astekaria 2015/11/20
arrowItzuli

mundua

MOHAMED ABDELAZIZ

«Independentzia eskuratu arteraino eutsi eta itxarongo dugu sahararrok»

Kristina Berasain, Berriemaile berezia

«Independentzia eskuratu arteraino eutsi eta itxarongo dugu sahararrok»

Madril erdigunean dagoen hotel batean hartu du ostatu. Azken solairuko 514. gelan, logelaren parean dagoen sala dotorean hartu du BERRIA Mohamed Abdelazizek (Smara, Mendebaldeko Sahara, 1948). Goizeko bederatziak dira. Puntu-puntuan. Ondoren hiriko alkateak, Manuela Carmenak, harrera egingo dio udaletxean. Espainiako Gobernuko ordezkariekin, berriz, deus ez. Madrilen, hala ere, hitzordu berezia izan du egunotan: EUCOCO Herri Sahararra Laguntzeko eta Babesteko Nazioarteko Konferentzia. Hitzordu berezia abagune berezian eta leku berezian. Mendebaldeko Sahara Espainiak Maroko eta Mauritaniaren eskuetan utzi zueneko 40. urtemuga betetzen denean. Madrilgo Hiruko Akordioak sinatu ziren egun beraren bezperan. Eta hiri berean, Madrilen.

Garai eta abagune berezi batean etorri zara Madrilera.

Ez da kasualitatea aurten nazioarteko kongresua hemen egin izana. Berebiziko garrantzia dauka guretzat hemen egoteak; Espainiak gure herriari eta nazioarteari egindako traizioak 40 urte betetzen dituen honetan. Mezu bat helarazi nahi diogu Espainiari. Ozen eta irmo. Horretarako etorri gara. Azaroaren 14an sinatu zituzten Madrilgo Hiruko Akordioak. Akats larria izan zen, eta espero dugu akats hori behingoz zuzentzea, historiako orban hori behingoz garbitzea. Lotsagarria izan zen. Ezerk ezin du hori justifikatu, interes handienak ere ez, trukean herri bat saldu zutelako. Eta saharar herriaren nahiak aste gutxi batzuetan itzaliko zirela esaten zuten horiei, berriz, esan nahi diegu erresistentzia inoiz baino biziagoa eta irmoagoa dela. Independentzia eta askapena lortu arte borrokatuko gara.

NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Orokorreko presidentetza dauka une honetan Espainiak. Paradoxikoa da justu erantzukizuna duen herrialdearen eskuetan egotea erakundea. Abagunea baliatuko duela uste al duzu?

Espainia abagune ezin egokiagoan dago herri sahararraren autodeterminazio eskubidea aitortzeko eta gatazka honi irtenbide justu eta legezkoa emateko. Nazioarteko legedia baino ez du bete behar; izan ere, gaur egun oraindik ere bera da lurraldearen gaineko potentzia administratzailea. Madrilgo Akordioak traizio bat egin zuen sahararren kontra, baita nazioarteko legezkotasunaren kontra ere. Gizateriaren kontrako krimen bat izan zen, abandonatuta utzi gintuen, lurraldearen gainean zuen erantzukizunari uko eginez. Eta, berriro diot, krimen bat izan zen. Okupazioak herri baten genozidioa ekarri baitzuen.

Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak hitzeman zuen urtea amaitu aurretik eskualdera bisita bat egingo zuela. Zehaztuta al dago eguna?

Orain arte ez digute egun zehatza adierazi.

Zer eskatu behar diozu Bani?

Bi gauza. NBEk bere konpromisoak bete ditzala. 1991n eman zigun ohorezko hitza bete dezala, bake plana behingoz betearazteko eta erreferenduma egiteko. Hori, batetik. Eta, bestetik, egin duen azken txostenarekiko gure oniritzia erakutsiko diot; izan ere, hor, negoziazioetara itzultzeko deia egiten digu bi aldeei, autodeterminazio eskubidea bermatuko duen irtenbide bat bilatzeko.

Ban Ki-moonek adierazi zuen 2015a urte aparta izango zela Sahararentzat. Urtea bukatzear dago, eta ez da aurrerapausorik eman. Zer-nolako zilegitasuna dauka orain NBEk?

Azaroaren 4an bertan, idazkari nagusiak jakinarazi zuen adierazpenean jarri nahi dut arreta. Hor, oinarrizko hiru gauza esaten ditu. Mendebaldeko Saharakoa deskolonizazio prozesu bat dela, autodeterminazio eskubidea aitortuz. Marokoko autonomia proposamena ere baztertzen du, eta proposamen horrek ezin duela negoziazioen abiapuntua izan zehaztu. Eta, azkenik, zuzeneko negoziazio serioak berehala hastearen alde egiten du.

Gure ikuspuntutik zentzuzkoa eta bidezkoa da proposamena. Eta aukera eman nahi diogu nazioarteari bide hori gauzatzeko, nahiz eta ohartzen garen ebazpen bat onartzea ez dela aski. Gero, praktikara eraman eta betearazi egin behar dira ebazpenak.

NBEk azken 40 urteetan halako ehun ebazpen baino gehiago onartu ditu. Itxaroten jarraituko duzue?

Independentzia eskuratu arteraino eutsi eta itxarongo dugu sahararrok. Independentzia egunera arte egingo dugu erresistentzia. NBEk bere erantzukizuna bere egiten duela ikusten dugun bitartean, itxaropenari eutsiko diogu; erreferenduma egitearen alde egiten duen bitartean, elkarlanean arituko gara NBErekin. Egunen batean beste ondorio batera iristen bagara, bere ebazpenak betearazteko ezin duela ezer egin ondorioztatzen badugu, orduan beste borroka baliabide batzuetara joko dugu; besteak beste, borroka armatura, herri zapalduek daukaten eskubide zilegia baita.

Borroka armatura itzuli ahal izateko aukeraz ari zarela, Fronte Polisarioa prestatuta al dago horretarako? Marokoren nagusitasun militarra ukaezina da...

Borroka armatura itzultzeko prestatuta gaude. Zalantzarik gabe. Eta borroka zergatik egiten duzun ere neurtu behar da. Gurea eskubide bat da. Eta horrek sekulako indarra ematen digu. Herri osoak sinesten du eskubide horretan, eta, hortaz, saharar guztiek bere egiten dute borroka hori. Marokok, aldiz, indarraren eskubidea baino ez dauka. Nazioarteko legediak onartzen ez duen aukera, indarrarena. Eta alor militarraren aldetik, argi dago, duela 40 urte baino baliabide militar gehiago ditugu egun. Fronte Polisarioak 1975ean apenas zuen baliabiderik, eta gerrari hamasei urtez eutsi zion.

Nazioarteak, hala ere, okupazioarekin jarraitzea onartu dio Marokori.

Nazioarteak irmoagoa izan beharko luke Marokorekin. Ez baitago aurrez aurre soilik saharar herriarekin, aurrez aurre dago nazioarteko komunitatearekin ere. Christopher Ross NBEko mandatari bereziarekin elkartzeari uko egin dio, lurraldea bera bisitatzea ukatu diote Rossi. Nazioarteari, beraz, dei egiten diogu presio handiagoa egiteko. Marokok ebazpenak onartu besterik ez dauka; erreferenduma egitea onartu beharko du lehenago edo geroago, eta, bide batez, preso politikoak askatu eta gatazkaren hasieratik desagertuta dauden 650 sahararrak non dauden esan.

1991ko su-etenetik aurrerapausorik eman al da?

Espainia eta Frantziaren jarrerek trabatu dute auzia etengabe, baina gauza onak ere izan dira. Afrikako Batasunaren jarrera goraipatu nahi dut. Lan itzela egiten ari da azken koloniaren auzia konpontzeko, eta erreferenduma egiteko data jartzeko eskatu dio NBEri. Segurtasun Kontseiluak ohartu behar du eskualdean bakea eta egonkortasuna izateko gure auzia konpondu behar dela, demokrazia errespetatu behar dela, eta nazioarteko ebazpenak bete.

SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa Fronte Polisarioaren eskuetan dago. Hura da herri sahararren ordezkaria. Abenduan kongresua egingo du Polisarioak. Zer aztertuko duzue kongresuan?

Kongresua lau urtetik behin egiten dugu. Aurrera begirako estrategia zehazten dugu; estrategia politikoa. Programak ere adosten ditugu, eta zuzendaritza aukeratu. Sahararrontzat hitzordu inportantea da gure borroka berresteko, hainbat alorretan egiten ari garen borroka balioesteko, eta gure helburu zilegizkoak defendatzen jarraitzeko.

Fronte Polisarioaren zuzendaritzan aldaketaren bat egitea aurreikusten al duzue?

Kongresua subiranoa da. Han erabakitzen denak dauka azken hitza. Fronte Polisarioaren militanteei jada jakinarazi diet erregenerazio baterako abagunea dela, bai zuzendaritzan, bai idazkaritza nagusian eta bai presidentetzan ere. Aldaketak onak dira.

Fronte Polisarioari bi kritika egiten dizkiote gazteek. Batetik, gerrara itzuli behar dela aldarrikatzen dute, eta, bestetik, ustelkeria dagoela salatzen dute. Zer daukazu esateko horren inguruan?

Kritikak begi onez ikusten ditugu. Onuragarriak direla uste dut. Fronte Polisarioa mugimendu demokratiko bat da, eta kritikak modu positiboan jasotzen ditugu. Iritzi eta jarrera guztiak dira ongi etorriak gure barruan. Borroka armatura itzultzeko aldarrikapena saharar askoren aldarrikapena da. Guretzat, eskubide zilegizkoa da, eta mahai gainean dago, edonoiz egin dezakegu bide horren aldeko hautua.

Ustelkeriari dagokionez, ez dut esango aingeruak garenik, eta akatsak egiten ez ditugunik; gurea ere gizakiz osatutako erakunde bat da, eta munduko gizaki talde guztietan egiten dira modu bateko edo besteko akatsak. Kontrol mekanismoak bilatzen ditugu akatsak konpontzeko, eta ez naiz soilik ustelkeriaz ari. Alor eta eremu skotan jartzen ditugu kontrolak. Eta, edonola ere, ustelkeriaz esaten dena puztuta dagoela esango nuke.

BERRIAn argitaratua (2015/11/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA