astekaria 2017/02/10
arrowItzuli

kultura

ARTEAK ISILIK DUENA

Naiara Elola

ARTEAK ISILIK DUENA

Ez daude. Ez dute aitortzarik. Ez dira ikusten. Ez dira haien lanak erosten. Ez gizonezkoenak adina, behintzat. Ezkutuan dagoen errealitatea da, emakume artisten ikusezintasunarena. Isildua dago. Badira hainbat eragile hori azaleratu, salatu eta eraldatu nahi dutenak. Hain justu, emakume artistek sufritzen duten «gutxiespenaz jabetuta», Nafarroako Museoak emakume artistei emandako trataeraren inguruko autokritika egin du Gogoeta/Inflexioa. Emakumeen presentzia Nafarroako Museoan erakusketaren bidez. Horri esker, erakundearen norabidea aldatu, eta emakume artistei «beren» tokia eman nahi diete.

«Gizarte osoaren aurrean aitortu egin gara, gardentasunez gainera», azaldu du Mercedes Jover Nafarroako Museoko zuzendariak. 1990. eta 2014. urte bitartean, bakarkako 121 erakusketa egin zituzten, eta horietatik 19 baino ez ziren izan emakume artistenak. Hausnarketaren ondotik, datozen hilabeteetan, Oteiza museoarekin eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroarekin batera, hainbat kultur ekintza egitekotan dira, artearen historia genero ikuspegia aintzat hartuz aztertzeko. Urritik abian izan den ariketak jarraipena izango du hortaz datozen hilabeteetan.

Izan ere, datuek isilpekoa dena oihuak balira bezala azaleratzen dute. Gasteizko Artium museoaren bilduman, adibidez, 925 artelan dituzte jabetzan; 185 baino ez dira emakumezkoek egindakoak; %20 besterik ez, alegia. Emakume artisten errealitate makurra ez da Euskal Herrian soilik aurkitzen, mundu osoan baizik. Alor horretan, 1980ko hamarkadaz geroztik borrokan ari da Guerrilla Girls taldea, eta urte horietan emakumeen presentziari buruzko datu ugari eman ditu. Iragan urtean, galdeketa bat egin zuen. Europako 400 museo, galeria eta arte erakundetako zuzendariei inkesta bat igorri zieten, emakumeek sinatutako artelanez galdetuz. 101 arduradunek soilik erantzun zuten, eta emaitza argigarria da. Batez beste, %22koa da emakume artistek egindako lanen presentzia museo, galeria eta arte erakundeetan; Artiumekoaren parekoa, beraz.

Oro har, Arte Ederretako Fakultateetan emakumezkoa da ikasleen gehiengoa. EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, adibidez, %60 dira. Ikasturteren batean, ia %70 ere izan dira. Baina, ikasketak amaitu eta kalean dagoen panorama ez da haientzat oso baikorra. Dora Salazar artista altsasuarrak dio egoera hori «frustragarria» dela: «Nire iritziz, ez gara aurrera egiten ari. Arteak bizi garen mundua islatzen du, azken finean. Hasieran, unibertsitatetik irtetean, ilusio handia izaten da, baina amore ematen da egoerak behartuta».

Baina hutsunea ez dago soilik erakusketetan eta museoetako arte funtsetan. Artearen historiak, oro har, ez ditu aintzat hartu artista emakumeak, ezezagunak dira, eta ez dute aitortzarik jaso. Baina egoera hori ez da oraingoa. Horrela salatu zuen Virginia Woolf idazleak emakume sortzaileen protagonismo falta 1927. urtean idatzitako Gela bat norberarena saiakeran: «Bazkari guztiak egin dituzte, platera eta kikarak garbitu dituzte, haurrak eskolara eraman dituzte, eta mundura jaurti. Jada ez da ezer gertatzen, dena desagertzen da». Idazle ingelesak deskribatutako egoera XX. mende hasierakoa da. Ehun urte geroago, errealitatea ez da askoz ere hobea. Afera horretan, Salazarrek adierazi du ez dela kasualitatea artearen historiaren paradigmak ezarri dituztenak gizonezkoak izatea.

Alde horretatik, oraindik egiteko asko dagoela onartu du Arantza Lauzirika EHUko Arte Ederretako Fakultateko dekanoak. Argi utzi du artearen historian gizonezkoen sorkuntzaren adinako balio artistikoa duten lanak egiten dituzten emakume andana dagoela. «Artearen historian emakumeak sartzen direnean, ikasleek galdetzen digute nor diren, ez dituztela ezagutzen, eta, museoetan ez badaude, haien lanak ez dituztela ikasi nahi». Gaineratu duenez, ezagutzen dituzten sortzaileen erreferentziak nahi izaten dituzte oro har. Adierazpen horiei kasurik ez, eta bere egunerokoan emakumeak ere aintzat hartzeko «ahalegina» egiten duela argitu du Lauzirikak.

Hala ere, Arte Ederretako Fakultatean gizonezko artistak aipatzen direnean emakumezkoak ere aipatzea ez dago arautua. Dekanoak argitu du irakaslearen hautua dela: «Katedra askatasuna dago unibertsitatean, eta hori errespetatu beharra dago». Beraz, EHUko Arte Ederretako Fakultatean, irakasleen interes, ezagutza eta nahien menpe dago emakume artisten ibilbidea ikasleek ezagutzea.

Hutsuneen eraginez jabetuta dago Salazar: «Ezagutzarik ezak erreferentzia falta dakar». Horrek egoera paradoxikoak eragiten ditu. Nafarroako Museoak egin duen autokritikaren harira, zazpi emakume artistari egindako elkarrizketak bideo batean bildu ditu. Besteak beste, beren erreferenteen artean emakume sortzailerik baden galdetu diete. Isabel Baquedanok, esaterako, bere erreferenteen artean ez dagoela emakumezkorik aitortu du; guztiak direla gizonezkoak, alegia. Egia da ia 81 urte dituela Mendabiako artistak. «Informaziorik gabe, hori da pasatzen dena. Hala ere, geroz eta emakume artista erreferente gehiago dago; bada non begiratu», dio Salazarrek.

Hain zuzen ere, erreferentzia horietan ere «hutsunea» aurkitu dute Nafarroako Museoan. «Ia erakusketa abiatu aurretik alor bibliografikoa konpondu genuen. Emakume artisten egoera aztertu eta ezagutarazten duten liburuak erosi ditugu gure liburutegirako», azaldu du Joverrek. Horrez gain, museoko bilduman dituzten emakume artisten lanak «gehiago zabaltzeko» asmoa dute. Aurreikusia dute erakusketa iraunkorra ere berritzea. Orain arte, gizonezkoen lanak izan dira ikusgai gehienbat. Tarteren batean, 2012an, Teresa Izuren artelan bat erakutsi zuten. «Baina kendu egin behar izan genuen, ez hondatzeko». Hala ere, Internetek ematen dituen aukerak baliatu, eta sarean jarriko dituzte museoan dituzten artelanak.

Botere gunean kokatzen

Unibertsitatetik atera berri diren artistek non begiratu izateaz gaindi, bestelako hutsuneak ere badira. Izan ere, genero berdintasuna artean ere erdiesteko, Lauzirikak iritzi dio funtsezkoa dela botere guneetan emakumeak izatea: «Artearen botere guneetan, emakumezkoak gutxiengo gara, baina, pixkanaka bada ere, gauzak aldatuz doaz, eta hasi da aldaketa hori nabaritzen». Akaso, kasualitatea izango da, baina Nafarroako Museoko zuzendaria emakumezkoa da, eta hari esker heldu da erakundearen autokritika. Salazarren iduriko, «familiaren eguneroko zereginen pisurik handiena emakumeen esku dagoenez, beste sektoreetan gertatzen dena pasatzen da artean ere: kargu garrantzitsuetan emakumezko gutxi dagoela».

Laura Freixas idazle kataluniarrak honako hau esan zuen behin: «Argi dago kulturan ez dagoela berdintasunik, baina ez dago ezberdintasun kontzientziarik, ezta hori konpontzeko beharrik ere». Lauzirikak defendatu du badela «esperantza» izateko aukera. Izan ere, egun 40 urte inguru dituzten artistek horri «buelta» ematea espero du. Dekanoak ezinbestekotzat jo du botere postuetan daudenek genero ikuspegia beti aintzat izatea: «Boterean dagoen jendeak, berdin zait gizonezkoa edo emakumezkoa, genero ikuspegia ez badu, aurrerapausoak oso nekezak izango dira». Alde horretatik, egun Nafarroako Gobernuko Kultur zuzendari nagusi den Fernando Perezen lan egiteko modua goraipatu du; izan ere, Nafarroako Museoaren ikuspegi aldaketa gauzatzeko Joverrek eta Perezek egindako ahalegina azpimarratu du.

Isilik dagoen egoera horren hamaika adibide dauden arren, iragan urteko hainbat erakusketa oso argigarriak izan ziren. Madrilgo Prado museoan —1819. urtean ireki zuten—, iazko urrian egin zuten emakume artista baten aurreneko bakarkako erakusketa. Horrela iragarri zuen museoak: «Prado museoak emakume margolari bati eskainitako lehenengo erakusketa aurkeztu du: Clara Peetersena». Laster Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari izango den Miguel Zugaza zen Pradoko buru orduan. Erakusketa haren harira egindako adierazpenetan Peeters «kalitatezko» artista zela argitzeko ahalegina egin zuen. «Oso pozik gaude, baina ez dugu genero perspektiba aintzat hartuta antolatu erakusketa, bere kalitateagatik baizik». Salazarren iduriko, emakumezko artista askoren lana erakustean sarritan jakinarazten da «kalitatezkoa» dela, ez aldiz gizonezkoena jakinaraztean. Izan ere, salatu du kalitatezkoa artista gizonezkoek «berezko» dutela ematen duela.

Alor hori aztertu zuen duela pare bat urte Guerrilla Girlsek MET New Yorkeko Arte Museo Metropolitarra. Orotara, ikusgai zeuden artelanen %5 besterik ez zen emakumezkoek egindakoa. Baina, kontrapuntu modura, arte garaikidearen saileko biluzien %85ek emakume irudia islatzen zuten. Egoera hoi ikusita, honako galdera hau egin zuten Gerrilla Girlseko kideek: «METen sartzeko, emakumeek biluzi egin behar dugu?».

Euskal Herrian ere badira emakumeen presentzia urria duten museoak. Bilboko Arte Ederren Museoa da adibide esanguratsua. 1908an ireki zuten museoa, eta, 1997tik gaur egunera arte, azkeneko hogei urteotan alegia, bi emakumezko artistaren erakusketa indibiduala besterik ez dute antolatu; bi horietako azkena, Susana Talayeroren lana erakutsiz iazko martxoan ireki zutena. Euskal Herriko kultur arloan berdintasunaren alde lan egiten duen Plataforma A-k sarritan salatu izan du, beste hainbaten artean, Bilboko museoaren egoera. Izan ere, diru publikoa jasotzen duen erakunde batek genero ikuspegia aintzat izatea «ezinbestekoa» dela irizten diote.

Hala ere, hori ez da emakumeen ikusgarritasun faltaren adierazle bakarra. Izan ere, hautsak harrotu ditu iragan abenduan bildu zen Bilboko Arte Ederren patronatuaren irudiak. Hamaika lagun, bata bestearen ondoan jarrita, guztiak gorbatadunak, guztiak trajea jantzita, guztiak gizonak. Plataforma A-k gogor kritikatu du irudi hori, diru publikoa jasotzen duen erakunde baten patronatuan emakume bakar bat ere ez izatea «ulertezina» delako. Lauzirika ere ez dator bat irudi horrekin: «Oro har, museoetako patronatu guztiak gizonezkoz osatuta egoten dira. Sarritan, inertziaz funtzionatzen da, eta errazena gizonezkoen alde egitea izaten da». Baina dekanoak Bilboko Guggenheim museoaren kasua aipatu du. Zuzendaria gizona izan arren tarteko postuetan emakume asko dagoela dio, eta horri esker gero eta gehiago ari direla gauzak aldatzen.

Oraindik asko dago aldatzeko. Nafarroako Museoak egindako ariketa bakuna da oraindik. Salazarrek defendatu du inguruko beste hainbat erakundek ere halako zerbait egin beharko luketela. Museo eta galeria askotan errealitate isila dena plazaratu dute, egindako okerrak onartu eta berriro ez errepikatzea hitzemanez. Baina Salazarrek ikuspegi aldaketaren beharra nabarmendu du: «Sinatzaileari kalitateari baino gehiago begiratzen badiogu, berdin jarraituko dugu».

BERRIAn argitaratua (2017/02/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA