astekaria 2017/02/10
arrowItzuli

bizigiro

Entrenatzailea eskumuturrean

Iker Tubia

Entrenatzailea eskumuturrean

Eserita egotea da oraingo tabakoa». Han eta hemen aditzen den leloa da. Izan ere, sedentarismoak kezka piztu du, eta geldi egoteari gerra deklaratu diote medikuek. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, munduko populazioaren %60k ez du osasunerako onuragarria den gutxieneko jarduera egiten. Are, OMEk azaldu du sedentarismoa heriotza eragiten duen laugarren arrazoia dela munduan. Beraz, mugitzen hasteko tenorea da.

Seguruenik, hori da jende anitz jardueretarako eskumuturrekoak erostera eraman duen arrazoietako bat. Gailu horiek erabiltzaileak egun osoan egiten duen jarduera kuantifikatzeko balio dute, eta haietako askok abisua ematen dute denbora tarte luzez jarduerarik egiten ez bada. Horregatik, kirol medikuntzaren alorrean, hainbatek aholkatzen dute horien erabilera.

Wearable edo soinean eramateko teknologien salmentak gora doaz IDC International Data Corporationen arabera, eta, haien artean, jardueretarako eskumuturrekoak arrakasta handia izaten ari dira. Ramos Llamas IDCko ikerketa kudeatzaileak dioenez, hauek dira hobekien saltzen ari direnak, erraz erabiltzen direlako: «Diseinu eta erabilera sinplearekin oso kontent dira erabiltzaileak; erabiltzeko eta ulertzeko erraztasunak ematen die balioa gailu hauei».

Argi dago: salgai gisa funtzionatzen dute. Kontua da erabilgarriak direnetz. Hainbat adituk baietz uste dute, baina, betiere, ongi erabiliz gero. Erabiltzaileek ezin dute eskumuturrekoa erosi hari esker pisua galduko dutela pentsatuz. Teknologia horrekin egindako jarduera monitorizatzeko aukera izanen dute, eta datu horiek ongi erabiltzea komeni da. «Monitorizatzeak balio du ondoren zerbait proaktiboa egiten baduzu. Sedentarioa zarela konturatuz gero, saia zaitez gehiago mugitzen, ez zara gehiago mugituko soilik hori jakiteagatik», esan du Julen Aldaia elikadura aholkulariak.

Eskumuturrekoen artean ezberdintasun handiak daude. Merkeenek urratsak monitorizatzen dituzte, eta bibrazioa egin. Hortik aurrera, podometroa, pultsometroa... eta oso onak direnek HRV bihotz taupaden maiztasunaren aldakortasuna neurtzen dute. «Kirolerako balio du, entrenamenduaren ondoren indarberritu zaren ikusteko, adibidez, baina kirolaz gainera balio dezake jakiteko ea urduri edo lasai zauden». Aurki, glukosa neurtzeko ere balioko dute, besteak beste.

Eder Etxeberria Korta kirol medikua da, eta horrelako gailuak oso gogoko dituela onartu du, araututako kirola egiten ez duten pertsonentzat baliagarriak direlakoan. «Zenbat ariketa fisiko egiten duzun kontatzen laguntzen dizu, baina, batez ere, bihotz taupaden maiztasuna neurtzen dutelako dira interesgarriak». Berak gomendatu ohi ditu, eta ingurukoei bana erosi die. Uste du baliagarriak direla kirolik egiten ez dutenentzat edo gaitz kronikoak dituztenentzat. Adibidez, bihotz operazio baten ondoren, kirolari muga jartzeko balio dezake, edo, momenturen batean ondoezik sentituz gero, bihotzean zerbait gertatu denetz jakiteko.

Bestalde, jarduera fisikoa egitera bultzatzen dutela uste du Etxeberriak. «Egindako kilometroak ikusita, elkarreragin horrek motibatzen du ariketa gehiago egitera. Egunero deus ez zarela mugitu ikusita, ariketa egitera behartzen duzu zeure burua». Horretaz gainera, gauean lo nola egiten duzun ikusteko aukera ematen dute, eta hori ere baliagarria izan liteke.

Kirolari profesionalek pultsometroak erabiltzen dituzte, baina Etxeberriak uste du amateurrentzat baliagarriak izan daitezkeela. Adibidez, Aldaiak kulturismoa egiten duen gizon batekin eginen du lan aste honetan, eta jardueretarako eskumuturrekoa erabiltzeko eskatuko dio: «Egiten duen jarduera monitorizatu nahi dut; horrela, ez diot ariketa gehigarririk eskatu behar».

Elikadura aholkulariak ere begi onez ikusten ditu eskumuturrekoak: «Egunean egiten duzun ariketa modu argiagoan neurtzen dizu, eta kirol ordutegitik ateratzen zaitu; azkenean, kaloria gehienak kirol jardueratik kanpo erretzen ditugu». Ezagutzen duen adibide bat jarri du: supermerkatu bateko biltegiko langileak zortzi kilometro egiten zituen lanorduetan batetik bestera ibiltzen. Egunean egindako ariketa fisikoaren berri izatea onuragarria da kirola egiten duten lagunentzat ere. Izan ere, ez dago ongi bizikletan ordu bat ibili eta gimnasioan 40 minutu egon ondoren deus ez egitea. «Azkenean, ez dago konpentsaziorik, ez du deusetarako balio izan».

Ongi erabili behar dira

Badu onurarik, baina arriskurik ere bai. Etxeberriaren aburuz, ongi erabili behar dira, obsesioak alde batera utzita. «Kaloriak erretzeko garaian edo, muturrera jotzeko arriskua izan dezake pertsona obsesibo batek». Kirol medikuaren iritziz, gailu horietan bihotzaren taupadak kontrolatzeko aukera da garrantzitsuena. Horrekin batera, uste du GPSa izatea ere komeni dela, jakiteko zenbat mugitu den norbera.

Txomin Eizagirre oriotarrak eskumuturrean darama entrenatzailea. Lanera ere joaten da gailua jantzirik, eguneko jarduera kontrolatzeko. Noizbehinka, gailuak hitz egiten dio: geldi denbora gehiegi daramala ohartarazteko izaten da. «Mugitzeko tenorea duzu», esaten dio. «Kalkulatzen du egunean zenbat pauso eman behar ditudan». Baina ez hori bakarrik. Demagun bere helburua lortzeko egunean 10.000 urrats egin behar dituela. Goizean egin ditu urrats horiek. Ez da aski. «Arratsaldean ez dizu lasai egoten uzten. Egin beharreko jarduera bete duzu, baina eskatzen dizu ez gelditzeko».

Bere kasuan, badu beste abantaila bat eskumuturrekoak. Bere entrenatzaile fisikoa Saudi Arabian bizi da orain, eta eguneko jarduerari buruzko datuak hari bidaltzen ahal dizkio zuzenean. Triatloia egin ohi du Eizagirrek, eta erabilgarri zaio kirola egiten duenean: «Erabiltzen dut jakiteko noraino ailegatu naizen, eta kontrolatzeko azkarregi edo mantsoegi noan». Dena den, bihotz taupadak neurtzeko zinta bat paratzen du bularrean.

Erabilerak argi daude, baina ez hain argi eskumuturrekoek ematen dituzten datuak zehatzak ote diren. Aldaiak dio gutxienez %10eko errorea izaten dutela erretako kaloriei buruzko informazioa ematean. Ikerketa batzuen arabera, fidagarriagoak dira urratsak kontatzeko, pertsona baten energia gastua eta loa zehaztasunez neurtzeko baino. Kirolariek ere egin izan dituzte probak, eta ikusi dute neurgailu batetik bestera datuak aldatu egiten direla, eta batzuetan %25eko diferentziak nabarmendu.

Adituek ere kontuan hartzen dute hori. Etxeberriak, hala ere, erabilgarriak direla uste du: «Zientifiko izateraino ez, ikerketa bat ezingo genuke horrelako gailu batekin neurtu segur aski, baina uste dut norberarentzat baliagarriak direla». Aldaiak bide beretik jo du: «Honek, gutxienik, egunean egiten duzun jardueraren berri izatera gerturatzen ahal zaitu».

Biek hala biek uste dute erretako kaloriei erreparatzea ez dela garrantzitsuena. «Erretako kaloriak zehazki jakiteko modua laborategia da, eta horrelakoak ez dira eskuragarriak», azaldu du Aldaiak. «Horrelako eskumuturreko bat erabiltzekotan, ez nioke inoiz ere begiratuko erretako kaloria kopuruari, baizik eta egindako ariketa fisikoari», zehaztu du. Hala ere, Aldaiak uste du jende askok makinek ematen dituzten datuak gaizki interpretatzen dituztela gimnasiora joatean. Bi kasuak alderatu ditu: «Gimnasioko makina batekin berdin gertatzen da. Esanen dizu x kaloria erre duzula, baina huts egin dezake. Baina zuk denbora gehiago egin baduzu, edo denbora gutxiagoan kilometro gehiago, aurrera egin duzu, listo, ongi da».

Bestalde, eskumuturreko guziak ez dira berdinak, eta, noski, fidagarritasuna ere aldatu egiten da modelo batetik bestera. Etxeberriak eman ditu gakoak: «Fidatzeko eskumuturreko horretaz, zure datu pertsonalak behar dituzte. Horretaz gainera, zure pultsu maximoa eta zure mugak sartzeko aukera baduzu, datuak oso-oso fidagarriak izan daitezke». Zenbat eta aldagai gehiago, orduan eta fidagarriagoa izanen da, beraz. Eskumuturrekoak erabiltzekotan, garrantzitsua da jakitea zertarako erabiltzen diren.

BERRIAn argitaratua (2017/02/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA