astekaria 2015/10/02
arrowItzuli

mundua

Ez galerarik, ez garaipen osorik

Samara Velte

Ez galerarik, ez garaipen osorik

Ezin da esan independentistek galdu egin dutenik Kataluniako hauteskundeetan: ia bi milioi boto bildu dituzte; indar nagusiak estatu propioaren aldeko apustu argia egin du, eta alde handiarekin gailendu zaie gainerako guztiei. Ezker independentista gehitzen bazaio, aise gainditzen dute parlamentuaren erdia. Junts Pel Si eta CUPen artean 72 diputatu lortu dituzte; 135eko ganbera baldintzatzeko aski.

Independentzia asmoek elkartutako politika egitea da konbinazio posible bat, baina ez bakarra; erabakitzeko eskubidearen aldeko neurri batzuetarako, beharbada, Catalunya Si Que Es Poten babesa ere jaso dezakete. Kasu horretan, 83 diputatu batuko lituzkete. Azken parlamentuak autodeterminazioaren alde lortu izan duen batasun handienetik nahiko gertu legoke kopuru hori. Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Itun Nazionalak 85 boto jaso zituen 2013ko udaberrian, CiU oraindik CiU zenean eta independentziaren auziak alderdiak jarreraj argitzera behartu baino lehenago.

Orain bereiziago daude bandoak, eta independentistek badituzte aurrera jarraitzeko agindua eta baliabide aski; parlamentari gehienak eskura dituztela, ez daukate eguneroko jardun politikoan atzera egiteko arrazoirik. Baina hauteskundeok erreferendum baten baliokidetzat joz gero, ezin liteke esan independentismoak irabazi duenik. Argi eta garbi Espainiatik bereiztearen alde agertu diren alderdiek botoen %47,7 batu dituzte. Hots: balizko erreferendum batean Junts Pel Sik eta CUPek bai aukera ordezkatuko balute, eta gainerakoek ez aukera, independentismoak ez luke plebiszitua irabaziko.

Horregatik izan da emaitza gazi-gozoa: garaipena erabatekoa izango zen botoen erdiak ere gainditu izan balituzte. Orain zabalik daude interpretazioak, eta bakoitzak erosoen zaion luparekin begiratu die emaitzei: Junts Pel Sik diputatuak zenbatu ditu, eta independentismoaren garaipentzat jo; CUPek onartu du babes handiagoa lortu arte ez dela zilegi alde bakarreko independentzia aldarrikatzea; eta alderdi unionistek, orain arte hauteskundeen izaera plebiszitarioa ukatzen zutenek, bai-aren botoak zenbatu, eta bozketa galtzea leporatu diete independentistei.

Bozketa historikoa

Interpretazioa edozein dela ere, bozketak badu aski zilegitasun. 4,1 milioi katalanek eman dute botoa; eskubidea zutenen %77k. Kataluniako Parlamenturako bozetan inoiz izaniko parte hartzerik handiena izan da; 2012an baino hamar puntu gehiago. Barruti guztietan egin du gora, baina batez ere Bartzelonako metropoli eremuan, alderdi independentistek indar gutxiago duten guneetan. Ciutadansek erruz profitatu du botoen igoera orokorra eta plebiszituaren inguruan sortutako polarizazioa: duela hiru urte baino ia 460.000 boto gehiago lortu ditu. Horietako batzuk PPri ebatsitakoak dira —123.000 inguru galdu ditu hark—, baina gehienak parte hartzearen igoerari esker iritsi zaizkio.

Independentistek ia 200.000 boto gehiago batu dituzte 2012an baino, nagusiki CUPen hazkundeari esker. Junts Pel Sik, gutxi-asko, CiUk eta ERCk batu zuten kopuru antzekoa batu du —kontuan izanik Unio bere kasa aurkeztu dela aurten—. Desberdintasun nabarmena dago, ordea: independentismoaren promesa esplizituarekin aurkeztu da aurten Junts Pel Si, programa oso landurik eta bestelako apaingarri handirik gabe. Hori bozketa egunean ere suma zitekeen bozkalekuetan; inork ez zuen alderdiez edo programez hitz egiten: alde edo kontra, denak ari ziren independentziari buruz.

Beste datu aringarri bat subiranistentzat: iazko azaroaren 9ko bozketa sinbolikoan baino pertsona gehiagok bozkatu dute aurten independentziaren alde. Orduan 1,8 milioi izan ziren, eta oro har ezinezkotzat jotzen zuten kopuru horri eustea; izan ere, iaz 16 eta 17 urtekoek ere bozkatu ahal izan zuten, eta independentista ez den jende askok ere hartu zuen parte protesta gisa, Madrilek berez egin nahi zuten erreferenduma debekatu zuelako.

Galtzaile handienak

Baina independentzia ere ez da dena, eta ezker independentistak frogatu du gaitasuna duela subiranismoaz haragoko sektoreetara heltzeko. CUPek hiriburuko publiko ezkertiarraren begirunea irabazi ez balu, diputatu independentistak ez lirateke eserlekuen erdietara helduko. Urtez urte sendotuz doa alderdi asanblearioa: 2012ko bozetan —lehenbiziko aldiz parlamentura aurkeztu zenean— 126.000 boto inguru jaso zituen lurralde osoan; aurtengo udal hauteskundeetan, 222.000 inguru; eta orain, 336.000tik gora. Tarragonan, Lleidan eta Gironan diputatu bana lortu du —orain arte zeuzkan hirurak Bartzelonakoak ziren—, baina hiriburuan hazi da gehien; besteak beste, udal bozetan Barcelona En Comuk jasotako boto ugari xurgatu dituelako.

CUPen hazkundea Catalunya Si Que Es Poten kalterako izan da nagusiki. Barcelona En Comuren arrakasta profitatzeko asmoa zuen ICVren eta Podemosen arteko koalizioak, baina kanpaina ez zaio ongi atera: Podemosen zuzendaritzari lotuegi agertu da, eta nabarmen utzi du bidea Espainiako boz orokorretarako prestatzen ari zela. Kolpe handiena ICV-EUiAk jaso du: orain arte, bere kabuz aurkeztuta, hamahiru diputatu zeuzkan parlamentuan, eta Podemosekiko aliantzak babesa handitu behar zion teorian. Irabazi, irabazi dituzte botoak bien artean —ia 7.000—, baina bi ordezkari gutxiago izango dituzte hurrengo parlamentuan.

Hautagaitzen konbinazio berriak mesederik egin ez dion beste alderdi bat UDC da. Prozesu independentistak udaberrian banatu zituen urte luzez ezkonduta egondako Convergencia eta Unio, eta harrezkero espekulazio ugari sortu da kristaudemokratek CiU aliantzari egiten zioten benetako ekarpenaren inguruan. 1978tik alderdi bakarra osatzen zuten, eta beti neurri berean banatzen zuten instituzioetako ordezkaritza: CDCk bi heren, eta UDCk bestea. Uste zabaldua zen Uniok zegokion baino askoz eserleku gehiago jasotzen zituela, eta alderdiko buruzagiek maila pertsonalean ere probetxu handia ateratzen ziotela horri. Aurten neurtu dute zenbaterainokoa den benetan haren eragina hauteskundeetan: 102.870 boto, alderdi erdia Junts Pel Sira igaro zela kontuan izanda. Ez du %3ko langa gainditu, eta parlamentutik kanpo geratu da. Josep Antoni Duran i Lleida alderdiko buru historikoak alderdiaren esku utzi du bere kargua.

CUPen funtzioa

PSCk, berriz, ez du uste bezainbesteko beherakadarik izan. Lau diputatu galdu ditu, baina parte hartze altuarengatik izan da nagusiki: boto kopuruan, hortxe eutsi die duela hiru urteko emaitzei, baina inoizko emaitza txarrenak zituen. Alderdi unionista klasikoek —PP, PSOE eta C's-ek— ordezkaritza zabalagoa izango dute hurrengo parlamentuan; guztiak batuta, orain baino lau diputatu gehiago. Bando subiranista, aldiz, jaitsi egin da orotara: ñabardurak ñabardura, CiUk, ERCk eta CUPek 74 diputatu zituzten orain arte; Junts Pel Sik eta CUPek 72 dituzte orain. Subiranismoaren arantza nagusietako bat, ziurrenik, hori izango da: galdutako eserlekuak ez direla Espainiako sozialdemokraziara joan, zuzenean eskuin muturrera baizik.

Lehenbiziko aldiz, ezker independentista erabakigarria izango da Kataluniako Parlamentuan; baina horrek ez du egoera samurrean uzten, ezta gutxiago ere. Junts Pel Sik CUPen beharra izango du, besteak beste, presidentea aukeratzeko. Beranduenez orduan hasiko dira independentisten arteko estutze eta askatzeak: CUPek hauteskundeen aurretik eta ostetik errepikatu du ez duela Artur Mas berriz presidente izendatuko. Eserlekuen banaketak, ordea, harrapatuta dauka: Junts Pel Sik gainerako alderdiek baino diputatu gehiago balitu, CUPen abstentzioa aski litzateke bigarren bozketan presidentea gehiengo soilarekin aukeratzeko. Baina zerrenda subiranista nagusiak 62 lortu ditu, eta gainerako guztien artean 63 dituzte. Horrek esan nahi du CUPen bi boto beharko dituela, gutxienez, Junts Pel Sitik gobernatu nahi duenak.

BERRIAn argitaratua (2015/09/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA