astekaria 2017/02/10
arrowItzuli

kirola

Fededunen futbol zelaia

Beñat Alberdi

Fededunen futbol zelaia

Fedea, itxaropena izan beharra dago egoera zailenetan ere. Futbolean ere fedea izan beharra dago. Alaveseko zaleentzat, finalera sartzea ez zen ezinezkoa; bai zaila, akaso. Baina pausoa eman du jada Gasteizko taldeak. Orain, bigarrena falta da: Bartzelona ahaltsua gainditzea, maiatzaren 27an jokatuko den finalean. Zaleek ez dute zerumuga horren urrun ikusten. Aurrekontu askoz apalagoa du Alavesek, bai. Ez ditu halako izar distiratsuak, ez. Baina nork esango luke lehen itzulian Camp Noun Bigarren Mailatik igotako talde batek irabazi zuenik? Orain, Gasteizen fedea dute Kopa irabaziko dutela.

Hotz, behe lainoa eta euri tantak. Gasteiz, Gasteiz da goizean goiz. Lasai samar esnatu da Arabako hiriburua, ospatzen egon zirenak oheratu berri zeudelako agian. Izan ere, partida amaitutakoan ez omen da ezer amaitzen. Gasteiz horren erakusle izan zen atzo. «Partida osteko giroa ikaragarria izan zen», argitu du Carlos Frailek. Mendizorrotza alboko Garoka kafetegiko tabernaria da Fraile. «Bi taldeetako zaleak ikusi genituen elkarrekin abesten eta edaten».

Deyverson Alaveseko jokalariak izan zuen partidako keinurik ederrena: Celtako zaleak agurtu zituen irabazi ostean. Zaleak ez ziren gutxiago izan. Mendizorrotza ingurua bete-bete eginda geratu zen azkenean. Inork ez zeukan etxera joateko gogorik. Ordu txikitan amaitu zen festa, Alde Zaharrean, batez ere.

Oraindik urrun samar dago finala, baina partidaren biharamunak aurkaria aztertzea dakar. Zale batzuek zuhurtziaz hartzen dute Bartzelonaren arriskua, Messiren abilezia ezin baita gutxietsi. Hala ere, lehen Espainiako Kopa irabazteko aukera bikaina ikusten duenik bada: «Celta ere ez al zen askoz futbol talde hobea?», nabarmendu du Oihana Sanchez dendariak. «Partida batean 90 minutu jokatu behar dira. Edozer gerta daiteke 90 minutuan».

Izan ere, taldeak erakutsitako jarrera eta dohainekin harro daude gasteiztarrak, bai behintzat gaur Alaveseko bufanda jantzi dutenak. David Marcos ikasleak jarreran ikusi du gakoa: «Hasieratik bukaeraraino borrokatu ziren. Horrela jokatuta, Bartzelona batek ere gaizki pasatuko luke». Baina, taldeak horrelako jarrera izan dezan, zaleen babesa beharrezkoa ikusten du. «Ahotsa hartua dut, baina merezi izan du».

Finala San Mamesen jokatzea gertutasunagatik hobea izango litzatekeela uste du Gerardo Martinez erretiratuak. Madrilen bada ere ikustera joango dela garbi dauka, ordea. Bere iloba finala ikustera eraman nahi du. «Jaio gabe zegoen UEFA kopako finala jokatu zenean. Aprobetxatu behar dira horrelako aukerak». Lotsa-lotsa eginda dio ilobak finala ikusi nahi duela. Zein taldetakoa den garbi dauka, dena den.

Batek baino gehiagok ez zuten izan 2001eko Dortmundeko (Alemania) finala ikusterik. Kopakoa iristeko irrikan dira Alicia Castaño eta Izaskun Bergara: «Oso txikia nintzen 2001ean», zehaztu du Castañok. «Asko hitz egin digute aurreko finalaz, baina ez da gauza bera entzutea edo ikustea». Bergarak ere nabarmendu du ikusteak gehiago eskainiko diela. Hala ere, bere laguna baino baikorragoa da, tituluarekin itzultzea espero baitu.

Alavesek lehenengo aldiz jokatuko du Espainiako Kopako finala. Baina azken urteetan lortutakoa ez da makala izan. 2008-2009ko denboraldian Bigarren B mailara jaitsi zen. 2013an lortu zuen Bigarren Mailara itzultzea, eta iaz Lehen Mailara. Zaleak pozik daude egoera berriarekin, luze iraungo duen esperantzan. Josean Kerejeta Baskoniako presidente eta Alaveseko akziodun nagusiarekin lotzen dute lortutakoa, hein handi batean. Alavesen garai gogorrenetan fidel mantendu ziren bazkideei finalerako sarrerak lortzeko lehentasuna ematea eskatu duenik bada zaleen artean.

Maiatza urrun egon arren, aste bukaera honetan izango du Mendizorrotzak lehen proba. Izan ere, Alaves eta Bartzelona elkarren aurka ariko dira bihar Mendizorrotzan, ligan. Zaleek garbi dute «irabaziko» dutela. Haiek hamaika dira, gu 20.000 leloa erabili du Alavesek zaleak partidara erakartzeko. Zelaian ikusiko da ea fedeari eutsi behar zaion, edo norbere esku dagoen.

BERRIAn argitaratua (2017/02/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA