astekaria 2017/02/10
arrowItzuli

kultura

Egile eskubideak auzitan

Naiara Elola

Egile eskubideak auzitan

Mikel Urmeneta eta haren laguntzaileek sortutako pertsonaiak —besteak beste, Testis zezena, Tetis behia eta Beeelorzia ardia— erabiltzen jarraitzeko eskubidea duten erabakitzeko epaiketa egin zuten atzo, Iruñeko Merkataritza alorreko Auzitegian. Marrazkilariek kontratuak sinatu zituzten, 1994. eta 2013. urteen artean egindako 15.000 irudiz osatutako funtsa Kukuxumusu enpresaren esku uzteko. Egun, sortzaile horiek Kukuxumusutik kanpo ari dira lanean, 2016ko urtarrilean sortu zuten Katuki Saguyakin enpresan, hain zuzen. Horrenbesteko sona izan duten pertsonaia horiek erabiltzeko eskubidea aldarrikatzen dute, beraiek sortutakoak direla argudiatuta. Hilabete barrurako espero da ebazpena.

Mikel Urmenetak eta haren kideek jarraitu al dezakete Katuki Saguyaki markaren barruan Testis zezena margotzen? Zer da Kukuxumusu unibertsoa? Horiek dira epaileak erantzun beharko dituen galderetako bi. Kukuxumusuko egingo akziodun nagusi Ricardo Bermejok argi du: «Marrazkilariek Kukuxumusuri emandako marrazki horiek guztiek osatzen dute Kukuxumusu unibertsoa». Hala ere, atzo epaiketan aitortu zuenez, adar horiak dituen zezen urdina Urmenetak sortutako pertsonaia da.

Hain zuzen ere, argudio horregatik, berak sortu zuelako, Testis margotzen jarraitu zuen Urmenetak beste hiru marrazkilarirekin batera Katuki Saguyaki martxan jarri zuenean. Baina iragan uztailean, Bermejok marrazkilari iruindarra salatu, eta behin-behinean epaileak debekatu egin zion, besteak beste, zezen hori margotzea, «Kukuxumusu unibertsokoak» zirela argudiatuta. Horren aurka helegitea aurkeztu zuten marrazkilariek, eta atzo bertan jakin zen Nafarroako Auzitegiak berretsi egin duela ebazpen hori. Hortaz, hilabete barrurako epaiak kontrakoa esan ezean, ezingo dituzte Testis eta gainontzeko pertsonaiak marraztu.

Urmenetaren abokatuak jakinarazi duenez, ordea, Kukuxumusu eta marrazkilarien artean sinatutako kontratuetan ez da aipatzen pertsonaia jakin batzuen inguruko ezer, ezta haien neurri, kolore eta gainontzeko ezaugarrien gainean ere. «Kasuistika ez dut ezagutzen, baina argi dagoena da marrazkien eskubidea enpresarena dela», defendatu zuen Bermejok. Urmenetak ez zuen epaiketan deklaratzerik izan, salatzaileak ez zuelako eskatu. Hala ere, saioa hasi aurretik haserre agertu zen: «Enpresa bat sortu eta 15.000 marrazki utzi ondoren, lotsagarria da haren filosofia ezagutzen ez duen pertsona bat iritsi eta jostailu bat bezala ostikoka hastea».

Pilar Bonet arte garaikideko adituak, Kukuxumusu enpresak eskatuta, txostena egin du Katuki Saguyakiko hainbat irudi kopiatutakoak diren ebazteko. «Aztertutako zenbait irudi kopiak, erreplikak edota moldaketak dira argi eta garbi», azaldu zuen auzi saioan. Gaineratu zuenez, estiloa mantendu daiteke kopiatu gabe. Alor horretan, Katuki Saguyakiren interesak defendatzen dituen abokatuak Tintin pertsonaiaren kasua jarri zuen mahai gainean: «Tintin Sobieten herrialdean eta Tintin Tibeten liburuak kopiak direla esan daiteke?». Bonetek azaldu zuenez, ez dira kopiak, istorio ezberdinak kontatzen dituzten sorkuntzak ezberdinak direlako. Urmenetaren iritziz, adituak «hanka sartu» zuen adierazpen hori eginda, argudio hori kontuan izanda ebatz daitekeelako Katuki Saguyakiren marrazkiak ez direla kopiak.

Etendako loraldia

Sanferminen harira sortutako enpresa da Kukuxumusu. Mikel Urmeneta, Koldo Aiestaran eta Txomin Dominguez de Bidaurretak abiatu zuten enpresa, 1989an. Urmenetaren sorkariak berehala bilakatu ziren markaren ikur nagusi, eta arrakasta berehalakoa izan zen. Ia ehun denda baino gehiago ere izan zituzten mundu osoan. Baina, krisi ekonomikoaren eraginez, zorrak ezin ordaindu, eta, 2014an, Aiestaranek eta Dominguez de Bidaurretak salgai jarri zituzten Kukuxumusun zituzten akzioak. Orduan erdietsi zuen Ricardo Bermejok enpresaren jabetza. Nafarroako Kutxaren komunikazioa landuz, hamar urtean bost milioi euro irabazi zituen Bermejok. Horrela erosi zituen Kukuxumusuren akzioen %66. Urmenetak zuzendari artistiko gisa segitu zuen, baina, 2015ean enpresa utzi, eta, ordutik, auzibidean da afera.

BERRIAn argitaratua (2017/02/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA