astekaria 2017/02/10
arrowItzuli

kultura

TXARO ARRAZOLA

«Artearen historia ofizialak emakumeak ahaztu ditu»

Naiara Elola

«Artearen historia ofizialak emakumeak ahaztu ditu»

Emakume artisten eskubide berdintasunaren alde borroka egiten duen Plataforma A-ko kidea da Txaro Arrazola EHUko Arte Ederretako irakaslea (Gasteiz, 1963). Salatu du «ikaragarria» dela artearen munduan emakumeek sufritzen duten «isilpeko» zapalkuntza. Gizonezkoen lanak soilik aintzat izaten dituzten museo eta arte erakundeek ez luketela diru publikorik jaso behar adierazi du, «berdintasun legeak urratzen dituztelako».

Sei urte dira plataforma eratu zenutela. Aurrerapausorik antzeman duzue denbora horretan emakume artisten eskubideei dagokionez?

Eusko Jaurlaritzak onartutako 4/2005 Berdintasun Legea aitzindaria izan arren, sarritan emakume artistak ikusezinak direla uste dugu. Diskriminazioa argia da, baita artearen eta kulturaren sisteman ere. Ez dakit onerako edo txarrerako, feminismoa bolo-bolo dagoen gai bilakatu da. Horri esker, gaia oso presente dago. Pausoak ematen ari gara, baina txikiak. Araban, adibidez, Kulturaren Behatokia eratzen eta plan estrategiko bat diseinatzen ari dira. Gure plataformak proposatzen zuena aintzat hartu dute. Gero ez dakit hori gauzatuko ote den. Badakigu museoei programazioetan Berdintasun Legea betetzeko eskatzen hasi zaizkiela.

Artearen historian dagoen hutsunea betetzeko ahalegina egiten ari zarete, Wiki Historiak webgunearen bitartez.

Webgune hori duela urte batzuk jarri genuen martxan, baina orain ezin da daturik eguneratu. Plataformaren blog modura baliatu dugu. Baina webgune berri bat abian jartzekotan gara, informazioa eguneratu nahi dugulako. Historia eraiki nahi dugu ikuspegi horizontalagoarekin, feministago izanda. Orain arte, beste instituzioetan gertatzen den bezala, emakumeen defizita oso argia izan da artearen historian ere. Hezkuntzaren alorrean, curriculumak aldatzea ezinbestekoa da. Izan ere, historia ofizialak emakumeak ahaztu egin ditu. Sarritan ematen du historia hori neutroa dela, baina ez da horrela. Historia, kultura eta artea ulertzeko modu berriak nahi ditugu, baztertzaileak ez direnak.

Zer-nolako garrantzia du arte ikasleek erreferenteak izateak?

Gure ikasleek ez badituzte ikusten emakumeen lanak museoen moduko legitimazio zentroetan, hor hutsune ikaragarria dago. Museoetan tokia dutenak pertsona arrakastatsuak dira, gehienetan gizonezkoak. Haien lana eredugarri bilakatzen da, eta pertsonen imajinarioa osatzen duten elementu bihurtzen dira. Hori modu unibertsalean gertatzen da. Fakultatean gehiengoa dira ikasle emakumeak, eta ikusten dute beti mota bereko artistak daudela museoetan, eta, gainera, gehienak gizonak direla. Beraz, onartzen dute ez direla museoetan erakustera inoiz iritsiko. Beren tokia bitartekaritzan eta hezkuntzan dagoela ebazten dute, eta hori negargarria da. Erreferenteak izatea izugarri garrantzitsua da, imajinario berriak eratzeko eta horra iristea posible dela ohartzeko.

Plataforma A oso kritikoa izan da Bilboko Arte Ederren Museoan emakume artistek izan duten trataerarekin. Afera horretan zer erantzukizun dute erakundeek?

Azken bi urteetan Eusko Jaurlaritzako sailburuordearekin, Arartekoarekin, foru aldundiekin eta beste hainbat erakunderekin bildu gara. Ekonomikoki aurrekontu publikoetatik sostengatzen dituzten proiektuetan, nolatan sustatzen da gizon eta emakumeen arteko ezberdintasuna? Emakumeek ekoitzitako artea zokoratzen duten zentroek ez dute diru publikorik jaso behar. Sailburuordeak eskerrak eman zizkigun gaia planteatzeagatik. Izan ere, onartu zuen ez zela ohartua emakume artistek duten bazterkeria egoeraz.

Erakusten diren artelanetan ez ezik, erosten direnetan ere gutxiesten dira emakume artisten lanak?

Inolako zalantzarik gabe. Mundu osoan hedatutako errealitatea da, gainera. Amelia Valcarcel filosofoa horren inguruko analisia ari da egiten. Hark argi dio egiten dituzten artelanak saldu edota erakusten dituzten emakumeak salbuespenak direla. Emakumeak gizonezkoak dauden eremuetara iristea normaltzat jotzen denean, orduan, hautsiko da salbuespen egoera. Ez gaude inolako botere gunetan, ez Elizan, ez gobernuetan, ez ekonomian ezta artean ere. Azken finean, artea gizartean gertatzen denaren isla da.

Bilboko Arte Ederren Museoaren patronatuan emakume bakar bat ez izatea ere gogor kritikatu duzue.

Noski. 2016ko abenduan ateratako argazkia begiratu besterik ez dago. Lotsagarria da, patronatuko kide guztiak gizonezkoak direlako. Ez gara XVII. mendeaz ari! Irudi hori gaiztakeria osoz eta zer egiten ari ziren jakinda plazaratu dute. Museoa jardunbide onen agiria aintzat hartuta kudeatzea nahi dugu, gardentasunez.

BERRIAn argitaratua (2017/02/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA