bizigiro
Norainoko hesia tabakoari?
Lander Muñagorri Garmendia

Hala ere, neurri hori zirriborro bat besterik ez da, eta gobernuak ez du onetsi oraindik. Edozein modutan, gauza jakina da eztabaida eragingo duela neurri horrek, «debekua ez delako inoiz bide egokiena tabakoari aurre egiteko», Joan Ramon Villalbi Kataluniako Tabakismoaren Aholku Batzordeko presidentearen arabera. «Denok dakigu zer gertatu zen AEBetako lege lehorrarekin, ala?». Horregatik, neurri horren eraginkortasuna zalantzan jarri du, prebentzio neurriak egokiagoak baitira bere ustez. Baieztapen horrekin bat egin du Joseba Zabala Euskadi eta Nafarroako Tabakoari Aurre Egiteko Elkarteko bozeramaileak: «Halako neurri bat indarrean jarri aurretik, badago beste bide batzuetatik jotzea; hori etxebizitza bat teilatutik hastea bezala izango litzateke». Jorratu beharreko lehen ildoak, beraz, prebentzioan egin beharrekoak direla diote tabakismoko bi adituek. Galdera, ordea, hor dago: norainoko harresiak jarri behar zaizkio tabakoari?
Tabakoaren aurkako bidea luzea da, eta arnasaldi luzea eskatzen du, adituen arabera. Espainiako Gobernuak 2005. urtean jarri zuen martxan tabakoaren aurkako lehen legea, eta handik bost urtera berritu zuen. Osasun Ministerioak egindako neurketen arabera, 1997. urtetik 2013. urtera %34,9tik %30,8ra jaitsi zen eguneroko erretzaileen kopurua. Hau da, kasik lau puntu egin zuen behera erretzaileen mailak. Hego Euskal Herria kopuru horietatik beherago dago, EAEn biztanleen %28 baitziren erretzaile 2013. urtean, eta Nafarroan, berriz, %25,5. Frantzian, ordea, erretzaileen kopuruak gora egin zuen 2013an, eta, orduko datuen arabera, herritarren %32k egunero kontsumitzen zuen tabakoa. Horregatik, akaso, tabakoaren aurkako lege aitzindarienetako bat dago martxan Frantzian 2017az geroztik. Pakete neutroen aldeko apustua egin du Frantziako Gobernuak, hau da, tabako markaren logotipoa kendu eta pakete denei kolore berde iluna eman diete. Horrez gain, marka batzuk merkaturatzea ere debekatu du gobernuak, erretzearen esperientzia gazteentzako «erakargarria eta dotorea» bihurtzen zutelakoan.
Neurri ugari hartu dira mugaren bi aldeetan, eta horiek luzera begira izaten dute eragina, Villalbiren arabera. «Kontsumoa apaldu egin da, eta, hori tabako legeekin batera gertatu denez, uler daiteke bata bestearen eragina dela». Hala ere, Zabalak dio jaitsiera hori oraindik ez dela nahikoa. Horregatik, neurri gogorragoak ezartzearen alde azaldu da.
Erretzea normal ez bihurtu
Tabako erretzaileak pixkanaka gutxituz baldin badoaz ere, prebentzioaren bidea jarraitu beharrekoa dela diote biek. Orain arte, hiru mailatako neurriak hartu dira tabakoaren aurka Euskal Herrian aplikatu diren politiketan: zergen bidezko prezio igoerak, iragarkiak egiteko debekua, eta kerik gabeko guneak sortzea. «Neurri horiek ez dira erretzaileek tabakoa uzteko, ondokoei kalte ez egiteko baizik», dio Villalbik. Hori baita tabako legeen bereizgarri nagusietako bat: ez direla tabako kontsumoa murrizteko neurriak, baizik erretzaile pasiboei kalterik ez eragiteko neurriak. Baina erretzaileen kontsumoari ere eragiten dio, gutxinaka baldin bada ere.
Gizartean erretzaileen figura txikiagotzea lortu dela uste du Villalbik, eta horrek guztiak berekin ekarri duela erretzea bera normala ez izatea. Hau da, kaleko iragarkietatik desagertu egin dira tabako marken erreferentziak, eta espazio itxietan apenas erretzen den gaur egun. Horren eraginez, espazio publikoan erretzaileek zeukaten presentzia txikiagotu egin da, nahiz eta oraindik bertan dauden. «Gero eta erretzaile gutxiago ikusten dira orain kalean, eta, horiek gazteentzako erreferentzia diren heinean, halako eredu gutxiago daude». Erretzaileak gaztetxoentzat eredu bihurtzen direla azpimarratu du. Hainbeste, ezen erretzaileak diren familietako haurrek, urteak igaro ahala, erretzaile bihurtzeko aukera handiagoa baitaukate. Horregatik dio prebentzio neurri horien emaitzak urte luzeetara ikusiko direla. «Publizitaterik ez egoteak eta zenbait espaziotan erretzen ez uzteak normalizaziotik ateratzen baitu erretzea bera».
Gai hori garrantzitsua da ondorengo belaunaldiek tabakoa erreferentzia moduan hartu ez dezaten, Zabalaren eta Villalbiren arabera. Baina gazteek, eta are gehiago nerabeek, arrisku ugari hartzen dituzte heldutasunerako trantsizioan, eta hori «adin horren bereizgarria da», Eider Ormaetxea Etorkintza fundazioko kidearen arabera. Eskolan drogen prebentzioan egiten dute lan haur, nerabe eta gazteekin, eta tabakoarekin eta beste substantzia batzuekin esperimentatzea garaian garaiko kontu bat dela uste du. Horregatik, txikitatik haurren autoestimua eta bizitzan beharrezko izango dituzten tresnak garatzen egiten dute lan, euren fundazioaren bidez. Hau da, prebentzio goiztiarra egiten dute, baina drogei buruz hitz egin gabe. «Gaztaro edo nerabezaroan drogekin arazo gutxiago izateko aukerak garatzeko egiten dugu lan», dio. Alegia, horiekin harremanik izanez gero, droga horiei aurre egiteko behar adina tresna garatzea.
Gaztarora arte ez dute gazteekin drogei buruz hitz egiten, eta, une horretan, droga horien alde onak eta txarrak azpimarratzen dituzte: «Informazio objektiboa ematen diegu, ondoren eurek euren ondorioak atera ditzaten». Bertatik bertara izaten dute harremana gazte horiekin, eta aitortu du tabakoaren inguruko arriskuen berri badutela. «Tabakoaren kontsumoan duten arriskua oso handia da, baina kalamuaren arrisku pertzepzioa, aldiz, txikia». Alegia, kalamuaren ondorioen inguruan ez daukate pertzepzio negatiborik, baina, Zabalak aditzera eman duenez, kalamua erretzen duten gazte guztiek tabakoa erretzen dute. Eta, ondorioz, adikzioa sortzeko arriskua ere handiagoa da. Adin horretan hartzen dituzten arriskuak izan daitezke, baina luzera begira tabakoarekin izan dezaketen harremana ere orduan hasten da gazte askorentzat.
Kezkatuta azaldu da gai horrekin Zabala. Izan ere, kalamua erretzen duten gazteen artean maizen agertzen den adikzioa ez da kalamuarena izaten, tabakoarena berarena baizik. «Kalamu erretzaileek tabakoa erretzen dute, eta hori kontuan hartu behar da, askotan tabakorako sarrera bat izaten delako». Horregatik guztiagatik, prebentzioa ere ildo horretara iritsi behar dela uste du.
Legea betetzeko eskaera
Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak joan den urtean onartu zuen Adikzioen Legean kalamu klubak erregulatzen ziren, eta hori kalamua legeztatzeko lehen urrats moduan hartu du Zabalak. Kalamuaren beraren kontsumoa erregulatzeko puntu garrantzitsua dela uste du berak, une honetan edozein lekutan erretzen baitute gazteek. Baina Espainiako Gobernuak legearen puntu horri helegitea jarri dio Auzitegi Konstituzionalean, gai horren inguruko eskumena Jaurlaritzari ez dagokiola ebatzita.
Hala ere, Adikzioen Legeak indarrean jarraitzen du, eta tabakoaren esparruko araudia «indartsua eta aurrerakoia» dela azaldu du Zabalak. Haren arau guztiak, ordea, bete gabe daudela dio, eta indarrean jar daitezela eskatu du. «Oraintxe, tabernetako terraza gehienetan ez da legea betetzen, ezta garraio publikoko geltokietan ere», azaldu du. Izan ere, legearen arabera, espazio itxi eta erdi itxietan —teilatua eta metro eta erdiko garaierako horma duten guneak— ezin da erre. Hau da, egungo terraza eta autobus edo tren geltoki gehienetan. Eta, salatu duenez, gune horietan ez dago erretzea galarazita dagoela ohartarazten duen inolako jakinarazpenik. «Legea oso aurrerakoia da erretzeko mugen inguruan, baina arau horretan sinistu egin behar da, eta arau horiek betearazi behar dira».
Hala gertatu da, esaterako, kirol estadio irekietan. Halakoetan erretzea ere debekatzen du Jaurlaritzaren arautegiak, eta oraingoz legea betetzen ari dira. Bozgorailuetatik debekuaren berri ematen dute, eta ohartarazpenak ere begi bistakoak dira. Horren eraginez, Espainiako Ligan erretzea galarazita dagoen estadio bakarrak Anoeta, Mendizorrotza, Ipurua eta San Mames dira, baita Bartzelonako Camp Nou ere. Alde horretatik, prebentzioaren arloan Eusko Jaurlaritzaren Adikzioen Legea aurrerakoia dela uste du Zabalak, baina oraindik neurri gehiago hartu daitezkeela uste du. «Auto barruan erretzeko debekua zabaldu liteke, are gehiago haurrak autoan baldin badoaz, frogatuta baitago erre eta bi ordura oraindik tabako kearen partikulak geratzen direla».
Horrez gain, Espainiako Gobernuari eskaera egin dio, Frantziakoak egin bezala, tabako pakete neutroen eredua ere aplika dezan. «Horretan Jaurlaritzak ez dauka eskumenik, baina zabaldu beharreko eredu bat da, horrela tabako konpainiek publizitatea egiteko esparru bat gehiago galduko baitute». Izan ere, tabakoari eta tabakismoari aurre egiteko ahal beste tresna hartuta, erretzea bera normalizaziotik ateratzea lortuko litzateke. Eta prebentzioan beste urrats bat egingo litzatekeela uste du. Iparraldeko tabako dendetara iritsia da neurri hori, eta, oraindik ez dagoen arren horren eraginaren daturik, argi dago tabako konpainiek presentzia galdu dutela.