astekaria 2017/02/10
arrowItzuli

gizartea

'Ma non troppo'

Ion Orzaiz

'Ma non troppo' Ion Orzaiz

Heldu diote gaiari. Euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko bide luzean, urrats erabakigarriak egin ditu Nafarroako Gobernuak azken asteetan. 2016-2019 eperako Euskararen Plan Estrategikoa onartu zuen lehenbizi, eta horren arrimura, beste bi neurri garrantzitsu heldu ziren gero: euskararen presentzia administrazioan arautzeko foru dekretua, eta Iruñeko bi haur eskolatan —Alde Zaharrean eta Sanduzelai auzoan— euskarazko adarra zabaltzeko erabakia. Euskalgintzaren aldarrikapen historikoak, biak ala biak.

Espero bezala, neurri berriek ilusioa piztu dute euskaltzaleen —eta, oro har, euskara traba edo nazionalisten amarru gisa ikusten ez duten guztien— artean. Baina edalontzia erdi hutsik ikusten duenik ere bada, euskararen normalizazioaren aldeko berri pozgarrien atzean, betikoak gehiegi ez haserrarazteko asmoa igartzen baita oraindik. Norabide onean emandako urratsak direla, alegia, baina ez euskarak eta euskaldunek behar duten abiaduran. Allegro, ma non troppo.

Euskara administrazioan arautzeko foru dekretua, esate baterako, ez da berehala indarrean sartuko. Aurkeztutako zirriborroa onartuta ere, urtebeteko epea izanen du departamentu bakoitzak, euskarazko postuak betetzeko tenorean baliabideak, hutsuneak eta beharrak identifikatzeko. Diagnostiko hori esku artean duela, neurriak hartzen hasiko da Euskarabidea, baina ordurako, 2019ko hauteskundeak ate joka izanen dira berriz. Sakoneko erabakiak hartuko al ditu Uxue Barkosen exekutiboak testuinguru horretan, oposizioak euskararen auzia pagaburu gisa erabiliko duela jakinda?

Dena dela, denbora bainoago, neurrien norabidea da euskararen aldeko politikaren arrakasta baldintzatuko duen faktore nagusia. Eta horretan, behintzat, meritua aitortu behar zaio Nafarroako Gobernuari: UPNk, PPk eta PSNk aho batez haizatutako polemika antzuen erdian —horien eragin txarra nabaritu da jada azken inkesta soziolinguistikoan—, eta itun programatikoa sinatu zuten alderdietako batzuen jarrera ezkorra eta xantaiagilea aintzat hartuta, ez da erraza euskararen aldeko politika eraginkorrak planteatzea. Are gutxiago, horiek aurrera eramatea. Horrexegatik, hil ala bizikoa izanen da orain hartzen diren erabakiak atzeraezinak izatea. Iraunkorrak. 2019an UPN agintera itzuliko balitz, egindako bidea desegiteko gai izanen litzateke? Posible izanen litzaioke euskararen foru dekretu berria indargabetzea, prezio politiko altua ordaindu gabe? Eta D ereduaren hedatzeari (are) traba gehiago jartzea, edo hizkuntza meritu gisa duten lan deialdi publikoetan, berriz ere, euskara italieraren atzetik uztea? Galdera horiei erantzun beharko diete Nafarroako arduradun politikoek. Etorkizunean, allegro ma non troppo hori adagio bihur ez dadin.

BERRIAn argitaratua (2017/02/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA