astekaria 2015/11/20
arrowItzuli

kultura

SALOME LAMAS

«Dokumentalak fikzioaren adreiluak behar izaten ditu»

Ander Perez

«Dokumentalak fikzioaren adreiluak behar izaten ditu»

«Gizakiaren konplexutasunaz» hausnartzeko baliatu du Salome Lamasek (Lisboa, 1987) Paulo Figuereidoren istorioa, Terra de Ninguém filmean. Lagun baten bitartez ezagutu zuen mertzenario ohia, kalean bizi zena. Haren istorioa kontatu nahi zuen Figuereidok, eta film bat grabatu Lamasek. Eta pelikula oro «itun» bat denez, kamera aurrean paratu zuen zinemagileak sikarioa. Ordutik aurrerakoa ordubete pasatxoko kontakizun krudela da. Hoztasunez, damu izpirik gabe kontatzen ditu Figuereidok bizitzan egindakoak. Ostegunean aurkeztu zuten filma Nafarroako Filmotekan, Ikuspuntu dokumental jaialdiak antolatuta.

Nola iritsi zinen pertsonarengana eta pertsonaiarengana?

Etxerik gabekoen komunitatearekin lanean dabilen lagun soziologo baten bitartez ezagutu nuen Paulo. Taldean rol aktiboa zuen, eta nire laguna ez da ohiko gizarte langilea. Lagunak egin ziren.

Zergatik erakarri zintuen gizon horren istorioak?

Arreta erakarri zidan istorioak jasotzeko eta berriro kontatzeko moduak, telefono apurtuaren jokoa balitz bezala: pertsona batek zuzenean izan du esperientzia bat, eta beste pertsona bati kontatzen dio; beste horrek beste bati kontatzen dio, eta azken horrek beste bati; azkenean, istorio beraren hiru belaunaldi daude, eta bakoitzak zerbait gehitzen dio istorio horri, errealitatea berrasmatuz. Ahozkotasunaren historia halako jokalari txikiekin lotua dago, ahaztuekin, anonimoekin, agiririk ez dutenekin. Historia idazten dutenek mundu osoan entzundako gertakarietan jartzen dute arreta, eta tarteko isiltasun une horiek ahazten dituzte. Jokalari txikiak ahazten dituzte. Nik interes handia nuen Pauloren kontakizunean, haren istorio pribatuak oihartzuna hartzen zuelako espazio publikoan.

Ez zenuen kontraesanik izan mertzenario bati hitza ematean?

Ez. Ez naiz ari erredentziorako espazio bat eskaintzen. Ez naiz epailea, ez detektibea, ez eta abokatua, kazetaria edo historialaria ere. Zinema zuzendaria naiz, eta pantailak aukera ematen dit Paulo ikuslearen aurrean kokatzeko, epaia publikoaren esku utziz. Etikak rol garrantzitsua du ez-fikziozko zineman. Pentsatu nuen oreka bat bilatu behar nuela. Film bat, finean, beti da transakzio edo itun bat. Paulok behin esan zidan ni erabiltzen ari zela bere istorioa kontatzeko. Eta nik erantzun nion hori ongi zegoela, ni ere bera erabiltzen ari nintzelako film bat egiteko. Zineman, zuzendariak izaten du beti filmaren gaineko kontrola. Eta, halere, nire botere hori produktiboa izan zedin izan da nire helburua. Zinemagile batek eztabaida publikora eramaten ditu berez eremu pribatuari dagozkion kontuak, eta, beraz, arduraz hartu behar dira erabakiak, bi aldeetan. Alde horretatik, film zintzoa egiten saiatu naiz, gure paradoxa eta kontraesan guztiak agertuz.

Zein da zure posizioa filmean? Zaila dirudi halako istorio baten aurrean neutral mantentzeak.

Publikoarekiko galdera hau da: «Sinesten duzu edo ez?» Istorioen, kontakizunen eta oroitzapenen arteko mugak esploratu nahi nituen. Bereizte bat markatzen saiatu naiz: txosten eta egiteen aurkeztea, batetik, eta literatura eta irudimena, bestetik, baina bereizketa hori erabat agerikoa egin gabe. Paulo bere istorioa kontatzen ari denean eta, kamera aurrean, hasperen eta keinu artean ari denean, zer da benetan erreala eta zer da eszenaratzea? Espazio horretan, harridura horretan sortzen da dokumentala, eta puntu hori da ikuslearentzako topalekua, errealitatearen eta fikzioaren arteko muga apurtzen ari dela senti dezan. Ez-fikzioak badu berezko autoritate bat: dokumentaletan sinesten dugu, errealitatearen gainean eraikiak daudelako. Baina fikziozko pare bat adreilu kenduko bagenitu, bertan behera eroriko litzateke pareta. Dokumentalak fikzioaren adreiluak behar izaten ditu. Ikusle aktiboa bilatzen dut nik, elkarrizketaren parte izango dena. Saiatzen naiz epairik ez ematen, ikuslea izan dadin epaia ematen duena.

Norenik gabeko lurra. Zeri egiten dio erreferentzia izenburuak?

Konnotazio militarra duen kontzeptua da. Bi lubakiren arteko espazioa da, etengabe arriskuan dagoen eremu neutrala. Mertzenarioarentzako lan eremua da hori, gobernuen eta iraultzen gainetik dagoelako mertzenarioa. Irudimenarentzako eremu naturala ere bada, isiltasuna, beldurra eta desagertzearen arriskua jasatera goazen ez-lekua. Leku arrotza da, baina denok gara haren parte.

Eraikin abandonatu bat hautatu zenuen lokalizazio gisa.

Inorena ez den eremu batean kokatzen dut elkarrizketa eta filma. Alegia, ez da nire eremu erosoa, ez eta Paulorena ere. Hori baldintza nahitaezkoa da, biok izan dezagun nolabaiteko apurtze sentsazioa. Aulkian esertzen denetik Paulok badaki ikusleak epaituko duela. Bi esanahi ditu aulkiak: batetik, auzipetuen aulkiaren itxura du, edo heriotza zigorrerako aulkiarena; bestetik, ikuslearen aurrean absolbitua izateko aulkia ere bada.

Irudirik ez da kasik filmean; Pauloren planoak baino ez, aurrez aurre. Kasu honetan, gehiago balio dute hitzek irudiek baino?

Bai, absentzia interesatzen zait, trama husteak. Indarkeria askoz eraginkorragoa da absentzian. Irudi biltegi ikaragarria da gure burmuina. Husterakoan, gehiago azpimarratzen dira informazioa, arnasketa, etenak, keinuak...

Ezinegona sortzen du Pauloren diskurtsoaren hoztasunak. Eskrupulurik gabe justifikatzen ditu hilketak eta indarkeria.

Pauloren narratiba xumea eta erradikala da. Gauzak diren bezala esaten ditu, bere izenez. Ondoeza sorrarazten du, baina, haren diskurtsoarekin, ikusleak demokrazian bizi den erosotasun eta hipokrisia jartzen ditu zalantzan. Paradoxikoa da Pauloren egoera: harekiko gaitzondoa geroz eta sakonagoa da, eta zaharkituriko diskurtso batekiko atxikimenduak eraikitzen du haren baztertu izaera. Inor ez da onik ateratzen. Mertzenarioa ekonomiaren eta sistema politikoaren ondorio da. Krimenen gainetik dago haren ogibidea, eta iraultzen, estatu kolpeen eta krisi politikoen testuinguruan egiten du lan, besteen botere goseak elikatzeko. Paulok iradokitzen du denak garela errudun. Nik ez dut krudeltasuna justifikatu nahi, eta ezta krudeltasun hori ezkutatu moralkeriaz betetako azken minutu batekin.

Pentsa genezake bere burua garbitzeko interesa zuela Paulok filma egiterakoan. Baina egindakoaz harro mintzo da. Zein da, beraz, haren helburua?

Uste dut publikoari edo Paulo berari egin beharreko galdera dela hori. Denaren gainetik, gizakiaren konplexutasunari buruzko filma da hau. Paulok esaten zuen ez zuela ezer galtzerik, eta behin eta berriro esan zuen filma behin bukatuta desagertuko zela. Azkenean, hala egin zuen, hitzez hitz [hil zen], baina kasualitate hutsez.

BERRIAn argitaratua (2015/11/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA