astekaria 2017/02/17
arrowItzuli

bizigiro

Berezkoa, arrotz

Gorka Berasategi Otamendi

Berezkoa, arrotz

Gogo biziz oparitzen dituzte umeek lehen marrazkiak, eta hunkituta hartzen helduek, lantokian edo etxeko txoko pribilegiatuetan altxor gisa gordetzeraino. Zirriborroak zein irudi figuratibo goiztiarrak izan, harro erakusten dute beren obra umeek, paperean beste inorena ez den arrastoa utzi duten jakitun. Beste batzuetan, marrazkia bukatu eta segidan hasten dute hurrengoa, emaitzari erreparatu gabe, jolasaren pozak hartuta; edo arreta osoa margoan jarrita egoten dira lasai-lasai, bake gozo batek barrua hartzen dielarik. Haurrarentzat gozamen iturria eta garapenerako funtsezko bide dena, ordea, alboratuta geratzen da gehienen kasuan helduaroan. Noizbait, haur zirela margoetan trebatu zirenek marrazten ez segitzeko erabakia hartu zuten. Margoei bizkar emateak gizakiaren antzinako espresio modu bati uko egitea dakar, berezko lengoaia bat galtzea, eta sormenerako bide bat alboratzea.

Haur izateari uztearekin batera marrazketa zergatik zokoratzen den galdetuta, bat datoz bildutako erantzun guztiak: heldutasunera hurbildu ahala, margotzeari ez zaio baliorik ematen, baldin eta maila artistiko «oneko» margolanak osatzeko ez bada. Angel Lopez de Luzuriaga ilustratzailearen esanetan, «adin batetik aurrera, marrazkigintza bigarren mailako kontutzat hartzen da, baldin eta marrazten bikaina ez bazara. Baina hori oso eztabaidagarria da: zer den ongi ala gaizki marraztea».

Maite Arriaga margolariak helduentzako arteterapia eta margolaritza eskolak ematen ditu Eibarren (Gipuzkoa). Haren iritziz, marrazkigintzan ez du zentzurik emaitza ongi, gaizki eta halako hitzekin neurtzeak. «Ideia hori garbi baldin badugu, presioa desagertu egiten da, eta bakoitzak libreki egiten du egin behar duena. Azkenean, sormenaren bitartez, beti lortzen da egilearentzat gustukoa den emaitza».

Bittor Camara artistaren iritziz, besteen epaiak zama handiagoa hartzen du haur izateari uztean, eta marrazten jarraitzea zailtzen du horrek, baldin eta marrazkilaritzan nabarmentzeko gaitasunik izaten ez bada. «Heltzen garen heinean, indar handiagoz agertzen da besteek zer esango duten beldurra. Gure izaera itxi egiten dugu, babes modura. Finean, marraztea zure barneko zerbait adieraztea baita».

Camara plastika irakaslea ere bada, Zornotzako (Bizkaia) Andra Mari ikastolan, eta nerabeengan ikusten du, bereziki, marrazten saiatzearen beldurra. «Marrazkia egiteko eskatu, eta berehala hasten dira esaten ez dutela irudimenik, ez zaiela ongi irtengo, ez dakitela marrazten... Nerabezaroan oso zaila egiten zaie, lotsa ematen dielako».

Adituek haurren garapenerako funtsezkotzat jotzen dute marraztearen jarduna. Marraztea da, hain zuzen, haurraren lehen adierazpideetako bat, lehen soinu eta zaratekin batera. Marrazkietan islatzen dute inguruaz duten pertzepzioa eta beren barne mundua, sentitzen dutena iruditara eramanda. Horrez gain, motrizitatea hobetzen laguntzen die, autoestimua indartzen dute, lasaigarri zaie, eta sormena eta irudimena lantzen dituzte.

Howard Gardner psikologo estatubatuarrak salatzen du, baina, haurren hezkuntzan zutabeetako bat dena baztertu egiten dela gerora eskolan. Gardnerrek askotariko adimenen teoria proposatu zuen 1980ko hamarkadan, eta, haren arabera, ohiko hezkuntza sistemek hizkuntza adimena eta adimen logiko-matematikoa lehenesten dituzte beste adimenen gainetik.

Marraztearen garrantzia balio estetikoarekin soilik lotzea hutsegitea da, bildutako iritzien arabera. Haurren hezkuntzan funtsezkoa bada, pertsona helduen garapenerako ere oso erreminta baliagarria dela deritzote. Arriagaren esanetan, adibidez, marraztea norbere burua ezagutzeko tresna bat ere bada. Horretarako aritzen dira marrazten Arriagaren arteterapia eskoletan. Depresioa eta antsietate egoera bizi duten ikasleak ditu eskolan, baina edozein pertsonarentzat onuragarri izan daitekeela adierazi du. «Era inkontzientean hasten dira koadroa zikintzen, eta hortik irudi batzuk garatzen dituzte, guztiz pertsonalak direnak. Prozesuan alde sentsoriala, emozionala eta mentala uztartzen dituzte, eta ariketa ohiko terapiaren osagarri izan daiteke. Beren burua ezagutzeko eta bizi kalitatea hobetzeko teknika da».

Horrez gain, urte luzeetan marrazteari utzi eta berriz ere margoetara itzultzen diren helduen esperientzia positiboa nabarmendu du Arriagak. «Normalean denbora-pasa moduan hartzen dute, baina gero ziurtasun handia lortzen dute. Beti da ona gauza bat egin eta emaitza zure gustukoa izatea. Eta hala izaten da: denbora-pasa moduan hasten dena gogobetetzen dituen ariketa eta beharra bihurtzen da».

Nerea Uribarri erretiro aurreratua hartu zuenean hasi zen joaten Arriagaren olio margolaritza eskoletara: duela sei urte. Aurretik, ez zuen sekula marraztu; umetan izan ezik. «Astearte eta ostegunak iristeko desiratzen egoten naiz, margotzera joateko. Asko gustatzen zait. Ez dut ezer harrigarririk egiten, baina ondo pasatzen dut». Uribarrik argi du marrazten hasteko beldurrak uxatu egin behar direla. «Nik niretzat margotzen dut, gustatzen zaidalako. Zeri izan behar zaio, ba, beldurra? Ez dut ongi margotzen, baina gozatu egiten dut. Gainera, zer da ongi margotzea? Matematikan, bi eta bi lau dira, baina artean ez da halakorik gertatzen. Eskoletan teknika hobetu dut, baina margotzeko askatasuna da gehien interesatzen zaidana».

Hizkuntza eta begirada

Lopez de Luzuriagaren iritziz, inguruari begiratzeko modu bat galtzen da marrazteari uzten zaionean. «Irudi azkarraren garaian bizi gara, sakelako telefonoen argazkien garaia da, eta ez dugu ongi begiratzen. Marrazketak bultzatzen gaitu gauzei eta pertsonei era berezian begiratzera. Keinuan jartzen duzu arreta, marraztu nahi duzun hura nola dagoen kokatuta espazioan... Bestelako xehetasun batzuei erreparatzen diezu».

Teknologia berriekin batera hedatu da argazkigintza, eta harekin alderatu du marrazkia Lopez de Luzuriagak. «Egun, argazkiak berehala egiten dira. Argazki onak ateratzen dira batzuetan, baina ia istripu modura gertatzen dira. Beste batzuetan, argazki bera atera nahi izaten dugu denok. Baina marrazkiarekin ezin da hala izan. Marrazkia zu zara».

Camararen hitzetan, «norbere burua adierazteko modu bat» galtzen da marrazteari uzten zaionean. «Hizkuntzarekin bezala, marrazkiekin badugu adierazteko beste bide bat. Nolabait, elebidunak hizkuntza bat erabiltzeari uko egitearen parekoa da gizakiok marrazteari uztea».

Lopez de Luzuriagak nabarmendu duenez, hizkuntza hori modu praktikoan erabiltzeko ez da zertan sekulako trebeziarik izan. «Inork ez du pentsatzen idazteari uztea hizki politagoak edo itsusiagoak egiten dituelako. Modu naturalean idazten dugu, eta marrazkiarekin ere berdin egin daiteke. Lerro batzuekin eta figura sinpleekin begitara oso interesgarriak diren irudiak osatzen dituen jendea ezagutu dut».

Artearen esparrutik kanpora ere, irudien lengoaia lanerako erreminta du Lopez de Luzuriagak. Graphic recorder gisa definitu du bere burua. «Graphic recording delakoa da jendea ikusten edo entzuten ari dena marrazki bidez hobe ulertzeko moduan irudikatzea. Adibidez, hitzaldietan erabiltzen dugu. Azaltzen den gaiari buruzko irudi pilulak egiten saiatzen gara, jendeak azalpenak errazago uler ditzan. Era horretan, ideiak hobeto finkatzen dira».

Graphic recording, visual thinking eta halako termino anglosaxoiak geroz eta ohikoagoak bihurtu dira ikasketa teknika berritzaileei buruzko foroetan. Ziurtatzen dute teknika berritzaileok baliagarriak direla marrazkiek ikasgaiaren edukia ordenatzeko, lotzeko eta ezagutza sortzeko. «Garrantzitsuena ez da ongi marrazten jakitea, kontzeptuak antolatzen jakitea baizik», argitu du Lopez de Luzuriagak.

Marrazteari uzten dionak sormena lantzeko bide bat ere galtzen du. Oro har, sormena talentu handiko gutxi batzuen kontua dela pentsatu ohi da, Camararen iritziz. Ideia hori okerra dela ohartarazi du. «Sormena guztiok dugun sen bat da, gizaki egiten gaituena. Denok gara sortzaile. Adibidez, egunero janzten garenean, erabaki horiekin irudi bat sortzen dugu. Berdin bazkaria prestatzen dugunean ere. Edozein arlotan dago sormena».

Camarak sormena lantzeko ikastaroak eman ditu UEUn, eta Sormen Laborategia deiturikoa eskainiko du martxoaren 4tik aurrera. «Sormena ulertzen dugu kanpoko zerbait izango balitz bezala eta, beraz, ikastaroetara joan behar dugu norbaitek eman diezagun. Aldiz, barruan dugu guztiok, eta hori lantzea da gakoa».

Camararen esanetan, marraztea sormena lantzeko modu bat da. Bere kasuan, errazen zaiona, «baina beste adierazpide batzuekin ere landu daiteke. Azkenean, gauza da bakoitzak gogokoen duen esparruan lantzea».

BERRIAn argitaratua (2017/02/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA