astekaria 2017/02/10
arrowItzuli

politika

Garaipen bilakatutako porrota

Gotzon Hermosilla

Garaipen bilakatutako porrota

Etxebarriko (Bizkaia) Laminacion de Bandas en Frio izeneko enpresako langileek grebara jo zuten 1966ko azaroan. Hura ez zen izan frankismoaren garaian egindako lehenengo greba, eta ez zen izango azkena ere. Baina Bandaseko greba —izen horrekin bilakatu zen ezagun— euskal langile mugimenduaren historiara igaro da, frankismoaren garaiko grebarik luzeena izan zelako. 163 egun iraun zuen, bost hilabete eta erdi; horren ondorioz, lan gatazka soila zena frankismoaren kontrako erresistentziaren ikur bilakatu zen. Egunotan, 50 urte beteko dira greba hura gertatu zenetik.

Langileen eskakizunen ikuspegitik, porrota izan zen greba. Ez zuten erdietsi ezarritako xederik —greba amaitu ostean lan egoera hobetzen hasi zen arren—, zenbait langilek lanpostua galdu zuten, eta beste askok espetxean edo erbestean amaitu zuten. Baina Bizkaiko langile mugimenduaren oroimenean garaipen baten gisa gelditu da greba hura. Agerian utzi zuen erregimenaren alderik makurrena, frankismoaren aurkako hurrengo borroketan oso baliagarri suertatuko zen elkartasun sare indartsua josten lagundu zuen, eta eskola bikaina izan zen langile mugimendura bildutako belaunaldi berri batentzat. Porrota, garaipen bilakatua.

1959an hasi zen lanean Etxebarriko Laminacion de Bandas. Garai hartan, AHV eta Basconia enpresek zuten haren jabetza —Basconiak akzioen %66 zituen—, eta, grebaren ostean, AHV bilakatu zen lantegiaren jabe bakar. Egun, Arcelor Mittal enpresarena da lantegia. «Bandas lantegi berria zen», azaldu du Roman Bilbaok (Basauri, Bizkaia, 1941). «Han, gazte asko hasi zen lanean; gehienak, kanpotik etorritakoak. Ospea zuen inguruko lantegietan baino gehiago irabazten zutela».

Basauriko Kalero auzoan jaio zen Bilbao, Etxebarri aurrean; lantegia eraikitzen hasi zirenean, etxetik ikusten zituen lanak. 1966an apaiztu zen, eta, dioenez, apaiztegitik zuen interesa lan munduaz; han egin zituen lehenengo kontaktuak JOC Gaztedi Langile Kristaua eta HOAC Ekintza Katolikoko Langile Anaidia erakunde kristauekin. Gertutik ezagutu zuen lan gatazka hura, eta liburuxka bat ere argitaratu du haren inguruan: Heroes del trabajo. Recordando la huelga de Bandas (Lanaren heroiak. Bandaseko greba oroituz).

«Basconiako zuzendari nagusi Fernando Gondra zen Bandasen agintea zuena», ekarri du Bilbaok gogora. «Bere konfiantzako pertsona jarri zuten lantegiko zuzendari, Ignacio Hidalgo de Cisneros, eta hura iristean hasi ziren arazoak»

Alfredo Izquierdo (Sestao, Bizkaia, 1932) 1960an hasi zen lanean Bandasen. Bat dator Bilbaok esandakoarekin: «Gondrak, eta oro har Basconia eta AHVko zuzendaritzak, harreman estua zuten erregimenarekin, eta haietako askok kontaktu zuzena zuten Francoren gobernuko zenbait ministrorekin. Interesgarria litzateke bi enpresetako administrazio kontseiluetan garai hartan nortzuk zeuden ikustea; konturatuko ginateke frankismoarekin lotura zuzena zuen Bizkaiko oligarkiako familiak zeudela».

Grebaren arrazoiak

1966ko urrian, lantegiko zuzendaritzak erabaki zuen ekoizpen maila batzuetara iristeagatik langileei ordaintzen zizkieten sariak larregizkoak zirela, eta, langileekin kontsultatu barik eta Espainiako Lan Ordezkaritzaren baimenik gabe, sari horiek murriztu egin zituen hainbat sailetan. Horrek langileen haserrea piztu zuen. Beharginen ordezkariek bilerak egin zituzten zuzendaritzarekin, eta Lan Ordezkaritzara ere jo zuten, baina ez zuten inolako emaitzarik lortu.

«Bobina kopuru bat gainditzen bagenuen, saria ematen ziguten», esan du Izquierdok. «Guk ondo egiten genuen lan, jendeak dirua behar zuelako, eta, horri esker, sari handiak eskuratzen genituen; kasu batzuetan, soldata baino handiagoak. Gure borroka zen sarien sistema hori lan hitzarmenera ekartzea, baina enpresak kontrako bidetik jo zuen: hasi ziren esaten gaizki kalkulatu zutela kobratu beharrekoa, dirua zor geniela eta abar. Enpresa zinpekoen bilera egin genuen, eta grebara jotzea erabaki genuen. Greba gauez hastea erabaki genuen, txanda horretan nagusi gutxiago egoten zelako, eta langileentzat errazagoa zelako greba egitea». Azaroaren 30ean izan zen hori.

Hasiera batean, lan gatazka hutsa izan zen hura, arrazoi ekonomikoek sortua. «Batez ere, lan arloko greba izan zen; ez zen greba politikoa izan, hasieran behintzat», azaldu du Roman Bilbaok. «Garai hartan, langile batzordeak ez ziren existitzen, eta enpresa batzordeak ziren antolakunde nagusiak. Sindikatu historikoek, UGT eta ELA, hasieran ez zuten parte hartze handirik izan; greba luzatu zenean hasi ziren inplikazio handiagoa izaten».

Lan gatazka hutsa zen, bai, baina, laster, konnotazio politiko handiak hartu zituen. Izquierdo oso argi mintzatu da horretaz: «Garbi gera dadila: gure aldetik, hura lan arazoa baino ez zen. Haiek politizatu zuten greba, haiek hasi ziren esaten gu asmo politiko ezkutuekin ari ginela; eta Francoren gobernuarekin zuten harreman estua baliatzen hasi ziren gure kontra egiteko. Eta, orduan bai, haiek gatazka politizatu ondoren, guk ere erakunde politikoengana jo genuen laguntza bila».

Jazarpena

Bizkarrak botere politikoak ondo babestuta zituela jakitun, hordagoa jo zuen zuzendaritzak, eta abenduaren 9an 564 langileri jakinarazi zieten kaleratuta zeudela. Guardia Zibila pertsona bat atxilotzen saiatu zen, hura Jose Antonio Osaba zelakoan; horri esker jakin zuten Osaba, langileen buruzagietako bat, Espainiatik egozteko agindua emana zuela gobernuak, Kuban jaioa zela baliatuta. Hori ikusita, Frantziara ihes egin zuen Osabak.

Baina jazarpenak ez zituen langileak kikildu. Ordurako, ongi antolaturik zeuden, eta garai hartan berriak ziren borroka moldeak abian jarritakoak ziren: «Apaizok azpiegituraren aldetik lagundu genuen, greba langileek berek antolatzen zutelako», esan du Bilbaok. «Adibidez, garai hartan mundu guztiak ez zeukan multikopista, baina guk bai. Eta grebalariek erabiltzen zuten eskuorriak botatzeko. Egunero ateratzen genuen eskuorri bat azken orduko informazioekin, eta horrek asko lagundu zuen sostenguak lortzeko. Bilerak ere gurean egiten zituzten. Hasieran, batzarrak Basauriko plazan egiten zituzten egunero, baina hura ez zen oso leku egokia, eta Basauriko San Pedro elizako sotora pasatu ziren». Guardia Zibilak handik bota zituenean, Bilboko Otxarkoaga auzoan jarraitu zuten batzarrak egiten.

Gizonezkoak ziren lantegiko behargin ia guztiak, baina, greba hartan, emakumeek parte hartze garrantzitsua izan zuten, eta hura ere berrikuntza nabaria izan zen aurreko langile borrokekin alderatuta. Langileen emazteek batzarra egin zuten, eta gatazkan buru-belarri sartzea erabaki zuten: «Oso garrantzitsua izan zen hori», esan du Izquierdok. «Etxean desadostasuna baldin badago, zaila da horrelako borroka bat aurrera eramatea. Emakumeen parte hartzearekin sekulako indarra hartu zuen hark».

Baina, seguru asko, grebaren ekarpenik garrantzitsuenetako bat izan zen horren inguruan ehundu zen elkartasun sarea. Lantegi askotan, diru bilketak egin zituzten, eta ez hori bakarrik: Bilbaok azaldu duenez, «nonbait langileak behar bazituzten, horren berri ematen zieten, batzarrean eskaintza horiek azaltzen zituzten, eta horretarako aukera zutenek hartzen zituzten lan horiek, eta batzarraren esku uzten zuten irabazitakoa. Behin-behineko lantxo horiek egin ahal izatea laguntza handia izan zen beharginek grebari hain luzaro eusteko».

Apirilaren 4an, ordubeteko lanuztea egin zuten Bizkaiko lantegi gehienetan. 12an, 76 apaizek manifestazioa egin zuten Bilbon, eta, amaieran, idazki bat eman zioten Pablo Gurpide gotzainari, Bandaseko langileek pairatutako errepresioa salatzeko.

Olatua gora zetorrela ikusita, apirilaren 22an, salbuespen egoera ezarri zuen Espainiako Gobernuak Bizkaian. 150 lagun atxilotu zituzten, horietako asko Bandaseko langileak edo grebari sostengua emandakoak, eta 40 inguru deportatuak izan ziren. Espetxeratuen artean Agustin eta Josu Ibarrola egon ziren: Agustin Ibarrola margolariak grabatu bat egin zuen, Magistratura de trabajo contra los de Bandas (Lan magistratura Bandasekoen aurka), eta horren kopiak egin zituzten grebalarientzako dirua lortzeko. Ordurako, Etxebarriko lantegiko greba, lan gatazka hutsa baino gehiago, frankismoaren kontrako borrokaren ikur bilakatua zen.

Enpresaren mehatxuak

Greba maiatzaren 15ean amaitu zen. Bilbao eta Izquierdo bat datoz horretan: erabakigarria izan zen enpresak etxebizitza kentzeko langileei egindako mehatxua. Langile asko lantegiak emandako etxebizitzetan zeuden —etxebizitza politika hori oso ohikoa zen garai hartako Bizkaiko enpresa handietan—, eta mehatxu egin zieten lanera bueltatu ezean kalean geldituko zirela.

«Guk bagenekien lanpostua galduko genuela», azaldu du Izquierdok, «baina greba bertan behera uzteko proposatu genion batzarrari, ezin genituelako familia osoak kalean utzi. Garai hartan, etxebizitza galtzea oso gauza larria zen».

32 lagun lanik gabe gelditu ziren, Izquierdo horien artean —hark etxebizitza ere galdu zuen—, eta gainerakoak lanera itzuli ziren, ezer lortu gabe. Behargin batzuk atzerriratu ere egin zituzten. Ikuspegi horretatik, porrota izan zen greba.

Baina, ezari-ezarian, porrota garaipen bilakatu zen. Grebaren eskarmentuak hartaratuta, hurrengo urteetan enpresak langileen baldintzak hobetu zituen. Eta, 1979an, Amnistia Legearen ostean eta sindikatuak legeztaturik, kanpaina bat egin zuten hamabi urte lehenago kaleraturako langileak berriro kontratatzeko. Enpresak —garai hartan, AHVk— amore eman zuen.

«Ni Ceplastican nengoen lanean; oso gustura, gainera», esan du Izquierdok, «eta, Bandasera itzultzekotan, banekien agian egoera kaskarragoan geratuko nintzela, baina, hala ere, bueltatzea erabaki nuen, argi utzi nahi nuelako garaipena gurea izan zela. Baten batek ez zuen itzuli nahi izan, baina gehienok itzuli ginen».

Orain, 50 urte geroago, Izquierdok ez du dudarik egiten: «Greba hura garaipena izan zen. Gauza asko aldatu zituen. Elkartasun handia piztu zuen, eta ekarpen handia egin zion langileen borrokari».

BERRIAn argitaratua (2017/02/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA