astekaria 2017/02/10
arrowItzuli

gizartea

MIKEL ARREGI

«Hizkuntza eskubideak bermatzea ere auzitan jartzen dute batzuek»

Ion Orzaiz

«Hizkuntza eskubideak bermatzea ere auzitan jartzen dute batzuek»

Mantso, baina badabil. Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikaren norabidea aldatzen hasia da, eta horren adibiderik garbienak dira azken asteetan aurkeztu dituzten berritasunak: inkesta soziolinguistikoa —1996tik estreinakoz, Nafarroako Gobernuaren parte hartze zuzenarekin—; 2016-2019 aldirako Euskararen Plan Estrategikoa; euskara administrazioan arautzeko foru dekretua, eta euskarazko hezkuntza haur eskoletan nahiz D eredua sare publikoan zabaltzeko neurri zehatzak. Neurri horiek, baina, eskuin politikoak nahiz mediatikoak haizatutako kontrako jarrerekinjo dute aurrez aurre. Euskaldun guztien hizkuntza eskubideak bermatze aldera, giro nahasi hori gainditu behar dela uste du Euskarabidea institutuko zuzendari Mikel Arregik (Iruñea, 1961).

Inkesta soziolinguistikoaren emaitzak aurkeztu zenituzten urtarrilaren 20an. Zeintzuk dira ikerketa horrek utzitako ondorio nagusiak?

Hiru ardatz nagusi ditu inkestak: euskararen ezagutza maila, erabilera eta hizkuntzarekiko jarrera. Lehen multzoari dagokionez, nabarmenduko nuke azken 25 urteotan igo egin dela elebidunen kopurua, %9,5etik %12,9ra. Eta elebidun hartzaileen kopuruak ere gora egin du Nafarroa osoan.

Igoera nabari da, bai, baina mende laurden batean euskaldunen kopurua hiru puntu handitzea ez al da mantsoegi ibiltzea?

Hala da, bai, baina emaitza horien atzean dauden faktore guztiak hartu behar ditugu kontuan: euskarari jarri zaizkion traba politikoak, herritarren eskubidea mugatzen duen lege esparrua, baina baita nafar askok hizkuntzarekin duten jarrera ere. Finean, euskararen bilakaera aztertzeko garaian, kontuan izan behar dugu nondik abiatzen garen. Zein den gure errealitate soziolinguistikoa. Hori esanda, badira oso interesgarriak diren datuak ere: adin tarteari erreparatuta, ikusiko dugu 16 eta 24 urte bitarteko gazteen ezagutza %25era igo dela. Elebiduna da Nafarroako lau gaztetik bat.

Euskararen kontrako jarrera ere indartu dela dirudi...

Bai, euskararen aldeko jarrerak behera egin du, eta aurkakoak, berriz, gora. Hala ere, azken bost urteotako joera da, 25 urteko bilakaera osoa aintzat hartuta, euskararen alde daudenen kopuruak gora egin baitu, oro har. Zaila da jarreren inguruko interpretazio zehatza egitea, lotura estua baitute unean uneko faktoreekin. Inkesta hau, adibidez, 2016ko udaberrian egin zen, eta, une horretan, giroa gaiztotuta zegoen euskararen inguruan, eztabaida politikoaren ondorioz. Horrek eragin handia izan zuen inkestan parte hartu zutenen iritzian.

Plan Estrategikoaren aurkezpenean, euskararen irudi publikoa hobetzeko neurriak nabarmendu zenituzten. Lehentasuna al da hori?

Tira, Euskararen Plan Estrategikoa oso zabala da, eta helburu asko zehazten ditu, ez bakarrik euskararen prestigioarena edo irudi publikoarena. Baina egia da zati garrantzitsu bat dela. Hiru zutabe nagusi dauzka egitasmoak. Horietako bat da euskararen erabilerari, ezagutzari eta zerbitzu publikoetan egin beharreko eskaintzari buruzkoa. Bigarren atal handia lege esparruari dagokio: egungo legedia oinarri gisa hartuta, zer-nolako bideak jorratu ditzakegun eskubide linguistikoak bermatzeko. Azkenik, hirugarren zutabea hizkuntzari prestigioa emateko lanarena da, eta, horrekin lotuta, diskurtso berriak garatzea, adostasun puntuak aurkitzea... Zertarako? Bada, hizkuntza gatazka politikoaren erditik ateratzeko. Egun, zurrunbiloaren begian dago euskara, eta hori oso kaltegarria da hizkuntza eskubideen ikuspegitik.

Zergatik?

Eztabaidan jartzen delako hizkuntza eskubideen onespena bera. Gobernu batek garatzen duen hizkuntza politika kritikagarria da, eta nik hori ez dut inoiz zalantzan jarriko. Baina askok auzitan jartzen dutena eskubidea bera da; eskubideak bermatu behar ote ditugun ala ez. Lan handia egin behar dugu oraindik egoerari buelta emateko.

Hiru urtean hamar milioi euroren inbertsioa aurreikusi duzue Euskararen Plan Estrategikoa garatzeko. Urtean 3,2 milioi. Nahikoa iruditzen al zaizu?

Egiazki, 2017ko inbertsioa soilik zehaztu dezakegu, Nafarroako Parlamentua delako urteroko aurrekontua onar dezakeen bakarra. Guk dioguna da 2017ko konpromiso ekonomikoa mantendu egin beharko litzatekeela, gutxienez, hurrengo bi urteetan.

Oraingoz, konforme zaude aurrekontuarekin?

Uste dut ahalegin sendoa egin dutela gobernuak eta legebiltzarrak, eta plan honen barruan badirela gara daitezkeen arlo asko. Helduen euskalduntzean, adibidez, ahalegin ekonomikoa nabari da aurrekontuetan, baina egia da azterketa sakonago bat falta dela oraindik etorkizunean beharko diren baliabideak zehazteko. EAEn duela gutxi sartu zuten doakotasunaren ikuspegia helduen euskalduntzeari dagokionez. Nafarroan ezin dugu zehaztu hori posible izanen dela legealdi honetan. Gizarte eragileek planteatu digute, eta Euskarabideak helburu horren alde lan eginen du, baina, orain bertan, ezin dugu ziurtatu, egoera ekonomikoak izugarri baldintzatzen dituelako aurrekontuak. Arriskutsua izanen litzateke konpromisoa hartzea errealitate ekonomikoa zein izanen den jakin gabe.

Euskara administrazioan arautzeko foru dekretua aurkeztu duzue, 1986ko Euskararen Legea oinarritzat hartuta, euskaldunen eskubideak bermatzeko. Uztargarriak al dira zonifikazioa eta eskubideen bermatzea?

Dekretu batek ezin du lege bat aldatu, ezta haren aurka arautu ere. Hortaz, egungo araudian oinarritu behar izan dugu, dekretua garatu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, Euskararen Legea oinarri gisa hartuta, hainbat neurri plantea ditzakegu. Adibidez, arauak plantea ditzakegu, administrazioko zerbitzu zentraletan euskarazko arreta bermatzeko. Nafarroako herritar guztiei zerbitzua ematen dieten unitateak dira horiek; hortaz, berdin du non duten egoitza. Nafarroako Ospitale Gunea, adibidez, Iruñean dago, baina lurralde osoko herritarrak artatzen dituzte bertan, eta denen hizkuntza eskubideak hartu beharko lirateke kontuan.

Irizpide horrek aldaketak eraginen ditu administrazioko postuetan, ezta?

Guk argi duguna zera da: Hezkuntza Departamentua kenduta, euskara eskakizun dela administrazioko lanpostuen %0,9an. Daukagun beste datu bat da 3.000 bat funtzionario egonak direla Nafarroako Gobernuaren euskaltegian, formakuntza jasotzen, eta horietatik 1.000 inguruk lortu dutela B2 eta EGA mailen arteko titulazioa. Ez dakigu gainontzeko langileen artean zenbat diren euskaldunak, hori guztia aztertu gabe dagoelako. Pentsatzekoa da departamentu bakoitzeko giza baliabideak hobeto antolatu ostean euskarazko arreta hobetu dezakegula. Aprobetxatu behar dugu baliabide hori.

Departamentuen optimizazioaz gain, lanpostu berrien deialdiak ere moldatu beharko dituzue hizkuntz eskakizunak ezarrita...

Bai, baina lan eskaintza publikoak diseinatzean, ez da hizkuntza ikuspegia soilik aztertzen. Beste hainbat aldagai ere badaude jokoan: erretiroak non dauden, erreposizio tasak non ezartzen dituzten... Besteak beste, Osasunbideko lan deialdia atera zenean, erretiratutako langile gehienak Erriberakoak ziren, eta egungo legeak ez digu aukera ematen lanpostu horietan hizkuntza eskakizunak jartzeko.

Dekretua onartzen den unetik, urtebeteko epea izanen du departamentu bakoitzak euskara plana egiteko. 2018rako, beraz. Mantsoegi al doa aldaketa?

Kanpotik begiratuta, logikoa da pentsatzea administrazioa motel dabilela, baina ahalegin handia egiten ari gara. Egin beharreko urrats asko dira, eta planifikazio izugarria eskatzen du horrek.

2019an UPN gobernura itzuliko balitz, uste al duzu hartutako neurriak atzera botako dituela?

Hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzen ditugun heinean, uste dugu atzerakorik gabekoak direla. Hori esanda, demokratikoki aukeratutako gobernu batek erabakiko balu neurri horiek desegitea, agian zilegitasuna izan lezake, baina oso larria izanen litzateke. Eskubideak urratzea izanen litzateke... baina ezin dugu erabat ziurtatu gertatuko ez denik. Gertatu izan da.

Eremu ez euskalduneko hamabi herrik eskaera egina dute eremu mistora pasatzeko. Ongi iruditzen al zaizu instituzioek eskaera horri bide ematea?

Auzi horretan, legebiltzarrarena da erantzukizuna, eta ez Euskarabidearena; baina nik neuk egoki ikusten dut proposamen horiek aintzat hartzea. Batez ere, kontuan izanda 2010ean ere antzeko eskaera egin zutela beste lau udalerrik, eta parlamentuak prozedura arautu zuela horiei erantzuna emateko. Neurri logikoa iruditzen zait.

BERRIAn argitaratua (2017/02/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA