilioi euro, %7,7 gutxiago) eta inportazioak (1,49 bilioi, -%5,5), Asiako erraldoia da munduan produktu eta zerbitzu gehien salerosten dituena. Gainera, merkataritza horren osaketak erakusten du Pekingo agintariak arrakastaz ari direla beren herrialdeko sistema ekonomikoa moldatzen: esportazioek gero eta balio erantsi handiagoa dute; mota guztietako makinak saltzen ditu munduan, telefono adimendunetatik hasi eta abiadura handiko trenetaraino.

Izan ere, nahiz eta isilpean izan, Txinako Alderdi Komunistak aspalditik egiten du bat Trumpen leloarekin: Txinak garai bateko handitasuna berreskuratu behar du. Helburu hori buruan duela, Txina lehen postua lortzeko zorian dago beste arlo batean ere, zeinak erakusten baitu munduko ekonomian daukan eragin handia: atzerriko inbertsioetan. Pekinek ederki aprobetxatu du krisiak hainbat konpainiaren prezioak merkatu izana atzerrian enpresak erosteko.

Iaz %12 handitu ziren Asiako erraldoiak atzerrian egindako inbertsio zuzenak, 210.000 milioi eurora iristeraino. Finantzekin zerikusirik ez duten inbertsioak soilik aintzat hartuz gero, %44 handitu ziren (167.000 milioi euro). Kopuruak oso esanguratsuak dira, batez ere Txinak iaz jasotako atzerriko inbertsioarekin konparatuz gero: 145.000 milioi euro. Hau da, inbertitzailea da Txina, eta ez da jada inbertsioen jasotzaile huts bat, Deng Xiaopingek hasitako garaiaren hasieran zen moduan.

Zetaren bide berria

Gainera, Txinak proiektu globalizatzaile berriak jarri ditu indarrean azken urteotan; esaterako, zetaren bide berriarena: Eurasia lotzea du helburu, lurretik bata eta itsasotik bestea doazen bi bideren bitartez. Plan horrek agerian uzten du, batetik, Txinaren anbizio geoestrategikoa, eta, bestetik, herrialde askok ongietorria egiten dietela munduko ordena berriak eskain ditzakeen aukerei. Asia Erdiak lehengaiak saldu nahi ditu ardatz horren bitartez; multinazional asko, berriz, Asia hego-ekialdera begira daude inbertsioak egiteko, kostuek Txinan izan duten gorakada konpentsatzeko. Gutxika-gutxika, Maoren herrian azpiegitura fisikoak eta instituzionalak sortzen ari dira, XXI. mendea Txinaren gizaldia izan dadin.

Baina, noski, anbiziotsua izatea ez da merkea; faktura gogorra da oraindik garapen bidean den herrialde baten labela duen herrialde batentzat. Iraganeko merkataritza bidea pizteko, 13.700 milioi euro jarri behar izan zituen iaz Pekinek; hori dela eta, dibisa erreserbak jaitsi egin ziren. Lehen aldiz azken sei urteotan, urtarrilean 12.300 milioi arindu zen koltxoi hori. 2014ko ekainean, lau bilioi zeuden koltxoi horretan, baina hiru bilioira jaitsi da orain. «Hala ere, koltxoi biguna da, eta oraindik balioko du enpresak hedatzeko eta erreserba gisa erabiltzeko beste krisi ekonomiko bat sortuko balitz», ziurtatu du Chiangek. «Gainera, dibertsifikazioak eta beste herrialdeekin harremanak sakontzeak asko lagun dezake Trumpekiko harremanek eztanda eginez gero».

Iritzi bera izan behar dute Txinako agintariek ere, Davosko foroan Xi Jinpingek mundu osoa harritu baitzuen iragarri zuenean Txinak zalantzarik gabe merkatu librearen eta globalizazio kapitalistaren alde egiten duela: teorian komunista den herrialde bat AEBen leloak bere egiten. «Ezin zaizkio globalizazioari leporatu mundu honetako gaitz guztiak», esan zuen Xik, boteretsuek urtero Suitzan izaten duten bileran egindako agerraldian.

«Merkataritza gerra batean ez da irabazlerik izango», jarraitu zuen. «Merkataritza librea babestu behar dugu, inbertsioak liberalizatu, eta protekzionismoa borrokatu». Hitz horiekin erantzun zien Xik Trumpek hauteskunde kanpainan egindako mehatxuei; dibisen manipulatzaile deitu dio, eta, horregatik, %45eko muga zergekin mehatxu egin die. Davosen askok ez zuten sinistu entzuten zutena.

Baina Txina benetan ari al da mundura zabaltzen AEBen erreleboa —etsai handienaren lekukoa— hartzeko? Badirudi ezetz. Kontrakoa ere esan daiteke: urtero, merkataritza ganberek kritikatu egiten dute Txinako barne merkatuan ez direla nahiko erreforma ekonomiko egiten. «Merkatuaren sarbideetan desoreka oso handiak daude. Txinako enpresek Europako liderrak erosi ahal izan dituzte hainbat sektoretan —bankan, autogintzan, robotikan, azpiegituretan...—, baina Europako konpainiek traba handiak dituzte Txinan antzeko operazioak egiteko», kexu da Txinan aritzen diren Europako enpresen elkartea.

Aro ilun bat

«Merkatuko ekonomia bizi-bizi bat sortzeko anbizioa zapuztu dezake egoera horrek», salatu du Europako Merkataritza Ganberako presidente Joerg Wuttkek. «Gobernuak ez luke kapitalaren patua erabaki behar; sektore pribatuak autonomia izan beharko luke etorkizuneko aukerak non dauden erabakitzeko».

Laburbilduz, honako hau salatzen dute atzerriko enpresariek: Txina globalizazioaren arauez baliatzen dela kanpoan; baina, aldi berean, bere mugen barruan ekonomiaren kontrol osoa daukala. Funtsean,Trumpen protekzionismoa baino handiagoa dela Pekinena. «Tamalez, munduak ahalbidetu egin du; ustea zegoelako Txinak bere arauak arinduko zituela. Baina ez. Eta logikoa ematen du Trumpena bezalako diskurtsoak gailentzea egoera bidegabe honetan. Ez da populismoa besterik gabe; logika du», esan du autogintzako euskal enpresari batek, zeinak ez baitu izenik eman nahi izan.

Bestalde, argi dago Txinak atzera egin duela soziopolitikoki. Hor daude kapitalen mugimendua oztopatzeko lege geroz eta zorrotzagoak, segurtasun nazionala eta geroz eta zentsura handiagoko Internet. Askok Txinako intraneta esaten diote. Hori gutxi ez, eta disidenteen aurkako jazarpena handitu egin da 2013an Xi boterera iritsi zenetik. Horregatik guztiarengatik, ez da harritzekoa askok uste izatea gizateriarentzat aro ilun baten hasiera ekar dezakeela Txinaren munduko lidergoak, AEBen inplosioarekin eta EBren gainbeherarekin batera.

«Oraingoz, oinarrizkoena da Txina eta AEBen arteko edozein talka hitzen eremuan geratzea, eta ez iragatea esparru militarrera», dio Chiangek, itxaropentsu baina zuhurki.

BERRIAn argitaratua (2017/02/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA