astekaria 2017/02/10
arrowItzuli

kultura

Paleta osoko Renoir

Iñigo Astiz

Paleta osoko Renoir

«Bidegabekeria hutsa da inpresionismoa fetixizatu eta Renoirren lana Le Moulin de la Gallette margolanera soilik murriztea». Guillermo Solana komisario eta Thyssen-Bornemisza museoko zuzendari artistikoaren esaldi horrek laburbiltzen du Bilboko Arte Ederren Museoan zabaldu duten Renoir: intimitatea erakusketaren izpiritua. Izan ere, nagusiki bere lan inpresionistek egin dute ezagun Pierre-Auguste Renoir margolaria (Limoges, Okzitania, 1841- Cagnes sur Mer, Frantzia, 1919). Baina okerra da irudi hori, Solanak dioenez. Ezin da sortzailea joera horrekin soilik identifikatu, zehaztu duenez, sortzailearen lau hamarkadako ibilbidearen laurdena baino ez baitu hartzen sasoi horrek. Eta horregatik erakusketarako hautatutako 64 margolanak. «40 urteko ibilbide hori aldarrikatu nahi izan dugu». 1864tik hasi eta 1916rako tartean sortutako lanak bildu dituzte horretarako, eta mundu zabaleko hamaika museotako bildumetatik batu behar izan dituzte piezak. Madrilgo Thyssen-Bornemisza museoarekin batera sortu dute erakusketa. Euskal Herrian artistari inoiz eskainitako atzera begirakorik zabalena izango da, eta baita Bilboko museoak aurten izango duen erakusketa nagusietariko bat ere. Maiatzaren 15era arte izango da zabalik.

Intimitatea. Ez da debaldekoa erakusketari jarri dioten izenburua, komisarioaren hitzetan. Renoirrek margotzen zituen gaiekiko zuen lotura estua azpimarratu dute antolatzaileek. Gertukoak margotzen zituen maiz: senitartekoak, etxean lanean zituen emakumeak eta ezagun zituen inguruak. Eta gertutasun horri egiten dio erreferentzia tituluak. Gainera, Solanak azaldu duenez, intimitate mailaren arabera antolatu dute erakusketa ere. «Ibilbidean aurrera egin ahala, haziz doa intimitatea», zehaztu du. Koadrorik zaharrenekin hasten da bisita, eta koadrorik berrienekin amaitu, baina gaika ere sailkatu dute ibilbidea. Sei ataletan. Lau emakumeri egindako erretratuekin abiatzen da lehen aretoa, eta gero datoz artistaren enkarguzko erretratuak, lan inpresionistak, haren paisaiak eta familia ardatz duten koadroak. Amaitzeko, emakumezkoen biluziei eskaini diete azken aretoa. Bainularien margolanei, alegia. Eta komisarioaren hitzetan, gako dira lan horiek, bertan erein baitzuen artistak hurrengo belaunaldiengan haziko zen artearen hazia. Solana: «Ezin dira 1920ko hamarkadako Picassoren bainulari monumentalak ulertu, Renoirren erreferentzia ulertu gabe».

Gainbehera kritikoa

Pintorearen itzalaren gainbehera deskribatu du komisarioak. «Publiko zabalak ikaragarri maite du Renoir, baina ez du bereziki harrera onik izan azken belaunaldiko arte historialarien eta kritikarien artean. Azukretsuegia dela diote, eztiegia, politegia eta baita pinpirinegia ere». Aitortu ditu motibo batzuk. Zail da ideologikoki artistaren figura aldarrikatzea, adibidez: antisemita, antidemokrata, matxista, modernitatearen etsai... Baina ez da hori bakarrik, zeren eta, Solanak azaldu duenez, artistikoki ere, inpresionismoaren aurpegirik onberenaren ikur bilakatuz joan baita artista urteekin. Hala begiratu dute, behintzat, arte historialariek.

Artistaren koadroak museoetatik kentzeko eskatzen zuen AEBetako Renoir Sucks kanpaina satirikoa aipatu du horren adibidetzat komisarioak. Sare sozialen bidez zabaldutako broma bat baino ez zen izan, azaldu duenez, baina broma esanguratsu bat, halere. «Sintomatikoa da jomugatzat Renoir hautatu izana, zeren eta, hain zuzen ere, Renoir izan baitzen publiko burges zabalak onartu zuen lehen inpresionista, eta, horregatik, kolpeak jasotzen dituen pailazoaren rola hartuz joan zen XX. mende erdialdetik aurrera, modernitatea gero eta muturrekoago bihurtuz zihoan heinean. Gustu burgesaren ikur bilakatuz joan zen».

Artistaren balioa aldarrikatu du komisarioak. Horregatik azpimarratu du artistak hurrengo belaunaldietan izandako eragina. «Hiru artista handi dira XX. mendeko pinturaren modernotasunaren iturburua: Pierre Bonnard, Henri Matisse eta Amedeo Modigliani. Eta hirurek bisitatu zuten Renoir jadanik zahartua, Frantzia hegoaldeko bere etxean, pinturaz aritzeko eta haren aholkua entzuteko. Debozioz joaten zitzaizkion bisitan hiru artista haiek. Interes berezia pizten zien azken sasoiko bere gehiegizko biluzien lan sortak. Eta izan zen Renoir bisitatu nahi izan zuen beste pintore bat ere. Saiatu zen, baina ez zuen lortu. Laugarren pintore hori Pablo Picasso zen». Eta kontuan hartu beharrekoa da ondorengotza hori, komisarioaren esanetan. «Ez da komeni ahaztea XX. mendeko artista aurreratuenetariko batzuek bi itsasargi nagusi zituztela, eta bi itsasargi horiek zirela, batetik, [Paul] Cezanne, eta, bestetik, Renoir».

Ikusteaz gainera, kasik usaindu eta ukitu ere egin daitezke Renoirren koadroak erakusketan. Etengabe dabil artista ikuslearen zentzumenei deika. Nabarmen, adibidez, 1875ean margotutako Emakumea eguzkitakoarekin, lorategi batean koadroan. Landa paisaia bat irudikatzen du artistak, eta, bertan, dena da lore, dena kolore, dena usain. Bi emakume igar daitezke atzealdean, sentsazio iskanbila horren erdian; loreak biltzen bata, eguzkitakoaren gerizpean bestea. Bakean. Paradisu moduko baten erdian.

Ukimena behin baino gehiagotan aipatzen zuen artistak bere lanari buruz hitz egiterakoan, eta erakusketarako prestatutako testuak ere behin baino gehiagotan mintzo dira artistaren lanen «ukipen balioez». Jean Renoir semearen aitari buruzko esaldi bat ere irakur daiteke hormetan, esaterako: «Loreei, emakumeei eta zeruko hodeiei begiratzen zien, beste gizon batzuek ukitu eta laztandu egiten dituzten moduan».

Areto berezi bat ere eskaini diote erakusketaren antolatzaileek zentzumenen gaiari. Lorez betetako paisaia horren erliebe bat jarri dute bertan, eta eskuz ukitu ahalko du pieza bisitariak. Horrez gainera, txorien kantuak entzun daitezke entzungailuekin, eta hainbat loreren usaina gordetzen duten ontzi batzuk ere jarri dituzte.

Emakumeekiko lilura

Esperimentaziorako aitzakia ziren paisaiak artistarentzat. Gainontzeko inpresionistez bestera, nagusiki giza irudiak margotu zituen Renoirrek, eta koloreekin eta egiturekin jolasteko baliatu zuen paisaiagintza. Eta igartzen da hori Bilboko erakusketan bildutako piezetan. Areto oso bat hartzen dute margolariaren paisaiek, eta bereziki zabal darabil paleta, esaterako, Moulin Hueteko badiaren inguruko muinoak, Guernsey koadroan. Ñabarduraz beteta daude sastraken itzalen koloreak; urdin, berde, hori, zuri eta marroi. Itsas paisaia bat haren ondoan. Ura da koadroaren hiru laurden baino gehiago, eta, bertan, zertzelada txuri batzuk baino ez: itsasontzien oihalak. Lehen planoko belardian, berriz, bi zertzelada marroi arin koadroaren ezkerreko izkinan: emakume bat, immentsitateari begira.

Erakusketan argi antzematen da emakumeek artistarengan pizten zuten lilura ere. Erretratuetan ageri diren gizon gutxi batzuk salbu, andrazkoak dira nagusi lan gehienetan. Emakumeak leiho ondoan irakurtzen, emakumeak brodatzen, emakumeak hondartzan, emakumeak kapelekin, emakumeak haurrei titia ematen, emakumeak biluzik, emakumeak pianoa jotzen, emakumeak bazkaloste atsegin batean, emakumeak orrazten, emakumeak elkarrekin jolasean, emakumeak mahatsa bildu osteko atsedenaldian, emakumeak, emakumeak eta emakumeak.

Oharra egin du gai horri buruz komisarioak. Aitortu duenez, emakumeak dekorazio objektu gisa irudikatu izana aurpegiratu izan dio maiz Renoirri kritika feministak, baina besterik uste du berak. «Hori baino askoz ere gehiago dira emakumeak haren lanetan. Erabat zentrala da jokatzen duten rola. Emakumeak ez dira hildako objektu pasibo hutsak. Renoirrek emakumeez esan zituenak gorabehera, haren koadroetako emakumeek irakurri egiten dute, pentsatu, sentitu...».

Artistaren lanik ezagunena ezin izan dute erakusketara ekarri, baina haren zirriborro bat ikus daiteke, halere. Le Moulin de la Gallette koadroaren azken bertsioaren egitura bera du lanak, eta argi bereizi litezke koadroko figura guztiak ere, baina urrun da oraindik azken emaitzatik. Marra soil batzuk baliatzen ditu artistak figuren kokapena aztertzeko, eta balio du piezak margolariaren sorkuntza prozesua ezagutzeko, zirriborro horretan jada badagoelako koadroa, eta, halere, asko falta delako oraindik koadrora heltzeko. Teknika kontua da, adituen hitzetan. Pintura geruza finak margotzen zituen artistak bata bestearen gainean, eta hala heltzen zen koadroaren azken bertsiora. Horregatik gainazalen leuntasuna, eta horregatik haien ukigarritasuna. Azken batean, artistaren ezaugarri horiek baitira Renoir Renoir bilakatzen dutenak, erakusketaren antolatzaileen hitzetan.

Eskua gidari

Eskuak gidatzen zuen Renoirren lana. Uko egiten zion ofizioaren izaera intelektuala aldarrikatzeari. Sortzaileak berak azaldu zuen: «Nire kaskezurrean gertatzen dena ez zait interesatzen. Ukitu egin nahi dut nik... edo, gutxienez, ikusi!». Eta indar horrek zeharkatzen du erakusketa alderik alde. Hala azaldu zion artistak Albert Andre lagunari: «Paisaia bat bada, bertan paseatzeko gogoa pizten didaten koadroak gustatzen zaizkit, eta, bestela, emakume baten figura bada, bular bat edo ipurmasail bat laztantzeko gogoa sortzen didatenak».

BERRIAn argitaratua (2017/02/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA