astekaria 2017/02/10
arrowItzuli

iritzia

Para gaitezen

Mikel Elorza

Para gaitezen Mikel Elorza

Proiektuak Bilbo eraldatu eta birsortu egingo duela entzuteak halako zirrara eragin dit. Oso gauza serioa iruditzen zait hori. Pertsonon esku dagoela pentsamendu naif xamarra izan dut lehen kolpean, hiriak eraldatu eta birsortu pertsonek eta haien ekimenek eta haien bizitzek egiten dutela, ez hirigintza proiektuek. Baina gero eta gutxiago. Hirigintza proiektuek aldatzen dituzte hirien itxurak, baina ez itxurak bakarrik. Hain zuzen ere, gutxienekoa da itxura. Hirigintzak, lurralde ordenamendua deiturikoaren eremuan sailkatzen badugu ere, lurralde horretan bizi garenon bizimodua ordenatzen du. Etxeak egiteak, zenbat etxe, nolakoak, aisialdi eta kirol azpiegiturak, espazioak, errepideak, industrialdeak, merkatari-guneak... Hiriaren diseinuak eta konfigurazioak baldintzatzen du hirietan bizi egiten garen, edo soilik lo egiten dugun, edo lan, edo bisitatu. Gure bizitokiak gure bizimodua baldintzatzen du. Horregatik da hain garrantzitsua, maiz bigarren mailako kontutzat hartzen badugu ere, udalek batzorde gogaikarrietan landu eta erabakitzen duten kontua dela jokatzen badugu ere.

Hurbilean dauzkagu adibideak: hiria munduari saltzen badiogu, bisitariak erakartzea helburu nagusi jartzen badugu, bizitza kentzen diogu, bisitak jarriz; biztanleen ordez bisitariak, eta azpiegiturak ere horretara moldatzen ditugu, negozioak aldatuz —dendak desagertu eta oroigarriak eta futbol kamisetak saltzen dituzten postuez betetzen ari dira hiriak, gehi gure aurrezkiezinekin gizentzen ditugun Inditexen salpostuak—, eta noski itsusia eta bazterrekoa dena kentzen dugu: industria, marjinalitatea... Donostiako pintxoaren parke tematikoa bidean da, eta aspaldian Bartzelonan izan baldin bazarete badakizue zertaz ari naizen. Tira, itsusi eta bazterreko guztia ez dugu desagerpen eta periferiara kondenatzen: beti uzten dugu hiriaren muinean, parke baten erdian eskuarki, eskultura edo eraikin zati bat gure iragan industrialaren akordua egiten duena.

Zorrotzaurreko planaz ari naiz.

Bost mila etxe egingo omen dituzte. Asko babes ofizialekoak, horrek herritartasuna eransten baitio ekimenari, nahiz eta nik pentsatzen dudan babes ofizialeko etxeak, egun antolatuta dauden bezala, loteria direla eta ez etxebizitza-politikak. Loteria, tokatzen zaionari euro milaka batzuk aurrezten dizkiolako; baina egiturazko arazoa konpondu gabe. Silvia Perez Cruzen kantuak nire artikulu guztiek baino hobekiago deskribatzen du egoera: qué indecente, qué indecente, gente sin casas, casas sin gente. Etxeak egingo dituzte, hortaz, eta azpiegiturak noski, eta espazio berdeak, eta bidegorriak eta... industria parke bi. Parke teknologikoak, jakina. 4.0 industria. Ez burdinarik, ez ikatzik, ez oliorik, ez zikinik. Puntako industria nahi dugu, modernoa, aratza. Inork ez badu esaten ere, okurritzen zait: langilerik ez daukana. Pertsonak dauzkana, indibiduoak, ze inportantea. Indibiduoak, gizartetik bakartuta, baina munduarekin konektatuta.

Ez pentsa negarrez ari naizenik, baina. Aldarrika nabil plan horietan esku hartzeko, plan horiei esku sartzeko, eta gogor egiteko bete ez daitezen, betetzeko modukoak ez badira —agian batzuk interesgarriak dira—. Gentrifikazioei aurre egin behar diegu (guardia zibilen kuartelak gentrifikatuko ziren garaian geundelakoan, gehiago behar dira!). Pabellón 6 bezalako egitasmoei, antzekoei, eta hainbat toki degradatutan eta degradatu gabeetan ematen diren ekimen sortzaileei bide eman behar diegu, alternatibak eraiki, proiektuak bideratu. Hitz bitan: politika egin. Hori ere politika baita. Hori baita politika.

Bizitzeko hiria egiteko, hiri biziduna egiteko.

Para gaitezen pertsonaren alde.

BERRIAn argitaratua (2017/02/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA