astekaria 2015/11/20
arrowItzuli

bizigiro

Mende erdia maldan gora

Iker Tubia

Mende erdia maldan gora

Ez da euskara erakusteko, lehenengo aritmetika edo lehenengo geografia euskaraz ikasteko baizik». Hitz horiekin azaldu zuen Euskalerriaren Adiskideak Elkarteko lehendakariak Iruñean sortu berri zuten ikastolaren funtzioa. 1965. urtea zen, Hego Euskal Herria Francoren diktadurapean bizi zen, eta Iruñeko kaleetan nekez aditu zitekeen hitz erdi bat ere euskaraz. Horrek kezkaturik zituen hainbat euskaltzale, eta Nafarroako lehenbiziko ikastola sortu zuten. Pozo Blanco kaleko seigarren zenbakian hasitako abentura, Nafarroa osora zabaldu den sarea bihurtu da egun. Maldan gora bada ere, 50 urtetan ikastolak sendotu egin dira.

Lehenago ere izan zen euskarazko hezkuntzarik Nafarroan. 1936ko gerraren aurretik Iruñean, Lizarran eta Elizondon eskola euskaldunak izan ziren. 1931n, 1933an eta 1935ean sortu ziren, hurrenez hurren, eta gerrarekin batera itxi. 1963an egin zuten saialdia, baina ikastola ireki behar zuten egun berean, ixteko agindu zuen gobernadoreak. Tolosako (Gipuzkoa) Itziar Orbea zen andereñoa. Ez zuen eskola ematerik izan.

Azkenean ailegatu zen eguna, 1965eko urrian ireki zituen ateak Nafarroako lehenbiziko ikastolak. Iruñeko ikastola, edo Uxue ikastola. Iruñako Euskalerriaren Adiskideak elkarteak baimenak lortu zituen, eta Gorritiko (Nafarroa) Mikela Gastesi izan zen andereñoa. Hasi ziren ibiltzen, baina beti maletak eskuan. Hala gogoratu du Maiaia Urrutiak, Gastesiren alaba eta ikaslea. Izan ere, batetik bestera ibili behar izan zuten. Lehenbiziko ikasturtean hamabi ziren, hurrengoan 45, eta bosgarrenean 348.

Lehenbiziko eskolak etxe batean hartu zituzten. Orduan, bost urte zituen Urrutiak. «Gogoratzen naiz lurrean egoten ginela eserita. Lurra zurezkoa zen, eta hanketan ezpalak sartzen zitzaizkigun». Oso gutxi ziren lehenbiziko urte hartan. Haien artean zen Xabier Cortes ere. Amarekin joaten zen egunero, eskutik helduta, Pozo Blanco kaleko ikastolara. Gogoan du Gastesi mahaiaren buruan jarri ohi zela.

Handik San Jose plazara joan behar izan zuten, ikasle gehiago hartu zituelako ikastolak. «Ez genuen ez aulki ezta mahairik ere, lurrean esertzen ginen», dio Cortesek. Gogoan du txango anitz egiten zituztela, batik bat Redin ingurura eta harresietara. Horietako batean, Polizia joan omen zen ikastola ixtera, baina aurretik abisua jaso zutenez, haurrekin txangoa egitea erabaki zuen Gastesik, Polizia agertzerako han inor egon ez zedin. Cortesek gogoan du ere Salsipuedes karrikan jostatzen zirela. Katearen jokoa egiten zuten irteerarik gabeko kale hartan, eta katea igaro behar zutenei «Sal si puedes» (ahal baduzu atera) oihukatzen zieten.

Garai hartan hasi zen Koldo Flores ikastolan. Bera Compasion eskolatik heldu zen. «Ikastola ezberdina zen: talde txikia zen, eta neska-mutilak elkarrekin geunden, ezberdina zen, baina hobera egin nuen», azaldu du. San Jose enparantzako 3.etik euskarari oihartzuna ematen eskarmentua duen Irrintzi dorreko azken solairura joan ziren, gaur egun Euskalerria Irratia eta BERRIA egunkariaren bulegoa dauden tokira, hain zuzen ere. Txikienak Baiona etorbidean aritu ziren anartean.

Orduan pixka bat kozkorragoak ziren, eta oroitzapen gehiago dituzte. Denek gogoan dute eguraldi ona egiten zuenean terrazan jostatzen zirela baloiarekin. «Hesiren bat bazegoen, baina beti baloi edo pilotaren bat handik behera erortzen zen», gogoratu du Floresek. Beste pasadizo batzuk ere gogoan ditu, bere erruz igogailuan harrapaturik geratu zirenekoa, kasurako. «Txistua erori zitzaidan eta igogailua blokeatu zuen. Hamar-hamaika ikasle geunden Mikelarekin hor barnean. Sekulakoa egin nuen».

Lanez lepo

Gastesik bere lehengusinaren laguntza zuen, Izaskun Gastesirena. 1969an beste andereño bat hasi zen Irrintzi dorrean: Rosa Miren Pagola. Gaztetxoa zen orduan, eta gogoan du ez zuela eskarmentu handirik. «Kozkorrenekin tokatu zitzaidan, eta eskasi handia zegoen, ez zegoen batere materialik. Gazteleraz zeuden liburuak hartu, eta aurreko egunean euskaratzen genituen», azaldu du. Entziklopediaren bat bazuten, baina batik bat, imajinazioa eta sorkuntza. Ikasle talde txikia izanda, giro «goxoa» eta «gertukoa» zegoela gogoratu du andereñoak.

Goizean goiz atera, eta berandu itzuli ohi zen Pagola etxera. Autobusean haurrak zenbatzen hasi, eskolen ondoren haiek utzi, eta batzarrak egiten zituzten. Euskarazko eskola aurrera ateratzeko eginahalak eskatzen zuen. «Ez naiz oroitzen zenbat, baina oso gutxi irabazten nuen. Ez genuen gizarte segurantzarik», azaldu du. «Motibazioa ez zen lan bat bilatzea, euskararen alde egitea baizik, dudarik gabe».

Pagola lanean hasi eta urte betera banandu egin zen Iruñeko Uxue ikastola. Batzuk San Fermin ikastolara joan ziren, eta besteak Paz de Zigandara. Gastesi eta Pagola bigarrenean geratu ziren eskolak ematen. «Nik ez nuen deus entenditzen», onartu du Cortesek. Bera San Ferminera joan zen. «Izugarrizko aldaketa izan zen hura». Anekdota bat kontatu du: «Han baziren apez ikasten ari zirenak. Gu frontoira ateratzen ginen jolastera, edo saskibaloira, eta haiek akaso momentu berean ateratzen ziren, eta alde egin behar izaten genuen».

Urrutia amaren ikastola berera joan zen, Paz de Zigandara. Luis Amigo zentroan hasi ziren, eta Erriberakoekin eskola batzuk ematen zituzten, erdaraz. Gogoan du, Eguberrietan etxez etxe eskean aritzen zirela, ikastolarentzako dirua biltzen. Arias Navarro gobernadore zibila zen garai hartan, eta kalejira egiteko baimena eman zien. Ikastola haren azkenen geltokia Atarrabia izan zen.

Sasien gainetik

Zailtasunak izan zituzten, eskolak ez zirelako legezkoak. «Gu zaharrenak ginenez, gure ikasketak ez ziren ofizialak. Garai hartan hezkuntzako norbait etortzen zen, eta nik uste euskararen aldekoa zela, hark sinatzen zituelako paperak, eta ez ikusiarena egiten zuen. Hari esker gure espedientea nahiko normala izan zen», azaldu du Floresek.

Beste zailtasun batzuk ere baziren. Ikasteko material gutxi zegoen: Martin Txilibitu, Xabiertxo... Batzuetan maisu euskaldunik ez zenez, maisu elebakarra eramaten zuten —euskaltzalea, hori bai—. Azterketak ere erdaraz egiten zituztela kontatu du Cortesek, nahiz eta eskolak euskaraz eman. Gainera, ez zuten euskaraz idatzitako libururik. «Itzultzaile onak bihurtu ginen gu», esan du. «Kristoren saltsa genuen euskararekin eta erdararekin».

Zailtasunak zailtasun, sasiek estaltzen zuten bideari ekin ziotenak kontent dira haien gurasoek euskaraz eskolaratzeko hautua egin zutelako. Euskal giroan egotea, edo etxean ez ezik eskolan ere euskaraz aritzea, horiek ziren haien arrazoi nagusiak seme-alabak ikastoletara eramateko. «Meritua gurasoek dute, oso ausartak izan ziren», dio Cortesek. «Momentu horietan gauza arraroa zen. Ilegala zen, beti ezkutuan eta gezurrak erraten... Guk ez genuen hori nabaritzen, baina pentsatzen dut gaizki pasako zutela».

50 urteko bidea maldan gora egin dute. Ikasle kopuruak gora egin ahala, ikastolen aurkako jarrera indartu egin zela uste dute ikasle ohiek. «Euskara ez zegoen hain politizatua», dio Urrutiak. Haren aburuz, UPNren garaia izan da kaltegarriena. Baina, oztopoak gainditu dituzte: «Indartsu zeuden ikastolak, eta gurasoak ere bai, horregatik mantendu dira. Bestela, hil egingo ziren».

BERRIAn argitaratua (2015/11/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA