astekaria 2017/02/10
arrowItzuli

ekonomia

Erlojua eguzkiaren kontra

J. Fernandez

Erlojua eguzkiaren kontra

Oilarraren kukurrukua eta mesanotxeko iratzargailua ez datoz bat egunsentian; eguerdian ez dute kointziditzen eguzkiak eta eskumuturreko erlojuaren orratzek. Ordu ofiziala eta eguzkia ez datoz bat Euskal Herrian: meridianoen logikan, Londresen eta Lisboaren ordu zonan behar luke; baina Berlinen ordutegian dago, Madrilek eta Parisek Alemaniaren orduarekin bat egin zutenetik, II. Mundu Gerran. Eztabaida bizia dago ordu zona aldatzearen inguruan. Baina, eragin handia al du herritarren bizitzan? Ezetz dio Javier Armentia Iruñeko Planetarioko zuzendariak: «Arazoa ordutegiak dira, ez ordua».

Debateak indarra hartu du azken urteotan. Arhoe Espainiako Ordutegiak Arrazionalizatzeko Elkarteak aldarrikatzen du jatorrizko ordu zonara bueltatzea, ohitura aldaketak ekarriko lituzkeelakoan; hots, argudiatzen du bazkalordua, afalordua eta lotaratzeko garaia aurreratu egingo liratekeela, Europa erdialdeko usantzetara gerturatuz.

Espainiako Gobernuak 2013an agindu zuen ordu aldaketa aztertuko zuela, Kongresuak hala eskatuta. Madrilek ordua aldatuko balu, eta Parisek ez, Euskal Herria bi ordu zonatan banatuko litzateke: Hondarribian (Gipuzkoa) 18:00ak jotzean, 19:00ak joko lituzkete Hendaian (Lapurdi). Espainiako hainbat fisikarik, ordea, ordurik ez aldatzeko galdegin dute, benetako ohitura aldaketarik ekarriko ez duelakoan.

Armentia astrofisikaria ere oso eszeptikoa da. Azpimarratu du orduarena erabaki arbitrario bat dela. 1884an, Greenwich meridianoa —Londresko izen bereko auzotik pasatzen da marra imajinarioa— hartu zuten erreferentziatzat munduko ordu zonak antolatzeko. Euskal Herria meridianotik gertu dago, haren mendebaldean. Zazpi hamarkadaz GMT (Greenwich Mean Time) ordu zonan egon zen, 1942ra arte; GMT+1 ordu zonan egin ditu beste zazpi hamarkada.

Neguko egunsentiak

Sistemaren zutabea eguerdia da: meridiano latinezko meridies hitzetik dator, eta egunaren erdia esan nahi du. «Eguzkia hegoan jartzen denean da eguerdia. Esaten badugu ordu hori 12:00ak direla, eguzkiarekin bat goaz. 13:00 dela badiogu, oraingo ordu zonarekin», azaldu du Armentiak. Baina defendatu du ez diola axolarik ordua bata ala bestea izan, konbentzionalismo bat delako.

Zenbait fisikarik ere meridianoak aipatu izan dituzte esateko egungo ordu zona ez dela hain okerra: aldaketak argudiatzeko, nolanahi ere, gakoa egunsentia eta ilunabarra dira —argi-ilun aldaketa dakartelako—, ez eguerdia. Ekinozioetan —martxoaren 20an eta irailaren 22an, iaz— egunsentiaren eta ilunabarraren marra bat datoz meridianoekin: hau da, Berlinen eguna argitu duenean, oraindik ilunetan daude Iruñea eta Londres.

Aldiz, neguko solstizioan —argi gutxien dagoenean, eta energia aurreztea komeni denean— lurraren orbitak 23,5 graduko inklinazioa izaten du eguzkiarekiko, eta egunsentiaren marra ez dator bat meridianoekin —goiko infografian ikus daiteke—. Horrenbestez, neguko egunsentietan aldi berean argitzen du Madrilen, Iruñean, Luxenburgon eta Kolonian (Alemania); baina, artean, ilun dago Londres. Fisikari batzuen esanetan, horrek erraztu egin du gizartea ondo moldatzea berez ez zegokion ordu zonara.

Egunaren eta gauaren joan-etorriak badu eragin biologikoa gizakiarengan, erritmo zirkadianoa markatzen baitu. Eguzkiarekiko menpekotasuna erakusten du horrek? «Aktibo egoteko, ez dugu eguzkirik behar. Hasteko, odol beroko izakiak garelako», esplikatu du Armentiak. «Eguneko espeziea gara; baina, eboluzioan, ugaztunok ikasi dugu eguzkiarekiko mendekotasun handiegirik ez izaten. Areago, argindarra sortu zutenetik».

Lana egunez ala gauez egiteak, halere, badu eragina osasunean. «Medikuek diotenez, iluntasun tarteak funtsezkoak dira deskantsurako», dio Armentiak. «Ilunetan ez bagaude, gorputzak ez ditu hainbat substantzia sortzen, aldarte onez edukitzen gaituztenak eta gaixotasunak saihesten dizkigutenak». Uste du planteatu behar litzatekeela gaueko langileei gehiago pagatzea, osasuna arriskatzeagatik. «Inportantea hori da; baina gauerdian erlojuan 00:00 ala 01:00 izatea kosmetika hutsa da».

Izatez, neguan eta udan ordua aldatzearen kontra dago Armentia: «Ez da aurrezten energiarik, eta eragozpenak sortzen dizkie herritarrei». Interesgarriago deritzo lanorduak eta aisialdikoak ondo moldatzeari, eta, adibidez, telebistako prime time saioak aurreratzeari. «Telebistak ahalegin komertziala egin du aisialdia kapitalizatzeko», kexu da. Ez du borondate politikorik ikusten hori aldatzeko, baina kable bidezko telebista eta Internet ordutegi ohitura aldatzen ari dira, jendeak jada erabaki dezakeelako serieak, saioak edo filmak noiz ikusi.

BERRIAn argitaratua (2017/02/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA