astekaria 2015/11/20
arrowItzuli

ekonomia

Dirua diskurtsoan

Garikoitz Goikoetxea

Dirua diskurtsoan Garikoitz Goikoetxea

Aurrekontu berriturik gabe jardun du Nafarroako Gobernuak azken hiru urteetan. Parlamentuan adostasunik lortzen ez, eta 2012ko kontuak luzatuta. Moldaketak eginez joan zen UPNren gobernua, kontuak egoerara egokitzeko, eta euskararen sektoreari egokitu zitzaion kaltea nozitzea: dirurik gabe utzi zituen euskarazko komunikabideak eta euskaltegiak. Udaletako egitasmoak bultzatzeko dirua ere amildegira begira jarri zuen. Besteak beste hiru arlo horietarako, milioi bat eta erdiko diru saila izango du gobernuak 2016an, aurrekontua onartzen bada. Ez da aski izango, hain segur, sektore horien beharrei eta azken urteetan eragindako hutsuneei erantzuteko. Baina bide bat eten du jada gobernuak.

Pauso bat emana dago: kopuru handiagoa edo txikiagoa iruditu, aldaketaren gobernuak dirutara ere eraman du euskara sustatzeko hautua. Okerrik ezean, akordio programatikoaren izpirituari jarraitzen badiote, lau alderdiek ez lukete trabarik hori onartzeko.

Pauso gehiago falta dira, baina. Aurreko asteko polemika da adibide. Hezkuntzako lan eskaintza publikoan sortutako ika-mikaren harira —postuen %70 irakasle elebidunentzat izango dira, UPNren garaiko txosten teknikoek ere hori bera aholkatuta—, oposizioko taldeek zaku berera sartu zituzten hainbat gai: euskaltegientzako laguntzak, ETB, Euskalerria irratia, euskarazko agiriak... «Obsesio identitarioa», diote, gobernuaren jardunari buruz.

Aurrekontuen gaiak ere norabide hori hartzeko arriskua badago, areago hauteskunde kanpaina hastear dagoela. Atzokoa da adibidea. Iruñeko Udalak euskara bultzatzeko aurrekontua igo duelako kexu azaldu da UPN: «Bilduk jarritako lehentasunak dira euskara gehiago, hiri baratza gehiago eta gaztetxe gehiago». Identitatearekin lotua da argudio bat; bestea, diru mugekin eta krisiarekin lotua. Euskarazko hedabideen diru saila berreskuratzeko eskatu izan dutenean, adibidez, esan izan diete «txundigarria» dela «krisi erdian» hori eskatzea.

Aurrekontuak aurkezteko agerraldian bertan, erdarazko hedabideetako kazetari batzuek bereziki galdetu dute euskara sustatzeko aurrekontuei buruz: zenbat diru eta zertarako izango ote den. Egoeraren ispilua da. Gobernuak, euskararako aurrekontuaz gain, igo egin du, adibidez, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko diru saila —UPNren gobernuak nabarmen jaitsia—; inork ez du galdetu horri buruz. Guztiek onartzen baitute, hitzez behintzat, Nafarroak behar duela lortu gizonen eta andreen arteko berdintasuna, aukera berdintasuna behar dela, eta hori bultzatzeko neurriak hartzea egoki dela.

Inon izatekotan, Nafarroan du garrantzia oraintxe euskarari buruzko diskurtsoen gaiak. Parekidetasunari lotutakoa izan daiteke aukera bat. Hitzez behintzat, nafarren %38 daude euskara bultzatzearen alde; %28, ez alde, ez aurka; %34, kontra. Aurkakoen artean zailagoa izango da, baina gainerakoen artean badago aukera berdintasunari eta justiziari lotutako mezuak zabaltzeko: hizkuntzen arteko aukera berdintasuna behar dela Nafarroan, guztiek askatasuna izan behar dutela hizkuntza aukeratzeko, eta euskara dagoenez egoera gutxituan, zilegi dela gobernuak ahalegina egitea.

Egoera esplikatzea eskatzen du horrek, pedagogia lan sakona: zer gertatu den orain arte, eta helburua zein den. Euskara erasorako tresna izango du oposizioak. Hori jakinda, gutxienekoak adostea, azaltzea eta ezartzea da aukera.

BERRIAn argitaratua (2015/11/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA