astekaria 2017/02/17
arrowItzuli

ekonomia

ARANTXA TAPIA

«Sindikatuei lagundu behar diegu beste era batera jarduten»

Xabier Martin

«Sindikatuei lagundu behar diegu beste era batera jarduten»

Ez da erraza Arantxa Tapiaren (Astigarraga, Gipuzkoa, 1963) agendan leku bat lortzea. Gasteiztik Madrilera eta handik Bruselara ibili da azken hilabetean. Legegintzaldi berria hasi denetik, gainera, azpiegituren ardura gehitu diote bere ohiko zeregin ekonomikoari, Jaurlaritzako supersailburu bihurtuta. «Ez da saria, ezta zigorra ere, konfiantza islatzen du», dio ardura berriaz galdetzean. Gau hotzak Lakua inguruak hartu ditu bere bulegoan solasaldia hasterako. Berandu izanagatik, tentuz eta presarik gabe jardun du, mintzaidea konbentzitu nahian.

Zer moduz joan da Madrilgo hejira?

Legegintzaldi berrira begira gauzak nola dauden jakiteko bilerak izan dira. Azpiegituretan korapilo handiak ditugu askatzeko, AHTari dagokionez. Jarrera politiko positiboa izan zuen ministroak, baina horrek laguntza ekonomiko-finantzarioa beharko du gero. Guk gurea egin, eta haiek hitzezko borondatea aurrekontuetara pasatzen duten ikusiko dugu.

Energiaren alorreko bileraren emaitzak apalagoak izan dira...

Ekonomista baten jarrera dauka Nadal ministroak. Gure industria laguntzeko beharra adierazi genion. Argindarraren prezioak gora egin zuen egunak egokitu ziren, eta sistema osoa aldatu behar dela esan genion.

Horma bati esatea bezala?



Jarrera adeitsua izan zuela esan behar da, baina hortik aurrera ez zen aurrerapausorik egon. Nekazaritzako arduradunarekin ere partekatu genuen NPBari buruzko informazioa, baditugulako tirabira batzuk eskumenengatik. Hegaluzearen aurtengo kuotarena ezin dela errepikatu esan genion, gainera.

Eta Luis De Guindos?

De Guindosek industriaren ardura hartu du, eta asko interesatzen zaigu harekin harreman ona izatea, Europako laguntzengatik, besteak beste. Kolaboratzeko bideak zabaldu genituen. 4.0 industrian aurretik goaz, eta haiek gure eredua hartu dute; bada, elkarlanean jarraitzeko konpromisoa hartu genuen.

Adeitasunak ez du konponduko euskal enpresek argindarrarekin duten arazoa: ingurukoek baino gehiago pagatzen jarraituko dute.

Bidesariak aldatu beharko lirateke, hasteko. Guk ehun milioi euro gehiago pagatzen ditugu konexio motarengatik; 60-70 konpentsatu dira, baina zati bat geratzen da. Konpentsazio horrek zarata eragin zuen beste erkidego batzuetan, eta CNMC konpentsazio horren aurka azaldu da. Eta ministroak gelditu egin du.

Eta kontsumitzaile txikia? Zeruari begira jarri behar du Rajoyk gomendatu duen moduan?

Fakturaren osagai batzuek hor egon behar dute, baina beste batzuek, ez. Ikatza, luzapen nuklearra, uhartetasuna eta fotovoltaikoen defizita pagatzen ari gara, adibidez. Politika da hori; beste era batera ere egin daiteke. Gero, energiaren sorkuntza dago. Fakturaren %35 da hori, eta oso modu berezian egituratu dute. Eta bai, eguraldiari lotuta dago, gezurra baldin badirudi ere. Sistema ez dela oso egokia argi dago, eta aldatu beharko litzatekeela ere bai.

Iberdrola garbi jokatzen ari da? Sistemak dauka erru osoa?

Ez da energia sortzaileen arazoa, estatuak sistema nola egituratu duen baizik. Eguneko energiarik garestienak finkatzen du prezioa, eta, euria egiten ez duenean, ba, nabaritzen da.

Iberdrola eta Endesa errugabetzen ari zara orduan?

Bakoitzak bere erruak ditu, eta nik ez ditut errugabetuko, baina faktura egituratzea estatuaren ardura da, hori garbi eduki. Energia sortzerakoan enpresa guztien artean prezioak igotzen dituztela? Izan daiteke, baina fakturaren %35i eragiten dio horrek; beste guztia estatuaren ardura da.

Madrilgo ministroen kolaboraziorik onena ez ote da euskal ekonomia ahalik eta gutxien oztopatzea?

Arazoa da ikerketan eta berrikuntzan estatu mailako laguntza bereziak behar dituztela euskal enpresek. Altzairuaren partida, adibidez, Europa mailan jokatzen ari da. Bidelagun behar dugu estatua, ez oztopatzaile. Gure alboan egon nahi ez badute, ez dezatela gure bidea oztopa behintzat.

Espainiaren barruan egoteak EAEri dagokion baino muga fiskal handiagoa dakarkiola esan duzu Bruselan. Nola da hori?

Euskadik ehuneko ehunean betetzen du gobernantza europarrak eskatzen duena defizitari dagokionez, baina Espainiari ezartzen dizkioten mugak aplikatzen dizkigute, estatuaren barruan gaudelako. Inbertsioak egin behar baditugu, arazoak dauzkagu. Komisarioak esan zidan ezagutzen duela arazoa, eta aztertzen ari direla kasu berezietan malguago jokatzea.

Nazioartekotzearen defendatzaile sutsua zara. Trumpek loa kentzen dizu?

Mesfidantza badago. Baina AEBetan dagoen euskal enpresa igual baikor dago. Txina ere uste genuen baino gehiago hazi da. Tira, onena da Euskal Herriarentzat nazioartekotzea ez dela herri bakar batean egin; merkatua dibertsifikatu dugu, alegia. Baina bai, Trumpekin, eta zer esanik ez, brexit-arekin adi-adi gaude, honek guztiak eragiten digulako.

America first modan da, baina Spain first ere hor dago. Pentsatuko zenuen, noski, CAFek ez zuela irabaziko Renferen megakontratua?

Denok genituen gure susmoak, baina esperantza ere bazegoen. Euskadi Espainia dela pentsatzen badute benetan, horrelako kasuetan ere pentsatu beharko lukete, eta gure enpresak beraienak bezain lehiakorrak direla ere bai.

Cebekek eskaera egin dio administrazioari euskal enpresak lehenesteko. Euskal Herria first?

Lehiakorrak bagara nolabaiteko lehenespena egin beharko genuela hitz egin izan dugu patronalarekin, baina baita alor pribatua ere. Lehiakorrak izatea da, ordea, oinarrizkoena. Horrek eman dio aukera Elgoibarko enpresa bati NASAk Martera bidaliko duen ibilgailu baten besoa egiteko. NASAkoek lehenetsiko zuten pieza hori AEBetan egitea, baina...

Sestaoko ACBn egon zara asteon, eta haren I+G atala laudatu duzu, baina erdi itxita dago...

Arcelorrek eskaera zehatz bat egin zuen, eta guk diru laguntzak nola lortzen diren azaldu genuen. Irailean zabaldu zuten berriro ekoizpen txikiarekin. Ez dira dirua galtzen ari, baina ikusi egin behar da diru laguntzak lortuko dituzten edo ez. Irizpideak ezagutzen dituzte. ACBren itxieraren erabakia nirea zela ematen zuen, eta orain garbi dago hori ez dela horrela. Ez dut presio hori sentitzen, garbi esango dizut.

Sidenorren ere erregulazio handia egin du Jainagak. Baduzu harengan konfiantzarik?

Plangintzaren barruko erregulazioa da, eta langileek ezagutzen zuten. Berrantolaketa bat egin behar zuten lantegiekin, eta aurrera doa. Esan zuena egiten ari da, eta betetzen duen bitartean ez dugu mesfidantza izateko arrazoirik.

Sektore arteko itunak ez du askatu negoziazio kolektiboaren blokeoa. Esperantza handiegia jarri du Jaurlaritzak horrengan?

Ez gaude ohituta horrelako akordioekin, eta guztiak mahai batean eserita eta akordio bat sinatzen ikustea lehen urratsa izan da. Puztu egin dugu? Ez dut uste, argazki horrek balio handia baitauka. Baina altxatu eta eseri sarri egin beharko dute oraindik akordio sakonagoak lortzeko.

Nola lor daiteke akordio sakonagoa?

Gure industria ez da orain hamar urtekoa. Sindikatuek, eta haien eta patronalaren arteko harremanak ez du aldaketa hori egin oraindik. Sindikatuen munduari lagundu behar diogu buelta bat ematen. Ez bere lana uzteko, enpresan beste era batera parte hartzeko baizik. Industria aurreratuko herrialdeetan beste eskaera batzuk egiten dituzte sindikatuek. KPI gehi ez dakit zenbat eskatzea ja ez da nahikoa.

Malgutasunaz ari zara.

Bai, baina ez ordutegiari begira bakarrik, argi.

Patronala eraldatuko da erreformari helduz? Edo soilik sindikatuek eraldatu behar dute?

Mahaiaren alde biek eraldatu behar dute. Errua ez da beti alde berarena, baina ezin dugu jarraitu orain dela 30 urteko eztabaidetan katramilatuak.

Soldatak igotzeko tartea badela esan du Azpiazu Ogasuneko sailburuak. Ados?

Bai eta ez. Denek ez dute krisia modu berean pasa. Batzuentzat soldata jaitsiera handiak egon dira, eta beste batzuentzat, ez. Malgutasuna behar da, sufritzen ari den enpresa batean agian ez delako oraindik soldata igotzeko garaia heldu. Langileari ahalegina eskatu zaio enpresa gaizki joan denean, eta, egoerari buelta ematean, enpresariaren txanda da; kasu horietan soldatak igo behar dira.

Oinarri bat behar da, ordea; hori da negoziazio kolektiboa.

Makina-erreminta nola doa? Ondo? Baina agian enpresa batzuk itota daude, dirua galtzen. Sektore osoan jarri behar dugu igoera bera? Malgutasuna erabat beharrezkoa da, sektorean ezartzen dena gero findu behar delako enpresaz enpresa.

BERRIAn argitaratua (2017/02/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA