astekaria 2017/02/10
arrowItzuli

gizartea

Minbiziaren aurkako deman

Arantxa Iraola

Minbiziaren aurkako deman

Minbiziaren intzidentzia Espainian 2015 ikerlanak argia ikusi berri du. Estatu osoan epidemiologoek minbiziari buruz bildutako datuak ditu ardatz, eta egileen artean daude Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sistemek propio eginkizun horretarako dituzten erregistroetako arduradunak. Datu horien inguruan Espainiako Onkologia Erakunde SEOMek egindako interpretazioak titular ugari sortu ditu egunotan, eta asaldura eragin dute; izan ere, ikerlanaren arabera, 2015ean 247.771 minbizi kasu berri atzeman ziren —lehen kalkuluak dira—, eta nabarmendu dute gainditu egin zirela, era horretan, 2020rako eginiko kalkuluak. Kezka eragiteko moduko geroa iragarri dute, diagnostiko larriz josia: «Bi gizonetik batek eta hiru andretik batek minbizia izango dute noizbait». Larunbatean izan zen minbiziaren aurkako nazioarteko eguna; gaitzari aurre egiten laguntzeko ohiko mezuekin batera, ugariak izan ziren datu horien inguruko gogoetak. Eta datu berriak ere utzi zituen lorratz; Hego Euskal Herrian 17.900 minbizi kasu berri diagnostikatzen dira urtean, eta heriotza motibo ohikoena da: Nafarroan, urtean 1.500 lagun hiltzen dira minbiziaren ondorioz; EAEn, 30.273 lagun hil ziren 2011-2015eko epealdian.

Datuen hotzarekin asaldatu beharrean, horien atzean zer dagoen ulertzeko ahalegina egin behar dela esplikatu du Kataluniako Onkologia Institutuko epidemiologo Rafael Marcos-Gragerak. Minbizi erregistroetako arduradunek egindako ikerketaren egileetako bat da. Lehen datuak plazaratu dituzte artikuluan, eta ohartarazi du aldagai asko egoten direla horien atzean. «Faktore asko hartu behar dira aintzat: gizartearen egitura, immigrazioaren bilakaera, minbizia diagnostikatzeko galbahe programak... Aldagai horiek guztiek eragina izan dezakete datuetan». Nolanahi ere, azken hamarkadetako bilakaerari begiratzeak beldur pixka bat ematen du. Ez du ukatzen: «Populazioan minbiziak duen presentzia, gaixotasunaren intzidentzia, handituz joan da etenik gabe. 1990eko hamarkadatik hona, tasak gora egin du. Igaro hogei urteotan atzera begiratzen badugu, igoera bat ikusten da». Urteotan datuek egonkortzera egin dutela uste du, ordea: «Kasuak zenbaki absolutuetan ugaritzen ari dira, baina arriskua ez».

Galbahe programen eragina

Igoera horren motiboetako bat, zalantza izpirik gabe, populazioren zahartzea da. «Zenbat eta populazio zaharragoa, minbizi kasu gehiago». Aldagai hori Europa osoan oro har antzerakoa dela adierazi du Kataluniako adituak. Bat dator Eva Ardanaz.«Kasuak ugaritzen ari dira, hein handi batean, populazioa handitu delako, eta adin egiturak ez duelako zerikusirik orain dela 30 urtekoarekin». Espainiako intzidentzia tasen ikerketan parte hartu du, eta Nafarroako Osasun Publikoko Institutuan dihardu. Beste aldagai bat erantsi du: minbizia ahalik eta lasterren diagnostikatzeko osasun sistema publikoek dituzten galbahe programek ere eragina izaten dute. Onerako, hein handi batean: «Galbahe programen helburua beti da eritasunak klinikoki agertu aurretik atzematea, eta hobe da tumore txiki bat diagnostikatzea, oraindik metastasirik egin ez duena».

Osasunbideak eta Osakidetzak, adibidez, aparteko programak dituzte bai bularreko minbizia atzemateko, bai kolonekoarentzako. Prostatako minbiziari aurrea hartzeko neurriak ere gero eta usuago hartzen dituzte medikuek. «Gizonetan PSA markatzailea kontrolatzen hasteak, esaterako, eragin handia izan du», azaldu du Nerea Larrañagak; Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean dihardu, eta hark ere parte hartu du ikerketan. Eta urrats gehiago espero dira, galbahe berriak: umetokiko minbizia atzemateko programa bat iragarri du berriki, esaterako, Osakidetzak. Bat dator Marcos-Gragera: horiek guztiek eragina izaten dute intzidentzian. «Programa klase horiek aurreratu egiten dituzte diagnostikoak, eta, ondorioz, eragina dute datuetan. Programak martxan badaude, diagnostikatzen dira berez diagnostikatuko liratekeen kasuak eta, horiez gain, programa horien ondoriozkoak. Horregatik, intzidentziaren igoera faltsu bat dakarte kasu horiek, baina galbahe programek beti dakarte hori: lehen urteetan, intzidentziak igoera nabarmena izaten du». Galbahe programez harago ere, jendearen «sentsibilizazioa» oro har handitzen ari dela pentsatzen du, eta horrek ere eragina duela datuetan. «Orain jendea errazago doa, adibidez, dermatologoarengana azalean zerbait arraroa atzematen badu».

Heriotza tasa, apalagoa

Eta bada beste kontu bat aintzakotzat hartu beharrekoa. Intzidentzia handitzeak ez du esan nahi minbiziarekin lotutako heritza tasa hein berean handitzen ari denik. «Heriotza tasa, oro har, behera ari da; izan ere, esandako gisan, intzidentzia askotan handitzen ari da galbahe programen bidez oso garaiz atzemandako kasuen ondorioz, eta osatu egiten dira pertsona horietako asko», ohartarazi du Marcos-Gragerak. Kataluniako adituak dio apurtu egin behar dela minbizi kasuen ugaritzea eta heriotza tasaren igoera lotzea ekar dezakeen ekuazioa. «Kasu gehiago diagnostikatuta edukitzeak, era berean, esan nahi du kasu gehiago dituzula tratatzeko bidean eta, ondorioz, osatzeko bidean». Hainbesteko kezka dakarren lotura haustearen alde aritu nahi du Ardanazek ere. «Intzidentzia gora doa, baina minbizi klase asko daude, eta denek ez dute heriotza tasa bera. Bi datuak eman behar dira; baina interpretatzen jakin behar da».

Ezin zaie, hala ere, datuei larritasunik kendu. Gaindegiak minbiziak eragindako heriotzen ratioei buruz bildutako azken datuen arabera, patologia horiek 2010ean Euskal Herrian 270,7 heriotza eragin zituzten 100.000 biztanleko; azken hamarkadako heriotza ratiorik altuena izan zen, eta heriotza zio nagusia herrialdean. Ratio hori Europako Batasuneko batezbestekoak baino handiagoa da, eta horrek agerian uzten du minbizia eragiten duten arrisku faktoreak saihesteko premia. Horretan ari dira administrazioak. Jaurlaritzako Osasun Sailak, esaterako, jakinarazi du Euskadiko Onkologia Plan Integrala abiatuko duela.

Arrisku faktore bat bada saihesten zaila: zahartzaroa. Baina minbizi kasuak urritzen lagun dezake beste hainbat arrisku alboan uzteak. Gizonetan, esaterako, intzidentzia apaltzen ari da azken urteotan, eta horren atzean tabakismoaren kontra hartu diren neurrien eragina ikusten dute adituek. «Biriketako minbizien kasuak beheraka ari dira, eztarriko minbiziak ere bai... Andreak beranduago hasi ziren tabakoaren kontsumoan; andrazkoetan bestelakoa da joera», esan du Marcos-Gragerak. Dieta osasuntsua da beste aldagai garrantzitsu bat, eta ariketa fisikoa. Bat dator Ardanaz: «Garrantzitsua da bizi ohitura osasuntsuak izatea».

BERRIAn argitaratua (2017/02/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA