astekaria 2017/02/10
arrowItzuli

mundua

Mexiko, iparra galduta

Iñigo Bilbao

Mexiko, iparra galduta

Donald Trump AEBetako presidenteak kargua hartu zuenetik, zain bizi dira mexikarrak. Etorkizunak zer ekarriko dien esperoan: mugako harresia egingo duten, edo ez; Ipar Amerikako herrialdeen arteko merkataritza hitzarmenak etorkizunik izango duen, edo ez; AEBetara legez kanpo, edo legez, sartzerik izango ote duten, edo ez… Zain daude, eta, bien bitartean, gero eta handiagoa da hainbatengan errotutako egonezina. Trump egunero dute albiste, eta gaurkoak atzokoak baino gehiago estutzen ditu mexikarren asmoak eta poltsikoak. Kezka eta haserrea agerikoak dira: kezka, iparraldekoak benetan egingo duenarekin, eta haserrea, berriz, etxekoek hartua duten jarrerarekin; «epela», askoren hitzetan.

Mexikarrek duela urtebete ikasi zuten, Trumpek hauteskunde kanpainan iragarri bezala, eurak aterako direla okerren, ahulenak direlako. Hasieran, irmotasuna erakutsi zuen Peña Nieto presidente mexikarrak, AEBetara egitekoa zuen bidaia bertan behera utzi zuenean. Horrek ordura artekoak ahantzarazi dituen: 43 ikasleren desagerpena, eguneroko hilketak eta basakeriak eta, azkena, gasolinaren prezioaren neurrigabeko garestitzea. Batasunaren aldeko aldarria eginez, mexikarrak berton egindako produktuak kontsumitzera deitu zituen presidenteak.

Atzo bertako albistea da: Videgaray, Kanpo Harremanetarako idazkaria Washington hirian izan da, AEBetako Estatu eta Segurtasun idazkariekin hizketara joanda. Zenbaitek uste dute, Mauricio Duranek bezala, «nagusiari berriro ere men egitera» joanak direla agintari mexikarrak. Kalean jaso ditu BERRIAk hainbat mexikarren iritziak. «Iruditzen zait Trumpek bullying-a egiten duela profesioz, hori delako enpresa munduan negoziatzeko izan duen modua». Duran 40 urteko arkitektoa da: «Trumpek eraso bortitza egiten du berehalakoan, aurrean daukana beldurtzeraino, eta, horrela, aurreko guztiak kikilduta, nahi duena egiten du haiekin».

'Bullyng'-a

Mexikori egindako mehatxuak onartezinak iruditzen zaizkio: «Txinarekin dute AEBek harreman ekonomikorik handiena, baina haiekin ez da ausartzen, txinatarrak hortzak erakusteko gai direlako. Ahulenarekin sartzen da, gurekin, eta guri egiten digu bullying-a». Alde horretatik, agintari mexikarren erantzuna epela izan dela dio: epela eta motela. «Adorea falta zaie, ez beren ikuspegia inposatzeko, baina bai mexikarron interesak defendatzeko».

Claudia Ramirezek 26 urte ditu, eta Politika irakaslea da unibertsitatean. Trumpkeriek ekonomian izango duten eraginez haratago, migranteekin eta giza eskubideekin zer jazoko den kezkatuta dago, batez ere. «Harresiarekin lortuko duen bakarra izango da jendea banatzea; kulturak, familiak eta enparauak banatuko ditu, baina, hortik aurrera, ezertarako ez du balioko». Eta, AEBek besterik badiote ere, uste du azkenean iparraldekoek ordaindu beharko dituztela muga zergak, estatubatuarren kontsumoa garestiago egingo duelako. Askok bezala, Ramirezek ez du Trump gogoko; are gehiago, arriskutsutzat jo du: «Ageri-agerian torturaren alde hitz egiten duen edonor da arriskutsua, halabeharrez mexikarrontzat, baina baita, eta batez ere, estatubatuarrentzat ere».

Baina Obamaren alde ere ez du hitz onik. «Ez dut uste Obama hobea zenik. Hark ere torturatu zuen, mexikarrak kanporatu zituen, eta gerra noranahi eraman zuen. Baina hori guztia horren ageriko egiteak eta harrokeriaz aldarrikatzeak legezko eta bidezko egiten du orain arte egiten zena».

Jesus Camilo Xoxotla 57 urteko ingeniari zibilak kalean eraikuntza lanean dela eman du iritzia. Hark ere ez du Trump begiko, «arrazista delako, eta mexikarrok garelako, antza, haren etsairik handienak», baina argi dauka gauza bat: «Nahiko nuke nik gure presidenteak gure herrialdearen mesedetan egingo balitu hark berearen alde agindutakoak».

Harresia egin edo ez, uste du alferrik izango dela, orain artean ipinitako oztopo guztiak gainditu dituztelako, bai etorkizun duinagoaren bila joandakoek, baina baita droga trafikatzaileek ere: «Haiek dira kontsumitzailerik handienak, eta, eskaera dagoen bitartean, eskaintza egon egongo da. Merkatu legeak dira horiek».

Agintari mexikarren jarrera orain arte oso ahula izan dela uste du: «Gure presidenteak ez dauka adorerik, ausardiarik, eta AEBetako agintariei nahi dutena egiten uzten die». Larriena, Xoxotlaren iritziz, zera da: «Trumpek mespretxuz hartzen du beti Peña Nieto, eta ez du lotsarik sentitzen txotxongilo izateagatik».

Paula Santollok 25 urte ditu, eta komunikazio politikoan aholkulari aritzen da. Alde horretatik eutsi dio gaiari: «Trump arriskutsua da; batez ere, hankaz gora ipini dituelako agintetik egingarria zenari buruzko irizpideak». Presidente estatubatuarrak esan eta egindakoek hauspotu egiten ditu, haren ustez, herritar askoren uste arrazistak, xenofoboak eta faxistak. «Zilegi egiten ditu uste eta jarrera horiek, eta desberdina denaren kontrako indarkeria sustatzen du». Santollok egiaztatu bezala, hasiak dira dagoeneko erasoak gertatzen.

Mugaren muga

Muga ere arazo ikusten du, gero eta zailago zaielako mexikarrei AEBetara sartzea, baita legez ere. «Egunotan, emakume bat atzera bota dute mugan bertan, bisa eta guzti, sakelakoan Trumpen gaineko meme bat zeramalako. Horrek nazioarteko legedi oro urratzen du, dudarik gabe».

Santollok ere ez du ulertzen bere gobernuak hartutako jarrera: «Mexikok, iparraldeari bizkarra eman, eta hegoaldeko herrialdeei egin beharko lieke jaramon, Latinoamerikan aitzindaritza ekonomikoa eta politikoa bere gain hartuz». Ez du uste, hala ere, agintariak horretarako gai izango direnik, eta asmorik izango dutenik ere.

BERRIAn argitaratua (2017/02/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA